LIXIBIATUAK VS BERNARDO ECENARRO S.A.

Zer arrazoi zuten 80-90 hamarkadako gazte haiek.

Bai, Oñederren aurkako plataformagatik ari naiz, gazte haiek beste inork baino hobeto aurreikusi baitzuten gertatuko zena.

Lixibiatuen gaia oso korapilotsua da denontzat. Diru kopurua ere potola. Beraz uste dugu herritarrak prozedura guztia nola izan den jakiteko eskubidea dutela, eta ahal den neurrian alderdien artean dauden eztabaidak eragozteko ere balio behar luke. Orain udaletik hurrengo urtetarako lixibiatuek ekarriko dizkigun gastuak ordaintzeko diru kantitate bat gordetzea eskatu da. Nik dakidala Azkoitiko udalak dirua egiteko makinarik ez du, beraz, diru hori beste gauza batzuetarako erabili beharrean, hurrengo urteetako lixibiatu jarioa garbitzeko erabili beharko dugu.Garbiketa hauek egiteko diru mordoxka erabili beharko dugula aurreikusten da, eta badaezpada ere aurretik gordetzea (gero buelta eman ezineko zuloa egon ez dadin) begi onez ikusten dugu, baina lehen esan bezala herritarrak prozedura dena nola joan den argi eta garbi jakin behar luketela iruditzen zaigu eta horretarako ahalegin txiki bat eskatu genion udal gobernuari 2016-05-30eko udal bilkuran.

Oraingo honetan ere ez dugu uste kasu haundirik egingo digunik eta gure apaltasunean ea zerbait argitzen dizuegun.

80-90 hamarkadetan altzairu fabriketako hautsarekin zer egin ez zekitela eta beste toki askotan bezela, Oñartxo baserrian  zegoen lursailean botatzen hasi ziren. Hori bai, aurretik tratatu, tela bat jarri lurrean,… eta beste segurtasun neurri batzuk harturik. Baina ikusi denez neurri hauek ez ziren nahiko izan eta produktu toxikoen jarioa hasi zitzaigun. Jario hori gelditu behar denik ez dut uste inork zalantzarik duenik, baina nork ordaindu jario hori gelditzeko hartu behar diren neurriak? 80-90 hamarkadetan sinatu zen kontratuan ez zegoen dudarik, baina 2007-2008 urteen bueltan sinatu zenak (EAJ/PNV taldeko alkate zenak) zalantzak utzi zituen. Ordura arte garbi zegoen kutsaduraren bat gertatzen bazen, enpresak ordaindu beharko zukeela garbiketa dena, baina bigarren kontratu horretan 500.000€ko kopuru bat azaldu zen eta enpresak horri eutsi zion, gehienez ere kopuru hori ordaintzeko eta ez gehiago. Udaletxetik beti esan izan da enpresak ordainduko zuela garbiketaren kostu dena.

Epaitegietan urte batzuk pasa ondoren azken sententzia atera da dagoeneko eta Azkoitiko udalak ordaindu beharko ditu (500.000€tik gorakoak) eremu hori garbitzeko egin beharko diren lanak. Hasieran esan bezala 100.000€ gorde beharko ditugu urtero lan hauei aurre egiteko eta dirudienez urte askotan. Batzuek 30miloi euro gastatu beharko direla eta besteek ez da gutxiagorik ere. Guk uste dugu inork ez dakiela kopurua zenbatekoa izango den, baina garbi dagoena zera da, hanka sartze handia egin zela bigarren kontratu hori sinatzeko orduan.

Azken egunetan entzun ditugun adierazpenei buruz ere badugu esatekorik:

Badirudi BERNARDO ECENARRO SA enpresa eraikitzeak onura asko ekarri dituela azkoitiarrontzat, eta altzairu hauts horiekin bete izan ez bagenu lursail hori, enpresa hau ezin izango litzatekeela eraiki bertan. Ba esan behar gauza batek ez duela bestearekin zerikusirik eta bigarren kontratu sinatze horretan egin zen hanka sartzea hor dagoela. Beraz hasera bateko kontratua aldatu ez balitz, hau da bapatean 500.000€ko kopuru hori azaldu ez balitz, BERNARDO ECENARRO SA enpresa berdin berdin eraikiko zuten eta azkoitiarrok  ez genuke ordaindu beharko eremu hori garbitzeagatik ordaindu beharko dugun diru kopurua.

Baita esan behar, lursail hori dena ondo garbitu arte, urteak pasako dira, BERNARDO ECENARRO SA enpresak ez duela lur horien erosketa ordainduko.

Eta hauxe da, lehen esan bezala gure apaltasunean argitu dezakeguna, beti bezala herritarrei ezer ezkutatu gabe, eta berriro ere eskatu, gai honen bueltan parte hartu duten protagonistei, zerbait gehiago argitzeko gauza balira, herritarrari duten informazioa zabaldu diezaiotela, sortutako liskarrak eragozteko asmoz.

FacebookTwitterGoogle+