2019-07-24 Udal bilkura

Hemen doazkizue gure taldeak esan eta bozkatutakoak.

7. puntuan eztabaida sortu da eta osorik esandakoa entzun nahi izan ezkero, Maxixatzenen ikus/entzungai izango duzuela iruditzen zait.

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Hirigune Historikoko Plan Bereziaren 3. aldaketaren behin behineko onespena.

Hemen egingo diren aldaketa denak zentzuzkoak dirudite, beraz gure aldeko bozka.

 

 

3.- Ohiko batzorde informatiboen bilkuren maiztasuna aldatzea.

Batzordean esan genuen bezala aldaketarekin erabat ados gaude, bai batzordeen eta bai gobernuan ez gaudenon talde antolakuntzan, hobeto moldatzeko aukera ematen duelako.

 

 

4.- Udaleko aurrekontua gauzatzeko Udal Arauaren aldaketaren hasierako onespena.

Legealdi berri honetako lehen udal bilkuran garbi utzi genituen gure iritziak. Liberatu gehiegi iruditzen zaizkigu, ordainsariak ere zer esanik ez, zeuen buruei soldata jartzerako orduan topeak erabiltzen dituzue eta beste ordainsarietan askoz ere txikiagoak edo  batezbestekoetan/median kokatzen zarete, gure ustez beste alderdienganako errespetu falta handia erakutsiz, beraz puntu honetan, lehengoarekin alderatuz erabat kontra.

 

 

5.- 2019ko uztailaren 1etik aurrerako eraginarekin udal langileen ordainsarien igoera onestea.

Ez dugu soldata igoeren aurrean esateko handirik, bizitza igotzen doan bezala, soldatak ere neurri berean igotzea bidezkoa iruditzen zaigu. Hori bai, enpresa pribatuan ere gobernuan zaudeten politikariok, ahal den neurrian, soldata eta lan baldintza duinak hobetzearen aldeko apustua egitea eskatuko genizueke, horretarako dugun garapen agentziaz baliatuz.

 

 

6.- 2019 ekitaldiko Azkoitiko Udaleko lanpostuen zerrenda eta plantillaren aldaketaren hasierako onespena.

Aurreko udal bilkuran esan genuen bezala, alkatearen idazkariaren kasuan orain lau urte esan genuena. Pasatzen den alkatea pasa, pertsona honetaz ez da inor kexatzen, beraz ez genuke lau urtean behin berdina esaten jardun beharrik izango behin betiko lanpostua emango bagenio.

Komunikazio arduradunaren lana berriz, udaleko barne komunikazioa, gardentasuna eta horrelako jarduerak betearazteko erabiltzen baziren, oztoporik ez geniola jarriko, baina batzordean esan bezala orain arteko lan berdina egiteko erabiliko duzuenez, kontra bozkatuko dugu. Behin eta berriz esan ohi dugu udal gobernuko taldearen esanetara eta alderdi horien propaganda egiteko erabiltzen dela eta orain gainera alkateak berak izendatutako pertsonarekin ez dugu uste ezer aldatuko denik, behar bada arazoa areagotu. Alkateari ahalmen hau emateak ere ez digu susmo onik ematen, komunikazio lana herritar denei begira egin beharko litzatekeelako eta erabaki hau printzipio hauen kontra doala iruditzen zaigulako.

Bestalde harriturik utzi ninduen EH Bildu alderdiak batzordean erabaki honen aurrean bere baiezkoa eman zuenean. Hauteskunde garaian, Maxixatzenek antolatu zuen elkarrizketan, argitalpenak eta prentsa zerbitzuarekin zer egitea pentsatzen zuten galdetu ondoren, dudarik gabe, kentzea zela beraien erabakia, erantzun zuen alderdi honetako hautagaiak. Alderdi honek, udaletxeko gobernuan zegoela kendu ez izanak ez zigun susmo onik ematen, baina oraingo baietzak, ni neu behintzat zeharo harriturik utzi nau eta baiezko honen zergatia jakin nahiko nuke.

Nahastu egin zirela eta ezetza bozkatu dute.

 

7.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Hemen ere aurreko legealdiarekin alderatuz aldaketarik ez. Gobernu berria osatu aurretik, beste alderdiekin eztabaidatuz, datorren legealdirako aurreikusten diren proiektuen antolakuntza bideratzeko asmoa zenutela esan zeniguten eta hemen gaur aurkezten dituzuen kreditu gehigarriekin, guztiz kontrakoa adierazten duzue, beraz gobernua osatu aurretik eman nahi izan zeniguten konfiantza bat-batean galdu duzue eta orain arte bezala  aldaketarik sumatzen ez dugun bitartean kontra bozkatuko dugu eta gure posizio apaletik herritik sortzen diren eskariak lehenesten ahaleginduko gara, Floreagako igogailutik hasita.

