2020-05-28 Azkarateko prozesuaren bukaera (Elkarguneko saioa)

Gu udaletxean herritarren arazoei irteera emateko gaude, baina batzuetan ikuspegi kontrajarriak azaltzen zaizkigu eta erantzun egokiena emateko datu eta informazio zabalena biltzen ahalegintzen gara.

 

Lantegi horretan, garbi gelditu da, Azkaratekoa ezin dela egin. Arau subsidiarioak (AA.SS.) ez dute ahalbidetzen. Gaur egun dauden bezala onartuko bagenitu, hau da Eraikuntza eta Eraispen Hondakin (EEH) plantak ahalbidetuko lituzketen puntuak bere horretan utziz, ezingo litzateke Azkarateko instalazioa eraiki eta puntu horiek ezabatuko balira  zer esanik ez. Momentuan hauek dira udaletxeko alderdi denek aurkeztu dituzten bi aukerak. Beraz , soilik Eraikuntza eta Eraispen Hondakin (EEH) planta bat ez dela jakinik, legedia errespetatuz Azkaraten proiektatuta dagoen instalazioa ezin da eraiki.

 

Lapatxen ere  ezingo da eraiki bertan proiektatuta zegoen planta, hauen kudeaketa eskumena ez baita udaletxeena eta mankomunitateak udaletxeen eskumena ez den ezer egiteko baimenik ez duelako. Honek lege aldaketa bat eskatuko luke eta luzera joko lukeela dirudi. Gure ustez, aldaketak ez du inongo konplexutasunik, udalerrien eskumenen barnean, planta hauek eraikitzearena jartzea besterik ez litzake izango, baina organo horietan dauden beraiek luze joko duela esaten badute, ezin konfiantza handirik izan. Hemen eta orain eskatzen diegu, bai aldundian eta bai Jaurlaritzan , gehiengoa duten alderdiei, hau da hemen zaudetenoi, instalazio hauek publikoak izatea ahalbidetuko luketen eman beharreko pausoak ematen hasi zaitezten, gure ustez gaur egun dagoen kontrol faltan, aurrerapen handi bat izango litzatekeelako.

 

Arrazoi bera medio, hau da, udaletxearen eskumena ez den heinean, Lapatxen obra handiko hondakinik ezin da jaso, baina obra txikia jasotzeko ez dago inongo eragozpenik.

 

Eusko Jaurlaritzak dionaren arabera, sortzen diren hondakin denak balorizatzeko, nahiko planta dago Euskal Autonomi Erkidegiko (EAE) probintzia denetan, 2018an hondakin planari egin zitzaion berrazterketan eta denok dakigun Zaldibarko zorigaitzaren ondoren,  aurtengo Martxoaren 4ko sailburuaren aginduak dioen bezala eta adibide bezala autoz 17 eta 23 minutura dauden bi planta aurkitu ditugu, Txaraka izenekoa Zaldibarren eta Urkiondo Ekolur Legazpin.

 

Ingurumenarekin erlazio zuzena duen beste gai batek ere asko kezkatu edo gutxienez harritu gaitu. Instalazio hauek eraikitzeko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik ez dela eskatzen ingurumen sailetik. Gure ustez azterketa berezia egin beharko litzateke, baina Jaurlaritzak azterketa arrunt bat ere ez die eskatzen horrelako instalazioak eraiki nahi dituztenei. Azkarateko instalazioari buruz Ingurumen sailak eginiko txostenean, igarobide ekologikoarekin mugakidea dela, Aldazabal errekari dagokionez, ezker ertzeko erribera-baso ia osoa kendu dela egiaztatu da, zarataren eta bibrazioen ondorioak, airearen kutsadura, isurtzen diren hondakin finen kopurua eta beste hainbat arrisku aipatzen dira eta bukaeran azterketa arruntik ere ez zaie eskatzen. Azken urteetan bizi izan ditugun zorigaitzak kontutan hartzen baditugu, gure ustez, esan bezala, gutxienez kezkagarria.

 

Beraz, dagoeneko, ingurumenari egin zaion kaltea zuzentzeko eskatuz eta datuen arabera, inguruan  balorizazio nahiko planta dagoela kontutan harturik, gure taldeak, Arau Subsidiarioetatik (AA.SS.) horrelako plantak egitea ahalbidetzen duten puntuak ezabatzea eskatuko dugu udaletxean.

