2019-06-26 Udal bilkura

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

2.- Udalbatza plenoen ohiko bilkuren maiztasuna erabakitzea.

ADOS

3.- Batzorde informatzaileen eraketa.

Puntu honetan ere aldaketa gutxi nabari dira. Beraz aurreko puntuko erantzun berdina.

4.- Batzorde informatzaileen osaketa.

Legealdi honetan, batzordeetan 2 kide gutxiago izanik, proportzioan, asistentzia hobetuko dugula espero dugu eta beraz kide kopuruarekin ados.

Aurreko legealdian batzorde irekiak eskatu genituen herritarrengan gardentasuna eta informazio hobea eskaintzeko eta datorren honetan ere berdina eskatu nahi dizuegu, nahi duen orok lehen eskuko eta bat-bateko informazioa jaso dezan.

Badirudi azken hau, EH Bilduk emendakin bezala aurkeztu nahi duela hurrengo puntuan, beraz, nahi baduzue, emendakina aurkeztu ondoren eman zuen iritzia, gurea garbi dagoela iruditzen zait.

5.- Batzorde Informatzaile iraunkorren ohiko bilkuren maiztasuna erabakitzea.

Aurretik egun eta ordu hauek erabakita izateak alderdi bakoitzaren antolakuntzan lagunduko duelakoan ados.

Dena den batzorde horietan erabakiren bat hartu beharko balitz, beti bezala aurretik beste batzorde bat izatea ezinbestekoa ikusten dugu, erabakia ez baita pertsonala, talde edo alderdiarena baizik. Beraz, kasu horietan, lehen batzordean informazioa aurkeztu, denok izan ditzakegun zalantzak argitu eta bigarrengo batzorde batean, oraindik sortu daitezkeen eztabaidak argitu ondoren, eman bozka.

6.- Udal korporazioaren ordezkarien izendapena egitea beste organo eta udalez kanpoko erakundeetan.

Ez dakigu, udal batzordeetan bezala, zergatik ez diren 7 kidekoak Zubiaurre eta San Jose fundazioak. Bestalde, alderdi bakoitzak hautatu ditzala bere kideak, horretan ez dugu eragozpenik ikusten.

7.- Dedikazioen erregimen ekonomikoa, beste hautatuen asistentziengatiko dietak eta talde politikoen diru-izendapenak erabakitzea.

 

  1. a) Dedikazioen erregimen ekonomikoa: Dagoeneko gure iritzia nahiko garbi azaldu dugu. Alkatearen soldata legeak markatzen duen topea baino %20a gutxiago, hau da 56.960€ eta beste zinegotziek alkateak baino %10 gutxiago 51.264€. Biak ala biak soldata duinak iruditzen zaizkigu eta dirudienez baita zuei ere, bi zinegotziren ordainsariak gureak baino baxuagoak aurreikusten baitituzue.

Bestalde, ez dakigu zer arrazoigatik kobratu behar lukeen alkateak legeak markatzen dituen topeak eta hirigintza eta oposizioko zinegotziek besteekin alderatuz hain gutxi, gainera tope hori 10.000 eta 20.000 biztanle dituzten herrien topeak direla eta Azkoitia 20.000 biztanletik oraindik urruti dagoela jakinik.

Bestalde erabateko arduraldia, hau da %100 liberazioa dutenen topea ere 5 pertsonetan finkatzen da eta ez zaigu logikoa iruditzen arduraldi partzialen kopuruak muga hori gainditzea.

Laburbilduta, liberazio kopurua eta bi kide ez beste denen ordainsariak gehiegizkoak iruditzen zaizkigu, beraz ez gaude ados.

 

EH Bilduren emendakina: Egia esan, gure taldea 2016 geroztik aldarrikatzen ari garen oposizioko liberatu hau hartzeak asko poztu gaituela, horrela herritar orok izango baitu udaletxean, udal gobernuarekin ez ezik, beste alderdiren batekin hitz egiteko edo elkartzeko aukera  une oro. Eta liberatu 1,2,3,edo 4 izateari ez diogu arazorik ikusten, denen baturak ez badu liberazio oso baten gastua  gainditzen.

 

  1. b) asistentziengatiko dietak: Badirudi legealdi berrian bi zinegotzi gutxiago izango garela, guk horrela ikusten dugu behintzat:

 

-EAJ_3

-EH Bildu_2

-PSE_1

-Azkoitia Bai_1

Hori horrela eta jakinik, azken finean, lan kopurua ez dela jaitsiko, bi zinegotzi horien ordainsariak, hemendik aurrera izango diren beste 7 zinegotzien artean banatzea aurreikusten dugu, batzordeei eman beharreko garrantzia emateko eta orain arteko asistentzia, ahal den heinean igotzeko.

– Batzordeetara asistentzia 45€ .

-Batzordeko lehendakariak  70€ , nahiz eta ardura gehiago duen, udaletxeko teknikoen laguntza handia izaten duelako.

Eta liberazioren bat dutenei kantitate berdina kendu bere hileko ordainsaritik, hutsegitea justifikatzen ez badute, liberaziorik ez dutenak ez baitute xemekorik kobratzen batzordeetara joaten ez badira, nahiz eta batzorde aurretik eginiko lana berdina izan. Hau da, ez zaigu normala iruditzen norbaitek bere eginkizun bat betetzen ez duenean, beteko balu bezala kobratzea, edozein lanetan eskatuko ligukeen justifikazioa aurkezten ez badu behintzat.

Plenoko ordainsaria berriz ondo dagoela iruditzen zaigu, hau da 70€, azkenean bertan ematen diren botoak duten ardura nolabait baloratu behar delako, hori bai, kasu honetan ere, liberatuekin batzordeetan esan duguna mantendu, hau da agertzen ez denari kantitate hau bere soldatatik deskontatu.

  1. c) talde politikoen diru-izendapenak: Zuek jarritako kantitateak ez zaizkigu oso gaizki daudenik iruditzen, baina ezin dugu ulertu nola ordainsari batzuetan topeak erabiltzen dituzuen eta kasu hauetan berriz orain dela 4 urteko batez bestekoak/mediak, gutxienez lau urte hauetan udaletxean egin diren igoera berdinak egitea proposatzen dugu eta esan bezala, batzuetan topeak eta besteetan erdi bidean dauden ordainsariak erabiltzearen zuen arrazoiak jakin nahi genituzke.

8.- Behin behineko lanpostuen kopuru, ezugarriak eta ordainsariak erabakitzea.

Alkatearen idazkariaren kasuan orain lau urte esan genuena. Pasatzen den alkatea pasa, pertsona honetaz ez da inor kexatzen, beraz ez genuke lau urtean behin berdina esaten jardun beharrik izango behin betiko lanpostua emango bagenio.

Komunikazio arduradunaren lana berriz, udaleko barne komunikazioa, gardentasuna eta horrelako jarduerak betearazteko erabiltzen bada, ez diogu oztoporik jarriko, baina beste kasu batzuetan bezala, udal gobernuaren propaganda egiteko erabiltzen bada kontra agertuko gara.

 

9.- Alkatetzaren ebazpenen berri ematea:

 

 

  • Alkate-ordeen izendapena.

 

  • Tokiko Gobernu batzarreko kideen izendapena.

 

10.- Udal talde politikoen eraketa eta haien bozeramaileen izendapenaren berri ematea

FacebookTwitterGoogle+