 

 

8.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Hau ere zeuek nahi eran erabakitako kreditu gehigarria denez gure ezetza.

 

 

9.- Batzorde informatzaileetako lehendakari, idazkari eta kideen berri ematea.

 

10.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

11.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

2018-10-31 Udal bilkura

Hemen dituzue gure taldeak 2018-10-31 ko udal bilkuran esan eta bozkatutakoak. Esan behar 6. puntuan eztabaida txiki bat ere izan genuela.

Data: 2018-10-31

Udal bilkura

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 4 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Badakizue beste taldeekin elkarlanean hartutako erabakiak ez diren bitartean, ez kreditu gehigarri, ez kreditu aldaketa eta ez konpromiso kredituei ez diogula gure baiezkorik emango, beraz puntu honetan eta hurrengoan gure ezezkoa.

3.- 2018 ekitaldiko 2 zenbakidun konpromiso kredituaren hasierako onespena.

4.- 2019 ekitaldirako Taxien tarifen onespena.

Hasera batean %2,2ko igoera handia iruditu zitzaigun, baina azken urteetan egin diren gorakadak eta KPIa Abuztuan eguneratzen dutela kontutan harturik, alde bozkatuko dugu.

5.- Zubiaurre-Elkargune Institutuko EH Bildu udal taldeko ordezkariaren izendapena.

ADOS

6.- EH Bildu udal taldeak pentsioei buruz aurkeztutako mozioa.

Mozioen aurrean gure bozka dagoeneko jakingo duzue, baina hemen eskatzen dituzuen bi puntuei erantzun labur bat emango diot.

Ni neu, mozio hau aurkeztu aurretik, astelehenetako protesta askotan izan naiz, aspalditxo ez naiz joan, orain ezinezkoa egiten zaidalako. Dena den, guk arazo hauei aurre egiteko mozioak baino elkarlana nahiago dugu, hau da, arazoren bat agertzen denean, talde denok, dugun informazioa partekatu eta ahal den heinean irtenbide bateratu bat lortzera iritsi.

Eta hemen aldarrikatzen duzuen bigarren puntuan horrela jokatu dugu. Orain dela gutxi komentatu nuen neuk batzorde batean, orain zuek hemen eskatzen ari zareten berbera eta ez zen gehiago sakondu. Azpeitiko udaletxean 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako diru-laguntza berri bat aurkeztu zutela eta Azkoitian horrelako zerbait bagenuen galdetu ondoren, udaletxeko teknikariak, gure herrian norbait laguntza eske etortzen bada, arazoari pertsonalki erantzuten zaiola, eta azterketa sakon bat egin ondoren behar den laguntza eman, erantzun zigun.

Erantzun honekin, nire ustez, badirudi Azkoitiko udaletxeko laguntzak pertsona denentzako direla eta ez pentsiodunentzat soilik, beraz hasera batean behintzat, laguntzak zabalagoa dirudi.

Baina beti esan ohi dugun bezala, inork beste dudaren bat balu, gure taldea beti dago elkarlanerako prest (nola ez, geuk mahai gainean jarritako gai bat bada) , beste batzorderen batean gaia sakontzen jarraitzeko eta orain ematen diren laguntzak aldatu behar badira aldatzeko.

Hori bai, guk mozioen aurrean betiko erantzuna, abstentzioa.

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

8.- Galde-erreguak.

Orain aurkeztuko dudan gai honetan ere errazena mozio bat aurkeztu eta ondo gelditzea litzateke, baina lehen esan bezala ez da gure jokatzeko era. Badirudi, Eusko Jaurlaritzak, pinuak duten gaitzari aurre egiteko, airetik egingo den fumigazio bat aurreikusten duela eta herritar asko kezkatu dela, fumigazio horrek ekarriko lituzkeen kalteez. Guk, gure herrian fumigazio hori egin aurretik, herritarrei behar den informazioa ematea eskatzen dizuegu, naiz hitzaldi naiz batzordez, nahiko luken orok, informazio tekniko zehatza izan dezan.

FacebookTwitterGoogle+

2018-04-25 Udal Bilkura

Hemen dituzue gure taldeak, Azkoitia Baik, udal bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2018-04-25

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespenak, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 1 zenbakidun espedientearen onespena.

