2018-06-27 Udal bilkura

Hemen dituzue Azkoitia Bai herri plataformak Udal bilkura/pleno honetan esan eta bozkatutakoak:

Data: 2018-06-27

 Udal bilkura

 1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Beti esan izan dizuegu erabakiak hartuta etortzen zaretela eta guri bozkatzeko aukera besterik ez diguzuela ematen eta oraingoan garbi laga duzue.

231.000€ gastatuko dituzue plaza bat egiten eta aurretik ez diguzue gastu hau justifikatuko luken berririk eman, hau da plaza berri hau egitera zoaztela kreditu aldaketa honen bidez eman diguzuela berri, aurretik hirigintzako batzordeetan ezer esan gabe.

Baina guretzat okerrena ez da hori. Badira herri mugimendu batzuk oraindik zuen erantzunaren zain daudenak eta beraien eskakizunei zer erantzun emango zaien ez dakitenak eta zuek behin eta berriz herriko eskaerarik ez dagoen proiektuak bultzatzen, Jausorotik Altzibarrerako zubia, orain plaza hau,…

Ez goaz proiektuak epaitzera, behar bada azkenik herritarren gustukoak izango dira, erabakiak nola hartzen dituzuen epaitzera baizik.

Behin eta berriz esan dugun bezala, legealdi honetan duzuen gehiengo osoak honelako erabakiak hartzera bideratu zaituzte, baina badakizue ez dela hori guri gustatuko litzaiguken politika, guk nahiago dugu herritarren eskaera eta mugimenduei  garrantzi gehiago eman eta ahal badira bideratu, eta denak ezin badira egin, honelako erabaki garrantzitsuak herri galdeketa baten bidez erabaki.

Parke estalia zeuei musu puntan jarritako tokian egitera zoazte, herritarraren erabakia kontutan hartu gabe. Gogoratu nahi dizuet udaletxea ez dela enpresa pribatu bat eta herritarraren aginduetara gaudela.

Udaletxea enpresa pribatu bat bezala erabiltzen duzuela erakusteko, diru kontuaz ari garenez, adibide bat jartzeko, alkate dekretu baten bidez, diru kopuru bat nola gastatu den salatu nahi nuke. Udal gobernuak 12.400€ gastatuko ditu, beraiek diotenez, herriari bere udal programa zenbateraino burutu duten erakusteko. Guretzat, batzordean esan genuen bezala, lotsagarria da, herritarraren diruarekin AEJ/PNV alderdiaren propaganda  egitea dela iruditzen zaigulako. Estatu mailan PP alderdikoak epaitu dituzte hauteskundeetara dopatuta joan zirelako, enpresari batzuen diru beltza jaso ondoren, gero diru hori propaganda elektorala egiteko erabili zutelako. Zuek enpresarien dirua ez baina, herritarren dirua erabili duzue helburu bera lortzeko.

Hau dena esan eta gero, gure ezezko bozka.

 

3.- EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa: LGTBI+ pertsonen sexu-askapenerako nazioarteko eguna.

 

Badakizue honelako mozioei ematen diogun erantzuna zein den, Azkoitiko gai zehatz bat ez bada behintzat.

Beti esan ohi dugu baita ere, gure taldeari gai hauetaz informazioa zabalduko diogun konpromisoa hartzen dugula, gero bakoitzak nahi duen ekintzetan parte hartu dezan eta beti prest gaudela honelako gaiak udal batzordeetan eztabaidatu eta lantzeko, zeuek mozio honetako paragrafo batean diotsuen bezala:

“Euren borrokari laguntzeko gure konpromiso politikoak egunerokoa izan behar du, ez soilik adierazpenak eginez, baizik eta gizarte-ordezkariekin adostutako ekintzak martxan jartzeko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak konprometituz, betiere ikuspegi feminista eta eraikitzailearekin.”

Beraz, esan bezala lanerako prest eta honelako mozioetan iragartzen dugun abstentzioa.

 

 4.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 5.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 6.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+