2020-07-29 Udal bilkura

Segidan gure taldeak esan eta bozkatuak :

Data: 2020-07-29

 

Udal osoaren  ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

ADOS

2.- Azkoitiko Hirigintza Arauen 4. aldaketaren behin betiko onespena (3 H.E. San Martin, 24 H.E. San Juan eta 25 H.E. Basarte).

Beldur ginen aldaketa hauek onartuz gero lurzoru ez urbanizagarrien eremuan eraginik izan lezakeen eta azken batzordean horregatik bozkatu genuen ezetz, baina zer ikusirik ez duela argitu ostean, aurretik esan genuen berdina esan eta bozkatuko dugu berriro.  San Juan eta Basarte eremuetan egingo diren aldaketek onurak ekarriko dizkiola bertakoei eta besteoi kalterik ez eta bestalde, kalteak baino onura gehiago ekarriko dizkigula San Martin eremuan egingo diren aldaketek ere, hau da, etxebizitza bat altuago egiteak etorkizunean elkarguneko sarrera/plaza handitzeko aukera emango digula, beraz, ados.

3.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeko kontratuaren 1.luzapenaren onespena.

Gizarte zerbitzuetako buruak, ematen duten jarduerarekin, erabat kontentu agertu direnez, alde bozkatuko dugu.

4.- 2019ko Azkoitiko Udala, Zubiaurre Elkargune Institutoa, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzen, S.A.ren kontu orokorren eta kontu kontsolidatuaren onespena.

Oro har, Udaleko, Elkarguneko eta egoitzako kontuekin ados gaude, baina Azkoitia Lantzenen parte ez izatearen erabakia hartu genuenez, sozietate hau sortu zutenak baitute guretzat ixteko ardura, abstenitu egingo gara.

5.- 2020ko ekainaren 16ko Alkatetza dekretua, kreditu aldaketa kreditu gehigarria 3/2020 onartzen duena, baliozkotzea.

Bizikletak garbitzeko gune hori egiteko ez dakigu une onena den, baina diru kopuru handia ez dela kontutan harturik eta behar bada bizikletaren erabilera zertxobait sustatuko duelakoan ados.

Herriko merkatariei laguntzak ematea ere ondo deritzogu, baina gaizki ulerturen batzuk izan ditugu puntu honetan. Lehen egunetik, laguntza lerro hauek atera beharrarekin denok ados azaldu ginen. Udal gobernuak gauzak ondo egin nahi zituela adierazi ondoren, nahi baino denbora gehiago pasa zaigu, baina laguntza beharrean zeuden denei iritsiko zitzaien kopurua jarriko zela entzuteak asko lasaitzen gintuen. Baina, laguntza hauek komunikabideetan zabaldu zirenean gure taldeak ez zekien ez laguntzak zenbatekoak izango ziren, ez eta zer baldintza bete beharko ziren laguntzak jasotzeko, aurretik inork ez baitzigun zentzu horretan inongo azalpenik eman. Gu ere, behar bada, denbora gehiegitxo egon gara zer baldintza jarriko ziren itxaroten, baina beste laguntzak onartzeko orduan azalpen hauek ematen direla jakinez eta azterketa sakona egiten ari zinetela behin eta berriz entzun ondoren lasai geunden. Dudarik ez dugu  ez zela intentzio txarrik egongo, baina garbi dagoena da, erabaki hauek hartzeko orduan, ez dugula parte hartu  eta herritar batek, zer ari zarete, hondartza aurrean bigarren etxebizitza dutenei laguntzen? galdetu zigunean ez genuela jakin zer erantzun. Dagoeneko berandu izango da, baina gizarte zerbitzuetara laguntza eske etortzen direnei bezala, laguntza hauek emateko orduan ere patrimonioari begiradatxo bat bota behar genioke, benetan laguntza behar dutenentzat izatea nahiko bagenu behintzat. Beraz, hemen esanak hurrengorako kontutan hartuko dituzuelakoan, esan bezala, intentzio txarrik izan ez duzuela eta erabakia dekretu bidez hartuta dagoela jakinik, hori bai, beti bezala gure bozka arrazoitu ondoren, abstenitu egingo gara.

6.- Lanpostuen balorazio berriaren onespena eta dagokion lanpostu zerrendaren aldaketaren onespena.

Balorazio hauek egiteko ez dira garai onenak. Esan behar udaletxeko langileek aurten beren soldaten %2ko igoera izan dutela eta orain lanpostuen balorazio hau egiteak, herriari, beste diru kantitate bat suposatuko diola eta herritar askoren egoerak ez duela azken hilabeteetan hobera egin. Badirudi orain urte batzuk egin ziren balorazio/negoziazioetan hartu ziren erabaki batzuk, gaur egungo legediarekin talka egiten zutela eta postu batzuetako langileen aspaldiko eskariei erantzuna emango zaiela. Ez da erraza izaten soldatak negoziatzeko orduan adostasuna lortzea, sektore publikoan oraindik zailagoa eta hemen lortu da.

Beraz adostasun hori baloratuz eta langileei ere dituzten pribilegioak kontutan hartzeko eskatuz, alde bozkatuko dugu, hori bai, berriro ere momentu honetan herritarren dirua sekula baino kontu gehiagoz kudeatu beharko genukeen uneak direla gogoratuz eta herriak egingo duen esfortzua kontutan hartuz.

7.- 2020 ekitaldiari dagokion kontrol finantzarioko urteko planaren berri ematea.

8.- Behin betiko onespenen berri ematea.

9.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

10.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+