2020-12-30 Udal bilkura

Data: 2020-12-30

 

Udal osoaren  ez ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- 2021 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua,  Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako  onespena.  

 

1.-Azkoitiko Udalak 2021eko ekitaldirako izango duen aurrekontua, 15.245.000,00 eurokoa

Azken udal bilkuran mailegua eskatzearen alde azaldu ginen, herritik eskaera gehien duten proiektuei behar duten bultzada emateko ezinbestekoa dela iruditzen zaigulako.

Aurrekontu hauetan ere garbi erakutsi diguzue, bai igerilekua eta bai igogailuak egiteko duzuen prestutasuna, gure ikuspuntutik, biak ala biak, herritarren onuran garrantzia handia duten proiektuak eta biak ala biak herri ekimen batetik sortuak. Beraz, esan behar, aurrekontu hauen haserako aurkezpenetik itxura ona hartu geniela eta talde barnean kontrako jarrerarik ez zela nabarmendu.

Lehen puntu kritiko hori gainditu ondoren eta aurretik esan bezala, proiektu garrantzitsuenekin dugun adostasuna kontutan hartuz,  gure proposamenak egin eta defendatzeko ordua iritsi zitzaigun. Urria bukatzear zela udaletxeko balantzea sakon aztertzen hasi ginen, 2020rako aurrekontuetan jarri genituen partida denak banan bana errepasatuz. Erabili ez diren eta 2021era begira erabiliko ez diren partidak detektatu eta gure proposamenei aurre egiteko dirua nondik aterako genuen zehaztuz. Gerora ikusi dugu, udal gobernuarekin mantendu ditugun negoziaketetan, dirua ez dela inolaz ere erabakigarria izan, baina badaezpada aurretik prest egotea garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun.

Hori horrela, labur labur, gure proposamenak eta udal gobernuak azaldu digun borondatea aurkeztera  pasatuko naiz.

Izurrite garai honetan, behin baino gehiagotan azaldu gara kultura eragileekin kezkatuta eta laguntza bat bideratzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Garai zail hauetan udal gobernuak kultur ekitaldi kopurua igotzeko asmoa erakutsi digu eta dudarik gabe eskertzekoa da, baina bai herriko talde xumeenak eta baita lehen pausoak ematen ari direnak baztertzeko arriskua egon litekeela iruditzen zaigu eta denon artean sortzaile hauek dituzten eragozpenei aurre egiteko, lanketa bat bideratzea proposatu genuen. Herriko eragile denei inkesta edo galdera batzuen bidez, dituzten eragozpenak detektatu eta ahal den heinean udaletxetik beharko luketen laguntza bideratzeko, gaur eta etorkizunera begira kultur mailan hartu beharko ditugun erabaki politikoak eraginkorragoak izateko asmoz. Aurrekontuko memorian ere idatzita utzi duzue eta eskertzekoa da.

Kirol mailan gaztetxo gehien mugitzen duen taldea Anaitasuna dela esatean, ez dut uste oker nabilenik. Futbol munduan ere denok izaten dugu zeresana eta nola ez, horrek eztabaida asko sortzen ditu eta adibide bezala instalazioen egokitzapenek. Ume asko izateak, kezka asko sortzea dakar, batik bat antolakuntza aldetik eta gure beste proposamenetako bat Txerloiko zelaia, zelai artifizial bihurtzearen azterketa egitea litzateke. Udaletik gaur egungo ume kopurua antolatzea ez dela erraza aitortu digute, baina jaiotza tasa behera doan heinean, arazoak leuntzen joango direla eta horrela izango ez balitz, egin beharko litzatekeen azterketen barnean, noski zelai artifizialarena ere sartuko luketela erantzun digute.

Gaur egungo gazteen emantzipazioa  bultzatu nahirik, etxea alokatzetik at, alde zaharrean erosteko ere laguntzak bideratzea planteatu dugu. Dena den, alokairua eta erosketa nahasteak hitzarmen/ordenantza mailan zailtasunak ekarri ditzakeela ohart ararazi diguzue, baita, laguntza, behar gehien duten beste herritar batzuei zabaldu diozuela ere. Jubilatuentzat ere iritsi behar luketela komentatu genuenean, ordenantza berrian 65 urtetik goragokoak ere posible izango zutela esan zeniguten orduko iritsi ginen adostasunera.

Ingurumen arloan ere, gure eskaria egin aurretik, pasa den urtean bezala baranda/eskudel azpietan jarri ziren saretxoak jartzeko prest agertu zarete, nahiz eta guk eskatutako diru kopuruaren erdia baino gutxiago jarri. Ingurumena, pixkanaka, ari gara udaletxean sartzen eta 2021era begira, gai honetaz, baten baino gehiagotan hitz egin beharko dugulakoan, momentuan kantitate hau ontzat joko dugu.

Parte hartzea eta herri galdeketan ere urtero zerbait proposatzen dugu. Plaza Berri eremua Azkoitiar denontzat da bestelako txokoa, baina garbi dago zaharkitzen ari zaigula. 2020an eremu hau txukuntzeko proiektuak egitea aurreikusten zen eta gero, herritarrei gehien zein gustatzen zitzaien jakiteko, galdeketa egitea pentsatuta zegoen. 2021ean galdeketa egiteko partida mantentzeko asmoa azaldu diguzue, nahiz eta, etorkizun hurbilean, proiektu hau bideratzeko zailtasun asko izango ditugula aitortu.

Jubilatuen bizi baldintza duinak bermatzeko aurre-azterketa bat egitea ere eskatu dizuegu eta datorren urtean gizarte zerbitzuetara etorriko den teknikari berriak, bertako lana zerbait arinduko duen esperantzarekin, herriko beharrak identifikatu eta behar diren laguntzak bideratzeko lanketa sakona egitea aurreikusten duzuela azaldu diguzuenez, puntu honetan ere ados.

Eta azkenik, urtero euskarari gure ekarpena egiten ahalegintzen garenez, aurten etorkinei, gure herrian euskarak duen garrantzia azaltzeko asmoz, EPA-n egiten dituzten ikasketak soilik gaztelaniara bideratu beharrean, euskarara bideratutako lehen pausuak ematera bultzatu nahi genituzke eta horretarako ere zuen borondatea agertu diguzue.

Beraz gure proposamen denei diru kantitate bat bideratu ordez, aurtengoan, nahiago izan dugu zuen prestutasuna aurkitzen saiatu eta hasera hasieratik aurkeztu zeniguten  aurrekontuek izan zuten harrera ona, zuen borondatea lortu dugulakoan eta guk eginiko ekarpenak jaso duten erantzunak nolabait asebete gaituenez, baietz bozkatuko dugu.

2.-Zubiaurre Elkargune Institutuaren aurrekontua, 2021eko ekitaldirako,  96.000,00eurokoa

Elkargunean oraindik bezero kopurua beheranzko bidean doala dirudi eta udaletxeko aurrekontua arriskuan jarri dezake. Ekonomia saileko teknikariak, eskuarki zuhurtziaz jokatzen duela badakigu eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen digu. Bertako kudeaketa, hau da,  Masquatroren kontratua luzatzea aztertzearen alde azaldu gara beti eta aurre azterketa bat ere egin zen, baina egoera honetan udaletxeko teknikoen lana beste behar batzuetara zuzendu beharko dela iruditzen zaigu eta azterketa sakonago bat beste baterako utzi beharko dugula. Aurrekontura bueltatuz eta egoera honetan inoiz baino gehiago, elkarrekin lanerako prestutasuna azalduz, alde bozkatuko dugu.

