Udaletxeko liberatuak

Azkoitiko alkatea hurrengo lau urteetan zein izango den erabaki ondoren, nortzuk liberatuko diren eztabaidatu beharko genuke eta nola ez, zenbat kobratu beharko luketen.

Bigarren galderarentzat erantzun azkarra eta zehatza dugu, orain kobratu dutenaren %20 gutxiago. Gaur egun alkateak eta zinegotziek 70.000 eta 60.000€ buelta horretan kobratzen dute eta guri askotxo iruditzen zaigu, EUDEL-ek markatzen duen topeetan dabiltza une oro.

Liberatu kopuruan ere EUDEL-ek aholku batzuk ematen ditu eta horietako bat, gure taldeak, 2016tik, behin eta berriz aldarrikatu duen oposizioko liberatua da.

Badirudi azkenean Bildu taldeak pausu hori ematea erabaki duela eta guri oso positiboa iruditzen zaigu, horrela, herriko beste alderdi eta herritar denentzat, udaletxean, gobernukoa ez den beste pertsona batzuk ere izango ditugulako, herrira begira lanean.

%100ean pertsona bat liberatu beharrean, bi nahi dituzte liberatu %50ean. Biak gazteak direla dirudi eta hori horrela, guri, berdintasuna eta udaleko komunikazio arloa zuzentzeko paregabeak iruditzen zaizkigu. Herriko talde feministarekin harremanak sendotzeko bata eta udal aldizkaria desegin eta udaleko web orria sustatzeko bestea.

Liberatu hauek gure oniritzia izango dute noski, baina EAJ alderdiak ez dakigu oraindik beste zein eta zenbat pertsona liberatzea pentsatu duen.

Dena den, larriena ez da liberazio kopurua, gobernu osaketa baizik.Azken informazioen arabera PSOEko zinegotzia izango dute beraien ondoan, baina zeren truke? Penagarriena beste liberazio baten truke, berriro ere gehiengo osoa izango luken gobernua osatzea litzateke. Lehen ere egin zuten eta egia esan, berriro gertatuko denaren beldur gara. Beste alderdiekin adostasunetara iristeko behar den balentria eskatuko genieke eta mesedez ez dezatela berriro beste gehiengo oso bat erosi eta herritar ia erdia baztertu.

FacebookTwitterGoogle+