Mozioak ez zaizkigu axola

Badirudi LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten diskriminazio guztiak Azkoitia Bai herri plataformari ez zaizkigula batere axola, 2018-06-27ko udal bilkuran beste alderdi denak mozioaren alde bozkatu zutelako eta gu aldiz abstenitu. Ez gara abstenitu herriko gai zehatz bat ez delako soilik, udal bilkuran arrazoi gehiago ere eman genituen (Azkoitia Bai).

Horrelako mozioetan beti abstenitu izan gara, Gure Esku Dago, euskara, emakumeen aurkako diskriminazioa,… eta ez pentsa, gutxienez besteen adina axola zaizkigu gai hauek, baina gure taldea ez duzue aurkituko, urtea behin, beste ezer egin gabe, mozio bat irakurtzen.

Azken legealdi honek dagoeneko hiru urte bete ditu eta LGTBI+ hitza Ekainak 27,28 buelta horretan bakarrik entzuten dugu, beste urte osoan ez da aipamenik ere egiten.

Gure ustez alderdi bakoitzeko komunikazio departamentutik lantzen dira ia mozio denak eta alderdi bakoitzak berea irakurtzen du tramitea pasatzeko. Gure taldea ez dago horretarako prest eta nahiago dugu beste era batera jokatu.

Pare bat urtez emakumeen aurkako biolentzia matxista salatu dugu, udal bilkura denetan aipamen bat eginez eta beste alderdi denen elkarlana eskatuz. Denon artean zerbait egin behar genukeela adierazi diogu behin eta berriz  beste alderdiei, batzordeetan gaia jorratu, komunikatu bateratuak aurkeztu,…baina ez dugu erantzun bat bera ere jaso.

Honekin ez dut esan nahi guri gai hau besteei baino gehiago axola zaigunik, beste era batera landu nahi ditugula baizik, guretzat egokiago eta batik bat eraginkorrago litzatekeelako.

Ea mozioen aurrean dugun jarrera garbi azaltzeko gai izan garen eta besterik gabe mozio hauetan esan ohi dugun berdina esango dizuet berriro, edozer gai dela, beti lanerako prest gaudela eta beste alderdi/talde/erakundeekin elkarlanean bada askoz ere hobe.

Batzutan kontrako jarrera erabiltzea ere pentsatu izan dugu, mozioak japoniarrak greba egiten duten erara erabili, hau da, egunero/astero mozio bat prestatu eta hilero udal bilkuran denak irakurri, emakumearen eguna, arraza diskriminazioarena, uraren eguna, prentsa askatasunaren aldekoa, errefuxiatuena, giza eskubideena, emakumeenganako tratu txarrak gaitzesteko nazioarteko eguna,…Horrela egingo bagenu Azkoitia Bai herri plataforma izango litzateke talde konprometituena?

FacebookTwitterGoogle+

2018-06-27 Udal bilkura

Hemen dituzue Azkoitia Bai herri plataformak Udal bilkura/pleno honetan esan eta bozkatutakoak:

Data: 2018-06-27

 Udal bilkura

 1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Beti esan izan dizuegu erabakiak hartuta etortzen zaretela eta guri bozkatzeko aukera besterik ez diguzuela ematen eta oraingoan garbi laga duzue.

231.000€ gastatuko dituzue plaza bat egiten eta aurretik ez diguzue gastu hau justifikatuko luken berririk eman, hau da plaza berri hau egitera zoaztela kreditu aldaketa honen bidez eman diguzuela berri, aurretik hirigintzako batzordeetan ezer esan gabe.

Baina guretzat okerrena ez da hori. Badira herri mugimendu batzuk oraindik zuen erantzunaren zain daudenak eta beraien eskakizunei zer erantzun emango zaien ez dakitenak eta zuek behin eta berriz herriko eskaerarik ez dagoen proiektuak bultzatzen, Jausorotik Altzibarrerako zubia, orain plaza hau,…

Ez goaz proiektuak epaitzera, behar bada azkenik herritarren gustukoak izango dira, erabakiak nola hartzen dituzuen epaitzera baizik.

