2018-05-30 Udal bilkura

Gure taldeak esan eta bozkatuak 2018-05-30eko udal bilkuran, idatziz:

Data: 2018-05-30

 

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespenak, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Hiri Antolaketako Araudietako 4. aldaketa zehatzaren behin behineko onespena; “San Martin” 3. eremua, “San Juan” 24. eremua, “Basarte” 25. eremua eta Izarre Jandalo” 33. sektoreari buruzkoa, zein Azkoitiko Lurzoru Urbanizaezinari buruzkoa eta Araudi Orokorraren Testu Bateratua.

 

Aholkularitza batzordeko aktarekin genituen arazoak zuzendu ondoren, hau da, gure taldeak esan eta irakurri zituen batzuk gehitu ondoren, arau aldaketak baloratzera pasako gara.

Eztabaida egon daiteke, bati Ha 1eko lursail minimoak nahiko iruditu eta beste bati aldiz 5 Ha gutxitxo. Gure herrian 2,5 Ha ditugu gutxieneko jarrita.

Eraikinen arteko gutxieneko distantzia ere 50m.koa da gure herrian eta badirudi neurri honekin ere ez gaudela denok ados.

Orain arteko herriko arauekin alderatuz ez dago, guk dakigula behintzat, aldaketa esanguratsurik. Esan diguzuenez nekazal taldeekin eztabaidatu eta adostu dituzue.

Aholkulari batzordeak, besteon eskaerak kontutan harturik, irekiak egitea erabaki zenuten eta hori ere asko eskertzen dizuegu.

Beraz, aktaren arazoa konpondu aurretik batzordean bozkatu genuen ezezkoa baietz bihurtuko da, batez ere, esan bezala, gure eskaera kontutan hartu eta herrira irekitzeko beste pausotxo bat eman dugulako.

 

 

3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

 

Uste dugu, azkeneko udal bilkuran, garbi geratu zela kreditu aldaketa, kreditu gehigarri eta honelako beste denei zergatik ez diogun baietzik ematen eta bilkura hartan aurreratu nizuen bezala gure ezezkoa.

 

 

4.- Azkoitia Lantzen, S.A. eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmena onestea alokairua sustatzeko laguntzak izapidetzeko hitzarmena onestea.

 

Orain arte ematen diren laguntza berdinak emateko hitzarmen hau sinatu behar bada, hau da, juridikoki hau bada formarik egokiena, gure oniritzia duzue.

 

 

5.- Korreo Berri, S.L.-k aurkeztutako aparteko berrikuste errekurtsoaren tramite onespena eta espedientea Aholku Batzorde Juridikora bidaltzea nahitaezko irizpena eman dezan.

 

Korreo Berri enpresa Azkoitiko udalarekin zorretan badago eta zor hori kitatzeko baliabideak baditu, bidezkoa ikusten dugu, guk udaletik kobratu ezin geniona, orain aldunditik kobratzen saiatzea. Dena den denok izan behar dugu defentsarako aukera eta errekurtsoaren tramitearen onespenaren alde bozkatuko dugu.

 

6.- 2019 urtean lan ondorioetarako Azkoitiko Udalerriko tokiko jai eguna zehaztea.

 

Udaleko langileekin adostasuna badago guk ez dugu eragozpenik jarriko.

 

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

9.- Gure Esku Dago mozioa

Gure Esku dago egitasmoari buruko mozioa. (erantzuna)

Gure taldeak beti uxatu nahi izan ditu, Euskal Herria, Euskadi,… eta horrelako hitzek ekartzen dituzten eztabaidak.  Zuen azken mozioa hitz hauexekin hasi genuen. Berriro ere hitz berberak irakurri ditugu eta guk ere lehen pentsatzen genuen berdina pentsatzen jarraitzen dugu. Dena den, zuei ez badizue aparteko arazorik sortzen, suposa dezakegu herrian dagoen talde eragileak, azalean gelditu gabe mamira jotzea nahiago duela eta garrantzia gaiaren sakontasunean aurkitu duela. Gure taldeak, egia esan, nahiago du, ahal baldin bada behintzat, horrelako hitzek ekartzen dituzten arazoak uxatzea, gure uste apalean, kolore denetako jendea batzeko egokiago delako.

Baina badira mozio honetan gure taldeak garrantzia ematen dioten beste hainbeste hitz eta esaldi ere:

Elkarrekin etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean

etorkizuna elkarrekin

Herritarron Ituna

herritarren behar, ilusio, asmo eta zergatiak jasoko dituen bilduma zabala

adostasun esparruak elkarrekin eraikitzeko

Eztabaida, ekarpen, proposamen eta adostasunaren bidez eraikiko dugun tresna dinamikoa izango da.

Adostu dezagun bidea elkarrekin.

 

Gure ustez juxtu hitz hauexekin definituko genuke, nola izan beharko luken etorkizuneko politika, hitz batean esan behar bagenuke, parte-hartzailea.

Kataluniako mozioak ere etorri dira udal honetara, eta mozio haietan esan genuen berdina esango dizuet zuei ere, kriston inbidia ematen digula horrelako herri mugimendu batek.

Baina jakin ezazue gure taldeak soilik Azkoitiko gaiak  jorratzen dituen mozioetan hartzen duela parte, gure ustetan udaletxea ez baitago aurkezten zaizkion mozio denei erantzuna emateko. Herriko nondik norakoak, ekintza konkretuak, ekintza horiek behar dituzten aurrekontuak, taldeei laguntzak emateko,… badaudelako beste toki egokiago batzuk, batzorde irekiak, udal bilkurak… Guretzat lehen pausua eta garrantzitsuena eman duzue, herri mugimendu handia lortu duzue eta herria alde batera mugitzen bada, udalak ere alde berera joan beharko luke. Beraz, talde bezala iritzia eskatzea logikoa iruditzen zaigu eta aurreko paragrafoetan eman dugu, berriro ere zuekin salbuespen bat eginda, baina azkenik hemen aurkezten diren beste mozioei ematen diegun erantzuna emango dizuegu zuei ere, guk taldekideak kontu hauetaz informatu eta gero bakoitzak aukera dezala pertsonalki zertan hartu nahi duen parte, guk horraino iritsi dezakegu udaletxeko partaide bezala eta gure bozka besteetan bezala abstentzioa izango da. Hori bai, horrelaxe jarraitzeko animua luzatzen dizuegu, horrelako herri mugimenduei benetako garrantzia ematen diogulako.

 

10.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+