Aurrekontuak 2020 (2019-12-27ko Udal bilkura)

Data: 2019-12-27

 

Udal bilkura

 

1.- 2020 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontua eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

 

EH-Bilduren osoko zuzenketa:

Pasa den urteko zuen argudio berdinak erabili beharko bagenitu abstenitu egin beharko genuke. Zuek esan zenutenaren arabera talde bion proposamenak oso antzekoak ziren, baina elkarrekin aurkezteko prestutasuna azaldu ez izanak, zuen baietza abstentzio bihurtu zuen. Aurtengo egoera ere nahiko antzekoa da.

Udal komunikazioaren aurrekontua gutxitzeko eskubidea ere aspaldi galdu zenutela iruditzen zaigu, aukera izan zenutenean, hau da, gobernuan egon zinetenean ez zenutelako kendu. Parkeen mantenuan, derrigorrezko segurtasun neurri batzuk bermatu beharko dira eta benetan ez dakit diru hau kendu ezkero behar diren arauak beteko genituzkeen. Dena den bi taldeok eskaturikoak antz handia dute eta gure taldeak, beste alderdiak gaizki nola utziko lanean ez du indarrik gastatzen, herritarraren onurari begiratzen dio soilik, beraz alde bozkatuko dugu.

 

1.-Azkoitiko Udalak 2020ko ekitaldirako izango duen aurrekontua, 15.110.000,00 eurokoa

Guk, egiten ditugun ekarpenak aintzat hartzen direnean, ez dugu inongo arazorik eskertzeko eta nahiz eta batzordeetan ere aurretik eskertu, berriro ere esan nahi dugu oso positiboki baloratzen dugula zuen jestu hau. Urtean zehar, batzordeetara eraman ditugun gaiak zuen aurrekontuan jarri dituzue, Mugiment, pertsona inaktibo eta sedentarioak mugimenduan jartzea sustatzen duen egitasmoa adibide bezala. Baina hori gutxi ez dela, gure aurrekontuetan aurkeztutako beste batzuk ere onartu dizkiguzue. Egia esan ez genuen esperantza handirik eta harrituta utzi gaituzue.

Urtero bezala, herrian euskara gehien sustatzen duen aldizkariari, hau da, Maxixatzeni laguntza bat ematea eskatu genizuen eta dagoeneko beraiek antolatzeko asmoa duten egitasmo baterako diru kantitate bat onartua zenutela erantzun zeniguten. Egitasmoak, gainera, emakumea duela protagonista jakinik, berdintasun arloan ere izango du eragina.

Gure ibaira plastiko isuria ekiditeko asmoz ere, nahiz eta zuen aurrekontuan aurretik kantitate bat jarrita izan, gurekin bat egin duzue eta lanketa horretan buru belarri lanean ari den taldeak eskaturikoa bere osotasunean onartu duzue.

Herriko talde feministarekin harremanak sendotzeko asmoz ere urtero diru kantitate bat ipintzen dugu eta nahiz eta oraindik non eta nola gastatuko den esan ez diguzuen, teknikari berriaren laguntzaz, berdintasunera bideratuko duzuela badakigu behintzat.

Herritarren parte hartzea sustatzeko ere, lehen pasoak emateko asmoz, aspalditxotik kopuru bat jarri izan dugu gure aurrekontuetan eta oraingo honetan, guk aurreikusitakoa baino kantitate handiagoa ipini duzue. Ea pentsatuta duzuen herri galdeketak arrakasta izaten duen eta herritarrak, denon artean, parte hartzera bultzatzen ditugun.

Herriko kultur eta kirol taldeei ere kopuru berezi bat ematearen aldekoak gara eta aurten ere %5eko gutxieneko igoera bat eskatu dizuegu. Talde denei egin beharrean igoera talde bati egitea aurreikusi duzue zuek eta egia esan ez zaigu gaizki iruditu Sahatsa taldeari horrelako bultzadatxoa ematea.

Xabier Muniberen 50.urteaurrena ospatzeko, oposizioko beste taldeok eskatutako kantitatea ere onartu diguzue. Egitasmo honekin badituzue zuen dudak, baina kopuru hau jartzeaz ez dut uste damutuko zaretenik, aurretik pentsatu dena egiteko kapaz badira/bagara ahaztu ezinekoa izango baita, herritar askoren parte hartzea ezinbestekoa izango delako eta beraz herritarren oroitzapenetan finkatuta geldituko delako.

