2020-11-25 Udal bilkura

Jarraian udal bilkura honetan Azkoitia Bai taldeak esan eta bozkatutakoa:

Data: 2020-11-25

 

Udal osoaren  ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- Gaiaren premiatasuna berretsiz gero, Euskal Poliziaren – Udaltzaingoaren –  oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozesu bateratuen  kudeaketarako, kudeaketa materialaren gomendioa Polizia eta Larrialdietako Euskal  Akademiari emateko hitzarmena onartzea. 

Hutsik ditugun plazak lehen bai lehen bete daitezen, gure oniritzia.

3.- Azkoitia Lantzen eta Azkoitiko udalaren Lankidetza hitzarmenaren ondorioz,  Oñartxo zabortegi zaharrean lixibiatuen tratamendu zerbitzuak finantzatzeko 1.  kreditu konpromisoa onartzea. 

Gure taldea ez da Azkoitia Lantzeneko partaide, sozietate hau sortu zutenak baitute gure ustez ixteko obligazioa eta herritarrok dirutza hau ordaindu beharraren erantzukizuna. Beraz hemen gertatu zen ingurumen hondamendiaren barkamena inork eskatu ez duenez, udaletxe honen izenean, garai hartan zabortegi honen kontra lan egin zutenei, neu eskatzen ausartuko naiz, nahiz eta ni orduan, bertan borrokan egon ziren gazteak baino zerbait gaztetxoagoa izan. Beraz, barkatu udaletxe honek zuen aldarrikapenei kasurik egin ez izana eta eskerrak eman zuen ikasgaiek, orain gutxi izan dugun zabortegien beste kapitulu berri batean, belarriak tente izaten asko lagundu digulako.

Azkoitia Lantzenera bueltatuz berriz, badirudi berri onak ditugula azken egunotan eta guk, Azkoitiko herriarentzat ongi eginak goraipatzeko inongo lotsarik ez dugunez, gure zorionik beroena Txalon errekan burutu dituzuen negoziaketen emaitzagatik, ea aurrerantzean eremu horretan eta beste denetan ditugun obligazio denak burutzeko kapaz zareten eta azkenik diru gehiegi galdu gabe Azkoitia Lantzen ixten duzuen, bitartean guk zoriontzen jarraitzeko ez dugu inongo eragozpenik.

Eta bukatzeko Azkoitia Lantzeneko gaiei beti ematen diogun ezezko bozka.

4.- Argiteri publikoan LED motako bonbillak ezartzea finantzatzeko 2. kreditu  konpromisoa onartzea.

Herriko argiteriaren kontsumoa jaisteren alde azaldu gara beti eta konpromiso honek laguntza garrantzitsu hauen bideratzea badakar, gure aldeko bozka duzue.

5.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 7 zenbakidun  espedientearen hasierako onespena.  

Azken lurralde batzordean zeuek esan zenuten nik hainbeste aldiz errepikatutakoa. Itziar Joaristi andereak Floreagako eremu batean asfaltatu beharra zegoela adierazi zizuenean, eman zenuten erantzunean hain zuzen. Honela Erantzun zenioten: Zerbait konpontzen hasten garen bakoitzean, beste auzo batzuetako eskariak egiten dizkigute beti. Aztertuko da eta hartu beharreko erabakia hartuko dugu. Bost/sei bat urte daramatzat nik hau esaten eta azkenean onartu duzue behintzat, zeuek zaretela gai hauetan erabakitzen duzuen bakarrak, beraz, beste alderdiekin erabakiak hartzen saiatzen ez zareten bitartean, ezetz bozkatzen jarraitu beharko dugu.

6.- 2020rako Ordenantza Fiskalen aldaketa onartzea, ostalaritza kolektiboarentzat  Covid 19 gaitzaren krisiaren ondorioz hobariak onartuz. 

Terrazak ez jartzeagatik eta sortuko ez duten zaborra jasotzeagatik kobratzea ez litzateke justua izango, beraz ados. 

7.- 2021erako Taxi tarifak onartzea.

Ez dugu ezer asko esateko. Ados tarifak mantentzearekin eta gogorarazi enegarrenez, hitzarmenak gaueko taxi zerbitzuaz diona aztertu behar dugula.

8.- Azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunari  buruzko Adierazpen Instituzionalak. 

Honelako udal bilkuretan urtetan jardun nuen emakumeen aurkako indarkeria salatzen eta beste alderdion inplikazioa eskatzen, denok batera ekintza xumeren batzuetarako konbidapenak egiten eta ez nuen erantzunik lortu. Badakizue adierazpen- mozioekin , ez dugula sinesmenik, irakurketa hutsean bihurtzen baitira. Ez dut asko luzatu nahi eta adierazpenen aurrean gure iritzia aspaldi argitaratu genuen, 2018ko Ekainaren 29an hain zuzen ,hori bai, badakizue gure herrian lanketa edo ekintza konkreturen bat egiteko beti bezala gurekin kontatu dezakezuela, bitartean abstenitu egingo gara.

 

9.- Euskararen Nazioarteko Egunari buruzko Adierazpen instituzionala. 