 

3.-San Jose Egoitzaren 2021eko ekitaldirako aurrekontua, 68.300,00  eurokoa

Bertako egoiliarrak ea 2021-ean zelebratzeko motibo gehiago dituzten eta apartamendu tutelatuetan jarri beharreko dirua jarriko dela aurreikusten dela jakinik , alde bozkatuko dugu.

 

4.-Azkoitia Lantzen SA ren aurrekontua 2021eko ekitaldirako, 1.862.284,00 eurokoa

Gu sozietate honen parte ez garenez ezetz bozkatuko dugu. Ez dut gehiegi errepikatu nahi eta bilkura honetako bosgarren puntuan emango ditut azalpen gehiago.

5.-Azkoitiko Udalaren aurrekontu kontsolidatua 2021eko ekitaldirako, 17.171.284,00eurokoa

Ezadostasun baino adostasun gehiago ditugula ikusirik, baietz bozkatuko dugu.

3.- 2021 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantilaren hasierako onespena eta  Lanpostuen Zerrendaren onespena.  

Arazorik gehien badirudi merixukin dauzkagula. Arkautera ikasketak egitera joaten direnean, gure udaletxeak ordaintzen baitie bertan daudenei soldata eta baita haien ordez, momentu horretan gurekin lanean daudenei ere. Beraz, postu bat betetzeko bi soldata ordaintzen ditugu  eta hori gutxi balitz, Arkautetik pasa diren merixuk, gero, askotan, beste herriren batera joaten zaizkigu eta berriro dena hasierara bueltatzen zaigu. Udaletxetik ezer gutxi zuzendu dezakegunez, ea antolakuntza hau aldatzeko gai direnak ohartzen diren eta zentzugabekeria honi irtenbide bat ematen dioten eta hemen bitartean gure aldeko bozka.

4.- Azkoitiko Arau Subsidiarioen Testu Bategineko 14. Sektoreko (Ugarte Igara)  bigarren exekuzio unitateko birpartzelazio proiektuaren aldaketa behin betikoz  onartzen duen 2016ko otsailaren 3ko Alkatearen ebazpenaren ofiziozko  berrikuspenaren inguruko ebazpena  

Gai hau dagoeneko asko luzatu zaigu eta luze joko duela dirudi. Azkoitiko udalari, ordaintzeko gauza diren eta diru bat zor dioten denak bezala, ordaintzea izango litzateke normalena. Udaleko teknikariak tentu handiz jokatzen ari direla ere badakigu eta horrela jarraitu beharko dute, ez baita erraza izango gai honen bueltan dabiltzan abokatu denei aurre egitea. Erabaki honekin badirudi beste ate bat irekiko diogula luzapen horri, baina esan bezala gure aldetik pausu denak egoki ematen saiatu beharko gara eta horrela, behar bada, gu bizi garen bitartean zor hori ordaindu denaren berria izango dugu noizbait. Beraz, alde bozkatuko dugu eta animoak luzatu nahi dizkizuet,  gai honekin burukomin bat edo beste izan eta izango duzuenoi.

5.- Eusko Jaurlaritza, Azkoitiko udala eta Azkoitia Lantzen, S.A.-ren arteko  hitzarmenaren onespena, Azkoitiko 10. sektoreko, Txalonerreka, babes publikodun  etxebizitzak sustatzeko.  

Azkoitia Lantzeneko arazoa aspalditxotik datorkigu eta gure taldearen ustez, sortu zen garai hartatik datoz. Garai haietan hartu ziren erabaki politikoetatik datoz oraingo larritasunak, Azaroko udal batzarrean tratatu genuen lixibiatuen gaia esaterako. Gure taldeak, azken urteetan ez du sozietate honetan parte hartu eta orain udal gobernuan daudenei ere ez diogu  nahi erantzukizunik gaineratu. Dena den, orduan, beste taldeekin asko kontatu gabe hartu ziren erabakien ardura, nolabait, talde berekoak izanik, badutela iruditzen zaigu. Azken urteetan, zailtasunak zailtasun, sozietate hau ixtearen nahia ere garbi azaldu digute. Gure nahia ez da hemengo arazoak aprobetxatuz reditu/etekin politikoa ateratzea ere, gauzak ahal diren egokien zuzendu eta ahal bezain pronto ixtearena baizik. Esan bezala ez gara sozietate honen parte, baina hemen sinatzera goazen akordio honek, herritarrentzat onurak ekarriko dituela dirudi eta horrez gain, jokoan diru kopuru handiak zituen, garai haietan sinatu ziren beste akordio batzuei irtenbide egokia emango zaiola. Beraz, eta beti bezala, ondo eginak goraipatzeko inongo lotsarik gabe, baina sozietate honen partaide ez garenez, nagusiki, sortu zutenek dutelako egoera zuzentzeko ardura, bertatik datozen gaiei ezetz bozkatzen jarraituko dugu.

6.- Behin betiko onespenen berri ematea.  

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

8.- Galde-erreguak. 

FacebookTwitterGoogle+

Aurrekontuak 2020 (2019-12-27ko Udal bilkura)

Data: 2019-12-27

 

Udal bilkura

 

1.- 2020 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontua eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

 

EH-Bilduren osoko zuzenketa:

Pasa den urteko zuen argudio berdinak erabili beharko bagenitu abstenitu egin beharko genuke. Zuek esan zenutenaren arabera talde bion proposamenak oso antzekoak ziren, baina elkarrekin aurkezteko prestutasuna azaldu ez izanak, zuen baietza abstentzio bihurtu zuen. Aurtengo egoera ere nahiko antzekoa da.

Udal komunikazioaren aurrekontua gutxitzeko eskubidea ere aspaldi galdu zenutela iruditzen zaigu, aukera izan zenutenean, hau da, gobernuan egon zinetenean ez zenutelako kendu. Parkeen mantenuan, derrigorrezko segurtasun neurri batzuk bermatu beharko dira eta benetan ez dakit diru hau kendu ezkero behar diren arauak beteko genituzkeen. Dena den bi taldeok eskaturikoak antz handia dute eta gure taldeak, beste alderdiak gaizki nola utziko lanean ez du indarrik gastatzen, herritarraren onurari begiratzen dio soilik, beraz alde bozkatuko dugu.

 

1.-Azkoitiko Udalak 2020ko ekitaldirako izango duen aurrekontua, 15.110.000,00 eurokoa

Guk, egiten ditugun ekarpenak aintzat hartzen direnean, ez dugu inongo arazorik eskertzeko eta nahiz eta batzordeetan ere aurretik eskertu, berriro ere esan nahi dugu oso positiboki baloratzen dugula zuen jestu hau. Urtean zehar, batzordeetara eraman ditugun gaiak zuen aurrekontuan jarri dituzue, Mugiment, pertsona inaktibo eta sedentarioak mugimenduan jartzea sustatzen duen egitasmoa adibide bezala. Baina hori gutxi ez dela, gure aurrekontuetan aurkeztutako beste batzuk ere onartu dizkiguzue. Egia esan ez genuen esperantza handirik eta harrituta utzi gaituzue.

Urtero bezala, herrian euskara gehien sustatzen duen aldizkariari, hau da, Maxixatzeni laguntza bat ematea eskatu genizuen eta dagoeneko beraiek antolatzeko asmoa duten egitasmo baterako diru kantitate bat onartua zenutela erantzun zeniguten. Egitasmoak, gainera, emakumea duela protagonista jakinik, berdintasun arloan ere izango du eragina.

