AZKARATEKO BALORIZAZIO PLANTA

Herria hankaz gora jarri zaigu berriro ere zaborraren gaia dela eta ez dela, eta Azkoitia Baik bere iritzia garbi uztea nahiko luke.

Guk ere, beste herritar ia denekin batera, prentsan agertu denean jaso dugu berria eta esan behar, galderak, kezkak, zalantzak, …  argitu nahirik gabiltzala egun osoan.

Hasera batean Azkarate gainean eraikitzera doazen planta horrek, kokapena kontutan hartu gabe, zaborrari dagokionez  behintzat, onurak ekarri beharko lizkiguke. Orain arte eraikuntzako zaborra lurpean sartzen genuen eta hor egongo dira orain arteko milioika metro kubikoak, baina orain lege berri bat sartzen da indarrean eta zabor horren %70a birziklatzera derrigortzen gaituzte. Beraz, birziklatze sistema berri bat ezartzera goaz, baina Azkoitian. Gure herrian izango ez balitz …

Apirilak 7a da gaur eta orain arratsaldeko 19:40ak dira. Atzo herri denetan Zaldibarko zabortegiaren aurkako kazerolada  antolatuta zegoen, baina gure herrian ez nuen nik zarata handirik entzun, gaurkoan handiagoa espero dut. Ba du bere alde ona, behar bada herritarra gai hauetaz gehiago arduratuko da, herriko zaborra nola jaso erabaki behar izan genuen garai haietan bezala. Tristeena da, bai orduan eta bai orain, alderdi  batzuk hau dena politikoki nahasten saiatuko direla eta berriro ere herrian haserreak sortuko zaizkigula.

Bueno, gu gurera. Onurak argitu ostean, kalteak edo beldurrak ere aztertu beharko ditugu. Zaldibarko zabortegiak ere, hasiera batean, proiektu bat zenean soilik, denak onurak izango zituen (argitu behar Azkaratekoa ez dela ohiko zabortegia izango, nahiz eta zaborra sortuko duen), baina azkenean kalte handiak eragin ditu. Oñartxokoak ere ez zuen inongo arazorik, baina orduko kalteak oraindik denon artean ordaintzen ari garela ezin ahaztu. Gure ustez zabortegi eta horrelako planta hauetan kontrol falta izugarria dago eta eraikuntzan lana egin duen edonork daki hori horrela dela. Inspekzioak ez du funtzionatzen eta enpresa ertain eta handietan behintzat, inspektorea datorren data zehatza aurretik jakiten dute, beraz ezin gara betiko kontrol horietaz fidatu. Aurretik esan bezala, herrian bertan esperientzi oso txarrak izan ditugu eta herritarrari, proiektu honetan, besterik gabe sinestaraztea ezin diogu eskatu.

Guri, beti bezala, herriak parte hartzea gustatuko litzaiguke, politikeriak alde batera utzi eta benetan horrelako gai batek merezi duen eztabaida sanoa bideratzea. Planta hori  sortzeko asmoa dutenak herriaren iritzia benetan axola zaiela behin eta berriz errepikatu digute, beraiek ere hemen bizi baitira. Guk hemen eztabaida sano hori hasteko pare bat galdera  utzi nahi genituzke. Zer iruditzen zaizue, planta horretako kontrola talde ekologista baten esku uztea eskatuko bagenio bertako jabeei?  Eraikuntzako hondakinak kudeatuko dituzue soilik edo etorkizunean, orain, behar bada,  jasoko duzuen  baimenarekin, beste hondakin batzuk ere birziklatzeko asmoa duzue?

FacebookTwitterGoogle+