AZKOITIKO UDALETXEAN LANGILE BAT BEHAR DA

Lana ez da xamurra. Ez da ikasketa eta esperientziarik eskatzen, baina izango balitu hobe. Momentuz ez dakigu zer ordainsari jasoko lituzkeen eta martxan dagoen legealdiarekin bukatuko litzateke. Hori bai, lan denetan bezala, lanerako gogoa garrantzitsua da eta herritarren esanetara egon beharko luke.

Oraindik ez da lan poltsa ireki eta beraz ez bidali curriculumik.

 

LANA: OPOSIZIOKO LIBERATUA.

   

Azkoitiko udaletxean oposizioa egitea askotan lan nekeza eta antzua gertatzen da. Hau esanda gero, itxaropen txiki bat izan dugula, eta argi txiki batzuk piztu zaizkigula ere esan behar dugu. Urriaren 11ko ogasun batzordean, Bildu taldeak berri bat zabaldu zigun: Udaleko oposizioko talde nagusienak liberatu bat izateko eskubidea zuela eta hemen non piztu ziren gure argiak. Hau dena, EAJ-ko Ana Azkoitiaren %100 liberazioa eztabaidatzen ari ginela gertatu zen.

Gure taldeak, hau da Azkoitia Bai-k, Urriaren 26ko udal bilkuran, Ana Azkoitiaren liberazio puntua jorratu zenean honako hau esan zuen:

 

 

8.- Hautatuen ordainsari eta asistentzien araubidearen aldaketaren onespena.

Aurretik esan behar, balio handiko pertsona iruditzen zaigula.

Baina orain arte hautatu dituzuen artean, beti berdina esan diguzue: ordainsarietan,  EUDELek esaten duenaren barnean zaudetela, eta oraingoan berriz, ez diozue jaramonik egingo. Ez da lehen aldia EUDELek esaten duena ez duzuela errespetatzen, beraz, dagoeneko garbi dugu, komeni denean bakarrik erabiltzen duzuela hitz hori.

Dena den, Hasieratik esan genuen bezala, denon artean adostu beharko genituzke, bai liberazio  eta baita ordainsariak ere. Oraindik legealdia bukatzerako, nahiz eta hurrengorako izan, lau urte hauetan, denok ikasten dugunarekin, adostasuna lortuko dugun itxaropena dugu. Behingoz talde politikoen koloreak alde batera utzi, Azkoitiko udaletxeak, ondo  funtzionatu dezan, zenbat liberatu behar dituen eta bakoitzak zenbat kobratu beharko lukeen erabaki eta hurrengo urtetarako eztabaida antzu hauek ahaztuta izan behar genituzke. Guk adostasun hau lortzen ez dugun bitartean aurka bozkatuko dugu.

 

Eztabaidarik ezin duena egon, legeak hala agintzen baitu, oposizioak gutxienez liberatu bat izan behar duela da. Herritarrei ahal den informazio zabalena eskaintzeko, beste talderen bateko zinegotzi bat eskura izatea, garrantzitsua iruditzen zaigu. Dudarik ez dugu egiten bigarren bozka gehien lortu zituen taldekoa izan, beste zinegotziek bezala kobratu eta oposizioko beste taldeen beharretara ere egokitu beharko lukeela eta lehen bai lehen pausu hori ematea eskatzen diogu oposizioko talde nagusienari, herriarentzat lanerako baikaude eta herritarrentzat edozein laguntza gutxi baita.

 

Bildu taldeak aukera hau eztabaidatzen ari zirela erantzun zigun eta Azaroaren 9an, udaleko liberazioen ordainsariak salatzeko komunikabideetara jo zuen.

Azkoitia Bai-k oraindik ezin du ulertu aukera hau nola ez duten berehala aprobetxatzen eta Azaroaren 16ko ogasun batzorde aurretik honako idatzi hau zuzendu die beste talde politikoei:

 

Prentsan irakurritakoaren arabera, Maxixatzen, badirudi Bildu taldeak ez duela inor liberatzeko asmorik.

 

Gure ustez, oposizioko liberatu bat izateko eskubide hau jartzeko arrazoi ugari daude eta zer esanik ez gehiengo oso bat dagoen udaletxean.

 

Gure taldea ere, hau da Azkoitia Bai-k, liberatu kopurua eta ordainsariak, denon artean adostutakoak izan behar luketela, aspaldidanik ari da aldarrikatzen. Ez da legealdi honetako kontua. Bilduk orain arte, udaleko liberatu politikoek,  beren lanetan kobratzen zutena kobratzea zela egokiena zioten, baina orain adostasunera iristeko prest daudela dirudi. Gu, gure zenbakiak mahai gainean jartzeko prest gaude aspaldidanik eta jarrera aldaketa honek asko poztu gaitu.

 

Baina bueltatu gaitezen izenburuak dioen gaira. Orain dela gutxi erabaki denaren arabera oposizioko talde nagusienari lanaldi osorako liberatu bat izateko aukera zabaldu zaio, eta berri hau Bildu taldeak ekarri zuen ogasun batzordera. Berri oso interesgarria iruditu zitzaigun eta berehala animatu genituen beraien taldeko norbait liberatzeko, beste taldeontzat ere oso interesgarria litzatekeelako, udal gobernutik at, udaletxean oposizioko taldeentzat norbait izatea udaletxean lanean, ez baita berdina bakoitzak bere lana izan eta gero udaletxeko jardunetara iritsi ezinda ibiltzea edo lana udaletxekoa izatea.

 

Beraz, liberazio hori hartzea eskatzen diogu Bildu taldeari, eta ez badute hartu nahi, besteoi ematea aukera, esan bezala, udaletxean oposizioko taldeontzat lanean norbait izateak lana erraztuko ligukeelako eta oposizio egokiagoa egiteko gai izango ginatekeelako.

 

Bildu taldeak, hilabete baino gehiago pasa den honetan, oraindik ere ez dutela ezer erabaki erantzun zigun eta beste taldeek ere erantzun garbirik ez. Gauza bat da legeak dioena eta beste bat, talde bakoitzak, gai honen bueltan duen iritzia. Guk gurea garbi utzi dugu eta herritar denei zabaldu nahi geniolako etorri gara gu ere komunikabideetara eta askotan kaleko jardunetan gertatzen den bezala gaizki ulerturik egon ez dadin.

2017ko aurrekontuak eztabaidatzen Azaroaren 28an hasiko gara eta ez dakigu oposizioko liberatuarentzat diru kopururik utzi behar dugun edo ez. Dena den ahal dugun heinean informazioa zabalduko dizuegu eta gure herriak, 2017an, nondik nora joko duen datorren hilean erabakiko denez, zuen iritzi eta ekarpenak asko eskertuko genituzke.

FacebookTwitterGoogle+