Behin eta berriz esan dugun bezala, legealdi honetan duzuen gehiengo osoak honelako erabakiak hartzera bideratu zaituzte, baina badakizue ez dela hori guri gustatuko litzaiguken politika, guk nahiago dugu herritarren eskaera eta mugimenduei  garrantzi gehiago eman eta ahal badira bideratu, eta denak ezin badira egin, honelako erabaki garrantzitsuak herri galdeketa baten bidez erabaki.

Parke estalia zeuei musu puntan jarritako tokian egitera zoazte, herritarraren erabakia kontutan hartu gabe. Gogoratu nahi dizuet udaletxea ez dela enpresa pribatu bat eta herritarraren aginduetara gaudela.

Udaletxea enpresa pribatu bat bezala erabiltzen duzuela erakusteko, diru kontuaz ari garenez, adibide bat jartzeko, alkate dekretu baten bidez, diru kopuru bat nola gastatu den salatu nahi nuke. Udal gobernuak 12.400€ gastatuko ditu, beraiek diotenez, herriari bere udal programa zenbateraino burutu duten erakusteko. Guretzat, batzordean esan genuen bezala, lotsagarria da, herritarraren diruarekin AEJ/PNV alderdiaren propaganda  egitea dela iruditzen zaigulako. Estatu mailan PP alderdikoak epaitu dituzte hauteskundeetara dopatuta joan zirelako, enpresari batzuen diru beltza jaso ondoren, gero diru hori propaganda elektorala egiteko erabili zutelako. Zuek enpresarien dirua ez baina, herritarren dirua erabili duzue helburu bera lortzeko.

Hau dena esan eta gero, gure ezezko bozka.

 

3.- EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa: LGTBI+ pertsonen sexu-askapenerako nazioarteko eguna.

 

Badakizue honelako mozioei ematen diogun erantzuna zein den, Azkoitiko gai zehatz bat ez bada behintzat.

Beti esan ohi dugu baita ere, gure taldeari gai hauetaz informazioa zabalduko diogun konpromisoa hartzen dugula, gero bakoitzak nahi duen ekintzetan parte hartu dezan eta beti prest gaudela honelako gaiak udal batzordeetan eztabaidatu eta lantzeko, zeuek mozio honetako paragrafo batean diotsuen bezala:

“Euren borrokari laguntzeko gure konpromiso politikoak egunerokoa izan behar du, ez soilik adierazpenak eginez, baizik eta gizarte-ordezkariekin adostutako ekintzak martxan jartzeko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak konprometituz, betiere ikuspegi feminista eta eraikitzailearekin.”

Beraz, esan bezala lanerako prest eta honelako mozioetan iragartzen dugun abstentzioa.

 

 4.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 5.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 6.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

2018-05-30 Udal bilkura

Gure taldeak esan eta bozkatuak 2018-05-30eko udal bilkuran, idatziz:

Data: 2018-05-30

 

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespenak, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Hiri Antolaketako Araudietako 4. aldaketa zehatzaren behin behineko onespena; “San Martin” 3. eremua, “San Juan” 24. eremua, “Basarte” 25. eremua eta Izarre Jandalo” 33. sektoreari buruzkoa, zein Azkoitiko Lurzoru Urbanizaezinari buruzkoa eta Araudi Orokorraren Testu Bateratua.

 

Aholkularitza batzordeko aktarekin genituen arazoak zuzendu ondoren, hau da, gure taldeak esan eta irakurri zituen batzuk gehitu ondoren, arau aldaketak baloratzera pasako gara.

Eztabaida egon daiteke, bati Ha 1eko lursail minimoak nahiko iruditu eta beste bati aldiz 5 Ha gutxitxo. Gure herrian 2,5 Ha ditugu gutxieneko jarrita.

Eraikinen arteko gutxieneko distantzia ere 50m.koa da gure herrian eta badirudi neurri honekin ere ez gaudela denok ados.

Orain arteko herriko arauekin alderatuz ez dago, guk dakigula behintzat, aldaketa esanguratsurik. Esan diguzuenez nekazal taldeekin eztabaidatu eta adostu dituzue.

Aholkulari batzordeak, besteon eskaerak kontutan harturik, irekiak egitea erabaki zenuten eta hori ere asko eskertzen dizuegu.