Ea oraingo honetan ondo azaltzen dudan gure jarrera. Legealdi hasera hasieratik esan genuen kredituak aldatzeko erabiltzen zenuten sistema ez zitzaigula gustatzen.

Gure ustez zinegotzioi egin behar diguzuen galdera beste bat da, hauxe hain zuzen:

Udalean hainbeste diru dago kreditu gehigarri, aldaketa edo dena delakoak egiteko, zuen ustez zertan erabili beharko genuke diru hau? Eta galdera hau herriko gai potolo edo eztabaidatsuak direnean herriari galdetu, adibide bat errazago ulertzeko, Non nahiko zenuke parke estalia?Halako toki honetan edo beste honetan?

Legealdi hasieran denon artean adostu genuen Floreagako igogailua egitea, aurreko legealditik zetorren gai bat zen eta denok ados azaldu ginen, baita zeuek ere. Gero  berriz inkesta bat egin zenuten auzoan eta igogailuaren ordez urbano zerbitzua sendotzea erabaki zenuten. Orain berriz auzo horretan espaloiak konpontzeari eman diozue, auzo horretako jendea beste gauza batzuk eskatzen ari denean.

Beraz arazoa erro erroan dago, zeuek, nahieran, antolatzen duzuela herria, beste talde eta herritarrei jaramonik egin gabe.

Guk horrela jokatzen duzuen bitartean ezin diogu kreditu aldaketei baietzik eman, eta ez bertan datorrena beti gaizki iruditzen zaigulako, ziur ekintza asko egin beharrekoak direla, okerra lehen esan bezala, erro erroan dagoelako baizik.

Ez dugu espero gure azalpenekin ados egotea, udal politikak zuzentzeko bi era desberdin besterik ez dira. Ziurrenik duzuen gehiengo osoak ere zerikusi handia izango du. Baina martxoaren 22ko osoko bilkuran alkate jaunak ez zuela ulertzen hiru aldiz jarraian esan ondoren, pixka bat kezkatu egin ginen.

Nola liteke azken ia 3 urtez jarraian behin eta berriz esaten eta arrazoitzen ari garen jarrera ez ulertzea. Gurekin ados ez egotea guztiz bidezkoa, baina ez ulertzea…

Ea oraingo honetan kredituen kontu hau hobeto argitzeko gai izan naizen eta beti bezala, aurreko lerroetan esandakoarekin bat, ezin baietzik bozkatu, beraz gure aurkako bozka.

 

3.- 2017 ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren berri ematea.

 

4.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

5.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

6.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

2018-03-22 UDAL BILKURA

Hemen dituzue gure taldeak, Azkoitia Baik, udal bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2018-03-22

Udal bilkura

 

Bildu taldekoak ez dira etorri, Udal bilkura data aldatu eta dokumentazioa berandu iritsi delako.

 

Bozeramaile batzordean ere esan nuen, ez zitzaidala ondo iruditzen, aho batez ez bada edo arazo larri bat ez badago, eguna aldatzea. Izarori (Udaletxeko idazkaria) ere egun hauetan prozedura eskatu diot, ea denon artean, aldaketak egiterik dugun, berriro ere hau gertatu ez dadin.

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

 

Parke estaliaren kokapenaren kontuaz hitz egiten denean, esaten da batzordean denoi ondo iruditu zitzaigula (75. orrialdea) eta batzordean erabaki zen, batzordekideek ez zutela ezadostasunik agertu, jartzea.

Bestela ados.

 

2.- Azkoitiko udal etxebizitza tasatua eta Azkoitiko udalerrian etxebizitza bultzatzeko sustapen neurriak arautzen dituen Ordenantzaren 4. aldaketaren hasierako onespena.

 

Ordenantzaren 4. aldaketa izateak harritu egin gaitu, baina banketxearen finantziazioarekin datozenei, gutxieneko sarrerak ez gainditzeagatik, banketxearen filtroa pasatu ostean, etxebizitza hori ez saltzea, ez dugu guk oztopatuko, beraz ados.

 

3.- 2018 ekitaldiko 1 zenbakidun konpromiso kredituaren hasierako onespena.

 

Mahai gainean, eztabaidan, kredituak daudenean, zuek aukeratzen dituzuenei eman behar izaten diogu bozka, eta behin eta berriz esan dugun bezala, hori ez da gure egin behar nagusia. Nik uste dut, politikariok, udaleko diruak, zertan erabili behar genituzkeen eztabaidatu eta bozka behar genituzkeela, beti ere proiektu nagusienen eta eztabaidatuenetan, herritarrei galdetu ondoren eta ez zuek aukeratutakoari baietza edo ezetza eman soilik. Beraz, hori egiten ez den bitartean guk ezin diogu baietzik eman eta oraingoan abstenitu egingo gara.