Eta azkenik gure taldeak azken urtean lehentasuna eman dion proiektua, Floreagako igogailua, igerileku berriarekin batera estrategikotzat jotzen duzuela onartu diguzue eta ea Martxotik aurrera gastatzeko moduan izango dugun gerakinarekin 2. Fasearen obra esleitzeko pausoak lehen bai lehen ematen ditugun.

Baina badira guk eskaturiko eta ez onarturiko beste partida batzuk ere, errenta baxuko jubilatuei, ekintzaile eta sortzaile berrientzat laguntzak. Dena den, nahiz eta laguntza hauentzat aurrekonturik ez jarri, gutxienez zuen arrazoiak eman dizkiguzue. Beharrean dauden pertsonentzat, laster etorriko diren tekniko berriekin buelta bat eman beharko diezuela onartu duzue  eta ekintzaile berriei laguntzak emateko beste herriekin hitz egin (Azpeitia eta Zestoarekin hain zuzen) eta Iraurgi Berritzenen bitartez laguntza hauek bideratzeko ados egongo zinateketela erakutsi diguzue.

Bestalde, udaletxeko prentsa zerbitzua, herritar askorentzat, zuen alderdiari propaganda egiteko, denon diruaz ordainduriko egitasmo bat besterik ez da eta ez dakigu zer argudiatu hori pentsa ez dezaten. Denon artean adostutako aldaketa sakon bat egiten ez dugun bitartean partida hau desagertzearen alde azalduko gara.

Urtean zehar egiten dituzuen kreditu aldaketekin ere ez gaude ados eta beste alderdiek parte hartze handiagoa izatea gustatuko litzaiguke. Aurrekontu irekiak ere herri askotan ikusten dira dagoeneko eta gurean, herritarrei, zentzu horretan, keinu bat egitea ere askotan eskatu dizuegu.

Laburbilduz, gure taldeak eskaturiko asko onartu izana eskertu berriro ere eta egia esateko baietzetik hurbilago gaude ezetzetik baino. Dena den, zuen pasa den urteko hitzei kasu egin behar bagenio ezetza bozkatu beharko genuke. Nahiz eta ikusi guk aurkeztu genituen aurrekontuetako zenbaki denak, urtean zehar, guk esan bezalakoak izan, zuek zuhurtziaz jokatzeko ez zela mailegurik eskatu behar esan zenuten eta orain berriz zeuek zarete hasieratik eskatzearen alde azaldu zaretenak.Guk pasa den urtean zuhurtziaz jokatu genuen eta urte osoko zenbakiak horrela diote, hori bai, guretzat lehentasuna Floreagako lehen 2 faseak ziren eta zuentzat, diru hori erabili duzuenaren arabera, beste proiektu batzuk.Beraz, ezetza ez denez eta baiezko osoa ere ez, abstenitu egin beharko gara.

 

2.-Zubiaurre Elkargune Institutuaren aurrekontua, 2020ko ekitaldirako, 744.600,00eurokoa

Tasetan urtero izaten ditugu gure desadostasunak eta bertako antolaketa pixkanaka, arloz-arlo, udaletxera  bideratzea ere nahiko genuke. Badakigu azken hau ez dela pare bat hilabetetan egiteko azterketa bat, baina azken batzordean zuen asmo ona ikusi dugulakoan, gure baiezkoa.

 

3.-San Jose Egoitzaren 2020ko ekitaldirako aurrekontua, 68.300,00  eurokoa

Egoitzan dugun arazoa ez da aurrekontua, azken urteotan ia dena Aldunditik bideratzen baita. Egoitzaren arazo nagusia bere kokapena da eta gure taldearen eskakizunetako bat aspalditxotik. Arazo honek ere ez du berehalako  irtenbiderik, baina ea bere  bueltan lanean dabilen talderekin bat eginez aurrerapausoak emateko gai garen hurrengo urtean. Aurrekontuari buruz beste esatekorik ez, beraz gure aldeko bozka.

 

4.-Azkoitia Lantzen SA ren aurrekontua 2020ko ekitaldirako, 1.870.051,00 eurokoa

Udaletxe askotan handitasun garaian sortutako enpresa hauek ez lukete existitu ere egin behar. Hori aldarrikatzeko gure taldeak legealdi honetan ere ez du kargurik hartu eta beti bezala ezetza bozkatuko dugu.

