2018-10-31 Udal bilkura

Hemen dituzue gure taldeak 2018-10-31 ko udal bilkuran esan eta bozkatutakoak. Esan behar 6. puntuan eztabaida txiki bat ere izan genuela.

Data: 2018-10-31

Udal bilkura

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 4 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Badakizue beste taldeekin elkarlanean hartutako erabakiak ez diren bitartean, ez kreditu gehigarri, ez kreditu aldaketa eta ez konpromiso kredituei ez diogula gure baiezkorik emango, beraz puntu honetan eta hurrengoan gure ezezkoa.

3.- 2018 ekitaldiko 2 zenbakidun konpromiso kredituaren hasierako onespena.

4.- 2019 ekitaldirako Taxien tarifen onespena.

Hasera batean %2,2ko igoera handia iruditu zitzaigun, baina azken urteetan egin diren gorakadak eta KPIa Abuztuan eguneratzen dutela kontutan harturik, alde bozkatuko dugu.

5.- Zubiaurre-Elkargune Institutuko EH Bildu udal taldeko ordezkariaren izendapena.

ADOS

6.- EH Bildu udal taldeak pentsioei buruz aurkeztutako mozioa.

Mozioen aurrean gure bozka dagoeneko jakingo duzue, baina hemen eskatzen dituzuen bi puntuei erantzun labur bat emango diot.

Ni neu, mozio hau aurkeztu aurretik, astelehenetako protesta askotan izan naiz, aspalditxo ez naiz joan, orain ezinezkoa egiten zaidalako. Dena den, guk arazo hauei aurre egiteko mozioak baino elkarlana nahiago dugu, hau da, arazoren bat agertzen denean, talde denok, dugun informazioa partekatu eta ahal den heinean irtenbide bateratu bat lortzera iritsi.

Eta hemen aldarrikatzen duzuen bigarren puntuan horrela jokatu dugu. Orain dela gutxi komentatu nuen neuk batzorde batean, orain zuek hemen eskatzen ari zareten berbera eta ez zen gehiago sakondu. Azpeitiko udaletxean 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako diru-laguntza berri bat aurkeztu zutela eta Azkoitian horrelako zerbait bagenuen galdetu ondoren, udaletxeko teknikariak, gure herrian norbait laguntza eske etortzen bada, arazoari pertsonalki erantzuten zaiola, eta azterketa sakon bat egin ondoren behar den laguntza eman, erantzun zigun.

Erantzun honekin, nire ustez, badirudi Azkoitiko udaletxeko laguntzak pertsona denentzako direla eta ez pentsiodunentzat soilik, beraz hasera batean behintzat, laguntzak zabalagoa dirudi.

Baina beti esan ohi dugun bezala, inork beste dudaren bat balu, gure taldea beti dago elkarlanerako prest (nola ez, geuk mahai gainean jarritako gai bat bada) , beste batzorderen batean gaia sakontzen jarraitzeko eta orain ematen diren laguntzak aldatu behar badira aldatzeko.

Hori bai, guk mozioen aurrean betiko erantzuna, abstentzioa.

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

8.- Galde-erreguak.

Orain aurkeztuko dudan gai honetan ere errazena mozio bat aurkeztu eta ondo gelditzea litzateke, baina lehen esan bezala ez da gure jokatzeko era. Badirudi, Eusko Jaurlaritzak, pinuak duten gaitzari aurre egiteko, airetik egingo den fumigazio bat aurreikusten duela eta herritar asko kezkatu dela, fumigazio horrek ekarriko lituzkeen kalteez. Guk, gure herrian fumigazio hori egin aurretik, herritarrei behar den informazioa ematea eskatzen dizuegu, naiz hitzaldi naiz batzordez, nahiko luken orok, informazio tekniko zehatza izan dezan.

FacebookTwitterGoogle+