AZKOITIA BAI -2018 AURREKONTUAK-

Hemen dituzue gure taldeak, gure herrirako, jorratu dituen aurrekontuak, zenbaki denak arrazoituta:

Pasa den urtean bezala, badira ados gauden partidak: Plaza berriko proiektua, zebra bideen konponketa, herriko argindarraren berrikuntza,… Gure taldeak eskaturiko bat ere sartu duzue, hori bai, bi urtez jarraian eskatua, eta arrisku gune bat zela ikusten genuelako, Aingeru kaletik (Isidro taberna aldamenetik) Floreagarantz doan bidezidorraren konponketa.

 

Urteetan, 13 eta 18 bat urte bitartekoen aisialdia, zuzenduko luken proiekturen bat ere eskatzen ari gara. Elkargunean, gazteriako atalean, igoera nabarmena egitera zoazte, osasun mahai komunitarioa ere abian duzue. Ez dakigu oraindik zer ondorio ekarriko dizkigun partida hauetan jarritako diruak, baina ea adin hauen onurarako den eta gure gazteen aisialdia zerbait zuzentzeko kapaz garen.

 

Hau dena argitu ondoren, eta egin duzuen lanaren errespetu osoz, guk, Azkoitiarron kontuak nola erabiliko genituzkeen, argitu nahi genuke.

Aurrekontuetan, diru kontuek garrantzi handia dutenez, nahiz eta azken finean helburu batzuk lortzeko tresna izan, urtero adosten diren tasa eta zergetatik hasi behar hitz egiten nahitaez, hortik baitator gero gastatzeko izango dugun kopuru handi bat, eta hori gure esku dago, Azkoitiar denon esku.

Gure taldeak urtero irizpen berdinak erabiltzen ditu eta uste dugu, beste edozein talderekin erraz adostu daitezkeenak direla.

Tasetan gastatzen dugunaren %100a jasotzera hurbildu, hau da, zaborra jasotzen 10€ gastatzen baditugu, herritarrengandik 10€ edo badaezpada 9€ jaso ( tasetatik debekatua baitago etekina ateratzea), eta ez 7€, azken finean, nahitaez  10€ ordaindu beharko baititugu, eta horrela, herritarrak, herriko gastuen errealitatea hobeto ezagutuko lukeelako.

-Eta zergetan berriz, beti erabili ohi izan dugun formula bera, Ondoko beste 20 herriren batezbestekoan kokatu etxe edo autoaren zerga ordaintzerakoan.

 

Zergetan nahiko adostasun dugu alderdi denok, baina ez tasetan.

Gure irizpideak jarraituz gero, zabor bilketan %100eko gastua tapatzeko, beste 300.000€ jaso beharko genituzke, baina momentuz 150.000€ jaso ezkero gu gustura.

Elkargunean ere jarduera batzuetan gure iritziz, 7.000€ gehiagoko  etekina atera behar genuke.

Etxe hutsen zergaren aldekoak garela ere askotan azaldu dugu eta gero zerga hau, gazteen alokairurako diru laguntzetan erabiliko genuke. Ba hemen ere beste 80.000€ bilduko genituzke.

Aurten, tasa/zergak eztabaidatzeko orduan, beste zerga-hobari bat salatu nahi izan dugu. Azkoitian 25 urte baino gehiago dituen autoei ematen zaien diru laguntza. “Kotxe historikoak” izango balira bezala ematen zaie, baina gure herrian ez dauka historikoa izan beharrik, auto zaharra izan ezkero bale. Hau da, gehien kutsatzen duten autoei hobariak ematen ari garela, eta horretan ere 8.000€ inguru ari garela gastatzen.

Badakigu tasa/zergak ezin direla orain aldatu, baina guk orduan ere berdina esaten genuen, beraz guregatik izango balitz, diru honek bilduta egon behar luke.

