2018-09-26 Udal bilkura

 

Hemen dituzue Azkoitia Bai taldeak esan eta bozkatu dituenak . 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

 

Ados.

 

2.- Azkoitiko Arau Subsidiarioen Testu Bategineko 32 sektoreko –Urrategibidea- hiritartzeari dagozkion lanen exekuzioa, “Azkoitiko GI-3173 errepideko hasierako zati berria eraikitzeko eta 32 sektoreko Urrategibideko Hiritartze Proiektuan” jasotakoaren arabera esleitzeko jardunbidean obra osagarriak egikaritzea xede duen kontratazio espedientearen onespena eta esleipena.

 

Gure taldeak, lan hauek hasi aurretik, eremu honetan zer egin beharko litzatekeen herriari galdetzea izango zela egokiena esan zuen. Baina obra aurrera doala ikusirik, orain atzera egitea ez dugu bidezkoa ikusten, beraz gure aldeko bozka.

 

3.- 2019 ekitaldirako Ordenantza Fiskalen aldaketaren onespena.

 

Denbora luzean  mantendu diren akordioak urtez urte apurtzen ari zarete.

Lehendabizi tasetan ahal den dena berreskuratzeko ahalegina egitea eta tasen estalduran %100era urreratzea. Zaborraren tasan %75 buelta horretan gabiltza eta aurten ere 300.000€ ko zuloa egingo dugu.

Orain berriz, zergetan, beste inguruko 20 herriren batezbestekoan egotea ahaztu zaizuela dirudi eta batik bat, gu gehien kezkatzen gaituena, ondasun higiezinen gaineko zerga da, denok ulertzeko IBIa.

2016ko ekainean kalkulu batzuk egin zenituzten IBIan, bai etxetiarra eta baita industrialean ere, batezbestekoan egoteko. Guk orduan ere esan genuen industrialean batezbestekotik behera gelditzeko arriskua ikusten genuela, baina zuen kalkuluekin jo genuen aurrera. Esan beharra dago ez zela erraza asmatzea. Baina orain datu gehiago dauzkagu eta garbi ikusi daiteke zeuek bidali diguzuen taulan, etxeko IBIan goitik gaudela eta industrialean berriz behetik eta ezin dugu ulertu zergatik ezin garen batezbestekora itzultzen saiatu.

Esan behar dugu pena handia ematen digula, lehen lanketa on baten ondoren akordio hauek lortu izana eta orain bapatean apurtzea.

Pasa den urteko ezadostasunak ere berdin jarraitzen dute, Etxe hutsen zerga ondo funtzionatu ondoren kendu egin zenuten eta 25urtetik goragoko, asko kontsumitu eta kutsatzen duten autoei, hobariak ematen jarraitzen duzue “kotxe historiko” izenean.

Gure taldeak aurten ere beste hobari bat eztabaidatzea nahi izan du eta datorren urterako atzeratu duzue. Gu famili ugariei laguntzak emateko prest gaude, baina famili horretako diru sarreren arabera, bestela Messi azkoitiarra balitz, hobariak jasotzeko eskubidea izango luke.

Beraz urteak pasatzen diren heinean, arrazoi gehiago dugu ezetz bozkatzeko.

 

4.- 2019 ekitaldirako Zubiaurre-Elkargunea Institutuko tarifen onespena.

 

Guk Zumba, Aerobik-Step, Gorputz tonifikazioa, GAP, Aquagim eta honelako beste jarduera batzuk Cicling edo pilatesen prezioekin  alderatuz askoz ere  merkeago zirela ohartu ondoren, beste herriekin konparaketa bat egitea pentsatu genuen, Azpeitia, Zumaia, Elgoibar, Zarautz eta Tolosarekin hain zuzen ere eta konklusio batera iritsi ginen. Cicling eta pilates jardueretan prezio antzekoak ditugula, baina goian aipaturiko beste jardueretan (guk zumbarekin egin genuen konparaketa) askoz ere baxuagoa. Beraz, erabiltzaileak ez direnak, erabiltzaileak jarduera hauetan ordaintzen ez dutena ordaindu ez dezaten, %10eko igoera eskatzen dugu askoz ere baxuago dauden jardueretan eta hala eta guztiz ere gure prezioa batezbestekoa baino baxuagoa izango litzateke.

Ikusirik guk egin dugun lanketa hau ez duela beste inork egin eta beraz guri arrazoia eman edo kentzeko argudiorik ez dagoela, guk gurean jarraitu eta ezetz bozkatuko dugu.

Taula konparatiboa zabaldu diogu beste taldeei (paper eta korreo elektroniko bidez)

 

EH Bildu-ren emendakina. Ordainsari igoera udal langillei bakarrik aplikatzea eta ez korporazioko kideei.

Guk legealdi honen hasieran esan genuen, gai honetan, denon artean ahalegindu beharko geukeela akordio batera iristen, eta ez legealdi honetarako bakarrik, baita hurrengoetarako ere.

Udaletxe hau ondo gestionatzeko zenbat politikari beharko genituzken ikusi eta gero bakoitzak zenbateko soldata izango luken erabaki.

Legealdi hau bukatzerako berriro ere puntu hau mahai gainean jarriko genuela ere esan genuen eta batzordean saiakera egitea ere espero dugu.

Dena den hemengo politikeriek, soldata bezala, EUDELek legealdi honen hasieran markatutako topeak hartu zituzten, ez badit buruak asko failatzen eta orduan ere nahiko altuak zirela iruditu zitzaigun. Beraz emendakin honen alde bozkatuko dugu.

 

5.- Udal langile eta Korporazioko kideen 2018ko ordainsarien igoera onestea.

Langileen kexarik ez dagoela esan digute eta gainera Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen topeetan gabiltzala, beraz ados.

 

6.- Floreagako eraikin zaharra eta Frontoiaren obra berriaren eskritura publikoa sinatzeko ahalmena Alkate-Lehendakariari ematea.

Beti ere horrelakoren bat azaltzen dela dirudi eta udaletxearen izenean eskrituratzea  komeni dela, beraz gure aldeko bozka, hau da, alkateak udaletxearen ordez sinatzearen alde.

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

9.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+