Gure ibaira plastiko isuria ekiditeko asmoz ere, nahiz eta zuen aurrekontuan aurretik kantitate bat jarrita izan, gurekin bat egin duzue eta lanketa horretan buru belarri lanean ari den taldeak eskaturikoa bere osotasunean onartu duzue.

Herriko talde feministarekin harremanak sendotzeko asmoz ere urtero diru kantitate bat ipintzen dugu eta nahiz eta oraindik non eta nola gastatuko den esan ez diguzuen, teknikari berriaren laguntzaz, berdintasunera bideratuko duzuela badakigu behintzat.

Herritarren parte hartzea sustatzeko ere, lehen pasoak emateko asmoz, aspalditxotik kopuru bat jarri izan dugu gure aurrekontuetan eta oraingo honetan, guk aurreikusitakoa baino kantitate handiagoa ipini duzue. Ea pentsatuta duzuen herri galdeketak arrakasta izaten duen eta herritarrak, denon artean, parte hartzera bultzatzen ditugun.

Herriko kultur eta kirol taldeei ere kopuru berezi bat ematearen aldekoak gara eta aurten ere %5eko gutxieneko igoera bat eskatu dizuegu. Talde denei egin beharrean igoera talde bati egitea aurreikusi duzue zuek eta egia esan ez zaigu gaizki iruditu Sahatsa taldeari horrelako bultzadatxoa ematea.

Xabier Muniberen 50.urteaurrena ospatzeko, oposizioko beste taldeok eskatutako kantitatea ere onartu diguzue. Egitasmo honekin badituzue zuen dudak, baina kopuru hau jartzeaz ez dut uste damutuko zaretenik, aurretik pentsatu dena egiteko kapaz badira/bagara ahaztu ezinekoa izango baita, herritar askoren parte hartzea ezinbestekoa izango delako eta beraz herritarren oroitzapenetan finkatuta geldituko delako.

Eta azkenik gure taldeak azken urtean lehentasuna eman dion proiektua, Floreagako igogailua, igerileku berriarekin batera estrategikotzat jotzen duzuela onartu diguzue eta ea Martxotik aurrera gastatzeko moduan izango dugun gerakinarekin 2. Fasearen obra esleitzeko pausoak lehen bai lehen ematen ditugun.

Baina badira guk eskaturiko eta ez onarturiko beste partida batzuk ere, errenta baxuko jubilatuei, ekintzaile eta sortzaile berrientzat laguntzak. Dena den, nahiz eta laguntza hauentzat aurrekonturik ez jarri, gutxienez zuen arrazoiak eman dizkiguzue. Beharrean dauden pertsonentzat, laster etorriko diren tekniko berriekin buelta bat eman beharko diezuela onartu duzue  eta ekintzaile berriei laguntzak emateko beste herriekin hitz egin (Azpeitia eta Zestoarekin hain zuzen) eta Iraurgi Berritzenen bitartez laguntza hauek bideratzeko ados egongo zinateketela erakutsi diguzue.

Bestalde, udaletxeko prentsa zerbitzua, herritar askorentzat, zuen alderdiari propaganda egiteko, denon diruaz ordainduriko egitasmo bat besterik ez da eta ez dakigu zer argudiatu hori pentsa ez dezaten. Denon artean adostutako aldaketa sakon bat egiten ez dugun bitartean partida hau desagertzearen alde azalduko gara.

Urtean zehar egiten dituzuen kreditu aldaketekin ere ez gaude ados eta beste alderdiek parte hartze handiagoa izatea gustatuko litzaiguke. Aurrekontu irekiak ere herri askotan ikusten dira dagoeneko eta gurean, herritarrei, zentzu horretan, keinu bat egitea ere askotan eskatu dizuegu.

Laburbilduz, gure taldeak eskaturiko asko onartu izana eskertu berriro ere eta egia esateko baietzetik hurbilago gaude ezetzetik baino. Dena den, zuen pasa den urteko hitzei kasu egin behar bagenio ezetza bozkatu beharko genuke. Nahiz eta ikusi guk aurkeztu genituen aurrekontuetako zenbaki denak, urtean zehar, guk esan bezalakoak izan, zuek zuhurtziaz jokatzeko ez zela mailegurik eskatu behar esan zenuten eta orain berriz zeuek zarete hasieratik eskatzearen alde azaldu zaretenak.Guk pasa den urtean zuhurtziaz jokatu genuen eta urte osoko zenbakiak horrela diote, hori bai, guretzat lehentasuna Floreagako lehen 2 faseak ziren eta zuentzat, diru hori erabili duzuenaren arabera, beste proiektu batzuk.Beraz, ezetza ez denez eta baiezko osoa ere ez, abstenitu egin beharko gara.

 

2.-Zubiaurre Elkargune Institutuaren aurrekontua, 2020ko ekitaldirako, 744.600,00eurokoa

Tasetan urtero izaten ditugu gure desadostasunak eta bertako antolaketa pixkanaka, arloz-arlo, udaletxera  bideratzea ere nahiko genuke. Badakigu azken hau ez dela pare bat hilabetetan egiteko azterketa bat, baina azken batzordean zuen asmo ona ikusi dugulakoan, gure baiezkoa.

 

3.-San Jose Egoitzaren 2020ko ekitaldirako aurrekontua, 68.300,00  eurokoa

Egoitzan dugun arazoa ez da aurrekontua, azken urteotan ia dena Aldunditik bideratzen baita. Egoitzaren arazo nagusia bere kokapena da eta gure taldearen eskakizunetako bat aspalditxotik. Arazo honek ere ez du berehalako  irtenbiderik, baina ea bere  bueltan lanean dabilen talderekin bat eginez aurrerapausoak emateko gai garen hurrengo urtean. Aurrekontuari buruz beste esatekorik ez, beraz gure aldeko bozka.

 

4.-Azkoitia Lantzen SA ren aurrekontua 2020ko ekitaldirako, 1.870.051,00 eurokoa

Udaletxe askotan handitasun garaian sortutako enpresa hauek ez lukete existitu ere egin behar. Hori aldarrikatzeko gure taldeak legealdi honetan ere ez du kargurik hartu eta beti bezala ezetza bozkatuko dugu.

 

5.-Azkoitiko Udalaren aurrekontu kontsolidatua 2020ko ekitaldirako, 17.051.551,00eurokoa

Aurrekontu honetan pisurik handiena udalaren aurrekontuak duela ikusirik eta puntu horretan abstenitu egin garenez, hemen ere bozka berdina.

 

 

2.- 2020 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantila eta Lanpostuen Zerrendaren hasierako onespena.

Ez dugu esateko handirik. Gizarte zerbitzuetan gehiegizko lan karga dagoen errezeloa dugu. Badirudi epe laburrean langile berrien laguntza izango dutela, etxez etxeko laguntzari jarraipen zuzenago bat egiteko, prebentzioan eta baita berdintasunean ere. Azken puntu honek, hau da, berdintasunak, aurreko legealdian nahiko kezka eman digu oposizioko taldeei, baina esan bezala epe laburrean, gizarte zerbitzuen arlora langile berriak etorriko zaizkigu eta honek, udaletxeko teknikoen arabera, asko gehituko du berdintasunari udaletxe honek emango dion eskaintza eta nahikoa ez balitz aurrerantzean gehitzeko ere konpromisoa azaldu diguzue, beraz puntu honetan gure taldearen baiezkoa.

 

 

3.- 2020-2022 Azkoitiko Udalaren Plan Estrategikoaren hasierako onespena.

