2018-05-30 Udal bilkura

Gure taldeak esan eta bozkatuak 2018-05-30eko udal bilkuran, idatziz:

Data: 2018-05-30

 

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespenak, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Hiri Antolaketako Araudietako 4. aldaketa zehatzaren behin behineko onespena; “San Martin” 3. eremua, “San Juan” 24. eremua, “Basarte” 25. eremua eta Izarre Jandalo” 33. sektoreari buruzkoa, zein Azkoitiko Lurzoru Urbanizaezinari buruzkoa eta Araudi Orokorraren Testu Bateratua.

 

Aholkularitza batzordeko aktarekin genituen arazoak zuzendu ondoren, hau da, gure taldeak esan eta irakurri zituen batzuk gehitu ondoren, arau aldaketak baloratzera pasako gara.

Eztabaida egon daiteke, bati Ha 1eko lursail minimoak nahiko iruditu eta beste bati aldiz 5 Ha gutxitxo. Gure herrian 2,5 Ha ditugu gutxieneko jarrita.

Eraikinen arteko gutxieneko distantzia ere 50m.koa da gure herrian eta badirudi neurri honekin ere ez gaudela denok ados.

Orain arteko herriko arauekin alderatuz ez dago, guk dakigula behintzat, aldaketa esanguratsurik. Esan diguzuenez nekazal taldeekin eztabaidatu eta adostu dituzue.

Aholkulari batzordeak, besteon eskaerak kontutan harturik, irekiak egitea erabaki zenuten eta hori ere asko eskertzen dizuegu.

Beraz, aktaren arazoa konpondu aurretik batzordean bozkatu genuen ezezkoa baietz bihurtuko da, batez ere, esan bezala, gure eskaera kontutan hartu eta herrira irekitzeko beste pausotxo bat eman dugulako.

 

 

3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

 

Uste dugu, azkeneko udal bilkuran, garbi geratu zela kreditu aldaketa, kreditu gehigarri eta honelako beste denei zergatik ez diogun baietzik ematen eta bilkura hartan aurreratu nizuen bezala gure ezezkoa.

 

 

4.- Azkoitia Lantzen, S.A. eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmena onestea alokairua sustatzeko laguntzak izapidetzeko hitzarmena onestea.

 

Orain arte ematen diren laguntza berdinak emateko hitzarmen hau sinatu behar bada, hau da, juridikoki hau bada formarik egokiena, gure oniritzia duzue.

 

 

5.- Korreo Berri, S.L.-k aurkeztutako aparteko berrikuste errekurtsoaren tramite onespena eta espedientea Aholku Batzorde Juridikora bidaltzea nahitaezko irizpena eman dezan.

 

Korreo Berri enpresa Azkoitiko udalarekin zorretan badago eta zor hori kitatzeko baliabideak baditu, bidezkoa ikusten dugu, guk udaletik kobratu ezin geniona, orain aldunditik kobratzen saiatzea. Dena den denok izan behar dugu defentsarako aukera eta errekurtsoaren tramitearen onespenaren alde bozkatuko dugu.

 

6.- 2019 urtean lan ondorioetarako Azkoitiko Udalerriko tokiko jai eguna zehaztea.

 

Udaleko langileekin adostasuna badago guk ez dugu eragozpenik jarriko.

 

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

9.- Gure Esku Dago mozioa

Gure Esku dago egitasmoari buruko mozioa. (erantzuna)

Gure taldeak beti uxatu nahi izan ditu, Euskal Herria, Euskadi,… eta horrelako hitzek ekartzen dituzten eztabaidak.  Zuen azken mozioa hitz hauexekin hasi genuen. Berriro ere hitz berberak irakurri ditugu eta guk ere lehen pentsatzen genuen berdina pentsatzen jarraitzen dugu. Dena den, zuei ez badizue aparteko arazorik sortzen, suposa dezakegu herrian dagoen talde eragileak, azalean gelditu gabe mamira jotzea nahiago duela eta garrantzia gaiaren sakontasunean aurkitu duela. Gure taldeak, egia esan, nahiago du, ahal baldin bada behintzat, horrelako hitzek ekartzen dituzten arazoak uxatzea, gure uste apalean, kolore denetako jendea batzeko egokiago delako.

Baina badira mozio honetan gure taldeak garrantzia ematen dioten beste hainbeste hitz eta esaldi ere:

Elkarrekin etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean

etorkizuna elkarrekin

Herritarron Ituna

herritarren behar, ilusio, asmo eta zergatiak jasoko dituen bilduma zabala

adostasun esparruak elkarrekin eraikitzeko

Eztabaida, ekarpen, proposamen eta adostasunaren bidez eraikiko dugun tresna dinamikoa izango da.

Adostu dezagun bidea elkarrekin.

 

Gure ustez juxtu hitz hauexekin definituko genuke, nola izan beharko luken etorkizuneko politika, hitz batean esan behar bagenuke, parte-hartzailea.

Kataluniako mozioak ere etorri dira udal honetara, eta mozio haietan esan genuen berdina esango dizuet zuei ere, kriston inbidia ematen digula horrelako herri mugimendu batek.

