…txakurren buztena tente (3.atala)

Udal gobernuaren erantzunak aztertu ondoren, honako idatzi hau zuzendu genion EAJ/PNV eta beste talde guziei:

Azkoitia Bai – 2017ko AURREKONTUAK

Orokorrean badira hainbat partida ados gaudenak: Plaza berriko proiektua, zebra bideak konpontzea, herriko taldeei diru laguntza igotzea, berdintasunean ere,gazteen berdintasunean, partida igo duzue, baita lokal eta etxebizitza alokairuetan ere, interpretariaren partida guk ere eskatu bezala kendu egin duzue eta ez dugu dudarik egiten zuek jarritako beste partida asko ere beharrezkoak izango direla.

Oso gutxi dira gobernuaren aurrekontutik kenduko genituzkeen partidak:

-Prentsa zerbitzua: 69.000€ bestela ere nahiko propaganda eta agerraldi egiten direlako eta informazioa beste komunikabide batzuetatik aurretik emana egoten delako.

-Kreditu globala: 40.000€tik, 20.000€ra jaitsi, bestela ere gobernutik kreditu aldaketa ugari egiten dituzuelako besteoi non gastatu kontsultatu gabe.

– Elektrizitate kaxak konpontzea: 200.000€tik, 181.500€ra jaitsi, zeuek esan bezala kostua hau izango baita.

– Eskoilerak: 30.000€ kendu, epe motzera beharko balitz kreditu globalean badagoelako eta Martxotik aurrera 2016ko gerakinean/remanentean nahiko diru izango duzuelako.

Bestalde gure eskariak ere ez dut uste asko direnik:

– Auzokonposta indartzea: Zaborraren bueltan kanpaina egiteko 13.000€ aurreikusten dituzue eta kanpaina horren barnean guk auzokonposta indartzeko ikerlana eskatzen dizuegu herriko auzo ezberdinetan.

– 13 eta 18 bat urte bitartekoen aisialdia zuzenduko luken proiekturen bat, gure gazteek asteburuetan beste era batera disfrutatzen ikasi dezaten 25.000€.

-Ekintzailetasuna sustatzeko diru laguntza: 60.000€. Ekintzaile berriei haserako bultzada bat emateko diru laguntza hau funtsezkoa iruditzen zaigu. Eta justifikazio hau gutxi ez balitz, ekintzaile bakoitzak beste langileren bat kontratatu lezakeela ere kontutan hartu beharko litzateke, ahal de heinean herriko langabezia tasa jaisteko.

– Berdintasuna: Herriko talde feministari 10.000€ko diru laguntza, udalarekin adostutako ekintzak burutzeko.

Kendutakoaren eta eskatutakoaren soberakina 42.500€koa da.

Baina guk politika beste era batera ikusten dugu:

Tasa, tarifa eta zergetan gure ustez askoz gehiago bildu behar litzateke, gero klase ertain/baxuko herritarrari laguntza gehiago eman ahal izateko. Berriro ere gogoraziko dizkizuegu gure irizpideak:

Tasak: %100eko estaldurara hurreratu tasa bakoitzean (zaborra, ura, …).

Zergak: Ondoko beste 20 herriren batezbestekoan kokatu (etxea, autoa, …).

Eta kontzeptu berria Tarifak: Ahal den heinean erabiltzaileak ordaindu (elkargunea,…) .

Eta nondik bilduko dugu diru gehiago?

-Tasak: Zabor bilketa: 150.000€ eta oraindik ere ordaindu beharrekotik urrun egongo ginateke, baina pixkanaka ordaintzen dugunaren mailara urreratu beharko genuke, herritarrak garbi ikusi dezan zenbat gastatzen den arlo honetan.

Zergak: Etxe hutsen zerga: 80.000€. Hemendik atera beharko genuke gazteen alokairurako diru laguntza. Hau da, bere jabeak, erabiltzen ez duen etxeari ez baitio nahi etekinik atera, behar ez duelako izango dela eta etxeak alokatzeko desiratzen dauden gazte eta ez gazteei nolabaiteko laguntza eman beharko liokeela iruditzen zaigu.

Tarifak: Elkargunean 7.000€. Beste herriekin konparaketa bat egin ondoren, jarduera batzuetan, oso prezio baxua dugula ikusi dugu, eta jarduera horien tarifak igotzea proposatu dugu.

Herritar denon artean ordaindu beharko dugu, urtero egiten den zuloa, baita erabiltzen ez dutenek ere, baina erabiltzaileek prezio normal bat ordaindu ondoren, bestela, beste herritar denen artean ordainduko baititugu, erabiltzaileek ordaintzen ez dituzten, prezio baxu horien kalteak.

Dena den, arazorik handiena parte hartzean dagoela deritzogu:

Aurrekontuetan egin ditugun eskakizunei ez diete jaramonik egin.

– Herritarrak erabakitzeko diru partida: 300.000 euro. Parte hartze prozesu baten bitartez erabaki nola gastatu.

– Aurrekontu parte hartzaile partida berreskuratu.

– Herri galdeketa partida berreskuratu.

– Oposizioaren liberatuarentzat partida: Lehen pausoa Bilduk eman behar du.

Parte hartze prozesuetaz ez direla fidatzen eta Foru Aldundiko aurrekontuetan ere gauza arraroak ikusi zirela diote. Gure herrian egin zen galdeketa bat eta parke estaliak irabazi zuen. Diru kopuru bat gordeta dago horretarako azken bi urteetan, baina badirudi herriak erabakitakoari ez diotela garrantzi handirik ematen, beste gauza asko ere egiteko dagoela eta lehendabizi beraiek aurkeztutako programa aterako dutela aurrera diote. Ba gure ustez, hasieran gauzak ondo ez ateratzeak ez du esan nahi alde batera utzi behar direnik, diru eta indar gehiago jarri beharko direla baizik, benetan parte hartzean sinesten badugu eta erabakiak herriaren esku utzi nahi baditugu behintzat.

Datorren urtean, udal gobernu eta teknikarien datuen arabera, 2016ko gerakinetatik diru kopuru polita izango dugula erabilgarri aurreikusten da, 1.000.000€ gutxi gora behera. Ez dakigu zertan erabiliko diren. Guri, parte hartzean, zeregin handia dagoela egiteko iruditzen zaigu eta gutxienez erdia bertan erabiliko genuke.

Dena den, diru hau 2017ko Martxotik aurrera egongo da erabilgarri eta ordutik aurrera ikusiko dugu zertan erabiltzen den.

FacebookTwitterGoogle+