ZABORRA (sistema aldaketa)

Denok jakin dezazuen gure taldeak duen iritzia zaborra biltzeko sistema aldaketaren gain, hemen uzten dizuet azken udal bilkuran gai honi buruz esan genuena:

Data: 2016-06-21

Udal bilkura

3.- Azkoitiko udalerrian hiri izaerako hondakinen bilketa-sistema aldaketaren onespena eta edukiontzien sistema orokorra jartzea.

Gure ikuspuntua ez da aldatu. Sistemari ez diogu aparteko garrantzirik ematen, baina bai birziklatzeari. %80ko buelta horretara iritsi ginen eta orain berriz nabarmen behera egin dugula diote datuek. Arrazoi asko bila ditzakegu:

-Orain zorrotzago begiratzen dela.

-Sistemak ez duela funtzionatzen.

-Herritarrak erlaxatu egin garela.

-Eta honelako beste hainbat.

Berriro ere %80ko buelta horretara heldu behar dugu (ez irizpen honetan jartzen den bezala %70era, denok 2014an hartu genuen erabakiaren arabera aurten %80-%85era iristea lortu behar baitugu), eta guri, esan bezala, zer sistema erabili ez zaigu axola eta batzordean ere sistema aldaketaren alde bozkatu dugu. Herritarrak orain artekoa gustukoa ez zutela erabaki zuten eta beraz aldatu beharrean aurkitzen gara, baina ez dugu ahaztu behar berriro ere %80a birziklatzera iritsi behar garela eta tasa jaitsiera horretan kalean sumatzen den arazorik handiena informazio falta dela. Orain errefusa txipik gabe jarriko da eta txintxilikarioak kendu. Guk behin eta berriz esan dugu orain %80ko tasa lortzen duen edozein sistemaren alde gaudela, eta arrazoi gehiagorekin herritarrak bozkatua izan bada. Beraz sistema aldatzearen alde bozkatu dugu, nahiz eta 5. edukiontzia txipik gabe izan, baina txintxilikarioak ez kentzeko eskatzera gatoz, gauzak doazen bezala ez baitakigu eta teknikariek ez baitute bermatzen, sistema aldaketa honekin, %80ra berriro iritsiko garenik. Txintxilikarioak kentzeko sistemarik onena birziklatzea da, lortu beharreko maila lortu eta denbora bat irauten duenean kenduko dira.

Hauteskunde kanpaina garaian, meskitarekin batera, kalean ez zegoen beste hitzik, txintxilikarioak, 5.edukiontzia, inposaketa…non dira garai hartako herri galdeketa, plataforma eta talde eraginkor haiek? Behin bozka jaso eta gero dena isildu da. Nabarmen gelditu dena legealdiko lehen urte honetan hori da, jendearengana iristeko esfortzua beraien bozka behar badugu egiten dela. Pasa den legealditik hasita gai hau zeharo politizatuta dago, eta herriaren onurari garrantzia eman beharrean, hau da birziklatzeari, herriko alderdi politikoen lehiaketa bat dela dirudi eta azken 3-4 urtetan elkarri oztopoak jarri besterik ez dute egin.

Azken egunotan, gai honetaz, kaleko kexarik entzunena informazioa falta dela da, eta birziklatzeak behera egin izanaren arazoetariko bat horixe dela deritzogu. Hauxe gertatzen ari zaigun paradoxa: ia %80ko birziklatze tasara iritsi ginenean herriko arazo larriena zaborra zen eta orain tasa hori hainbeste jaitsi den unean badirudi ez dagoela arazorik.

Beraz %80ko tasa lortu dezagun aurten bertan, inork bere etxe ondoan nahi ez lukeen errauskailuari ezetza emateko, eta eragozteko gauza izango ez bagina, gutxienez ahalik eta txikiena eraikitzeko.

Beraz gure taldeak, nahiz eta bidean oker batzuk ikusi eta salatu, lehenbailehen birziklatzen hasteko, ez dugu kontra bozkatuko eta abstenitu egingo gara.

FacebookTwitterGoogle+