Baina jakin ezazue gure taldeak soilik Azkoitiko gaiak  jorratzen dituen mozioetan hartzen duela parte, gure ustetan udaletxea ez baitago aurkezten zaizkion mozio denei erantzuna emateko. Herriko nondik norakoak, ekintza konkretuak, ekintza horiek behar dituzten aurrekontuak, taldeei laguntzak emateko,… badaudelako beste toki egokiago batzuk, batzorde irekiak, udal bilkurak… Guretzat lehen pausua eta garrantzitsuena eman duzue, herri mugimendu handia lortu duzue eta herria alde batera mugitzen bada, udalak ere alde berera joan beharko luke. Beraz, talde bezala iritzia eskatzea logikoa iruditzen zaigu eta aurreko paragrafoetan eman dugu, berriro ere zuekin salbuespen bat eginda, baina azkenik hemen aurkezten diren beste mozioei ematen diegun erantzuna emango dizuegu zuei ere, guk taldekideak kontu hauetaz informatu eta gero bakoitzak aukera dezala pertsonalki zertan hartu nahi duen parte, guk horraino iritsi dezakegu udaletxeko partaide bezala eta gure bozka besteetan bezala abstentzioa izango da. Hori bai, horrelaxe jarraitzeko animua luzatzen dizuegu, horrelako herri mugimenduei benetako garrantzia ematen diogulako.

 

10.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

UDAL BILKURA 2017-05-31 AZKOITIA BAI

Hor doakizu gure taldeak esan eta bozkatutakoa, 2015-05-31 ko Udal Bilkuran:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

 

Ados.

 

 

2.- Inazio Iriarte kaleko galtzada azpian kokaturiko bi lokalak ofizioz berreskuratzea.

 

Badirudi ez dagoela eztabaidarik eta bertako jabeek ere ez dutela eragozpenik jarri. Dagoeneko aparkaleku kontu horiek zuzendu diren jakin nahi genuke, baina dena den, gure aldeko bozka.

 

 

3.- Azkoitiko Udaleko Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko 2017rako Programa-Enplegu planaren (2 fasea) hasierako onespena.

 

Garbi dago lan dezente dagoela hau denaren atzean, eta udaletxearen antolamendua eta baliabideak arrazionalizatzea dela xede nagusia. Hemen, Udaletxean, egun osoa pasatzen duzuenok dakizue, guk baino hobeto, zer hutsune dauden eta nola eman behako zaien erantzun egokiena, beraz guk ez dugu oztoporik jarriko eta alde bozkatuko dugu.

 

4.- Alokairua sustatzeko laguntzak izapidetzeko Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aldeko kudeaketa aginduaren onespena.

 

Lehenik aipamen bat, pasa den hileko osoko bilkuran, guk, Azkoitia Lantzenen aldaketan eskatzen duguna , legezkoa ez dela esan baitzigun alkate jaunak. Guk, garbi gelditu dadin , Azkoitia Lantzeneko estatutuak aldatzeko eskaera egiten ari gara behin eta berriz, ahal den pertsona adituenak, bertan dauden arazo larriak, ahal bezain ongien konpondu ditzaten. Gure taldean ni baino adituagoak badaude arlo honetan, eta estatutuak aldatuko balira, batzorde horietara joateko modua izango luketenak. Beraz, guk eskatzen duguna estatutuen aldaketa da, eta hori, uste dut, Azkoitia Lantzeneko kideen esku dagoela, hau da, gure esku, beraz legezkoa izango litzatekeela iruditzen zait.  Eta puntu honetan, bestela, ados.

 

 

5.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 3 zenbakiko espedientearen onespena.

 

Udaleko kontu-hartzaile taldearekin konfiantza osoa dugu eta beti legedia errespetatzen saiatzen direla jakin badakigu dagoeneko, baina pare bat kontuk harritu gaitu eta argitzea nahi genuke. Batez besteko ordainketa epeak 30 egunekoa izan behar luke, eta badirudi udaletxe honetan, ordainketa horiek 5 egun beranduago egiten direla, eta ordaindu gabekoetan ere, 26 eguneko epera iritsi garela dagoeneko datuen arabera. Ez dakigu ordainketa potoloren bat dagoen egiteko 500.000€ ko egin gabeko ordainketa horietan edo beste arrazoiren bat dagoen, beraz momentuz abstenitu egingo gara.

 

 

6.- Gipuzkoako Foru Aldundiko Legezko Ordezkarien Erroldara sarbidea izateko D-7 eranskinaren onespena.

 

Era honetan datu horiek kontsultatzeko eskubidea ematen badigu, ados

 

 

7.- Azkoitiko Bake Epaile titularra eta ordezkoaren hautaketa jardunbideari hasiera ematea.

 

Gure aldetik, eta baldintza hauek beteko direlakoan aldeko bozka.

 

 

8.- Azkoitiko Udala eta Izenpe, S.A.-ren arteko Lankidetza Hitzarmenaren onespena.

 

Herritarrek teknologia berriak eskuragarri izan ditzaten, egin beharreko aurrerapausoa dela deritzogu, nahiz eta sarean edozer datu zabaltzeak, azken bolada honetan dakartzan arazoak azpimarratu behar diren ere. Dena den, konfidentzialtasun osoarekin egingo diren itxaropenez ados.

 

 

 

 

9.- 2018 urtean lan ondorioetarako Azkoitiko udalerriko tokiko bi jaiegunak zehaztea.

 

Udaletxeko langileak ados badaude, guk ez diogu eragozpenik jarriko.

 

 

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

12.- Galde-erreguak.

