KEJIE TA…

Gure haurrekin dugun, ez dakit nola esan, gehiegizko ardura, zerbait gertatuko zaien beldurra, konfidantza falta,…ez dut uste oso normala denik, eta ezta sanoa ere. Gure haurrak nora, gu hara. Eskolarteko ekintzetan, eta zer esanik ez hurrengo mailara igotzea lortzen badute (Anaitasuna, Iraurgi,…), guraso asko oso urduri jartzen dira, badirudi beren seme/alabak bizia jokatzen dutela partida horretan. Haur beraiek ere, nola ez, somatzen dute hau dena eta ez dut uste oso gustokoa dutenik. Beraz denok ahalengindu beharko genuke, gure seme/alaba/biloba, portaera hauekin ez kaltetzen, lehen esan bezala denok jakin, badakigulako ez dela sanoa, ez haurrarentzat eta ezta bakoitzarentzat ere.

Hildo honetan keja bat iritsi zaigu eta zuekin partekatu nahi genuke:

2016-2017 ikasturte hasi berri dugu. Ikasturtea hastearekin bat, herriko haur eta gaztetxoek beraien eskolaz kanpoko ekintzak hasten dituzte.

Ekintza hauetako asko, Elkargunean burutzen dira (Karate, Zumba, aerobika, Eskalada, Gimnasia erritmikoa…) eta honekin batera hasten dira herriko beste biztanle batzuen buruko minak.

Gure haurrek kirola egitea oso ondo dago, are gehiago, gure haurrak bizitza osasuntsu eta dinamiko bat eramatera bultzatu behar ditugu. Baina astean zehar, arratsaldez, Elkargunean, gure haurrek, egunero, erakusketaldiren bat egiten dutela dirudi.

Elkarguneko pasiloak jendez betetzen dira, sarritan, kamara eskuetan, beraien umeek kirola nola egiten duten ikusi eta grabatzeko.

Haurrak kirola egitera eramaten ditugu, baina beste herritarrak ere kirola egitera joaten dira eta une horietan gogaikarri xamarra izaten da pasilo horietan ibiltzea.

Guztiok gara elkarguneko parte eta guztiok jakin eta ikusi behar dugu aldamenekoarekin elkarbizitza egoki bat eramaten.

Beraz, errespetatu ditzagun guneak eta disfrutatu ditzagun gure herriak eskeintzen dizkigun aukerak beste herritarrekin elkarbizitzeko.

FacebookTwitterGoogle+