 

Baina bada oraindik irtenbiderik eman ez diogun arazotxo bat. Obra handia denean, legeak balorizazio planta batera eraman aurretik, higiene eta segurtasun neurriak bermatzen dituen bilketa parke bat eraikitzea ahalbidetzen du, hori bai, lanorduz kanpo estali daitekeen edukiontziz osatua. Gaur egun, gremioen hitzak erabiliz,legez kanpoko isurketa asko egiten dutela garbi azaldu digute. Gure herriko bilketa parkea Izarre Jandalon dagoela dirudi, baina denok dakigun bezala, ez du inondik inora legeak eskatzen duena bermatzen. Hori bai, gure taldea, birziklatzea sustatu nahirik, isurketa klandestinoak ekiditeko, tarteko biltegi txiki baten eraikuntza aztertzeko prest egongo litzateke. Kamioi bat osatu orduko, planta hauetara bideratu eta bakoitzak eraman dituen kg. arabera ordainduz. Gremioak eta udaletxeak, elkarlanean, benetako beharretara egokitutako biltegi hau diseinatu, bete beharreko legedia betez eta beste alderdien, plataformen eta ekologisten oniritzia dagoenean Arau Subsidiario (AA.SS.) berriak idatzi beharko genituzke. Guretzat, orduan izango lirateke herrian benetan behar diren arauak eta herritarren benetako parte hartze baten ondorioz idatziak.

FacebookTwitterGoogle+

Azkarate Hausnarketa eta erabakia

Ez dakit ondo, gaizki, berandu, makal, argitasun gutxirekin, … nola ikusten duten herritarrak gure taldearen jarrera, baina orain arte eman ditugun pausoak eta hartu dugun erabakia ahal den laburren azaltzea nahi genuke.

Apirilaren 7an jaso genuen guk ere ia beste herritar denak bezala berria. Ia jarri dut ez baitugu sinesten udaletxean lan hauen berri lehenagotik ez zekitenik. Berri horretan “residuos industriales” hitzak erabiltzen ziren titularrean eta gu ere, beste herritar asko bezala, hemen datoz orain Zaldibarren sartu ezin dutena pentsatzen jarri ginen eta buruan ezetza genuela joan ginen egun bertan 13:00tarako deitu genuen bozeramaile batzordera.

Bozeramaile batzorde horretan, kritikoena gure taldea izan zela esatean, ez dut uste inork gezurretan ari garenik esango duenik. Nola ez, Zaldibar eta Oñartxo aipatu genituen eta hauek sortu diguten mesfidantza. Gune haiek ere segurtasun neurri denak hartuta hasiko zirela eta begiratu nola bukatu duten esaten jarraitu genuen. Ez direla hartu beharreko kontrol neurriak hartzen eta azken finean ez garela fidatzen, beste herritar asko eta asko bezala eta mesfidantza horri buelta ematea ia ezinezkoa ikusten genuela adierazi genion, batzorde horretara agertu zen  Larke 360 enpresako arduradunari.

Batzorde horretan, oraintxe esan bezala, Larke 360 enpresak hartu zuen parte eta instalazio horren helburua esplikatu zigun denoi. Europako aginduaren arabera eraikuntzako hondakinak birziklatzera derrigortuta gaudela eta ez duela inongo zabortegirik eraiki nahi, amianto, kutsatutako lur, eta horrelako hondakin arriskutsuak jasoko ez dituelarik. Hori bai, sortu den tsunamia ikusi ondoren alderdi denon baiezkorik gabe ez duela planta hori eraikiko, bera ere herri honetan bizi baita eta kalean bai bera eta bere familia lasai ibiltzea nahiko lukeelako.

Batzorde horren bukaeran eta herrian sortu zen tsunami hori nolabait baretzeko, lehen bai lehen, komunikatu bateratu bat argitaratzea pentsatu zen, zabortegi soil bat ez zela, hondakin arriskutsurik jasoko ez zutela, berrerabilpena sustatuko zela, … eta horrelako mezuekin. Behar bada presa gehiegirekin jokatu genuen, baina garbi utzi nahi dut guk instalazio honi ez geniola momentu hartan baietzik eman.

Udaletxetik ere beste mezu oker bat zabaldu zen, aktibitate ekonomikoaren lizentzia izapidetzea zegokiola soilik eta taberna bat jarri zen adibide bezala: edozein taberna ireki nahi duen bat, baimen denekin etortzen bazaigu udaletxera, ezin diogu ezetzik eman, hori prebarikatzea litzateke.