Atzeratutako gai batzuk baditugu, adibidez beharrean dauden pertsona batzuei kendu zizkien laguntzak nolabait birbideratzea. Dena den badakigu ez dela ez diru hori aurrezteagatik, ez eta borondate faltagatik, udaletxe honek kendutakoak ez baitira. Beraz, gaia ahaztu ez dezagun, aipamen hau egin ondoren, gure aldeko bozka.

 

 

4.- 2020 ekitaldirako Aurrekontua exekutatzeko Udal Arauan Kontuhartze mugatua ezartzearen hasierako onespena.

Kontu-hatzailetzarekin konfiantza osoa dugu, badakigu ahal duen guztietan zuhurtziaz jokatuko duela, beraz alde bozkatuko dugu.

 

 

5.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 7 zenbakidun espedientearen onespena.

Gure erantzuna badakizue dagoeneko eta badirudi zuen taldekideak ere kopiatzen hasi zaizkigula. Estatuko gobernu osaketaren negoziazioak direla eta, Aitor Estebanek honela zioen( gazteleraz dago, baina esaldi txiki batean asko esaten duela iruditzen zait) “No pueden llegar las iniciativas cocinadas” . Azken finean guk ere horixe bera eskatzen dugu, beraz ea agindu zeniguten legealdiko plan hori aurkezten diguzuen eta denon artean, azkoitiarrak asebeteko dituen plan txukun bat eratzeko kapaz garen. Bitartean badakizue, gure kontrako bozka.

 

 

6.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmena onestea, mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotako zaintzaren kalitatearen aldiko jarraipena egiteko.

Jarraipen eta kontrolak gehitzeak zerbitzuaren hobetzea ekarriko duelakoan, gure aldeko bozka.

 

7.- 2020-2024 Azkoitiko Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Udal Planaren onespena.

Batzordeetan ere esan dugu, baina errepikatzea gustatuko litzaidake, plana bukatu ostean, plan honen jarraipen eta egiaztapen egokiak egiteko, gure taldearentzat, ezinbesteko garrantzia duela, osatzea nahi den mahaiaren konposaketak eta  batik bat bere aniztasunak. Beraz eskari hau aintzat hartuko duzuelakoan gure aldeko bozka.

 

 

8.- 2020-2023 Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren onespena.

Aurreko planak UEMAN sartzea aurreikusten zuen, baina azkenik ez da gauzatu. Orain hemen aurkezten den plan honetan berriz ez da horretarako borondaterik ere agertzen. Guretzat UEMAN sartzeak laguntza emango liguke aurrerapauso sendoagoak emateko, beste herrietan egindako ekintzetan lortu dituzten emaitzak gurera moldatzeko aukera emango ligukeelako. Dena den ea plan honetan markatutako beste egitasmo denak burutzeko kapaz garen eta gure hizkuntza babesteko beste aurrerapauso batzuk ematen ditugun. Beraz, zuek ere borondate horrekin bat egiten duzuelakoan alde bozkatuko dugu.

FacebookTwitterGoogle+

2018-12-27 udal bilkura.

Hemen dituzue gure taldeak esan eta bozkatutakoak. Puntu batzuetan eztabaida sortu zen eta aktaren zain egon beharko dugu dena behar bezala jasotzeko.

 

Azkoitia Bairen emendakinak:

 

2019 rako sarrera bereziak / ingresos extra 2019
                     -42 etxebizitza zerga / impuestos construcción 42 viviendas   214.000,00
                     -Foru Fondoa / Fondo Foral   500.000,00
                     -Mankomunitatea / Mancomunidad   244.000,00
                     -URA Hitzarmen berria / URA renovación convenio   738.311,00
                     -LIDL   800.000,00
GUZTIRA= 2.496.311,00

Aurretik esan behar, udal gobernuak eman dizkigun datuen arabera, 2.496.311€ko diru sarrera bereziak izango ditugula 2019an (42etxebizitza berriren zerga, Fondu Foraletik, mankomunitatetik, URAkekin egingo den hitzarmen berritik eta LIDLeko obratik). Beraz 2019rako dirua egon badago.

Udal gobernuak aurkeztu dizkigun aurrekontuak berriz 1.300.000€ ko gehikuntza du, beraz ez dakigu non gastatu nahi dituen falta diren ia beste 1.200.000€ak, behar bada urtean zehar beraiek bakarrik hartuko dute erabakia.

2019ra begira ere LIDL eko obratik beste 900.000€ jasotzea aurreikusten da, beraz ez dugu inongo arazorik ikusten, eta kontu-hartzailetzatik horrela esan digute, PNV/EAJren aurrekontu  hauetan diru gehiago jartzeko.

Gure taldeak, Azkoitia Bai-k, PNV/EAJko aurrekontuei 650.000€ ko gehikuntza egin dio, esan bezala, kontu-hartzailetzatik jasotako oniritziarekin eta emendakinetan garbi azalduko dugu, guk, diru horrekin, egingo genukeen banaketa. Garbi utzi nahi dugu baita ere emendakinetan jarri behar den mailegua ez dela eskatu beharrik egongo, 2018ko gerakinean, udaletxeko tekniko eta udal gobernuak emandako datuen arabera, gure taldeak herrian eta herritarrentzat gastatuko lukeen dirua baino gehiago egongo delako.

Argi ikusten da beraz ez dagoela udal gobernuak behin eta berriz errepikatutako inor hipotekatzeko beldurrik,  ia 2.500.000€ri, 1.300.000€ eta beste 650.000€ kentzen badizkiogu, oraindik ia beste 550.000€ izango genituzkeelako gastatzeko. Nik neuretzat nahiko nuke hipoteka hori, gabonetako loteria tokatzea baino hobe.

1.EMENDAKINA:

Ekintzaile berrientzat, Iraurgi lantzeneko laguntza kendu zenetik, Azpeitiko herriak, bere udaletxetik bideratzen du laguntza hau. Gure herrian berriz, ordutik aurrera, ez dago laguntzarik eta guk urtero eskatzen dugu, aurrerapauso hori emateko orduan, ekintzaile berriei bultzadatxo bat eman beharra ikusten dugulako eta bide batez lanpostu gehiago sortuko genituzkeelako. Beraz orduan kendu ziren 60.000€ko partida jartzea eskatzen dugu, Argitalpenak eta prentsa zerbitzua partidatik hartuta.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa:EH Bildu, PSE

 

2.EMENDAKINA:

Gure taldeak beti esan du herritarra euskaraz irakurtzera gehien bultzatzen duena Maxixatzen dela eta udaletxearekin lankidetza hitzarmen bat sinatuz, eta udaleko prentsa zerbitzua beraien gain utziz askoz ere emankorragoa izango litzatekeela, bestela ikusi besterik ez dago udaletxetik argitaratzen den aldizkariko ia berri denak, aurretik Maxixatzenek argitaratu dituela.  Beraz hitzarmen hau sinatzearen eta lan baldintza duinak izateko eskatu dituzten 15.000€ horiek ematearen alde.

Argitalpenak eta prentsa zerbitzua partidan oraindik geratzen diren 9.000€ tatik eta 2018ko gerakinetik finantzatuko genuke, 2019ko aurrekontuetan 6.000€ko mailegua eskatuko dugula ipiniz, nahiz eta azken finean, mailegu hori eskatu beharrik ez izan.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa: EH Bildu, PSE

 

 

3.EMENDAKINA:

Ingurumenean bada, Urola ibaia eta plastikoaren bueltan, lan asko egiten ari den beste pertsona bat ere eta 2019an kanpainak egiteko aurreikusten diren 12.000€en gain, beste 20.000€ko  partida bat jartzea aurreikusten dugu, ibaira joaten diren plastiko eta zabor gehientsuenak  ekiditeko eta pertsona beronek aholkatu dituen saretxoak jartzeko.

