2021-09-29 ko Plenoa

Data: 2021-09-29

 

Udal osoaren ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados

 

2.- Azkoitiko udaleko 2021eko Araudi Planaren aldaketaren onespena.  

Oinarri, ordenantza, nahiz berri, nahiz aldaketa denak araudi planean sartzea eskatzen digu orain legeak, beraz bete beharra dago eta alde bozkatuko dugu.

3.- Udal zuzenbide publikoko zerga eta bestelako diru sarrerak kudeatu eta biltzeko  Ordenantza orokorraren hasierako onespena. 

Ordenantza eguneratuz gain, beste arazo txiki batzuei ere irtenbidea ematea nahi izan da. Banku helbideratzeen prozedurak eguneratzea, kreditu kobraezinen kudeaketa erraztea eta baita sistematikoki geroratu edo zatikatzeko ohitura zutenei ere , aldaketatxo batzuen bidez, emergentzi kasuetako erabiltzen diren prozedurak direla horiek ohartaraztea, benetan ordaindu ezin dutenentzat erabilgarriak. Beraz gauzak zuzendu, eguneratu eta udaletxean beharrezkoak ez diren izapide asko ekidingo direlakoan, alde bozkatuko dugu.

4.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 5 zenbakidun  espedientearen hasierako onespena.  

Andramaixetan gastatu ez dugun kantitate bat kultura ekintzetara bideratzea ondo deritzogu eta bestalde mantenuetarako eta brigadaren lanetarako bideratuta zegoen dirua dagoeneko gastatu bada, jarri beharrekoa jartzea izango da logikoena. Informatika ekipoak eguneratzen joan behar direla ere ez dut uste inork zalantzarik egingo duenik, dituzten urteak, erabilpena eta beharren arabera. Beraz, egingo den gastuari gure oniritzia emango diogu.

 

5.- Mailegua kontratatzeko 2021eko Kreditu Eragiketaren onespena.

Epe motz/ertainera irisgarritasunari eta igerilekuari irtenbide bat ematea nahi bada, maileguak eskatzea besterik ez dugu ikusten. Hori bai, ez dugu herria hipotekatu nahi. Mailegu honekin eta orain gutxi eskatu genuenarekin, udaletxeari, azken urteotan ordaintzen ari dena baino gutxiago ordaintzea tokatuko zaio, aurrekoak bukatzean hasiko baikara berriak ordaintzen eta esan bezala, hurrengo urteetan orain arte baino gutxiago ordaindu beharko dugu kontzeptu honetan. Beraz, herritarren ongizatera bideratuko ditugun dirutza hauek onura ekarriko digulakoan eta arrisku handiegirik hartzen ez dugula pentsatuz, baietz bozkatuko dugu.

 

6.- 2022rako Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena.

          2022 TASAK/ZERGAK
IBI ETXETIARRA (2020) –     131.813,79 €
ETXE HUTSAK          80.000,00 €
KOTXE ZAHARRAK          15.000,00 €
–       36.813,79 €
ZABORRAREN TASAN BILDUTAKOA (2020)    1.143.356,14 € 3,22% 36.813,79€ 

 

Aurten, beste herrien batez bestekoan kokatzeko, azken urteetan behetik egon den  IBI industriala igotzearen alde azaldu zarete eta herritar denoi ukitzen digun IBI etxetiarra berriz, ia %7a goitik mantentzea erabaki duzue. Gu ez gara tasa/zerga gutxi kobratzearen aldekoak, garbi baitugu, hori, diru faltarik ez duenari datorkiola ondo, baina urtero bezala aurten ere garbi utzi nahi dugu, guk, azken urteetako ildo beretik jarraituz, diru bilketa beste era batera egingo genukeela, guretzat egoki eta justuena baita.

Azken urteetan IBI etxetiarra batez bestekotik, “mediatik”, gora kobratzearen alde zaudete beste denok eta gure taldea da, urte askotan mantenu zen irizpenaren alde egiten duen bakarra, hitzaren jabe izaten jarraitzen duen bakarra. Beraz, azken bost bat urteetan gehiago ordaintzen ari garen zerga hau jaisteren alde egiten dugu aurten ere, aurretik esan bezala, herritar denei ukitzen digun zerga delako eta urte askotan mantendu den irizpenarekin jarraitzea nahi dugulako, hau da, beste inguruko 20 herrien betez bestean mantentzea.