Hori horrela, gure lana, beharrezko kontrol zorrotzenak jartzean zentratu zen, kontrol hori, bertan udaletxeko langile bat lanaldi oso batean ipiniz edo ekologista talde baten esku utziz, beste batzuek tsunami hori ez gelditzeko ahaleginetan jarraitzen zuten bitartean, amiantoa, lur kutsatuak, … eramango zirela esanez egunero, azkenik, horretarako baimena zutela, ia geu ere sinestera iritsi ginelarik.

Dena den, egun gutxi barru, EH Bildu taldeari esker, instalazio hau eraikitzeko arau subsidiarioak aldatu behar zirela ohartu ginenean, gure lanari beste noranzko bat eman genion. Orain aurretik aipatu dugun tabernak ez ditu baimen denak eta sortu zitzaizkigun galderak desberdinak ziren:

1-Herrian, horrelako gune baten beharra dago?

2-Beharra balego, gure ustez, zer baldintza bete beharko lituzke?

3-Nola ezarriko genuke, guretzat ezinbesteko garrantzia duen kontrola ?

Esan behar beste alderdiak dituzten baliabiderik ez dugula, baina Arau Subsidiarioak aldatu behar zirela ziurtatu zigutenetik, hiru egun barru erabakia hartuta geneukala, baina egun berean hirigintza batzordeko deialdia jaso genuenez, beste alderdiak errespetatuz, gure azalpen denak, batzorde horretan ematea erabaki genuen.

1.galderari erantzunez, ekologista taldeak, aspalditxotik egiten ari diren salaketak etorri zaizkigu burura. Zabortegi ez kontrolatu asko sortzen ari direla bide eta erreka bazterretan eta nolabaiteko irtenbidea eman beharko zaiela, ondo antolatutako horrelako bereizte plantak bultzatuz.

2.galderari erantzuteko, orain arteko instalazioetan baino kontrol zorrotzagoak ezartzea izango litzateke baldintza nagusiena.

Beraz 3. galderaren erantzunak ere izugarrizko garrantzia duela uste dugu eta guretzat erantzun egokiena, instalazio horrek ezinbestean publikoa izan beharko lukeela da.

Aurretik gure udaletxean horrelako beste prozesu bat bideratu genuen eta alderdi denak eraikuntzako hondakinak birziklatzeko gune publiko baten alde azaldu ginen (2018ko Martxoko Udal Bilkurako 6.puntua ikusi), mankomunitatetik bideratutako ekimena bultzatuz.

Beraz zabortegi ez kontrolatuak ekiditeko, ahal den hondakin gehienak birziklatuz, kontrol egoki bat bermatzeko, ezinbesteko publikotasuna kontutan hartuz eta aurretik denon oniritzia duela jakinez, egokiena instalazioa hau Lapatxen eraikitzea ikusten dugu.

Lehen bai lehen estatutuak aldatu eta denbora gutxian irekitzeko ez diogu arazorik ikusten, dagoeneko, plataformak, baskulak, bulegoak, dekantadoreak, … erabilgarri baitaude eta bide batez ingurumenean eragingo genituzkeen kalteak asko saihestea lortuko genukeelako.

Gure taldearen ustez, dudarik gabe, gunerik egokiena hau litzateke eta denon baldintza eta eskariak asebeteko lituzke.

FacebookTwitterGoogle+

Hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioa

Data: 2020-04-11

 

Hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioa

 

Hasera hasieratik garbi izan dezagun denok, talde honen helburua denon artean ahal den informaziorik gehiena eskuratzea dela, ondoren herritarrei zabaltzeko eta ahal den heinean, azken hitza, herria berari emateko.

 

Horratx informazio ofiziala.

 

EHAA -Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkaria

 

BOPV -Boletin Oficial del Pais Vasco

 

Buletinari buruzko galderak:

 

  1. Hondakinak arriskutsuak biltegiratzeko gunea; etxola prefabrikatu bat da. Zer ondakin arriskutsu sartuko dira instalazioan? Bertan sortzen direnak soilik? Gure ustez askoz hobea izango litzateke, instalazio hauetara balorizatu ezin daitekeen ezer ekarriko ez balitz, hau da jatorrian bertan egin beharko litzateke sailkatzea.
  2. Hondakin ez arriskutsuak karakterizatzea Larkek beharrezkoa baderitzo, hondakina hartu aurretik, ekoizleari karakterizazio-proba egiteko eskatuko zaio, hondakina kudeatzea bideragarria dela bermatzeko. Proba beti egin eta eskatuko zaio.
  3. Kasua zein den, hondakinaren ekoizleek beraiek entregatuko dute hondakina Larkeren instalazioetan. Nola garantizatuko da garraioa ondo egina dagoela?
  4. Bereizteko lanetan, hondakinak motaren arabera bereiziko dira, batera biltzeko. Horretarako, Larkek pala kargatzaile bat du. Hondakinak bereizteko pala kargatzaile bat ez zaigu makina egokia iruditzen, sailkatze zehatzagoa izan beharko luke.
  5. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak prestatzeko, instalazioak bitarteko hauek ditu:– Trakpactor 320 birringailua, alokairuan.