Beraz, aktaren arazoa konpondu aurretik batzordean bozkatu genuen ezezkoa baietz bihurtuko da, batez ere, esan bezala, gure eskaera kontutan hartu eta herrira irekitzeko beste pausotxo bat eman dugulako.

 

 

3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

 

Uste dugu, azkeneko udal bilkuran, garbi geratu zela kreditu aldaketa, kreditu gehigarri eta honelako beste denei zergatik ez diogun baietzik ematen eta bilkura hartan aurreratu nizuen bezala gure ezezkoa.

 

 

4.- Azkoitia Lantzen, S.A. eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmena onestea alokairua sustatzeko laguntzak izapidetzeko hitzarmena onestea.

 

Orain arte ematen diren laguntza berdinak emateko hitzarmen hau sinatu behar bada, hau da, juridikoki hau bada formarik egokiena, gure oniritzia duzue.

 

 

5.- Korreo Berri, S.L.-k aurkeztutako aparteko berrikuste errekurtsoaren tramite onespena eta espedientea Aholku Batzorde Juridikora bidaltzea nahitaezko irizpena eman dezan.

 

Korreo Berri enpresa Azkoitiko udalarekin zorretan badago eta zor hori kitatzeko baliabideak baditu, bidezkoa ikusten dugu, guk udaletik kobratu ezin geniona, orain aldunditik kobratzen saiatzea. Dena den denok izan behar dugu defentsarako aukera eta errekurtsoaren tramitearen onespenaren alde bozkatuko dugu.

 

6.- 2019 urtean lan ondorioetarako Azkoitiko Udalerriko tokiko jai eguna zehaztea.

 

Udaleko langileekin adostasuna badago guk ez dugu eragozpenik jarriko.

 

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

9.- Gure Esku Dago mozioa

Gure Esku dago egitasmoari buruko mozioa. (erantzuna)

Gure taldeak beti uxatu nahi izan ditu, Euskal Herria, Euskadi,… eta horrelako hitzek ekartzen dituzten eztabaidak.  Zuen azken mozioa hitz hauexekin hasi genuen. Berriro ere hitz berberak irakurri ditugu eta guk ere lehen pentsatzen genuen berdina pentsatzen jarraitzen dugu. Dena den, zuei ez badizue aparteko arazorik sortzen, suposa dezakegu herrian dagoen talde eragileak, azalean gelditu gabe mamira jotzea nahiago duela eta garrantzia gaiaren sakontasunean aurkitu duela. Gure taldeak, egia esan, nahiago du, ahal baldin bada behintzat, horrelako hitzek ekartzen dituzten arazoak uxatzea, gure uste apalean, kolore denetako jendea batzeko egokiago delako.

Baina badira mozio honetan gure taldeak garrantzia ematen dioten beste hainbeste hitz eta esaldi ere:

Elkarrekin etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean

etorkizuna elkarrekin

Herritarron Ituna

herritarren behar, ilusio, asmo eta zergatiak jasoko dituen bilduma zabala

adostasun esparruak elkarrekin eraikitzeko

Eztabaida, ekarpen, proposamen eta adostasunaren bidez eraikiko dugun tresna dinamikoa izango da.

Adostu dezagun bidea elkarrekin.

 

Gure ustez juxtu hitz hauexekin definituko genuke, nola izan beharko luken etorkizuneko politika, hitz batean esan behar bagenuke, parte-hartzailea.

Kataluniako mozioak ere etorri dira udal honetara, eta mozio haietan esan genuen berdina esango dizuet zuei ere, kriston inbidia ematen digula horrelako herri mugimendu batek.