 

Tasa/zergak alde batera utzita, bada urtero kenduko genukeen beste partida bat ere, Prentsa zerbitzua: 69.000€ bestela ere nahiko propaganda eta agerraldi egiten direlako eta informazioa beste komunikabide batzuetatik aurretik emana egoten delako.

 

2017ko urte honetan, kreditu gehigarrietan ere 2 miloi euro gastatu dituzue zeuen nahieran, beraz aurrekontuetatik at, diru mordoxka izan duzue, zeuek nahi bezala gastatzeko. Gehiengo osoa duzuenez, zeuek aukeratzen dituzue non egin gastuak, eta ez dugu dudarik egiten, asko eta asko beharrezkoak izango direnik, baina gure taldearentzat bada bat, gastu handia duena eta onura gutxi ikusten dioguna, Jausorotik Altzibarrerako zubian egingo den 200.000€ko gastua, eta guk beste gauza batzuetan erabiliko genukeena eta dagoeneko alkatearen esku legokeena 2018ko aurrekontu hauetan txertatu edo ez.

 

Adibidez ikusi dugu Andramaxetako 15.000€ gehiago jarri dituzuela, baina gu San Andresei eta auzoetako festei ere bultzadatxo bat emateko prest egongo ginateke.

Anaitasunak urtean zehar laguntza asko jaso du eta Oteiza pilota taldeak aurrekontu hauetan gehikuntza berezi bat dauka. Beraz kirol talde hauek nahiko laguntza izango dutenez, gu beste taldeei ere % 5 gehituko genieke eta baita herriko taldeek sustaturiko ekintza musikal eta kulturalei ere, denera 19.925€.

 

Berdintasunean ere, pixkanaka aurrerapausoak eman ditzagun, Herriko talde feministarekin adostutako ekintza/jarduerei ere beste 5.000€, nahiz eta behar bada, erronkarik handiena ekintzak adostean legoken.

 

Gure herrian euskaraz irakurtzera gehien bultzatzen gaituen taldeari, hau da, Maxixatzeni %10eko igoera proposatzen dugu, 2.835€.

 

Urtero saiatzen gara, herrian, enpresa sorkuntza, hau da ekintzailetza sustatzen eta aurten ere orain pare bat urte Iraurgi Lantzenetik kendu zen haserako laguntza eskaintzeko asmoarekin jarraitzen dugu eta aurten ere 60.000€ jarriko genituzke.

 

Azken finean, pasa den urteko ildotik jo dugu aurten ere, baina baditugu aurtengoan ere bi ñabardura:

  • Ondoko beste herrietan arrakasta izan duen sorkuntzarako bekak bultzatuko genituzke, herriko sortzaileentzat, 12.000€kin lagunduz.
  • Azkoitiko igerilekuan aspalditxotik dauden arazoei ahal den epe laburrenean irteera egoki bat ematen hasteko 414.240€, gero eta herritar gehiagok egiten baitu igeri eta asko eta asko, toki faltagatik kanpoan gelditzen direlako dagoeneko. Behar bada kopuru hau ez da igerilekua hobetzeko nahiko diru izango, baina lehen bai lehen hasi beharko dugu ahal dena gordetzen/aurrezten, arazoa korapilatzen ari baita.

Urtean zehar irten litekeen arazoei aurre egiteko berriz, 2017ko gerakina erabiltzeko moduan egongo ginateke eta hor ere beste 750.000€ izango direla espero da.

Azkenean parke estalia ere egitekoak zaretela dirudi, nahiz eta oraindik tokiarekin baduzuen zalantzaren bat. Guk, beti hitz egin den tokia, aldatzea proposatzen baduzue, herri galdeketa bat egitea eskatzen dizuegu, herriak erabaki dezan, berak erabaki zuen parke horren kokapena.

Beraz gerakin horretako kopururik handiena, honelako ekintzetan erabiliko genuke, hau da, parte hartzean.

Beraz gure taldeak berriz ere garbi erakusten du, gehiago biltzearen aldekoak garela, gero Azkoitiarren onuran gastatu ahal izateko.

FacebookTwitterGoogle+