 

– Azkenik kupoak zer eragin izango du guregan?

– Etxe bizitza saltzearekin kobratutako plusbalioak zenbat diren badakigu? Bueltatu beharko direnak soilik.

FacebookTwitterGoogle+

AZKOITIA BAI 2017-03-30 UDAL BILKURA

Data: 2017-03-30

 

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados

2.- Azkoitiko Udaleko giza baliabideak arrazionalizatzeko 2017rako programa –Enplegu Plana, 1. Fasearen behin behineko onespena.

Badirudi, zuek esandakoaren arabera, udaltzain gutxitxo dugula herrian. Baina herritarren kexa beste bat da. Ez dute ulertzen nola litekeen eliz atarian boteloia egiten egon, pasatzen den oro ohartu eta udaltzain bat bera ere agertu ez. Kexa hau behin baino gehiagotan iritsi zaigu eta udaltzain gutxi dagoela erantzutean ez digute sinesten, lanerako gogo falta dela diote eta ez pertsonal falta. Seguraski arrazoi osoa ez batzuek eta ez bezteek, ez dute izango, baina bai eskatzen dugula zuen , eta batik bat udaletxeko langileen partetik inplikazio gehiago, susmo hauek denak uxatu ditzagun.

Borondate onarekin ari zaretela dirudi, eta benetan udaletxeko funtzionamendua egokitzeko asmoz eta nahiz eta gai honetan LKS-koekin gastatutako dirua, alferrik gastatua izan dela iruditu, baiezkoa bozkatuko dugu.

 

 

3.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 1 zenbakiko espedientearen onespena.

Behar bada puntu hau politikoa baino teknikoa gehiago da, baina pare bat gauza esateko aprobetxatu nahi genuke.

Diru kontutan, beste gaietan bezala, parte hartzerik ez daukagu, informazioa soilik. Egunerokotasunak jaten zaituztela diozue eta dena eztabaidatu beharko balitz egunero bildu beharko genukeela. Gure ustez gehiengo osoa izateak kulpa asko ditu, eta besteon bozka behar bazenute gehiago eztabaidatu beharko genituzkeela gai hauek iruditzen zaigu.

Dena den puntu honetan eta teknikoen profesionaltasuna dudan jarri gabe gure baiezkoa.

 

 

4.- 1/2017 konpromiso kredituaren onespena.

Udaletxeko beste langile batzuk ere modalitate honekin aurre jubilatu dira eta ez zaigu inondik ere gaizki iruditzen, baina langile baten jubilazioak, ez luke honelako bilkura baten esku egon behar. Bestalde esan behar baita ere, dirudienez honelako modalitateak enplegu publikoan ematen direla bakarrik  eta langile orok izan behar lukela eskubide berdina, eta beraz lan hitzarmen zabalago batean erabaki beharreko kontua litzatekela. Hau horrela, eta jakinik beste langile batzuk ere aukera hau izan dutela, hau da, ez dela udaletxeko lehen kasua, baietza emango diogu.

 

5.- Tokiko Poliziaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteentzako lan-poltsa sortzeko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Azkoitiko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren onespena.

Badirudi momentu puntualetan agente baten beharra badago, egokiena poltsa honetan aurretik sartua egotea komeni dela eta lehen esan bezala denon inplikazioa eskatuz, baietza.

 

 

6.- Azkoitiko Udalaren aldeko Udal hilerriaren finka-lagapena eskritura publiko bihurtzea.

Lur horiek udalaren esku behar zuten aspaldidanik, horrela erabaki baitzen 1970eko plenoan. Erregistrotik pasatzea falta izan zela dirudi eta urte hartan bukatu ez zena gu orain bukatzearen alde

 

 

7.- Madariaga auzoan gizarte ekipamendua sortzeko Parrokiarekin hitzarmenaren onespena.

Batzordean aipatu den bezala, Madariaga-Maixako jabetza Markes batena zela azaldu du udal gobernuak. Markes horrek elizari oparitu ziola eta ez dagoela inongo inmatrikulazio arazorik. Hori horrela, auzorako onuragarria izango dela deritzogu, bertan komunak eta auzokideentzat biltegi bat eraikitzea. Frontoiak udalari gastua ekarriko dio, baina erabilera ere herritarrena izango denez, logikoa da eskumena ere udaletxeak hartzea. Dena den guri beste informazio batzuk ere iritsi zaizkigu eta ez gaude ziur opari hiri horrela izan zenik, beraz abstenitu egingo gara dena ondo argitu arte eta hitzarmena bertan behera uztea eskatzen dugu momentuz.

 

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

9.- Galde-erreguak.

Aspaldiko bolada honetan behin eta berriz entzuten dugu, mundu osoak jasaten duen terrorismoa, baina ez dezagun ahaztu biolentzia matxistak, terrorismo horiek baina hildako gehiago uzten dizkigula eta askoz ere garrantzia gutxiago ematen diogula.

FacebookTwitterGoogle+

Udal bilkura 2017-02-22

Azkoitia Bai  

Data: 2017-02-22

 

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

 

2.- Azkoitiko Hiri Antolaketako Araudietako 25. eremuan –Basarte- kokaturiko lursailari buruzko Hitzarmen Urbanistikoaren hasierako onespena.