Baina jakin ezazue gure taldeak soilik Azkoitiko gaiak  jorratzen dituen mozioetan hartzen duela parte, gure ustetan udaletxea ez baitago aurkezten zaizkion mozio denei erantzuna emateko. Herriko nondik norakoak, ekintza konkretuak, ekintza horiek behar dituzten aurrekontuak, taldeei laguntzak emateko,… badaudelako beste toki egokiago batzuk, batzorde irekiak, udal bilkurak… Guretzat lehen pausua eta garrantzitsuena eman duzue, herri mugimendu handia lortu duzue eta herria alde batera mugitzen bada, udalak ere alde berera joan beharko luke. Beraz, talde bezala iritzia eskatzea logikoa iruditzen zaigu eta aurreko paragrafoetan eman dugu, berriro ere zuekin salbuespen bat eginda, baina azkenik hemen aurkezten diren beste mozioei ematen diegun erantzuna emango dizuegu zuei ere, guk taldekideak kontu hauetaz informatu eta gero bakoitzak aukera dezala pertsonalki zertan hartu nahi duen parte, guk horraino iritsi dezakegu udaletxeko partaide bezala eta gure bozka besteetan bezala abstentzioa izango da. Hori bai, horrelaxe jarraitzeko animua luzatzen dizuegu, horrelako herri mugimenduei benetako garrantzia ematen diogulako.

 

10.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

Udal bilkura 2017-11-29

Hemen dituzue gure taldeak azken bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2017-11-29

Udal bilkura

1.- Itziar Joaristi Olariaga A.-ren zinegotzi kargu hartzea.

2.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

3.- Azkoitiko udalerriko etxez-etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen Araudiaren aldaketaren hasierako onespena.

Udaleko gizarte zerbitzuetako tekniko berriak, araudiaren aldaketan, lan ona egin duela iruditzen zaigu eta etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeak, udalerrien diru banaketan onura ekarriko digunez, ados.

4.- Azkoitiko Udaleko departamentu desberdinetan praktikak egiteko araudiaren hasierako onespena.

Orain udalean praktikatan dagoen ikaslearekin, badirudi, esperientzia ona izaten ari garela. Araudi honetan ikusi dezakegun bezala, ikasleari ordainsari txiki bat ere emango zaio eta lan mundura murgiltzeko bultzadatxo bat emango balio, askoz hobe. Zalantza handiak izaten ditugu beti gai honen inguruan, ordainsariak gutxi diren, langabezian herritar asko dagoela, ikaslea erabili eta gero bota egiten dela,…Baina udaletxe honen helburuak onak direlakoan gure baiezkoa.

5.- Azkoitiko Udal Larrialdietarako Planaren hasierako onespena.

Horrelako plan bat herrian izateak egokia iruditzen zaigu, eta plan berak babez zibilaren baiezkoa behar duenez, ez gara gu izango adituei kontra egingo diona, beraz ados.

6.- Azkoitiko Bake Epaile ordezkoaren izendapen-proposamena.

Beste urteetako bera izanik, ez diogu arazorik ikusten, berriro ere izendatzeko, beraz ados.

7.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Azkoitiko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariko argitalpena atzera botatzea.

Aldizkari horretan bestela ere argitaratuko delako eta gainera 1250€ aurreztuko ditugulako gure baietza.

8.- EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako Azaroak 25eko Adierazpen Instituzionala.

Badakizue gure taldea adierazpen instituzional hauen aldekoak ez garela, baita pare bat urtez ere, arazo honetan denon arteko lankidetza eskatzen jardun dugula. Adierazpen honetako puntu bat azpimarratu nahi nuke, honela dio:

Gure konpromisoa udaletan plan eta neurri estrukturalak hedatzen edo hobetzen jarraitzeko edo, hala badagokio, abian jartzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har.

Udaletxe hau, puntu hau bera bakarrik lortzeko kapaz izango balitz, gure taldearen txalo zaparradarik handiena jasoko zenukete, baina tamalez oraindik urruti gaudela uste dugu.

Dena den, gure elkarlanerako eskaintza, eta beti bezala honelako adierazpen instituzionalen aurrean ematen dugun bozka, abstentzioa.

 

9.- EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa Kataluniako gertakizunen inguruan.

Berriro ere gure inbidia erakutsi, herritarrek erakutsi duten parte-hartzean eta aurreko puntuan esan bezala honelakoetan, Azkoitiko kontuak soilik ez direnean, ematen dugun bozka, abstentzioa.

Euskararen nazioarteko egunerako adierazpena

Gure taldearen abstentzioa, aurreko puntuetan esandakoarekin bat, eta ea datorren hilerako prestatuta dauden ekintzetan dena ondo ateratzen den, adierazpen honetan esaten den bezala, funtsezko garrantzia baitu auzolanak, hau da parte hartzeak.

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

12.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+