2021-05-26 Udal Osoaren Ohiko Bilkura

Data: 2021-05-26 

Udal osoaren ohiko bilkura

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 2 zenbakidun  espedientearen hasierako onespena.  

Kreditu aldaketa honek daramatzan puntuak banan bana erantzungo ditugu:

  • Ikastolako mantenua eta pandemia garai honetan, gure txikienek jolas toki egoki bat izatearen premiatasuna baloratuz, karpa bat alokatzeko dirua gastatzea egoki iruditzen zaigu.
  • Kultur etxeko garbiketan pasatzen diren orduak zenbatu ondoren, lanketa hori bermatzen jarraitzeko diru kopuru hau falta bada, gure aldetik ez diogu oztoporik jarriko.
  • Kultur inkestaren ondorio, beste behar batzuen artean, Baztartxoko eraikina erabiltzen duten kultur taldeek sumaturiko gabeziari aurre egiteko, etekin handia aterako zaion ekarpena izango dela deritzogu.
  • Floreagako eremu honetan ere, aurretik herriko beste hainbat lekutan egi den bezala, aukera dagoenean, herriko ur zikin eta euri urak aldentzearen alde.
  • Eta azkenik Hilerriko kaperaren teilatua, egoera txarrean dagoen udalaren eraikin bat dela jakinik, beste eraikin denak bezala, egoera onean mantentzearen alde.

3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 2  zenbakidun espedientearen hasierako onespena.  

Kreditu aldaketa honetan ere beste lau gastu aurreikusten dira:

  • Spining/cicling klaseek arrakasta handia dute udal polikiroldegian eta erabileraren ondorio bizikletak izorratu edo zaharkitu direla dirudi. Beraz, bertako teknikariek berriak erosteko beharra ikusten badute, horrela izango da. Beste herrietan ere egin behar izan dituzte horrelako inbertsioak eta azkenean, lizitaziora atera ostean hemen aurretik jartzera goazen kopurua baino merketxoago irten zaizkie. Ea hemen ere berdina gertatzen den. Zaharrekin zer egin ideia batzuk aurkeztu genituen eta mesedez erabakia hartzen denean informatzea eskertuko nizueke.
  • Sarrera nagusiko lurra, estali gabe egon zen garaian kalteak jasan izan zituen eta konpondu beharra dago.
  • Gaur egun berriz, beste sarrera batzuk irekitzeak, erosoago izateaz gain, jende pilaketak ekiditea ekarri digu, baina hala eta guztiz ere zain egon beharko balitz, itxarote hori arintzeko estalpeak eraikitzea bidezkoa dela iruditzen zaigu.
  • Eta azkenik, inklusioaren baitan, aniztasun funtzionala dutenentzat eta ez dutenentzat bizikleta bat erostea ere babestuko dugu.

4.- Azkoitiko Udalerriko kale garbiketa zerbitzu kontratuaren bigarren luzapenaren  onespena. 

Badirudi goizeko ordu txikietan gure kaleetako zaborra bat-batean desagertu egiten dela, baina ezta horrela eta izugarrizko dirutzak gastatzen ditugu sortzen dugun zabor guztia jasotzen, kale garbiketari, kontenedore bidez jasotzen duguna gehitzen badiogu, urtean bi milioitik gora. Aspalditik izan dugu egun bat edo beste zaborra jaso gabe utzi eta herritarren erreakzioa ikusteko gogoa.

Garbi dagoena da negozio handi bat dagoela atzean eta talde politiko bakoitzari bere enpresa laguna ezartzen diogula atzetik, eta bakoitza bere buruari begira jartzen denean, beste gai askotan bezala, herritarra alde batera uzten dela.  Beraz, herritarra eta zabor gutxiago sortzea erdigunean jartzeko, nahiz alderdi, nahiz herriko beste edozein talderekin lanean jartzeko prest.  Baina momentuz behintzat, beste alternatibarik ez dagoela eta kontratuaren azken urtera heldu garela kontutan izanda, egin beharko genituzkeen aldaketak, hurrengo kontratuari begira egitea izango dela egokiena iruditzen zaigu eta indarrean dagoena bere horretan bukatzearen aldeko autua egingo dugu.