    – Triaje-lerro bat, 17 x 6 m-koa, zintaduna, 20 m.

    Egur-hondakinak prestatzeko, Larkek bitarteko hauek ditu:

     – Hammel VB 650 D birringailua.

    Beraz eraikuntzako materiala eta egurra balorizatuko dira?

  6. Gainerako hondakinak kudeatzaile/balorizatzaile baimendu bati eramango zaizkio, garraiolari baimenduen bitartez. Aurretik esan bezala, balorizatu ezin daitekeen ezer sartuko ez balitz hobe, baina beste hondakinak errauskailu batera ematea posible litzateke?
  7. Ontziak (udalerrietako gaikako bilketetako ontzien hondakinak barne).Beraz udal zakarrontzietako dena jaso lezake? Zertarako?Eraikuntzako hondakinen balorizazioa egiteko instalazioa bada ez du zentzurik
  8. – Drainatze-sarera isurtzen diren hondakin finen kopurua minimizatu beharko da, eta uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu. Minimizaturekin zer esan nahi da? PM 2,5 partikulak neurtuko dira?
  9. – Lurpeko uren kalitateari jarraipena egiteko kontrolak ezarri beharko dira. Zehazki zer jarraipen?
  10. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak. Bertako jabearen hitzetan, egin diren proben ostean, ez da orain dagoen zarata gaindituko. Hori horrela ezinbestekoa iruditzen zaigu egun osoan zehar, orain dagoen zarataren neurriak hartzea eta aurrerantzean edozein unetan, edonork, homologatutako gailuekin eta herriko udaltzainen konpainiaz, oraingoak gainditzen ez dituela ziurtatuko digun beste neurri batzuk hartzea ere.
  11. … betelanaren amaierako fasean kendu egingo dira. Beraz beteko dela deritzo eta ez da sartzen den dena irtengo ezta?
  12. – Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da. Esan bezala, balorizatu ezin dena ez ekarri.
  13. – Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Balorizazio energetikorik egingo da? Nola?
  14. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu (gaztelaniaz eliminar erabiltzen du) egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik. Honek ezin du gertatu. Berriro esango dugu, balorizatu ezin dena ez ekarri eta are gutxiago prozedura horiek erabili ezin badira.
  15. Airearen kutsadura murrizteko neurriak.Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira. Karga eta deskarga uneak nola kontrolatuko dituzue?
  16. – Biltegiratze-baldintzei dagokienez, neurriak hartuko dira haizeak hondakinak arrastatu ez ditzan, eta hondakinak edo haien osagaiak gal ez daitezen. Metaketen altuera kontrolatuko da. Harrobien inguruak ni betidanik zurituta ezagutu ditut, honek zer desberdintasun du?
  17. Aldazabal errekari dagokionez, ezker ertzeko erribera-baso ia osoa kendu egin dela egiaztatu da. Erreka horren funtzionaltasuna bermatzearren, lotura-interes bereziko ibai-zatia den aldetik, erribera-basoa birlandatuko da, haltzadi kantauriarreko espezieak erabiliz, proiektu-eremuarekin mugakidea den tarte osoan. Heman jartzen duenaren arabera, dagoeneko baso zati handi bat kendu da, zer baimenekin?
  18. Gainera, jarduera igarobide ekologikoarekin mugakidea den eremu batean ustiatzeari dagokionez, funtsezkoa da prebentzio-neurriak hartzea, hondakinak, batik bat, arinenak, haizeak ez ditzan … Igarobide ekologikoa mugakidea bada, eta lehen esan bezala harrobi bazter denak zuri badaude, hemen zer ezberdintasun aurkeztu behar duzue?
  19. Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen… Hau inondik inora onartezina.
  20. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Larke 360 SL enpresak Azkoitia udal-mugartean sustatutako hondakinak kudeatzeko instalazioari. Gure ustez, alderantziz, nahiko arrazoi azaltzen da hemen ebaluazio hori egiteko eta arrunta izan beharrean berezia izango balitz hobe.

Ditugun baliabideekin lanean jarraituko dugu.

 

FacebookTwitterGoogle+