2018ko gerakinetik finantzatuko genuke, 2019ko aurrekontuetan 20.000€ko mailegua eskatuko dugula ipiniz, nahiz eta azken finean, mailegu hori eskatu beharrik ez izan.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa: EH Bildu, PSE

 

4.EMENDAKINA:

Berdintasunarekin ere ez gara ahantzi eta pasa den urtean eskatu genuen bezala, herriko talde feministarekin harremana lortzearen alde 10.000€ ko kopuru bat  jarriko genuke, alderdi biek, udaletxeak eta talde feministak adostutako ekintzak burutzeko asmoz. Askotan esan dugu, baina berriro esango dugu, berdintasunean sakontzea nahi badugu, lehen pausoa herrian bertan eman beharko genukeela eta udaletxea eta herriko talde feminista elkarlanean aritzen ez diren bitartean, etorkizuna nahiko ilun ikusten dugula.

2018ko gerakinetik finantzatuko genuke, 2019ko aurrekontuetan 10.000€ko mailegua eskatuko dugula ipiniz, nahiz eta azken finean, mailegu hori eskatu beharrik ez izan.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa: EH Bildu, PSE

 

5.EMENDAKINA:

Herriko kultur eta kirol taldeentzat %5 eko igoera proposatzen dugu egiten duten lana eskertzeko eta talde lanean diruari  askoz ere probetxu handiagoa ateratzen zaiola sinetsita gaudelako, 28.365€. Igoera honetatik Anaitasuna eta  Iraurgi saski baloia kanpora utzi ditugu hauek beraien kabuz negoziatzeko nahiko indar badutela iruditzen zaigulako eta Anaitasunari urtean zehar eman zaizkion laguntza berezien gain, beste aparteko 19.500€ ematea aurreikusten duzuelako, Txerloiko futbol zelaian gastatzeko.

2018ko gerakinetik finantzatuko genuke, 2019ko aurrekontuetan 28.365€ko mailegua eskatuko dugula ipiniz, nahiz eta azken finean, mailegu hori eskatu beharrik ez izan.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa: EH Bildu, PSE

 

6.EMENDAKINA:

Kultura arloari ere nahi genioke gure bultzadatxoa eman eta pasa den urtean eskatu genuen, eta beste herriren batean ondo baino hobeto funtzionatu duten sorkuntza bekak eskaini nahi genizkioke gure herritarrei, horretarako beharko litzatekeen 12.000€ko kopuru polit bat jarriz.

2018ko gerakinetik finantzatuko genuke, 2019ko aurrekontuetan 12.000€ko mailegua eskatuko dugula ipiniz, nahiz eta azken finean, mailegu hori eskatu beharrik ez izan.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa: EH Bildu, PSE

 

7.EMENDAKINA:

Badira 2018an lan asko egin duten hiru talde , Floreaga auzokoak, Instalakuntza Duinak Orain eta jubilatuen taldeak hain zuzen.

Instalakuntza Duinak Orain taldeak 2019rako igerileku berriaren proiektua gauzatzea eskatzen zuen, 2020an Foru Aldundiak , okerrik ez bada, aterako dituen diru laguntzekin eta gure Udal gobernutik erakutsi duten jarrerarekin, epe ertainera, zortzi kaleko igerileku berria izan dezagun. Momentuz proiektua gauzatzeko dirua jarri du Azkoitiko udaletxeak eta denon adostasuna izango duela espero da.

Baina jubilatuen aldarrikapenak ere ezin ditugu baztertu eta premia ekonomikoa duten 65 urtetik goragoko herritarrekin ez gara ahaztu. Udal gobernuak 2019rako familia babesik ez dutenentzat 11.000€ gehiago jarriko ditu eta oso ondo iruditzen zaigu, baina gure taldeak, esan bezala, ez du jubilatuekin ahaztu nahi eta beste 85.000€ko laguntza eskaini nahi diegu, asko eta askok duten pobrezi maila baztertu eta merezi duten duintasuna lortzeko beharko litzatekeen kantitatea. Eta ez dugu ahaztu nahi, urtero eskatzen ari garen etxe hutsen zergarekin lortuko litzatekeela kopuru hau.

2018ko gerakinetik finantzatuko genuke, 2019ko aurrekontuetan 85.000€ko mailegua eskatuko dugula ipiniz, nahiz eta azken finean, mailegu hori eskatu beharrik ez izan.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa: EH Bildu, PSE

 

8.EMENDAKINA:

Gehien harritu gaituena, eta gainera dirua egon badagoela kontutan harturik, Floreagara 2019an igogailurik ez egiteko erabakia hartu duzuela izan da.

Legealdi honen hasieran, denok adostutako igogailu bat gauzatzera gindoazen, baina urbanoagatik aldatu genuen, zeuek esandakoaren arabera, bertako biztanleriak nahiago baitzuen autobus zerbitzu hori.

Ba auzo horretakoak ez dira konforme geratu eta iresgarritasuna bermatuko duten igogailuak eskatzen jarraitzen dute eta oso lan eraginkorrean.

Guk, badakizue herritik sortzen diren ekimen hauei aparteko garrantzia ematen diogula eta beraiekin izan ditugun bilera denetan, obra honek, gure taldearentzat, aparteko lehentasuna duela erakutsi diogu. Hori horrela gu 2019an lehen fasea egiteko beharko litzatekeen diru kopurua jartzeko prest egongo ginateke 444.306€.

Denon artean Altzibartik- Jausorora egingo den zubian gastatuko diren 200.000€ak, igogailu hauek egitera bideratzeko presioa egitera gonbidatu genituen, gure taldearentzat ere lehentasun gehiago zuelako, baina azkenik badirudi auzotar hauek egin duten lanari ez diotela beraiek nahi zuten etekinik atera eta zubi hori beraiek eskatzen ari diren igogailua baino lehenago gauzatuko dela.

2018ko gerakinetik finantzatuko genuke, 2019ko aurrekontuetan 444.306€ko mailegua eskatuko dugula ipiniz, nahiz eta azken finean, mailegu hori eskatu beharrik ez izan.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa: EH Bildu, PSE

 

9.EMENDAKINA:

Gure taldeak 2020tik aurrera herritar denok erabaki behar ditugun 3-4 obra garrantzitsu aurreikusten ditugu: Igerileku berria, Floreaga eta behar bada beste auzoren bateko iresgarritasuna eta Plaza berriko berriztatzea, eta herritarrari zertan gastatu nahi duen diru hori galdetzeko, hurrengo legealdira begira, herri-galdeketa bat egin beharko litzatekeela iruditzen zaigu nahi ta nahiez, beraz aurreko emendakinetan aipaturiko maileguetatik 650.000€ra bitartean dagoen dirua galdeketa hori egiteko erabiliko genuke, 44.329€ hain zuzen ere.

2018ko gerakinetik finantzatuko genuke, 2019ko aurrekontuetan 44.329€ko mailegua eskatuko dugula ipiniz, nahiz eta azken finean, mailegu hori eskatu beharrik ez izan.

