Udal Bilkura 2019-03-27

Hemen dituzue idatziz gure taldeak 2019-03-27ko plenoan esan eta bozkatutakoak:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 

 

2.- Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa prozesu bateratuen kudeaketarako kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmenaren onespena.

Azkoitiko merixuen artean, aspalditxotik aldaketa asko egon dira eta gure ustez horrek ez du errazten herritarrarenganako hurbiltasuna.

Badirudi arazoa ez dela gure herrikoa soilik eta herri askotan daudela agente poltsak betetzeko arazoak.

Gaur egun azterketak herri askotan egiten dira, eta agenteak, nahiz eta badakiten herri horretan ez dutela lan egin nahi, azterketa gainditzen saiatzen dira, aurrerantzean nahiago luketen herrietara joateko asmoz, hau da, Azkoitian Bizkaiatik datozen agenteak baditugu, normalena, ahal dutenean beren herrietara hurbiltzea litzatekeela.

Hitzarmen honek badirudi akats hau zertxobait ekiditeko balioko lukeela eta gure udaletxean lan-karga bat gutxiago izango genukeela inongo kalterik gabe.

Beraz hitzarmenaren helburua ondo iruditzen zaigu eta gure aldeko bozka duzue.

 

3- Korreo Berri, S.L.ren eskaera,  ezeztea  edo subsidiarioki ofiziozko berrikusteari buruzkoa.

Kasu honetan guk beti eman ohi dugun erantzuna, udaletxeari norbaitek diru bat zor badio eta zor hori kitatzeko ahalmena badu, denok egin beharko genukeen bezala, ordaindu dezala.

 

4.- Udal langile eta Korporazioko kideen 2019ko ordainsarien igoeraren onespena.

Bizitzeko kostua igotzearekin bat ordainsariak igotzea ere bidezkoa iruditzen zaigu, bai udaletxe honetan eta baita beste edozein tokitan ere.

Dena den, politikarion ordainsariak adosteko beldurra dugula dirudi, behin eta berriz egin baitugu denon artean eztabaidatzeko eta adosteko konbitea eta ez digu inork baiezkorik eman. Lehendabizi, Azkoitia bezalako herri batean zenbat politikari liberatu behar ditugun erabaki beharko genuke eta ondoren bakoitzaren ordainsariak finkatu.

Legealdi hasieratik hitz egitea komeni zela esan genuen, hau da, legealdi honetan denok adostutako ordainsariak jasotzea lortzera iristeko ahalegina egin behar genuela.

Badirudi beste taldeok ez duzuela eztabaida hau abiatu nahi,  ez baituzue ezer erantzun.

Legealdi hau horrela pasa da eta hurrengo legealdian berdina gerta ez dadin oraindik aukeran gaude batzorderen batean gaia sakontzeko.

Oraingo ordainsariak EUDEL-ek markatutako gehiengoak, topeak, dira eta behar bada, beste gai askotan bezala, beste taldeok EUDEL-eko kide zareten heinean, bertan esaten dena ongi deritzozue.

Guri gehiegitxo iruditzen zaigu Azkoitiko alkateak 70.000€ tik gora kobratzea eta 45.000€tik hasi eta 70.000€rarte hitz egiteko beta badagoela eta tarteko zifra bat ere soldata duintzat hartuko genuke guk. EUDEL-ek ez dakigu zer tarte markatzen duen eta gurearekin ados ez bazaudete, EUDEL-ek dioena ere eztabaidatzeko prest egongo ginateke, EUDEL-ek ez baitu esaten markatzen duenaren topea kobratu behar denik nahi ta nahiez.

Beraz eztabaida hau bideratzen ez dugun bitartean ezin diogu politikarien soldatei baiezkorik eman eta hori horrela, puntu honetan, udaletxeko langile denen bozketa bateratua egitera derrigortzen gaituzuenez, gu abstenitu egingo gara.

 

5.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 1 zenbakiko espedientearen onespena.

Lehendabizi gogoratu zubi hau gure taldeak lehentasun bezala ez duela sekula ikusi, ez baitugu, gai honetan,  inoiz, herritarren premiazko eskaerarik entzun. Floreagako igogailuak, Herriko igerilekuak berritzeak, orain egoitza herrira jaisteak, … hainbat eta hainbat sinadura jaso dituzte eta herritar askoren babesa nabarmena da, baina zubi honen konturik, ez neuk eta ez nire ondokoek, ez dute sekula ez irakurri eta ez entzun. Beraz udaletxea herritarren eskakizun eta beharrei erantzuteko dagoela kontutan harturik ezingo diogu obra honi gure baiezkorik eman.

Esan beharra dago bestalde hemen gertatu den akats hau gerta ez zedin, gure taldeak, Foru Aldundiko kotak eta gure herrikoak bateratzea eskatu zituela eta 2016 edo 2017ko aurrekontuetan partida bat jarri zela, baina azkenik ezer egin gabe berriro kendu duzuela eta bere garaian egin beharreko lanketa egin bazen ez zela orain gertatu dena gertatuko. Lanketa hau Gipuzkoako beste herri askotan dagoeneko egina dago baina hemen orain ere etzetik goazela dirudi.

Dena den, kreditu aldaketa hauek, beti esan ohi izan dugu, zeuek nahieran erabiltzen dituzuela eta gehiengo osoa izanik, ez diozuela beste taldeek esango dugunari jaramonik egiten eta hemen dakarkiguzue beste adibide garbi bat. Gu, hemen eta orain, zubi honetan egin behar den geometria aldaketa eta horrek dakarren diru kopuru gehitzea bozkatzen ari gara eta zubi hori Altzibarren dago atzotik, beraz aurreko hauteskundeetan bere bozka eman zuten Azkoitiarren %50ari burla egitea dela iruditzen zait eta errespetu falta handia eta ezetz bozkatuko dugu.

FacebookTwitterGoogle+