Enpresa atzean izate horrek ulertezina eta eztabaida sortu ditu. Esan behar lizitazio eta kontratazio mahaiak ondo eta legez egiten direla, baina guk esan nahi genuena, herritarrak hori horrela ez dela pentsatzen dutenaren errezeloa dugula eta esleipenak zuzenean egiten direla asko eta askok pentsatzen dutela. Beraz gure ustez, nahiz eta gutariko bakoitzak, kalean gai hau argitzeko ahaleginak egin, behar bada udaletxetik ere herritarra informatzea ez litzatekeela gaizki egongo.

 

5.- 2021eko Ordenantza Fiskalen aldaketaren onespena, ostalarientzat mahai,  mahaitxo, aulki, zoladura, loreontzi, itzalkin edo antzeko instalazioengatik dagokien  tasetan Covid 19 gaitzaren krisiaren ondorioz aparteko hobarien inguruan.  

Laguntza hauek ematea, denon artean hartutako erabakia izan zen eta orain atzera egiteak ez luke inongo zentzurik izango eta baietz bozkatuko dugu.

 

6.- Behin betiko onespenen berri ematea.  

7- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

8- Galde-erreguak.  

FacebookTwitterGoogle+

2019-10-30 Udal bilkura

Hemen dituzue, hilero bezala, idatziz, udal bilkuran gure taldeak esandakoak.

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Patzuergoaren artean Udal Erroldaren datuak egiaztatzeko hitzarmenaren onespena.

Honelako komunikazioak batik bat herritarraren erosotasunerako erabiltzen direla pentsatuz alde bozkatuko dugu.

 

3.- Azkoitiko Udal Larrialdietarako Planaren eguneraketaren onespena.

Oraindik akatsen bat egon litekeela jakinda ere, onarpen hau gehiago atzeratu ez dadin eta hurrengo eguneratze batean zuzenduko direlakoan, gure aldeko bozka.

 

4.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Behin eta berriz errepikatu dugu kreditu aldaketetan erabiltzen duzuen politika ez dugula gustukoa eta aldatzen ez den bitartean ez dugula alde bozkatuko. Legealdi plana burutzen duzuenean eta beste taldeekin adostasunetara iristeko ahalegina egiten duzuela ikusi orduko, hasiko gara kreditu aldaketa bakoitzari bere erantzun zehatza ematen.

 

5.- 2020rako Taxi tarifen onespena.

Erabakitako KPIaren igotzea dela ikusirik eta taxista beraiekin eta beste herriekin adostutako erabakia denez alde bozkatuko dugu.

 

6.- 2018-2019 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren ebaluazio memoriaren berri ematea.

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

9.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

Udal Bilkura 2019-03-27

Hemen dituzue idatziz gure taldeak 2019-03-27ko plenoan esan eta bozkatutakoak:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 

 

2.- Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa prozesu bateratuen kudeaketarako kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmenaren onespena.

Azkoitiko merixuen artean, aspalditxotik aldaketa asko egon dira eta gure ustez horrek ez du errazten herritarrarenganako hurbiltasuna.

Badirudi arazoa ez dela gure herrikoa soilik eta herri askotan daudela agente poltsak betetzeko arazoak.

Gaur egun azterketak herri askotan egiten dira, eta agenteak, nahiz eta badakiten herri horretan ez dutela lan egin nahi, azterketa gainditzen saiatzen dira, aurrerantzean nahiago luketen herrietara joateko asmoz, hau da, Azkoitian Bizkaiatik datozen agenteak baditugu, normalena, ahal dutenean beren herrietara hurbiltzea litzatekeela.

Hitzarmen honek badirudi akats hau zertxobait ekiditeko balioko lukeela eta gure udaletxean lan-karga bat gutxiago izango genukeela inongo kalterik gabe.

Beraz hitzarmenaren helburua ondo iruditzen zaigu eta gure aldeko bozka duzue.

 

3- Korreo Berri, S.L.ren eskaera,  ezeztea  edo subsidiarioki ofiziozko berrikusteari buruzkoa.

Kasu honetan guk beti eman ohi dugun erantzuna, udaletxeari norbaitek diru bat zor badio eta zor hori kitatzeko ahalmena badu, denok egin beharko genukeen bezala, ordaindu dezala.