 

Bai: Azkoitia Bai

Ez: PNV/EAJ

Abstentzioa: EH Bildu, PSE

 

 

 

 

EH Bilduren emendakinari erantzuna:

 

Asko txokatu zait zuen partida berdinei, guk eskatutakoan baietza ez ematea, eta partida askotan egiten dugu bat. Azken orduan, gaur bertan, beste bat gehitu duzue, egoera larrian dauden adinduentzat eta hori ere guk lehen batzordetik eskatu genuen. Bestalde 2019 eta 2020an dirua izango dela ikusirik, ez dakigu zergatik kendu duzuen Gazteen parkea aurrekontutik. Behar bada beste lehentasun batzuk izango dituzue, baina zuek aurkeztu dituzuen aurrekontuetan bazen oraindik parke hau finantzatzeko nahiko diru eta bestela, esan bezala, zuen lehentasunentzat oraindik beste 230.000€ jartzeko aukera zenuten.

Ikastetxeentzako diru laguntzetan  batzordean esan zenez, ez da zuek esan zenuten bezala jaitsierarik egon, ikastetxeen ikasturtera moldatzea besterik ez zela izan esan ziguten eta beraz ez dakit zuek berriro jartzearen arrazoia.

Dena den partida askotan egiten dugu bat eta baita gastu handiena duenean ere, Floreagako igogailuan, beraz zuen zuzenketekin orokorrean ados.

 

Bai: Azkoitia Bai. EH Bildu

Ez: EAJ/PNV

Abstentzioa:PSE

 

 

1.- 2019 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontua eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

 

– Azkoitiko Udala:

Hau uste dugu dela momentu egokia herriko diruak non eta nola gastatuko diren erabakitzeko, talde denon eta herritarren parte hartzearekin, baina badirudi, orain ere, gure udal gobernu hau ez dagoela horren alde, nahiz eta gure taldeak, batzordeetan, aurrekontu parte hartzaileak eskatu behin eta berriz.

PNV/EAJ alderdia agintzen dagoen beste herri askotan bultzatu dituzte aurrekontu parte hartzaileak, baina herri horietan behar bada ez dute gure herrian duten gehiengo osoa.

Beraz, eta aurreko hauteskundeetan izan zituzten emaitzak, inongo lotsarik gabe goraipatuz, ez gara nekatuko esaten, gure herriarentzat, dudarik gabe, kaltegarria izan dela gehiengo osoa, beraiek nahieran erabili eta erabiliko dutelako herritar denon dirua. Beraz ezezko bozka.

Bai: PNV/EAJ

Ez: Azkoitia Bai, EH Bildu

Abstentzioa: PSE

 

– Zubiaurre-Elkargune Institutua:

Hemen ere baditugu gure ezadostasunak, batik bat tasak eztabaidatzen ditugunean. Dena den aurrekontuetan ez ditugu tasetan ditugun ezadostasunak, nahiz eta batak bestearekin zerikusi handia izan. Dena den baietz bozkatuko dugu.

Bai: Aho batez

Ez:

Abstentzioa:

 

– San Jose Egoitza:

Egoitzan dugun pisua dagoeneko asko murriztu da, baina etorkizunean herrira hurbiltzeko esperantza ez dugu galtzen eta horretan saiatuko gara., bitartean gure aldeko bozka.

Bai: Aho batez

Ez:

Abstentzioa:

 

– Azkoitia Lantzen S.A.:

Erakunde honen eraketa eta funtzionamenduan bertan ez dugu bat egiten eta horrela jarraitzen duen bitartean gure aurkako bozka.

Bai: PNV/EAJ

Ez: Azkoitia Bai, EH Bildu

Abstentzioa:PSE

 

– Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

Udaleko aurrekontuarekin ditugun ezberdintasunak ikusirik ezetza besterik ezingo dugu bozkatu.

Bai: PNV/EAJ

Ez: Azkoitia Bai, EH Bildu

Abstentzioa:PSE

 

 

2.- 2019 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantila eta Lanpostuen Zerrendaren hasierako onespena.

 

Udaleko langile plantila bertan barruan zaudetenok kudeatu beharko zenukete ongien, dena den, gehien faltan bota duguna, berdintasun arloko udaleko teknikaria izan da, ezinbestekoa ikusten dugulako udalaren eta herriko talde feministaren elkarlana, baina hau esanda gero, baietz bozkatuko dugu.

Bai: Aho batez

Ez:

Abstentzioa:

 

 

3.- Azkoitiko Udaleko euskararen erabilera normalizatzeko plan VI. Plangintzaldirako (2018-2022) onartzea.

 

 

Euskararen etorkizunerako pausu denak dira garrantzitsuak eta erakunde publiko batek eredu izan behar luke beraz ados.

Bai: Aho batez

Ez:

Abstentzioa:

FacebookTwitterGoogle+

AZKOITIA BAI -2018 AURREKONTUAK-

Hemen dituzue gure taldeak, gure herrirako, jorratu dituen aurrekontuak, zenbaki denak arrazoituta:

Pasa den urtean bezala, badira ados gauden partidak: Plaza berriko proiektua, zebra bideen konponketa, herriko argindarraren berrikuntza,… Gure taldeak eskaturiko bat ere sartu duzue, hori bai, bi urtez jarraian eskatua, eta arrisku gune bat zela ikusten genuelako, Aingeru kaletik (Isidro taberna aldamenetik) Floreagarantz doan bidezidorraren konponketa.

 

Urteetan, 13 eta 18 bat urte bitartekoen aisialdia, zuzenduko luken proiekturen bat ere eskatzen ari gara. Elkargunean, gazteriako atalean, igoera nabarmena egitera zoazte, osasun mahai komunitarioa ere abian duzue. Ez dakigu oraindik zer ondorio ekarriko dizkigun partida hauetan jarritako diruak, baina ea adin hauen onurarako den eta gure gazteen aisialdia zerbait zuzentzeko kapaz garen.

 

Hau dena argitu ondoren, eta egin duzuen lanaren errespetu osoz, guk, Azkoitiarron kontuak nola erabiliko genituzkeen, argitu nahi genuke.

Aurrekontuetan, diru kontuek garrantzi handia dutenez, nahiz eta azken finean helburu batzuk lortzeko tresna izan, urtero adosten diren tasa eta zergetatik hasi behar hitz egiten nahitaez, hortik baitator gero gastatzeko izango dugun kopuru handi bat, eta hori gure esku dago, Azkoitiar denon esku.

Gure taldeak urtero irizpen berdinak erabiltzen ditu eta uste dugu, beste edozein talderekin erraz adostu daitezkeenak direla.

Tasetan gastatzen dugunaren %100a jasotzera hurbildu, hau da, zaborra jasotzen 10€ gastatzen baditugu, herritarrengandik 10€ edo badaezpada 9€ jaso ( tasetatik debekatua baitago etekina ateratzea), eta ez 7€, azken finean, nahitaez  10€ ordaindu beharko baititugu, eta horrela, herritarrak, herriko gastuen errealitatea hobeto ezagutuko lukeelako.

-Eta zergetan berriz, beti erabili ohi izan dugun formula bera, Ondoko beste 20 herriren batezbestekoan kokatu etxe edo autoaren zerga ordaintzerakoan.

 

Zergetan nahiko adostasun dugu alderdi denok, baina ez tasetan.

Gure irizpideak jarraituz gero, zabor bilketan %100eko gastua tapatzeko, beste 300.000€ jaso beharko genituzke, baina momentuz 150.000€ jaso ezkero gu gustura.

Elkargunean ere jarduera batzuetan gure iritziz, 7.000€ gehiagoko  etekina atera behar genuke.

Etxe hutsen zergaren aldekoak garela ere askotan azaldu dugu eta gero zerga hau, gazteen alokairurako diru laguntzetan erabiliko genuke. Ba hemen ere beste 80.000€ bilduko genituzke.

