2019-07-24 Udal bilkura

Hemen doazkizue gure taldeak esan eta bozkatutakoak.

7. puntuan eztabaida sortu da eta osorik esandakoa entzun nahi izan ezkero, Maxixatzenen ikus/entzungai izango duzuela iruditzen zait.

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Hirigune Historikoko Plan Bereziaren 3. aldaketaren behin behineko onespena.

Hemen egingo diren aldaketa denak zentzuzkoak dirudite, beraz gure aldeko bozka.

 

 

3.- Ohiko batzorde informatiboen bilkuren maiztasuna aldatzea.

Batzordean esan genuen bezala aldaketarekin erabat ados gaude, bai batzordeen eta bai gobernuan ez gaudenon talde antolakuntzan, hobeto moldatzeko aukera ematen duelako.

 

 

4.- Udaleko aurrekontua gauzatzeko Udal Arauaren aldaketaren hasierako onespena.

Legealdi berri honetako lehen udal bilkuran garbi utzi genituen gure iritziak. Liberatu gehiegi iruditzen zaizkigu, ordainsariak ere zer esanik ez, zeuen buruei soldata jartzerako orduan topeak erabiltzen dituzue eta beste ordainsarietan askoz ere txikiagoak edo  batezbestekoetan/median kokatzen zarete, gure ustez beste alderdienganako errespetu falta handia erakutsiz, beraz puntu honetan, lehengoarekin alderatuz erabat kontra.

 

 

5.- 2019ko uztailaren 1etik aurrerako eraginarekin udal langileen ordainsarien igoera onestea.

Ez dugu soldata igoeren aurrean esateko handirik, bizitza igotzen doan bezala, soldatak ere neurri berean igotzea bidezkoa iruditzen zaigu. Hori bai, enpresa pribatuan ere gobernuan zaudeten politikariok, ahal den neurrian, soldata eta lan baldintza duinak hobetzearen aldeko apustua egitea eskatuko genizueke, horretarako dugun garapen agentziaz baliatuz.

 

 

6.- 2019 ekitaldiko Azkoitiko Udaleko lanpostuen zerrenda eta plantillaren aldaketaren hasierako onespena.

Aurreko udal bilkuran esan genuen bezala, alkatearen idazkariaren kasuan orain lau urte esan genuena. Pasatzen den alkatea pasa, pertsona honetaz ez da inor kexatzen, beraz ez genuke lau urtean behin berdina esaten jardun beharrik izango behin betiko lanpostua emango bagenio.

Komunikazio arduradunaren lana berriz, udaleko barne komunikazioa, gardentasuna eta horrelako jarduerak betearazteko erabiltzen baziren, oztoporik ez geniola jarriko, baina batzordean esan bezala orain arteko lan berdina egiteko erabiliko duzuenez, kontra bozkatuko dugu. Behin eta berriz esan ohi dugu udal gobernuko taldearen esanetara eta alderdi horien propaganda egiteko erabiltzen dela eta orain gainera alkateak berak izendatutako pertsonarekin ez dugu uste ezer aldatuko denik, behar bada arazoa areagotu. Alkateari ahalmen hau emateak ere ez digu susmo onik ematen, komunikazio lana herritar denei begira egin beharko litzatekeelako eta erabaki hau printzipio hauen kontra doala iruditzen zaigulako.

Bestalde harriturik utzi ninduen EH Bildu alderdiak batzordean erabaki honen aurrean bere baiezkoa eman zuenean. Hauteskunde garaian, Maxixatzenek antolatu zuen elkarrizketan, argitalpenak eta prentsa zerbitzuarekin zer egitea pentsatzen zuten galdetu ondoren, dudarik gabe, kentzea zela beraien erabakia, erantzun zuen alderdi honetako hautagaiak. Alderdi honek, udaletxeko gobernuan zegoela kendu ez izanak ez zigun susmo onik ematen, baina oraingo baietzak, ni neu behintzat zeharo harriturik utzi nau eta baiezko honen zergatia jakin nahiko nuke.

Nahastu egin zirela eta ezetza bozkatu dute.

 

7.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Hemen ere aurreko legealdiarekin alderatuz aldaketarik ez. Gobernu berria osatu aurretik, beste alderdiekin eztabaidatuz, datorren legealdirako aurreikusten diren proiektuen antolakuntza bideratzeko asmoa zenutela esan zeniguten eta hemen gaur aurkezten dituzuen kreditu gehigarriekin, guztiz kontrakoa adierazten duzue, beraz gobernua osatu aurretik eman nahi izan zeniguten konfiantza bat-batean galdu duzue eta orain arte bezala  aldaketarik sumatzen ez dugun bitartean kontra bozkatuko dugu eta gure posizio apaletik herritik sortzen diren eskariak lehenesten ahaleginduko gara, Floreagako igogailutik hasita.

 

 

8.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Hau ere zeuek nahi eran erabakitako kreditu gehigarria denez gure ezetza.

 

 

9.- Batzorde informatzaileetako lehendakari, idazkari eta kideen berri ematea.

 

10.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

11.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+