Udaletxeko idazkari eta teknikoen arabera, eremu honetan hasieratik dauden akats batzuek zuzentzea besterik ez da, orain, eraikina handitzera doazenean, azaldu direnak. Gure aldetik, lursail horri dagozkion datuen zuzentze eta eguneratzeari ez diogu eragozpenik jarriko, batzordeetan azaldu diguten bezala hori besterik ez bada. Beraz aldeko bozka.

 

3.- Azkoitiko herrian gazteek etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak ematea arautuko dituen ordenantza erregulatzailearen hasirako onespena.

Ordenantza denek izaten dituzte hasieran akatsak eta tokatzen ez zaien batzuk, hutsune hauek aprobetxatuz, laguntzak jasotzen dituzte. Laguntza hauen xedea errespetatuz eta benetan behar dutenei laguntzeko aldaketak direla ikusirik, gure baiezko bozka.

 

4.- Azkoitiko Udaleko izapideen eskuliburua egiteko HAEE eta EUDEL-ekin hitzarmenaren onespena.

Herritarren onurarako eta dagoena modernizatu eta erraztuko duen itxaropenez ados.

 

5.- Azkoitiko Udala Gipuzkoako Lurralde Historikoko herritarren partaidetzarako erakunde arteko espaziora atxikitzea.

Hemen jartzen duenez, udalak bere gain konpromiso batzuk hartu behar ditu eta batik bat, puntu batek harritu gaitu, eta honela dio:

“e) Gida metodologikoak eta herritarren partaidetzarako onuragarriak izango

diren beste edozein baliabide edo tresna proposatzea, bereziki partaidetzazko

aurrekontuen ereduak eta estrategiak diseinatzea.”

2017ko aurrekontuak onartu berriak dira, eta aurrekontu parte hartzailetan ez zenutela sinesten esan zeniguten behin eta berriz. Beraz harrituta utzi gaitu zuen partetik konpromiso hau hartzeak eta badirudi, aholku edo agindua, nondik datorren indar ezberdina duela eta nahiz eta behin eta berriz independenteak zaretela aldarrikatu, zuen gainetik txotxongiloak bezala erabiltzen zaituzten norbait dagoela. Dena den, nahiz eta honelako konpromisoak aspaldi gaindituta izan behar genituen, zuen partetik, aurrerapauso bat  dela deritzogu eta ez gara izango gu, arlo honetan, oztopoak jarriko dituen taldea, beraz animo!, jarraitu horrela eta noski gure aldeko bozka.

 

6.- Udalerriko Toponimian Egurbideola baserri izenaren zuzenketa onartzea.

Jatorriko toponimia Egurbidetorrea bada, guk ez dugu beste ezer eranstekorik, beraz ados.

 

7.- EH Bildu eta EAJ-PNV udal taldeek Emakumeen Nazioarteko Egunari buruz aurkeztutako Adierazpenak.

Gure erantzuna badakizue.

Egun hau urtero iristen da eta urtero egiten dira horrelako mozioak udal bilkuran, baina urtean zehar egiten ditugun batzordeetan ez dut, gai honetan, jarrera berezirik ikusten.

Beraz, beti bezala, taldekideak informatu eta bakoitzak ikusiko du, egun horretan izaten diren ekintzetan parte hartuko duen ala ez eta hemen eta orain, berriro ere esan, nahi duzuenean jarriko garela lanean.

Dagoeneko, baten baina gehiagotan bota dizuet denoi konbitea, gai hau guretzat ere oso garrantzitsua dela eta besterik ez bada ere, denok adosturiko aipamen bat egin behar genukeela hilero, baina oraindik ere erantzunaren zain nago.

Gero niri esango didazue protagonismoa nahi dudala, baina horrelako egunak aprobetxatuz, zuek hartzen duzuela iruditzen zait niri.

Gu puntu honetan eta hurrengoan abstenitu.

 

8.- EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa: “Guernica” Gernikara.

 

9.- Udal kontu-hartzaileak 2016 ekitaldian formulatutako eragozpenen aurkako desadostasunen berri ematea.

 

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

12.- Galde-erreguak.

Hilero bezala gure aipamen berezia matxismoaren aurka eta mozioak mozio, gu, beste askotan errepikatu dugun bezala, prest, denon artean, gai honen bueltan, lanean jartzeko eta beste arlo askotan bezala, denon adostasuna erakusteko, nahiko errez lortuko genukeela iruditzen baitzait, baina ez gaur bakarrik, urte osoan baizik. Eta nola ez aipamen berezia eta doluminak Tolosan bortxatua izan den, neska horri eta baita bere familiari ere.

FacebookTwitterGoogle+

UDAL BILKURA 2017/01/25

Gaur 2017/01/25 ko udal bilkuran gure taldeak esan eta bozkatutakoak:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena,hala badagokio.

Abstentzioa.

 

2.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

3.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

4.- Galde-erreguak.

Hilero bezala gure aipamena biolentzia matxistaren aurka:

Urtea hasi berri dugu eta biolentzia matxistak ez du deskantsurik hartzen. Dagoeneko baditugu emakume erailak eta ez dira urrunekoak, adibidez, orain dela egun gutxi barru, Burlatan.

Txikitatik, berdintasunean egin beharko da lanik sakonena eta gazteen heziketak izango du behar bada garrantzirik handiena, baina hildakoek eta batik bat beren familiek jasaten dutena izugarria da eta salatu beharrean aurkitzen gara.