Aurten, tasa/zergak eztabaidatzeko orduan, beste zerga-hobari bat salatu nahi izan dugu. Azkoitian 25 urte baino gehiago dituen autoei ematen zaien diru laguntza. “Kotxe historikoak” izango balira bezala ematen zaie, baina gure herrian ez dauka historikoa izan beharrik, auto zaharra izan ezkero bale. Hau da, gehien kutsatzen duten autoei hobariak ematen ari garela, eta horretan ere 8.000€ inguru ari garela gastatzen.

Badakigu tasa/zergak ezin direla orain aldatu, baina guk orduan ere berdina esaten genuen, beraz guregatik izango balitz, diru honek bilduta egon behar luke.

 

Tasa/zergak alde batera utzita, bada urtero kenduko genukeen beste partida bat ere, Prentsa zerbitzua: 69.000€ bestela ere nahiko propaganda eta agerraldi egiten direlako eta informazioa beste komunikabide batzuetatik aurretik emana egoten delako.

 

2017ko urte honetan, kreditu gehigarrietan ere 2 miloi euro gastatu dituzue zeuen nahieran, beraz aurrekontuetatik at, diru mordoxka izan duzue, zeuek nahi bezala gastatzeko. Gehiengo osoa duzuenez, zeuek aukeratzen dituzue non egin gastuak, eta ez dugu dudarik egiten, asko eta asko beharrezkoak izango direnik, baina gure taldearentzat bada bat, gastu handia duena eta onura gutxi ikusten dioguna, Jausorotik Altzibarrerako zubian egingo den 200.000€ko gastua, eta guk beste gauza batzuetan erabiliko genukeena eta dagoeneko alkatearen esku legokeena 2018ko aurrekontu hauetan txertatu edo ez.

 

Adibidez ikusi dugu Andramaxetako 15.000€ gehiago jarri dituzuela, baina gu San Andresei eta auzoetako festei ere bultzadatxo bat emateko prest egongo ginateke.

Anaitasunak urtean zehar laguntza asko jaso du eta Oteiza pilota taldeak aurrekontu hauetan gehikuntza berezi bat dauka. Beraz kirol talde hauek nahiko laguntza izango dutenez, gu beste taldeei ere % 5 gehituko genieke eta baita herriko taldeek sustaturiko ekintza musikal eta kulturalei ere, denera 19.925€.

 

Berdintasunean ere, pixkanaka aurrerapausoak eman ditzagun, Herriko talde feministarekin adostutako ekintza/jarduerei ere beste 5.000€, nahiz eta behar bada, erronkarik handiena ekintzak adostean legoken.

 

Gure herrian euskaraz irakurtzera gehien bultzatzen gaituen taldeari, hau da, Maxixatzeni %10eko igoera proposatzen dugu, 2.835€.

 

Urtero saiatzen gara, herrian, enpresa sorkuntza, hau da ekintzailetza sustatzen eta aurten ere orain pare bat urte Iraurgi Lantzenetik kendu zen haserako laguntza eskaintzeko asmoarekin jarraitzen dugu eta aurten ere 60.000€ jarriko genituzke.

 

Azken finean, pasa den urteko ildotik jo dugu aurten ere, baina baditugu aurtengoan ere bi ñabardura:

  • Ondoko beste herrietan arrakasta izan duen sorkuntzarako bekak bultzatuko genituzke, herriko sortzaileentzat, 12.000€kin lagunduz.
  • Azkoitiko igerilekuan aspalditxotik dauden arazoei ahal den epe laburrenean irteera egoki bat ematen hasteko 414.240€, gero eta herritar gehiagok egiten baitu igeri eta asko eta asko, toki faltagatik kanpoan gelditzen direlako dagoeneko. Behar bada kopuru hau ez da igerilekua hobetzeko nahiko diru izango, baina lehen bai lehen hasi beharko dugu ahal dena gordetzen/aurrezten, arazoa korapilatzen ari baita.

Urtean zehar irten litekeen arazoei aurre egiteko berriz, 2017ko gerakina erabiltzeko moduan egongo ginateke eta hor ere beste 750.000€ izango direla espero da.

Azkenean parke estalia ere egitekoak zaretela dirudi, nahiz eta oraindik tokiarekin baduzuen zalantzaren bat. Guk, beti hitz egin den tokia, aldatzea proposatzen baduzue, herri galdeketa bat egitea eskatzen dizuegu, herriak erabaki dezan, berak erabaki zuen parke horren kokapena.

Beraz gerakin horretako kopururik handiena, honelako ekintzetan erabiliko genuke, hau da, parte hartzean.

Beraz gure taldeak berriz ere garbi erakusten du, gehiago biltzearen aldekoak garela, gero Azkoitiarren onuran gastatu ahal izateko.

FacebookTwitterGoogle+

…txakurren buztena tente (3.atala)

Udal gobernuaren erantzunak aztertu ondoren, honako idatzi hau zuzendu genion EAJ/PNV eta beste talde guziei:

Azkoitia Bai – 2017ko AURREKONTUAK

Orokorrean badira hainbat partida ados gaudenak: Plaza berriko proiektua, zebra bideak konpontzea, herriko taldeei diru laguntza igotzea, berdintasunean ere,gazteen berdintasunean, partida igo duzue, baita lokal eta etxebizitza alokairuetan ere, interpretariaren partida guk ere eskatu bezala kendu egin duzue eta ez dugu dudarik egiten zuek jarritako beste partida asko ere beharrezkoak izango direla.

Oso gutxi dira gobernuaren aurrekontutik kenduko genituzkeen partidak:

-Prentsa zerbitzua: 69.000€ bestela ere nahiko propaganda eta agerraldi egiten direlako eta informazioa beste komunikabide batzuetatik aurretik emana egoten delako.

-Kreditu globala: 40.000€tik, 20.000€ra jaitsi, bestela ere gobernutik kreditu aldaketa ugari egiten dituzuelako besteoi non gastatu kontsultatu gabe.

– Elektrizitate kaxak konpontzea: 200.000€tik, 181.500€ra jaitsi, zeuek esan bezala kostua hau izango baita.

– Eskoilerak: 30.000€ kendu, epe motzera beharko balitz kreditu globalean badagoelako eta Martxotik aurrera 2016ko gerakinean/remanentean nahiko diru izango duzuelako.

Bestalde gure eskariak ere ez dut uste asko direnik:

– Auzokonposta indartzea: Zaborraren bueltan kanpaina egiteko 13.000€ aurreikusten dituzue eta kanpaina horren barnean guk auzokonposta indartzeko ikerlana eskatzen dizuegu herriko auzo ezberdinetan.

– 13 eta 18 bat urte bitartekoen aisialdia zuzenduko luken proiekturen bat, gure gazteek asteburuetan beste era batera disfrutatzen ikasi dezaten 25.000€.

-Ekintzailetasuna sustatzeko diru laguntza: 60.000€. Ekintzaile berriei haserako bultzada bat emateko diru laguntza hau funtsezkoa iruditzen zaigu. Eta justifikazio hau gutxi ez balitz, ekintzaile bakoitzak beste langileren bat kontratatu lezakeela ere kontutan hartu beharko litzateke, ahal de heinean herriko langabezia tasa jaisteko.

– Berdintasuna: Herriko talde feministari 10.000€ko diru laguntza, udalarekin adostutako ekintzak burutzeko.

Kendutakoaren eta eskatutakoaren soberakina 42.500€koa da.