Etxe hutsen errekargua eskatzen ere urteak daramatzagu, herritar asko baitago alokatzeko beharrean eta eskubide hau ez ukatzeko aukera gehiago emango ligukeelako, hutsik dauden etxeak alokairura bideratuz eta horrela ez balitz, beharrik ez luketen bi etxebizitza hauen jabeei errekargu bat kobratuz. Jaurlaritzak aurten, etxe hutsei kobratzeko kanon berri bat jarri du martxan eta hilabeteak daramazkit gure herriko udal gobernuak zer egin behar duen galdetzen, erantzun zehatzik entzun gabe. Esperantza txiki bat banuen, Arriola Sailburua, argi eta garbi, kanon hau kobratzearen alde azaldu zenean eta bere partiduko, Azkoitiko udal gobernuko zinegotziaren botoarekin gehiengoa lortzeko bidea izango genukeela jakinik, baina esan bezala oraindik ez dugu erantzun garbirik jaso.

Gehien kontsumitu eta kutsatzen duten autoei hobariak ematea ere ez dugu ondo ikusten eta aurten ere kotxe zaharrak izateagatik ematen den laguntza kentzeko eskaria mantentzen dugu.

Eta jaitsiera hau konpentsatzeko, zaborraren tasa igoko genuke %3,22 puntutan, bai ala bai Mankomunitateari ordaindu beharreko tasa bat delako eta egokiago ikusten dugulako, ahal den heinean, zaborraren gastua bere tasan biltzea, herritarra ohartu eta kontzientziatu dadin zaborrak duen gastuaz.

Azkenik, ez nuke esan gabe utzi nahi urteetan eskatzen ari garen udalaren landa bideen tasaren beharra. Inguruko beste herrietan indarrean dago eta guri min ematen digu, egurra moztera etortzen diren enpresek, baserri bideak nola uzten dituzten ikusteak. Aspalditxo, pinuaren gaitza medio, enpresa hauek irabazi handiak izan dituztenaren errezeloa dugu, baina apurtzen dituzten bide horiek denon artean ordaindu behar izaten ditugu. Gure nahia beste herrietan kobratzen zaien fidantza kobratzea litzateke eta apurtzen dutena hortik kobratzea, hau da baserri bideak aurkitu zituzten bezala uztea. Bestalde egur horren jabeari ere tasa bat kobratzen zaio beste herrietan. Guk ez genuke baserritarra gehiago kaltetu nahi eta zerbait kobratzera helduko bagina, %100ean beraiei bueltatzearen alde azalduko ginateke, baldin eta zuhaitz autoktonoak sartu eta sortutako basoak zaintzeko autua egingo balute, guretzat, ordenantza honen helburu nagusiena, baserri bideak zaindu eta gure basoak berreskuratzea baita. Aurten, bide hauen inbentarioa bukatu gabe dagoela jakinarazi diguzue eta beste urte bat itxaron beharko dugula, baina ea datorren urtera begira beste taldeok ere ordenantza hau martxan jartzera animatzen zareten.

Hauek izango lirateke Azkoitia Bai herri plataformak gure herrira begira ezarriko lituzkeen tasa/zergak eta zuenetik urrun daudenez ezetz bozkatu beharko dugu.

 

 

7.- Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi ekipamenduan eta  Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen izaera publiko ez  tributarioko ondare prestazioa arautzen duen udal Ordenantzaren hasierako  onespena.  

Aurten garbi utzi diguzue jarduera bakoitzari ahal den etekinik handiena atera nahian jartzen dituzuela prezioak, pertsona gehiago sartzeko posibilitatea badago edo material gutxiago behar bada, merkeago. Beti esan ohi izan dugu erabiltzaileek jarduera horien gastuen gehien bat ordaindu behar luketela, erabiltzaile ez direnek nahiko egiten baitute instalazioa kostatu zenaren bere partea jarriz. Ulertzen dugu herritarraren ongizatera bideratutako inbertsio bat dela, baina herriko zerbitzu bat izanik, ez genuke soilik jarduera bakoitzaren etekinean zentratu nahi. Beraz, herritarraren ongizateari garrantzia emanez, eta herri zerbitzu bat den heinean, jardueretan dauden prezio aldeak ez ditugu ondo ikusten eta etekinari eman behar zaion garrantzia emanik, nahiago dugu herritar bakoitzak nahi duen edo ondo datorkion kirola egiteagatik, berdintsu ordaintzea eta hori lortzeko bi aukera ikusten ditugu:

  • Jardueretan dauden prezio aldeak murriztea edo
  • Multikirola jarduera denetara zabaltzea eta denek berdin ordainduz gero, bakoitzak aukeratzea zer kirol nahi edo komeni zaion egitea.

Gure ustez etekinen irizpen soila erabiltzea baino hobeto legoke beste hau eta etorkizunera begira denon artean eztabaidatzera gonbidatzen zaituztet, udal gobernuak bere irizpideak nahiko garbi utzi dizkigu batzordeetan, baina alderdi denen iritzia jasotzea nahiko genuke. Bitartean abstenitu egingo gara.

 

8.- Behin betiko onespenen berri ematea. 

9- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

10- Galde-erreguak. 

FacebookTwitterGoogle+