Futbol mundua ere lotsagarri dabil aspalditxo, batik bat Sevilla aldean, jarraitzaile batzuek, beren manadaren babesean indarkeri matxista defendatu dute aste bukaera honetan, bortxaketagatik atxilotuta dagoen, Gordo deritzon, beraien taldekide baten alde pankarta bat jarriz eta aurretik bere emaztea jipoitzeagatik salaketa jaso zuen jokalari bati animuak emanez eta hau gutxi ez balitz, bere emaztea puta bat zela deiadar eginez.

Basakeria hauek denon artean salatu behar ditugu.

FacebookTwitterGoogle+

Inuzentada

Hemen dituzue gure taldeak 2016-12-22ko udal bilkuran esan eta bozkatutakoak.

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena,hala badagokio.

ADOS

 

2.- 2017rako Udalaren, San Jose Egoitzaren, Zubiaurre-Elkargune Institutuaren, Azkoitia Lantzenen Aurrekontuen eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

 

Azkoitiko Udala :

Orokorrean badira hainbat partida ados gaudenak:

-Plaza berriko proiektua.

-Zebra bideak konpontzea.

-Herriko taldeei diru laguntza igotzea.

-Berdintasunean ere, gazteen berdintasunean, partida igo duzue eta azken egunetan aurrekontu orokorraren  ehunenekoetara iristen ez den beste kantitate txiki bat ere bai.

-Baita lokal eta etxebizitza alokairuetan ere.

-Interpretariaren partida guk ere eskatu bezala kendu egin duzue.

Eta ez dugu dudarik egiten zuek jarritako beste partida asko ere beharrezkoak izango direla.

 

Oso gutxi dira gobernuaren aurrekontutik kenduko genituzkeen partidak:

-Prentsa zerbitzua: 69.000€. Bestela ere nahiko propaganda eta agerraldi egiten direlako eta informazioa beste komunikabide batzuetatik aurretik emana egoten delako.

 

-Kreditu globala: 40.000€tik, 20.000€ra jaitsi. Kreditu aldaketak egiteko ez duzuelako batere arazorik, besteoi non gastatu kontsultatu gabe.

 

– Elektrizitate kaxak konpontzea: 200.000€tik, 181.500€ra jaitsi zeuek esan bezala kostua hau izango baita.

 

– Eskoilerak: 30.000€ kendu, epe motzera beharko balitz kreditu globalean badagoelako eta Martxotik aurrera 2016ko gerakinean/remanentean  nahiko diru izango duzuelako.

 

Bestalde gure eskariak ere ez dut uste asko direnik:

– Auzokonposta indartzea: Zaborraren bueltan kanpaina egiteko 13.000€ aurreikusten dituzue eta kanpaina horren barnean guk auzokonposta indartzeko ikerlana eskatzen dizuegu herriko auzo ezberdinetan.

 

– 13 eta 18 bat urte bitartekoen aisialdia zuzenduko lukeen proiekturen bat, gure gazteek asteburuetan beste era batera disfrutatzen ikasi dezaten 25.000€.

 

-Ekintzailetasuna sustatzeko diru laguntza: 60.000€. Pasa den urtean diru-laguntza hau kendu egin duzue. Azpeitian oraindik ere, iraurgi lantzenetik ematen zen diru hau, udaletxetik ematen jarraitzen dute, baina gure herrian ez.

 

– Berdintasuna: Herriko talde feministari 10.000€ko diru laguntza, udalarekin adostutako ekintzak burutzeko.

 

Kendutakoaren eta eskatutakoaren soberakina 42.500€koa da eta azken unerarte itxaron nahi izan dugu, soberakin hau oposizioko liberatuarentzat jartzeko itxaropenarekin, baina gaur berririk ez bada horrela gelditu beharko du.

 

Bestalde badakizue, gure taldea, tasa,zerga eta tarifetan, diru gehiago biltzearen aldekoa dela:

Tasa, tarifa eta zergetan gure ustez askoz gehiago bildu, gero klase ertain/baxuko herritarrari laguntza gehiago eman ahal izateko.

 

Eta nondik bilduko luke gure taldeak diru gehiago?

Zabor bilketatik 150.000€, etxe hutsen zergan  80.000€ eta elkargunean 7.000€.

 

Dena den, arazorik handiena parte hartzean dagoela deritzogu:

Aurrekontuetan egin ditugun eskakizunei ez diozue jaramonik egin.

Aurrekontu parte hartzaile eta herri galdeketaren bidez, herritarrek erabakitzeko diru partida jarri nahi genuen.

 

Azken unean ere egin genuen saiakera: herritarrek parte hartze bidez, erabaki zuen parke estalia, legealdi hasieratik , zeuek diozuen bezala, egingo duzuela agindu izan bazenigute, gure ezezko bozka, abstentzioagatik aldatzeko prest agertu ginen, baina orain ere, gehiengo osoekin maiz gertatzen den bezala, saiakeran gelditu da soilik.

 

Datorren urtean, udal gobernu eta teknikarien datuen arabera, 2016ko gerakinetatik diru kopuru polita izango dugula erabilgarri aurreikusten da, 1.000.000€ gutxi gora behera. Ez dakigu zertan erabiliko diren. Guri, parte hartzean, zeregin handia dagoela egiteko iruditzen zaigu.

Dena den, diru hau 2017ko Martxotik aurrera egongo da erabilgarri eta ordutik aurrera ikusiko dugu zertan erabiltzen den.