(Eztabaida sortu da).

 

4.- Azkoitiko Kale Nagusia, 80ko eraikina birgaitzeko eta babes publikoko etxebizitzak sustatzeko Azkoitiko Udalaren eta “Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.” (VISESA) Sozietate Publikoaren arteko hitzarmenaren onespena.

 

Puntu honetan gure baiezkoa emango dizuegu, nahiz eta aurreko puntuarekin konparatuz kontraesan bat dirudien. Proiektu honen alde azaldu gara beti, eta ez gu bakarrik, ia herri osoa. Denok horrelako zerbait eskatzen genuen, eta ahal den azkarren burutzea nahi genuke. Beraz, puntu honetan, herritarrek zer nahi duten ez dugu zalantzarik, baina kredituetan ezin dugu hori ziurtatu.

 

5.- Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Segurtasun Sailaren eta Azkoitiko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren onespena.

 

Jakin dugunez, ertzaintzarekin bateratutako baliabideak erabiliz, udaltzainei lana errazten diote, adibidez kalean edozein pertsona identifikatzeko orduan, beraz gure aldeko bozka.

 

6.- Urola Erdiko Mankomunitateko Estatutuen aldaketaren onespena.

 

Badirudi Mankomunitateko alderdi denok ados zaudetela eta lehenbailehen aldatzea nahi dela eta Gipuzkoako Foru aldundiko txostenak ere ez badu eragozpenik azaltzen, gu ere alde.

 

7.- Herritarren Arretarako zerbitzu integrala ezartzeko prestakuntza eta laguntza programan parte hartzeko Protokoloaren onespena.

 

Udaleko teknikarien parte hartzeari garrantzi gehiago ematen diogu, politikarien parte hartzeari baino, teknikariak, politikariak baino, udalean, denbora luzeago egingo dutela iruditzen zaigulako, guri hala komeni behintzat. Bromaz aparte, denon onerako izan dadila, eta batipat  herritarraren onurarako, beraz ados.

 

8.- Azkoitiko Udalaren diru-laguntzen Plan Estrategikoa 2018-2019-ren aldaketaren hasierako onespena.

 

Diru laguntzak emateko, plan estrategikoaren barnean egon behar badute, aurrera.

 

9.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

10.- Galde-erreguak.

 

Premiatasunezko proposamena:

GAIA: AZKOITIKO UDALERRIKO ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ESLEITZEA XEDE DUEN KONTRATAZIOA ARAUTZEN DUTEN ADMINISTRAZIO BALDINTZA ZEHATZEN AGIRIKO 16. KLAUSULAKO KAUDIMEN TEKNIKOA ETA PROFESIONALA EGIAZTATZEKO 3.2 ATALAREN LEHEN BIDEAN EZARRITAKO BALDINTZAREN ZUZENKETA ONESTEA

 

Premiatasuna:

Guk ez dugu nahi laguntza hauek atzeratzerik, eta zuek gauzak legez egiten ari garela ziurtatzen baduzue aurrera.

 

Nahiz eta berandu ibili, urteko ordu kopuruen okerra, batzorde batean behintzat, azaldu zenuten eta horrela, bide batez, enpresa gehiagori ematen diogu, lehiaketan aurkezteko aukera, eta esan behar, zuzenketa horren alde bozkatzekoak ginela.

Baina azken orduan, hau da, gaur arratsaldeko 13:50tan mezu baten bidez beste oker batzuk daudela jakinarazi diguzue. Irakurtzeko aukera izan dut, baina beste taldekideekin hitz egiteko ezin denborarik hartu. Beraz ezetz bozkatuko dugu eta zalantza batzuk ere baditut. Taula zuzendu duzuela diozue, baina lehengoa lan hitzarmeneko taulekin bat zetorren? Eta horrela ez bada, ez duzue orain arteko enpresa salatzerik pentsatu? Zeuek ebazpenean diozuen bezala, Gipuzkoako Garbiketako lan hitzarmenean, “gerocultor/a” kategoriarik ez da jasotzen. Esleitze denetan berdina esaten dizuet, batipat eraikuntzakoetan, mundu hori ezagutzen dudalako, ea Gipuzkoako hitzarmena betetzen den. Beti baietz erantzuten didazue, baina hemen agertzen diren okerren arabera ezetz dirudi. Beraz aurreko enpresak okerrak egin baditu udaletxe honek salatzea nahiko genuke.

FacebookTwitterGoogle+