2018-02-28 UDAL BILKURA

Hemen dituzue gure taldeak azken bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2018-02-28

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

 

ADOS

 

2.- Azkoitiko Hiri Antolaketako Araudietako 4. aldaketaren hasierako onespena; 3. Area “San Martin”, 24. Area “San Juan”, 25. Area “Basarte” eta 33. Sektorea “Izarrejandalo”-ri dagokionean.

 

Badirudi gai honek luzerako emango digula, hau da, behin betiko onespena eman aurretik, bilera eta eztabaida asko izango dugula. Guk momentuz gure onespena emango diogu udal gobernuari, baina pare bat ñabardura adierazi eta gero.

San Juan eta Basarten ez dugu eragozpen handirik ikusten, baina San Martin eta izarrejandalon kontu handiz jokatu beharko da, Izarrejandalo eremu handia eta obra garrantzitsua egin behar litzatekeelako eta San Martinen berriz herritar askorengan izango lukeen eraginagatik.

Izarrejandalon ez genuke orain urte gutxi izan ziren handikerietara bueltatu nahi eta San Martinen berriz lege kanpoko eraikin asko dagoela esan diguzuenez, lehenbailehen zuzentzea eskatzen dizuegu.

Elkarguneko sarrerako plaza handitzea ondo ikusten dugu, nahiz eta aldameneko eraikin bati solairu bat gehiago egiteko aukera eman beharra izan horretarako.

Baina okerrik handiena beti bezala parte hartze faltan ikusten dugu, baina oraindik denbora badagoela ikusirik, mesedez saiatu zaitezte, gure onespenaren gain, herritarrena ere izan dezazuen.

 

3.- 2018ko zerbitzu publikoak eman eta jarduerak egiteagatiko tasa arautzen duen Udal Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena.

 

Gizarte-Ongizateko teknikariak aurkeztu zizkigunean borondate eta neurri egokian eginiko laguntzak ziruditen. Beraz gure taldeak ez dio eragozpenik aurkitu eta ados gaude.

 

 

4.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 1 zenbakidun espedientearen onespena.

 

Badakizue beste taldeokin elkarlanean hartutako erabakiak ez diren bitartean ezin diogula gure baiezkoa eman, beraz abstenitu egingo gara.

5.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko espedientearen onespena eta jardunbideari hasiera ematea.

 

Prezioari baino Azkoitiarren ongizateari garrantzi gehiago emango zaielakoan ados.

 

6.- Azkoitiko udalerriko II. Berdintasun Planaren onespena.

 

Zeuek bidalitako dokumentuan, literalki honako hau zioen: “bereziki garrantzitsua izango da herriko elkarte, eragile eta norbanako guztien parte hartzea”. Beraz animatu, berriro ere, zeuen idatziak kontutan hartu eta ahalegin berezi bat egitera. Badakizue gure laguntza izango duzuela gai honetan eta animu horiei gure bultzadatxoa emateko, gure baiezkoa.

 

7.- PSE-EE udal taldeak sexu erasoen aurkako APP bat sortzeko aurkeztutako mozioa.

 

Beti bezala, alderdi politikoko organo gorenetatik  datozen mozioek bakarrik mugitzen zaituzte, hau berau ere badirudi EUDELetik datorrela. Gai honetan, udal honetan, denon artean zerbait egitera , pare bat urtetan, plenoz pleno, elkarrekin zerbait egiteko konbitea egin dizuegu, baina ez duzue sekula inork erantzunik eman. Batzordeetan ere ez duzue ezer komentatu, eta horiek dira denon artean hitz egin eta lana egiteko tokiak.

EUDELetik badator, ez dugu dudarik egiten, organo horretan horrela erabaki baduzue, hala izango dela, beraz gure bozkak ez du inongo garrantzirik eta abstenitu egingo gara, bai mozio honetan eta baita hurrengo bietan ere.

 

8.- PSE-EE eta EAJ-PNV udal taldeek pentsio sistema publikoari buruz aurkeztutako mozioa.

 

9.- EAJ-PNV udal taldeak Martxoak 8 Emakumeen egunaren inguruko aurkeztutako Adierazpena.

 

10.- 2017 ekitaldian formulatutako eragozpenen aurkako desadostasunen ebazpenen inguruko Udal kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea.

 

11.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

12.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

13.- Galde-erreguak.

Parke estaliaren kontuan, gure taldeak legealdi haseratik berdina dio. Toki bat erabaki zuela herriak, eta toki hori aldatu beharko balitz, edo beste bat aukeratu, berriro ere herritarrei galdetu beharko zaiola.

FacebookTwitterGoogle+