Aurreko puntuan erantzun dugu ez garela adierazpen instituzionalen aldekoak, hori bai, gai honi buruz, bai batzordeetan eta bai kontzejupeko hurrengo argitalpenerako, jakinarazi dugu gure iritzia

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

12.- Galde-erreguak. 

FacebookTwitterGoogle+

LIXIBIATUAK VS BERNARDO ECENARRO S.A.

Zer arrazoi zuten 80-90 hamarkadako gazte haiek.

Bai, Oñederren aurkako plataformagatik ari naiz, gazte haiek beste inork baino hobeto aurreikusi baitzuten gertatuko zena.

Lixibiatuen gaia oso korapilotsua da denontzat. Diru kopurua ere potola. Beraz uste dugu herritarrak prozedura guztia nola izan den jakiteko eskubidea dutela, eta ahal den neurrian alderdien artean dauden eztabaidak eragozteko ere balio behar luke. Orain udaletik hurrengo urtetarako lixibiatuek ekarriko dizkigun gastuak ordaintzeko diru kantitate bat gordetzea eskatu da. Nik dakidala Azkoitiko udalak dirua egiteko makinarik ez du, beraz, diru hori beste gauza batzuetarako erabili beharrean, hurrengo urteetako lixibiatu jarioa garbitzeko erabili beharko dugu.Garbiketa hauek egiteko diru mordoxka erabili beharko dugula aurreikusten da, eta badaezpada ere aurretik gordetzea (gero buelta eman ezineko zuloa egon ez dadin) begi onez ikusten dugu, baina lehen esan bezala herritarrak prozedura dena nola joan den argi eta garbi jakin behar luketela iruditzen zaigu eta horretarako ahalegin txiki bat eskatu genion udal gobernuari 2016-05-30eko udal bilkuran.

Oraingo honetan ere ez dugu uste kasu haundirik egingo digunik eta gure apaltasunean ea zerbait argitzen dizuegun.

80-90 hamarkadetan altzairu fabriketako hautsarekin zer egin ez zekitela eta beste toki askotan bezela, Oñartxo baserrian  zegoen lursailean botatzen hasi ziren. Hori bai, aurretik tratatu, tela bat jarri lurrean,… eta beste segurtasun neurri batzuk harturik. Baina ikusi denez neurri hauek ez ziren nahiko izan eta produktu toxikoen jarioa hasi zitzaigun. Jario hori gelditu behar denik ez dut uste inork zalantzarik duenik, baina nork ordaindu jario hori gelditzeko hartu behar diren neurriak? 80-90 hamarkadetan sinatu zen kontratuan ez zegoen dudarik, baina 2007-2008 urteen bueltan sinatu zenak (EAJ/PNV taldeko alkate zenak) zalantzak utzi zituen. Ordura arte garbi zegoen kutsaduraren bat gertatzen bazen, enpresak ordaindu beharko zukeela garbiketa dena, baina bigarren kontratu horretan 500.000€ko kopuru bat azaldu zen eta enpresak horri eutsi zion, gehienez ere kopuru hori ordaintzeko eta ez gehiago. Udaletxetik beti esan izan da enpresak ordainduko zuela garbiketaren kostu dena.

Epaitegietan urte batzuk pasa ondoren azken sententzia atera da dagoeneko eta Azkoitiko udalak ordaindu beharko ditu (500.000€tik gorakoak) eremu hori garbitzeko egin beharko diren lanak. Hasieran esan bezala 100.000€ gorde beharko ditugu urtero lan hauei aurre egiteko eta dirudienez urte askotan. Batzuek 30miloi euro gastatu beharko direla eta besteek ez da gutxiagorik ere. Guk uste dugu inork ez dakiela kopurua zenbatekoa izango den, baina garbi dagoena zera da, hanka sartze handia egin zela bigarren kontratu hori sinatzeko orduan.

Azken egunetan entzun ditugun adierazpenei buruz ere badugu esatekorik:

Badirudi BERNARDO ECENARRO SA enpresa eraikitzeak onura asko ekarri dituela azkoitiarrontzat, eta altzairu hauts horiekin bete izan ez bagenu lursail hori, enpresa hau ezin izango litzatekeela eraiki bertan. Ba esan behar gauza batek ez duela bestearekin zerikusirik eta bigarren kontratu sinatze horretan egin zen hanka sartzea hor dagoela. Beraz hasera bateko kontratua aldatu ez balitz, hau da bapatean 500.000€ko kopuru hori azaldu ez balitz, BERNARDO ECENARRO SA enpresa berdin berdin eraikiko zuten eta azkoitiarrok  ez genuke ordaindu beharko eremu hori garbitzeagatik ordaindu beharko dugun diru kopurua.

Baita esan behar, lursail hori dena ondo garbitu arte, urteak pasako dira, BERNARDO ECENARRO SA enpresak ez duela lur horien erosketa ordainduko.

Eta hauxe da, lehen esan bezala gure apaltasunean argitu dezakeguna, beti bezala herritarrei ezer ezkutatu gabe, eta berriro ere eskatu, gai honen bueltan parte hartu duten protagonistei, zerbait gehiago argitzeko gauza balira, herritarrari duten informazioa zabaldu diezaiotela, sortutako liskarrak eragozteko asmoz.

FacebookTwitterGoogle+