 

Beraz, zertan gastatu baino, erabakiak nola hartzen diren dugu ezberdintasunik handiena. Gauza asko egiteko diru kopuru eder bat dagoela garbi geratu da. Idatzi honen hasieran ikusi daitekeen bezala, gure ekarpenak egin ditugu, hemen aipatu ez diren beste batzuk ere bai, baina erabakiak hartzeko era aldatzen ez den bitartean, eztabaida nahiko antzua dela deritzogu.

 

Baina itxaropena ez dugu oraindik galdu,nahiz eta momentu honetan  gobernuan daudenek, bide hau jorratzeko, laguntza baino, oztopo gehiago jartzen dizkiguten, 2017ko aurrekontu hauetan nabaritzen den bezala.

 

Parte hartzearekin zerikusia duten eskari denei ezetza eman diete, beraz, orain arte bezala, udal gobernuak jarraituko du, herritar denontzat, erabakiak hartzen.

Beraz, gure taldearentzat parte hartzeak duen garrantzia azpimarraturik, ezezkoa.

 

San Jose egoitza :

Foru Aldundiak hartu duenetik, aurrekontua asko jaitsi da eta erabiltzen den dirua ondo justifikatuta dagoela deritzogu. Beraz aldeko bozka.

 

Elkargunea :

Oraindik eraikinaren mailegua ordaintzeko 5.140.000€ inguru falta zaizkigu, eta herritar denok jarraitu beharko dugu ordaintzen.

Gure apustua erabiltzaileak ordaintzea litzateke, baina hemen zenbaki potoloak daude oraindik.

Eguneroko erabilgarritasunean ere ez dugu enpazik egiten, hau da, Elkarguneko erabiltzailea, bertako gastuak ordaintzeko kapaz ez da.

Lehen esan bezala, beste herriekin konparaketa bat egin ondoren, jarduera batzuetan, oso prezio baxua dugula ikusi dugu, eta jarduera horien garestitzea  proposatu dugu, beste ondoko herrien batezbestekoan kokatu gaitezen. Prezioak asko altxatu ezkero, badakigu bezeroa uxatzeko arriskua egon litekeela, eta hori ere kontutan hartu dugu.

Guk proposatutako igoerak hilean 2€ suposatuko lioke erabiltzaileari, eta denera urtean 7.000€ jasoko lituzke udalak.

Baina ez da diru kontua soilik eta esan bezala, herritar denon artean ordaindu beharko dugu, urtero egiten den zuloa, baita erabiltzen ez dutenek ere, baina erabiltzaileek prezio normal bat ordaindu ondoren, bestela, beste herritar denen artean ordainduko baititugu, erabiltzaileek ordaintzen ez dituzten, prezio baxu horien kalteak.

Beraz, gure ustez justua ez delako, ezezko bozka.

 

 

Azkoitia Lantzen :

Honelako erakundeak udaletik kanpo egon behar lukete. Erakunde honetan eginiko eragiketak arazo asko ekarri dizkigu, oraindik ere ekartzen ari da eta ekarriko dizkigu.

Denok dakigu honelako erakundeak udaletxean egin ezin ziren eragiketak egiteko sortu zirela edo gutxienik bizkorrago egiteko behintzat.

Badakigu ze garai ziren eta udaletxeek ere handikeri asko egin zituztela.

Eskarmenturako ere balio izan digu gero hartu behar izan ditugun, hartzen ari garen eta hartuko ditugun zaplaztekoek.

Beraz gure taldeak erakunde hauei alergia hartu dio eta garbi gelditu zaigu Udaletxetik egin ezin dena, ez dela egin behar.

Dena den arazoak oraindik hor dirau, eta gure taldetik berriro ere aditu bat jartzeko eskaintza egiten dizuegu, baina pentsa dezaket beti erantzun izan duzuen bezala, estatutuak aldatzeko prest ez zaudetela.

Beraz, beti bezala, ezezko bozka Azkoitia Lantzenetik datorren denari.

 

Kontsolidatua :

Aurretik esan eta bozkatutakoaren arabera ez dago esan beharrik ezetza bozkatuko dugula.

 

3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 6 zenbakidun espedientearen onespena.

Guk gure iritziarekin jarraitzen dugu, politikarioi galdetu beharrekoa, zer kreditu aldaketa egin beharko liratekeen dela eta ez egindakoekin ados gauden ala ez, jokabide honekin, ez baitugu ezer erabakitzeko ahalmenik ikusten guregan. Parte hartze sano baten barnean, gutxienik, honelako erabakiak hartu aurretik , talde denon artean, zer kreditu aldaketa ikusten ditugun herriarentzat onenak eztabaidatzeak, egon behar luke eta guretzat egokiena, beti ere herritarrari galdetzea. Beraz ezetza.

 

4.- Azkoitiko Hiri Antolakuntzako Araudietako 10.2 sektoreko (Txalonerreka) partzelaren doako lagapena, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aldekoa, espedientea onestea.

Lehen esan bezala Azkoitia Lantzenetik datorrenari gure ezezkoa.

 

 

 

5.- Loiola Berrikuntza Fundazioak “2016ko memoria txostena” deituriko dokumentuan jasotako enplegu arloko ekintzak burutzeko diru-laguntzaren emakida arautuko duen Lankidetza-Hitzarmenaren onespena.

