Azkarate Hausnarketa eta erabakia

Ez dakit ondo, gaizki, berandu, makal, argitasun gutxirekin, … nola ikusten duten herritarrak gure taldearen jarrera, baina orain arte eman ditugun pausoak eta hartu dugun erabakia ahal den laburren azaltzea nahi genuke.

Apirilaren 7an jaso genuen guk ere ia beste herritar denak bezala berria. Ia jarri dut ez baitugu sinesten udaletxean lan hauen berri lehenagotik ez zekitenik. Berri horretan “residuos industriales” hitzak erabiltzen ziren titularrean eta gu ere, beste herritar asko bezala, hemen datoz orain Zaldibarren sartu ezin dutena pentsatzen jarri ginen eta buruan ezetza genuela joan ginen egun bertan 13:00tarako deitu genuen bozeramaile batzordera.

Bozeramaile batzorde horretan, kritikoena gure taldea izan zela esatean, ez dut uste inork gezurretan ari garenik esango duenik. Nola ez, Zaldibar eta Oñartxo aipatu genituen eta hauek sortu diguten mesfidantza. Gune haiek ere segurtasun neurri denak hartuta hasiko zirela eta begiratu nola bukatu duten esaten jarraitu genuen. Ez direla hartu beharreko kontrol neurriak hartzen eta azken finean ez garela fidatzen, beste herritar asko eta asko bezala eta mesfidantza horri buelta ematea ia ezinezkoa ikusten genuela adierazi genion, batzorde horretara agertu zen  Larke 360 enpresako arduradunari.

Batzorde horretan, oraintxe esan bezala, Larke 360 enpresak hartu zuen parte eta instalazio horren helburua esplikatu zigun denoi. Europako aginduaren arabera eraikuntzako hondakinak birziklatzera derrigortuta gaudela eta ez duela inongo zabortegirik eraiki nahi, amianto, kutsatutako lur, eta horrelako hondakin arriskutsuak jasoko ez dituelarik. Hori bai, sortu den tsunamia ikusi ondoren alderdi denon baiezkorik gabe ez duela planta hori eraikiko, bera ere herri honetan bizi baita eta kalean bai bera eta bere familia lasai ibiltzea nahiko lukeelako.

Batzorde horren bukaeran eta herrian sortu zen tsunami hori nolabait baretzeko, lehen bai lehen, komunikatu bateratu bat argitaratzea pentsatu zen, zabortegi soil bat ez zela, hondakin arriskutsurik jasoko ez zutela, berrerabilpena sustatuko zela, … eta horrelako mezuekin. Behar bada presa gehiegirekin jokatu genuen, baina garbi utzi nahi dut guk instalazio honi ez geniola momentu hartan baietzik eman.

Udaletxetik ere beste mezu oker bat zabaldu zen, aktibitate ekonomikoaren lizentzia izapidetzea zegokiola soilik eta taberna bat jarri zen adibide bezala: edozein taberna ireki nahi duen bat, baimen denekin etortzen bazaigu udaletxera, ezin diogu ezetzik eman, hori prebarikatzea litzateke.

Hori horrela, gure lana, beharrezko kontrol zorrotzenak jartzean zentratu zen, kontrol hori, bertan udaletxeko langile bat lanaldi oso batean ipiniz edo ekologista talde baten esku utziz, beste batzuek tsunami hori ez gelditzeko ahaleginetan jarraitzen zuten bitartean, amiantoa, lur kutsatuak, … eramango zirela esanez egunero, azkenik, horretarako baimena zutela, ia geu ere sinestera iritsi ginelarik.

Dena den, egun gutxi barru, EH Bildu taldeari esker, instalazio hau eraikitzeko arau subsidiarioak aldatu behar zirela ohartu ginenean, gure lanari beste noranzko bat eman genion. Orain aurretik aipatu dugun tabernak ez ditu baimen denak eta sortu zitzaizkigun galderak desberdinak ziren:

1-Herrian, horrelako gune baten beharra dago?

2-Beharra balego, gure ustez, zer baldintza bete beharko lituzke?

3-Nola ezarriko genuke, guretzat ezinbesteko garrantzia duen kontrola ?

Esan behar beste alderdiak dituzten baliabiderik ez dugula, baina Arau Subsidiarioak aldatu behar zirela ziurtatu zigutenetik, hiru egun barru erabakia hartuta geneukala, baina egun berean hirigintza batzordeko deialdia jaso genuenez, beste alderdiak errespetatuz, gure azalpen denak, batzorde horretan ematea erabaki genuen.

1.galderari erantzunez, ekologista taldeak, aspalditxotik egiten ari diren salaketak etorri zaizkigu burura. Zabortegi ez kontrolatu asko sortzen ari direla bide eta erreka bazterretan eta nolabaiteko irtenbidea eman beharko zaiela, ondo antolatutako horrelako bereizte plantak bultzatuz.

2.galderari erantzuteko, orain arteko instalazioetan baino kontrol zorrotzagoak ezartzea izango litzateke baldintza nagusiena.

Beraz 3. galderaren erantzunak ere izugarrizko garrantzia duela uste dugu eta guretzat erantzun egokiena, instalazio horrek ezinbestean publikoa izan beharko lukeela da.

Aurretik gure udaletxean horrelako beste prozesu bat bideratu genuen eta alderdi denak eraikuntzako hondakinak birziklatzeko gune publiko baten alde azaldu ginen (2018ko Martxoko Udal Bilkurako 6.puntua ikusi), mankomunitatetik bideratutako ekimena bultzatuz.

Beraz zabortegi ez kontrolatuak ekiditeko, ahal den hondakin gehienak birziklatuz, kontrol egoki bat bermatzeko, ezinbesteko publikotasuna kontutan hartuz eta aurretik denon oniritzia duela jakinez, egokiena instalazioa hau Lapatxen eraikitzea ikusten dugu.

Lehen bai lehen estatutuak aldatu eta denbora gutxian irekitzeko ez diogu arazorik ikusten, dagoeneko, plataformak, baskulak, bulegoak, dekantadoreak, … erabilgarri baitaude eta bide batez ingurumenean eragingo genituzkeen kalteak asko saihestea lortuko genukeelako.

Gure taldearen ustez, dudarik gabe, gunerik egokiena hau litzateke eta denon baldintza eta eskariak asebeteko lituzke.

FacebookTwitterGoogle+