 

4.- Udal langile eta Korporazioko kideen 2019ko ordainsarien igoeraren onespena.

Bizitzeko kostua igotzearekin bat ordainsariak igotzea ere bidezkoa iruditzen zaigu, bai udaletxe honetan eta baita beste edozein tokitan ere.

Dena den, politikarion ordainsariak adosteko beldurra dugula dirudi, behin eta berriz egin baitugu denon artean eztabaidatzeko eta adosteko konbitea eta ez digu inork baiezkorik eman. Lehendabizi, Azkoitia bezalako herri batean zenbat politikari liberatu behar ditugun erabaki beharko genuke eta ondoren bakoitzaren ordainsariak finkatu.

Legealdi hasieratik hitz egitea komeni zela esan genuen, hau da, legealdi honetan denok adostutako ordainsariak jasotzea lortzera iristeko ahalegina egin behar genuela.

Badirudi beste taldeok ez duzuela eztabaida hau abiatu nahi,  ez baituzue ezer erantzun.

Legealdi hau horrela pasa da eta hurrengo legealdian berdina gerta ez dadin oraindik aukeran gaude batzorderen batean gaia sakontzeko.

Oraingo ordainsariak EUDEL-ek markatutako gehiengoak, topeak, dira eta behar bada, beste gai askotan bezala, beste taldeok EUDEL-eko kide zareten heinean, bertan esaten dena ongi deritzozue.

Guri gehiegitxo iruditzen zaigu Azkoitiko alkateak 70.000€ tik gora kobratzea eta 45.000€tik hasi eta 70.000€rarte hitz egiteko beta badagoela eta tarteko zifra bat ere soldata duintzat hartuko genuke guk. EUDEL-ek ez dakigu zer tarte markatzen duen eta gurearekin ados ez bazaudete, EUDEL-ek dioena ere eztabaidatzeko prest egongo ginateke, EUDEL-ek ez baitu esaten markatzen duenaren topea kobratu behar denik nahi ta nahiez.

Beraz eztabaida hau bideratzen ez dugun bitartean ezin diogu politikarien soldatei baiezkorik eman eta hori horrela, puntu honetan, udaletxeko langile denen bozketa bateratua egitera derrigortzen gaituzuenez, gu abstenitu egingo gara.

 

5.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 1 zenbakiko espedientearen onespena.

Lehendabizi gogoratu zubi hau gure taldeak lehentasun bezala ez duela sekula ikusi, ez baitugu, gai honetan,  inoiz, herritarren premiazko eskaerarik entzun. Floreagako igogailuak, Herriko igerilekuak berritzeak, orain egoitza herrira jaisteak, … hainbat eta hainbat sinadura jaso dituzte eta herritar askoren babesa nabarmena da, baina zubi honen konturik, ez neuk eta ez nire ondokoek, ez dute sekula ez irakurri eta ez entzun. Beraz udaletxea herritarren eskakizun eta beharrei erantzuteko dagoela kontutan harturik ezingo diogu obra honi gure baiezkorik eman.

Esan beharra dago bestalde hemen gertatu den akats hau gerta ez zedin, gure taldeak, Foru Aldundiko kotak eta gure herrikoak bateratzea eskatu zituela eta 2016 edo 2017ko aurrekontuetan partida bat jarri zela, baina azkenik ezer egin gabe berriro kendu duzuela eta bere garaian egin beharreko lanketa egin bazen ez zela orain gertatu dena gertatuko. Lanketa hau Gipuzkoako beste herri askotan dagoeneko egina dago baina hemen orain ere etzetik goazela dirudi.

Dena den, kreditu aldaketa hauek, beti esan ohi izan dugu, zeuek nahieran erabiltzen dituzuela eta gehiengo osoa izanik, ez diozuela beste taldeek esango dugunari jaramonik egiten eta hemen dakarkiguzue beste adibide garbi bat. Gu, hemen eta orain, zubi honetan egin behar den geometria aldaketa eta horrek dakarren diru kopuru gehitzea bozkatzen ari gara eta zubi hori Altzibarren dago atzotik, beraz aurreko hauteskundeetan bere bozka eman zuten Azkoitiarren %50ari burla egitea dela iruditzen zait eta errespetu falta handia eta ezetz bozkatuko dugu.

FacebookTwitterGoogle+