Urtero egiten da hitzarmen hau, irakurritakoaren arabera ez diogu sinatzeko arazorik ikusi eta badirudi beste urteetan ere hala izan dela, beraz ADOS.

 

6.- Gipuzkoako Ur Kontsortzioen Estatutuen aldaketa.

Gauzak benetan oker egin dira. Ez dira ez prozedura eta ez datak errespetatu. Gu estatutuak aldatu eta bertan jarri beharrekoarekin ere ados gaude, baina irizpenean dioen bezala, gure baiezko bozka, prozedura hasieratik ondo egiteko baldintzarekin.

 

7.- Organismo autonomoetan PSE-EE udal taldeko ordezkariaren izendapenen onespena.

ADOS.

 

8.- EH Bildu eta EAJ-PNV udal taldeek segurtasun indarrei buruz aurkeztutako mozioa.

Guk, mozio hauetan eta hurrengoetan, horrelako mozio eta adierazpenen gain beti esaten dugun berdina: Azkoitiko gai bat izanez gero, gure ikuspuntua ematen dugula eta mozioetan garrantzia batik bat ekintzak dutela. Beraz gure taldekoek ondo informatu eta gero, bakoitzak erabakitzen du ekintzetan parte hartu edo ez eta udaletik zerbait egin beharko balitz, beti prest gaude lanerako, baina badakizue honelako adierazpen orokorrei ez diogula aparteko kasurik egiten, beraz abstenitu egingo gara.

 

9.- EH Bildu udal taldeak jolas ez sexisten inguruan aurkeztutako mozioa.

Lehen esan bezala abstentzioa.

 

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

12.- Galde-erreguak.

Aurtengoa ere urte gogorra izan da, biolentzia matxista jasan duten emakumeentzat. Hurrengo urtera begira ere, denon artean, besterik ez bada ere, udal bilkuretan aipamen bat egitea ondo legokeela iruditzen zaigu.

 

Guk ez dugu protagonismorik nahi eta aipamen hori udal gobernuko taldeak egitea ere, ez zaigu axola, hilean behin, politikoki inongo kutsurik izango ez lukeen, testu bateratu bat, denon artean sinatzeak ez lukeelako zaila izan behar eta gutxi izango balitz ere, zerbait erantziko geniolako, lakra honekin bukatzeko oraindik egin beharreko lan sakonari.

FacebookTwitterGoogle+

AGI-a badoa.

Pasa den 2016/05/30 eko udal bilkuran 11. puntuan AGI-a eztabaidatzen zen eta honela zioen:

11.- EH Bildu eta EAJ-PNV udal taldeek diru sarrerak bermatzeko laguntzaren inguruan aurkeztutako mozioak.

Ez pentsa mozio biak berdinak zirenik, nola ba, hau kalean, pil pilean dagoen gai bat da eta ezinezkoa da berdina pentsatzea.

EH Bildu, AGI-a (Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza- DBL) kendu ez zezaten ahaleginak egitera zetozen eta baita RGI-DBE-a kobratzeko erroldatze denbora hiru urtetik urtebetera pasa zedin eskatzera ere.

EAJ-PNV berriz, laguntza hau kentzeko arrazoiak ematera, AGI-DBL-aren onuradunak gizarteratzen ez duela lagundu izan, ahultasun egoeratik irten eta biziproiektu bat garatzeko tresnarik ez duelako eskaintzen adierazi ziguten.

Baina batipat guk gure erantzuna azaldu nahi genizueke, eta bientzat berdina izan zen:

Krisia badoala esan eta esan ari dira, baina momentuz hitz hutsetan gelditu zaigu, badirudi aingura bota duela. Beraz murrizketa sozialak egiteko ez dela momentu egokia iruditzen zaigu. Diru sarrerak Bermatzeko laguntza, denok AGI bezala ezagutzen duguna kentzear dira, batzuen ustez funtzionatzen ez duelako. RGIan ere erroldatze data 2011an aldatu zen. Nik ez dut asko ulertzen baina ez dut uste 3 urte erroldatuta badago urtebete egon beharrean, laguntzak hobeto funtzionatuko dionik, hau da, ez dut ulertzen zerikusi duen erroldatze datak familia batek duen beharrarekin.

Bromak aparte, gai oso serioa baita, uste dut denok ados gaudela laguntzak beren herrietan jasotzen badituzte hobeto funtzionatzen dutela. Orduan 2016ko aurrekontuetan zergatik jaitsi dira ia %30a garapen  bidean dauden herrialdeekin lankidetzarako dirulaguntzak? Eta guk igotzea proposatu genuenean zergatik ez zen beste talderik gehitu?Aniztasun arloko ekintzetan ere diru gehiago jarri beharko litzatekeela ere eskatu genuen eta ez da demagogia, dena kalkulu orriekin justifikatua zegoen. Beraz mozio hauek egin behar badituzue egin, baina gero gure esku dagoenean ez egin atzera eta mozioetan esandakoarekin izan kontsekuenteago. Guk horrelako mozioen aurrean beti bezala abstentzioa.

Badakizue gure taldea batipat Azkoitiko arazoak kezkatzen gaituela eta hemendik kanpoko mozioekin ez dugula denbora asko galtzen.