 

5.-Azkoitiko Udalaren aurrekontu kontsolidatua 2020ko ekitaldirako, 17.051.551,00eurokoa

Aurrekontu honetan pisurik handiena udalaren aurrekontuak duela ikusirik eta puntu horretan abstenitu egin garenez, hemen ere bozka berdina.

 

 

2.- 2020 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantila eta Lanpostuen Zerrendaren hasierako onespena.

Ez dugu esateko handirik. Gizarte zerbitzuetan gehiegizko lan karga dagoen errezeloa dugu. Badirudi epe laburrean langile berrien laguntza izango dutela, etxez etxeko laguntzari jarraipen zuzenago bat egiteko, prebentzioan eta baita berdintasunean ere. Azken puntu honek, hau da, berdintasunak, aurreko legealdian nahiko kezka eman digu oposizioko taldeei, baina esan bezala epe laburrean, gizarte zerbitzuen arlora langile berriak etorriko zaizkigu eta honek, udaletxeko teknikoen arabera, asko gehituko du berdintasunari udaletxe honek emango dion eskaintza eta nahikoa ez balitz aurrerantzean gehitzeko ere konpromisoa azaldu diguzue, beraz puntu honetan gure taldearen baiezkoa.

 

 

3.- 2020-2022 Azkoitiko Udalaren Plan Estrategikoaren hasierako onespena.

Atzeratutako gai batzuk baditugu, adibidez beharrean dauden pertsona batzuei kendu zizkien laguntzak nolabait birbideratzea. Dena den badakigu ez dela ez diru hori aurrezteagatik, ez eta borondate faltagatik, udaletxe honek kendutakoak ez baitira. Beraz, gaia ahaztu ez dezagun, aipamen hau egin ondoren, gure aldeko bozka.

 

 

4.- 2020 ekitaldirako Aurrekontua exekutatzeko Udal Arauan Kontuhartze mugatua ezartzearen hasierako onespena.

Kontu-hatzailetzarekin konfiantza osoa dugu, badakigu ahal duen guztietan zuhurtziaz jokatuko duela, beraz alde bozkatuko dugu.

 

 

5.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 7 zenbakidun espedientearen onespena.

Gure erantzuna badakizue dagoeneko eta badirudi zuen taldekideak ere kopiatzen hasi zaizkigula. Estatuko gobernu osaketaren negoziazioak direla eta, Aitor Estebanek honela zioen( gazteleraz dago, baina esaldi txiki batean asko esaten duela iruditzen zait) “No pueden llegar las iniciativas cocinadas” . Azken finean guk ere horixe bera eskatzen dugu, beraz ea agindu zeniguten legealdiko plan hori aurkezten diguzuen eta denon artean, azkoitiarrak asebeteko dituen plan txukun bat eratzeko kapaz garen. Bitartean badakizue, gure kontrako bozka.

 

 

6.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmena onestea, mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotako zaintzaren kalitatearen aldiko jarraipena egiteko.

Jarraipen eta kontrolak gehitzeak zerbitzuaren hobetzea ekarriko duelakoan, gure aldeko bozka.

 

7.- 2020-2024 Azkoitiko Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Udal Planaren onespena.

Batzordeetan ere esan dugu, baina errepikatzea gustatuko litzaidake, plana bukatu ostean, plan honen jarraipen eta egiaztapen egokiak egiteko, gure taldearentzat, ezinbesteko garrantzia duela, osatzea nahi den mahaiaren konposaketak eta  batik bat bere aniztasunak. Beraz eskari hau aintzat hartuko duzuelakoan gure aldeko bozka.

 

 

8.- 2020-2023 Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren onespena.

Aurreko planak UEMAN sartzea aurreikusten zuen, baina azkenik ez da gauzatu. Orain hemen aurkezten den plan honetan berriz ez da horretarako borondaterik ere agertzen. Guretzat UEMAN sartzeak laguntza emango liguke aurrerapauso sendoagoak emateko, beste herrietan egindako ekintzetan lortu dituzten emaitzak gurera moldatzeko aukera emango ligukeelako. Dena den ea plan honetan markatutako beste egitasmo denak burutzeko kapaz garen eta gure hizkuntza babesteko beste aurrerapauso batzuk ematen ditugun. Beraz, zuek ere borondate horrekin bat egiten duzuelakoan alde bozkatuko dugu.

FacebookTwitterGoogle+