2019-06-11 Udal bilkura

Hemen dituzue, idatziz, Azkoitia Bai taldeak 2015-2019 legealdiko azken udal bilkuran esan eta bozkatutakoak:

Data: 2019-06-11

 

Udal bilkura

Aurretik alderdi denak zoriondu , Maitzak 26an izan dituzuen emaitzengatik, bata hauteskundeak irabazi dituzuelako eta besteok berriz, zeuen bozka  kopurua igotzea lortu duzuelako.

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Udala, Elkargune Institutua, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzenen 2018ko Kontu Orokorren eta Kontu Kontsolidatuaren onespena.

Kontuak ondo egongo direla ez dugu zalantzan jartzen. Badirudi, gainera, nahiz eta oraindik badagoen non hobetu, gero eta zorrotzagoa dela barne kontrola, beraz gardentasunean ere hobekuntzak ezarri dira. Baina,  Azkoitia Lantzenen kontuak besteekin batera onartu behar direnez, ezetz bozkatuko dugu.

 

3.- “Azkoitiko GI-3173 Errepideko hasierako zati berria eraikitzeko eta 32 Sektoreko  Urrategibideako Hiritartze Proiektua”-n jasotakoaren araberako Azkoitiko Arau Subsidiarioen Testu Bategineko 32. Sektoreko – Urrategibidea – Hiritartzeari dagozkion lanen exekuzioan egondako neurketa aldeei dagokien gastu gehikuntzaren onespena.

Ia obra denetan berdina gertatzen da eta arazo hau ekiditeko neurriak hartzen hasi behar genuke. Obra bukaeran gastatzen den dirua, proiektuan zetorrena baino gehiago bada ia beti, nonbaiten badago akatsen bat. Badakit udaletxe honetan ez diogula irtenbidea emango, arazoa orokorra baita, baina gutxienez salatzea ez legoke alferrik eta ea beste herrialdeetan gertatzen ez diren desbideratzeak ekiditeko neurri zehatzak jartzen hasten garen. Salaketa hau egin eta gero eta behar bada, jakinda, aurretik eginiko proiektua hobeto eginda egon balitz, ez litzatekeela neurketa alderik egongo,  nola ez, egindako lana ordaindu egin beharko da, edo hobeto esanda, LIDLek ordaindu beharko du eta beraz alde bozkatuko dugu.

 

4.- Korreo Berri, S.L.-k aurkeztutako berraztertze errekurtsoa ezeztea, baliogabetze eskaeraren eta subsidiarioki ofiziozko berrikuste prozeduraren ingurukoa.

Puntu honetan beti esan ohi duguna. Azkoitiko herriari norbaitek zerbait zor badio eta zor hori kitatzeko nahiko baliabide badu, beste denok egin beharko genukeen bezala, ordaindu dezala. Beraz, gure aldeko bozka.

FacebookTwitterGoogle+