FacebookTwitterGoogle+

HERRIARI AHOA TAPATU II

2016-05-30eko udal bilkurako alkate jaunaren hitza moztearen arazoarekin gatozkizue berriro. Ez dugu gaia indarberritu nahi eta konbentzituta gaude une zehatz bateko hanka sartzea izan zela eta ez zela besteoi kalte egiteko asmotan izan. Dena den, eta aurrera begira oztopo gehiago ez jartzeko asmoz, udalean indarrean dagoen araua argitzeko eskatu genion idazkariari, berriro ere, ahal bada, horrelakorik gertatu ez dadin eta denok izan dezagun prozeduraren berri. Guk jaso genuen erantzuna honako hau izan zen:

Udal bilkurako puntu bakoitzari erantzun edo azalpenak emateko lehen txandan 5min.ko tartea dago eta bigarren txanda bat egongo balitz 2min.koa.

FacebookTwitterGoogle+

HERRIARI AHOA TAPATU

Udal bilkura:

Data: 2016-05-30

9.- PSE-EE udal taldeak aurkeztutako mozioa, etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko aukera izateko eskubide subjektiboari eta etxebizitzarako prestazio ekonomiko berriari buruzko arauzko garapenari lotuta.

Hau zen jorratzen ari ginen gaia (udal bilkurako 9.puntua). Gure ustez garrantzi handikoa eta gure ikuspuntua garbi azaldu nahi genuena. Lehenengo erantzun txanda zen eta bi minutu eta erdi (2´30”) hitz egin ondoren herriko alkate jaunak moztu egin gintuen. Errespetu falta handia izan zela iruditzen zaigu. Ez dugu uste udal bilkuretan azken urteetan horrelakorik gertatu denik. Herriari ez hitz egiten uztearen pareko akatsa dela deritzogu.

Gehiengo osotik botere absolutura dagoen marra zeharkatzen hasi zarete dagoeneko eta mesedez azkoitiarron umiltasuna ez ahazteko eskatu nahi genizueke. Dena den gaurko mundu honetan komunikazio sare zabala dago eta ezingo diguzue horren erraz ahoa tapatu, beraz herritarrei jakinaraziko diegu gure blogean alkateak isilarazi nahi zuena. Hona irakurri nahi duenarentzat testu osoa:

Oso ondo ikusten dugu baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsonei etxebizitza duin eta egokia, modu egonkorrean, legez okupatzeko eskubidea bermatzea. Baina badakizue gure taldea batipat Azkoitiko arazoak kezkatzen gaituela eta hemendik kanpoko mozioekin ez dugula denbora asko galtzen. Beste irudipen bat ere badugu: Badirudi herritik kanporako besteen arazoak konpontzeko abilezia denok dugula eta gero etxekoak landu behar direnean ez dugula neurri berdina erabiltzen.

Herriko gaietara etorriz, etxe hutsen kontua dela eta, gezurra badirudi ere, pare parean hitz batzuk prestatuta genituen. Pasa den hileko udal bilkuran, hau da,Apirilaren 27koan, erabakiak hartzeko orduan, beste taldekoekin ez zenutela asko kontatzen esan genion  udal gobernuari. Batzordeetara guk nahi genituen gaiak aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatzeko aukera hor genuela erantzun zeniguten. Gu jarrera horrek pozten gaitu, baina ikusiko dugu norainoko ibilbidea duen.

Laburpen hau egin ondoren, gure ustez  aldeko gehiengo garbia aurreikusten dugun gai batekin gatozkizue. Dagoeneko urtebete pasa den legealdi honetan, 2016rako zergak finkatzerako orduan, gu 2015eko etxebizitza hutsen zerga mantentzearen alde azaldu ginen, baina zuek beste informazioren bat medio, denbora gutxi barru beste erakunde batetik kobratuko zutela adierazi zeniguten. 2016 urte honetako bost hilabete pasa dira eta ez dugu berri hori inon entzun (azken egunotan Bizkaian zerbait), beraz ez du beste inork kobratu. Gu, ahal bada, Ekainaren bukaeran erdia kobratzearen aldekoak gara eta orain ezinezkoa balitz, denon artean urte bukaeran kobratzea adostu beharko genuke.

Zerga hau alokatuta dauden etxeei ez zaie kobratzen, ez eta alokagai daudenei ere, beraz bere etxebizitzari etekinik atera nahi ez dionak ez dugu uste zerga ordaintzeko arazorik izango duenik eta izango balu aztertuko genuke.

Hurrengo galdera diru hau zertan erabili izan behar luke. Batzordeetan etxe hutsak alokairu sozialera bideratzeko diru-laguntzak nola doazen galdetu dugu eta oraindik erantzunaren zain gaude2min. 30seg. alkateak hitza kendu zigun unea. Hemendik aurrera datorrena esan nahi eta utzi ez zigutena:

, beraz ez dakigu eskaintza horien arabera diru gehiago beharko den edo ez. Gu badakizue parte hartzearen defendatzaile finak garela eta egokiena herritarrei ekarpenak eskatzea eta gero gehien bozkatua dena aukeratzea proposatzen dugu.

Dena den, aurreko udal bilkuran esan zeniguten bezala, batzordeetan hitz egin eta ea noraino iristen garen, ikusten den bezala lanerako prest baikaude eta talde bezala oraindik etsipena urruti ikusten dugulako, gure ekarpenak egiten jarraituko dugu. Eta mozio honetan abstenitu egingo gara.

FacebookTwitterGoogle+