Baina guk politika beste era batera ikusten dugu:

Tasa, tarifa eta zergetan gure ustez askoz gehiago bildu behar litzateke, gero klase ertain/baxuko herritarrari laguntza gehiago eman ahal izateko. Berriro ere gogoraziko dizkizuegu gure irizpideak:

Tasak: %100eko estaldurara hurreratu tasa bakoitzean (zaborra, ura, …).

Zergak: Ondoko beste 20 herriren batezbestekoan kokatu (etxea, autoa, …).

Eta kontzeptu berria Tarifak: Ahal den heinean erabiltzaileak ordaindu (elkargunea,…) .

Eta nondik bilduko dugu diru gehiago?

-Tasak: Zabor bilketa: 150.000€ eta oraindik ere ordaindu beharrekotik urrun egongo ginateke, baina pixkanaka ordaintzen dugunaren mailara urreratu beharko genuke, herritarrak garbi ikusi dezan zenbat gastatzen den arlo honetan.

Zergak: Etxe hutsen zerga: 80.000€. Hemendik atera beharko genuke gazteen alokairurako diru laguntza. Hau da, bere jabeak, erabiltzen ez duen etxeari ez baitio nahi etekinik atera, behar ez duelako izango dela eta etxeak alokatzeko desiratzen dauden gazte eta ez gazteei nolabaiteko laguntza eman beharko liokeela iruditzen zaigu.

Tarifak: Elkargunean 7.000€. Beste herriekin konparaketa bat egin ondoren, jarduera batzuetan, oso prezio baxua dugula ikusi dugu, eta jarduera horien tarifak igotzea proposatu dugu.

Herritar denon artean ordaindu beharko dugu, urtero egiten den zuloa, baita erabiltzen ez dutenek ere, baina erabiltzaileek prezio normal bat ordaindu ondoren, bestela, beste herritar denen artean ordainduko baititugu, erabiltzaileek ordaintzen ez dituzten, prezio baxu horien kalteak.

Dena den, arazorik handiena parte hartzean dagoela deritzogu:

Aurrekontuetan egin ditugun eskakizunei ez diete jaramonik egin.

– Herritarrak erabakitzeko diru partida: 300.000 euro. Parte hartze prozesu baten bitartez erabaki nola gastatu.

– Aurrekontu parte hartzaile partida berreskuratu.

– Herri galdeketa partida berreskuratu.

– Oposizioaren liberatuarentzat partida: Lehen pausoa Bilduk eman behar du.

Parte hartze prozesuetaz ez direla fidatzen eta Foru Aldundiko aurrekontuetan ere gauza arraroak ikusi zirela diote. Gure herrian egin zen galdeketa bat eta parke estaliak irabazi zuen. Diru kopuru bat gordeta dago horretarako azken bi urteetan, baina badirudi herriak erabakitakoari ez diotela garrantzi handirik ematen, beste gauza asko ere egiteko dagoela eta lehendabizi beraiek aurkeztutako programa aterako dutela aurrera diote. Ba gure ustez, hasieran gauzak ondo ez ateratzeak ez du esan nahi alde batera utzi behar direnik, diru eta indar gehiago jarri beharko direla baizik, benetan parte hartzean sinesten badugu eta erabakiak herriaren esku utzi nahi baditugu behintzat.

Datorren urtean, udal gobernu eta teknikarien datuen arabera, 2016ko gerakinetatik diru kopuru polita izango dugula erabilgarri aurreikusten da, 1.000.000€ gutxi gora behera. Ez dakigu zertan erabiliko diren. Guri, parte hartzean, zeregin handia dagoela egiteko iruditzen zaigu eta gutxienez erdia bertan erabiliko genuke.

Dena den, diru hau 2017ko Martxotik aurrera egongo da erabilgarri eta ordutik aurrera ikusiko dugu zertan erabiltzen den.

FacebookTwitterGoogle+

Ez izan inuzente (1.atala)

Herritar denek jakin dezaten nola doazen inuzente egunean 2016-12-28an erabakiko diren aurrekontuak, guk behintzat, gure proposamen eta erabakiak  argitaratuko ditugu.

Beraz, ez izan inuzente, eta parte hartu,  zure etxeko eta ingurukoen ekonomia baldintzatuko duen gaian.

Hau da 2017ko aurrekontuak eztabaidatzen hasi aurretik, beste taldeei bidali genien idatzia.

 

2017 AURREKONTUAK

 

Azkoitia Baik, 2017 aurrekontuetan egingo dituen proposamenak bidaltzen dizkizuegu. Momentuz, gure nondik norakoak agertzea nahi dugu beste taldeei eta batzordeetan hitz egiten dugunaren arabera, egingo dugu balorazio ekonomikoa.

Hauek dira laburbilduz gure talde eta herritarrak helarazi dizkigun kezka eta egin beharrak:

 

 

  1. PLAZA BERRIren eraberritzeari heldu. Honek diru kopurua handia suposatuko duenez, nola finantzatu aztertu (plurianaula?)

 

  1. Pasa den urtean, 2016an, egin dena aztertu eta argiteriaren berritzearekin jarraitu, eta batipat gune arriskutsuetan ( puntu beltzak, zebra bideak,…), baina erdi gunea ere ahaztu gabe.

 

  1. Zebra bideak ondo marraztu, hobeto ikusi daitezen.

 

  1. Juinetik dagoen bidea erabili Urola ikastolara igotzeko, falta diren metro gutxi horien obra gauzatuz (Teknikoki posible bada).

 

  1. Beilatoki toki aldamenean pasatzen den bidegorria aldatu, errotondatik pasatzea arriskutsua baita.

 

  1. Floreaga ikastetxera, Aingeru kaletik, etxe artetik, dagoen aldaparen zorua konpondu, arriskutsua baitago.

 

  1. Liburutegi alboko gune estalia noiz egin. Herritarren partea hartzea bultzatzen dugula diogu, ba aurrekontu parte hartzaileetako ekintza nagusiena ez dugu gauzatu.

 

  1. Herritarrak erabakitzeko diru partida: 300.000 euro. Parte hartze prozesu baten bitarteaz erabaki nola gastatu.

 

  1. Lokalen alokairurako diru laguntza. Etxe hutsei gehiago kobratzegatik atera beharko genukeen diru kopurua.

 

  1. Taldeentzako diru laguntzak gutxienez mantendu, igotzeko aukera aztertu.

 

  1. Auzokonposta gune berrientzat diru partida: 3 gune berri? Ingurumen teknikariari galdetu kokaleku aproposenak.

 

  1. Interpretariak: partida kendu PSE-ko zinegotzi berriak euskaraz badakienez. Itzulpen batzuk ere egin beharrik ez (epai irmoa dago udal batek euskara hutsean egin ditzakeela hainbat dokumentu: batzordeetako aktak…).

 

  1. Aurrekontu parte hartzaile partida berreskuratu.

 

  1. Herri galdeketa partida berreskuratu.

 

  1. -Prentsa zerbitzua (55.000) eta web orriaren diseinuaren partidak(25.000)kendu.

 

  1. Berdintasun partida gutxienez aurrekontuak izango duen igoeraren neurri berean igo.

 

  1. Gazteentzako (13-20 urte bitartekoentzat adibidez) Gaztetxe edo antzeko proiekturen bat.

 

  1. Iraurgi Berritzenetik ekintzailetasuna sustatzeko ematen ziren diru laguntzak berreskuratu udaletik.

 

  1. Oposizioaren liberatuarentzat partida.
FacebookTwitterGoogle+