2020-07-29 Udal bilkura

Segidan gure taldeak esan eta bozkatuak :

Data: 2020-07-29

 

Udal osoaren  ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

ADOS

2.- Azkoitiko Hirigintza Arauen 4. aldaketaren behin betiko onespena (3 H.E. San Martin, 24 H.E. San Juan eta 25 H.E. Basarte).

Beldur ginen aldaketa hauek onartuz gero lurzoru ez urbanizagarrien eremuan eraginik izan lezakeen eta azken batzordean horregatik bozkatu genuen ezetz, baina zer ikusirik ez duela argitu ostean, aurretik esan genuen berdina esan eta bozkatuko dugu berriro.  San Juan eta Basarte eremuetan egingo diren aldaketek onurak ekarriko dizkiola bertakoei eta besteoi kalterik ez eta bestalde, kalteak baino onura gehiago ekarriko dizkigula San Martin eremuan egingo diren aldaketek ere, hau da, etxebizitza bat altuago egiteak etorkizunean elkarguneko sarrera/plaza handitzeko aukera emango digula, beraz, ados.

3.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeko kontratuaren 1.luzapenaren onespena.

Gizarte zerbitzuetako buruak, ematen duten jarduerarekin, erabat kontentu agertu direnez, alde bozkatuko dugu.

4.- 2019ko Azkoitiko Udala, Zubiaurre Elkargune Institutoa, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzen, S.A.ren kontu orokorren eta kontu kontsolidatuaren onespena.

Oro har, Udaleko, Elkarguneko eta egoitzako kontuekin ados gaude, baina Azkoitia Lantzenen parte ez izatearen erabakia hartu genuenez, sozietate hau sortu zutenak baitute guretzat ixteko ardura, abstenitu egingo gara.

5.- 2020ko ekainaren 16ko Alkatetza dekretua, kreditu aldaketa kreditu gehigarria 3/2020 onartzen duena, baliozkotzea.

Bizikletak garbitzeko gune hori egiteko ez dakigu une onena den, baina diru kopuru handia ez dela kontutan harturik eta behar bada bizikletaren erabilera zertxobait sustatuko duelakoan ados.

Herriko merkatariei laguntzak ematea ere ondo deritzogu, baina gaizki ulerturen batzuk izan ditugu puntu honetan. Lehen egunetik, laguntza lerro hauek atera beharrarekin denok ados azaldu ginen. Udal gobernuak gauzak ondo egin nahi zituela adierazi ondoren, nahi baino denbora gehiago pasa zaigu, baina laguntza beharrean zeuden denei iritsiko zitzaien kopurua jarriko zela entzuteak asko lasaitzen gintuen. Baina, laguntza hauek komunikabideetan zabaldu zirenean gure taldeak ez zekien ez laguntzak zenbatekoak izango ziren, ez eta zer baldintza bete beharko ziren laguntzak jasotzeko, aurretik inork ez baitzigun zentzu horretan inongo azalpenik eman. Gu ere, behar bada, denbora gehiegitxo egon gara zer baldintza jarriko ziren itxaroten, baina beste laguntzak onartzeko orduan azalpen hauek ematen direla jakinez eta azterketa sakona egiten ari zinetela behin eta berriz entzun ondoren lasai geunden. Dudarik ez dugu  ez zela intentzio txarrik egongo, baina garbi dagoena da, erabaki hauek hartzeko orduan, ez dugula parte hartu  eta herritar batek, zer ari zarete, hondartza aurrean bigarren etxebizitza dutenei laguntzen? galdetu zigunean ez genuela jakin zer erantzun. Dagoeneko berandu izango da, baina gizarte zerbitzuetara laguntza eske etortzen direnei bezala, laguntza hauek emateko orduan ere patrimonioari begiradatxo bat bota behar genioke, benetan laguntza behar dutenentzat izatea nahiko bagenu behintzat. Beraz, hemen esanak hurrengorako kontutan hartuko dituzuelakoan, esan bezala, intentzio txarrik izan ez duzuela eta erabakia dekretu bidez hartuta dagoela jakinik, hori bai, beti bezala gure bozka arrazoitu ondoren, abstenitu egingo gara.

6.- Lanpostuen balorazio berriaren onespena eta dagokion lanpostu zerrendaren aldaketaren onespena.

Balorazio hauek egiteko ez dira garai onenak. Esan behar udaletxeko langileek aurten beren soldaten %2ko igoera izan dutela eta orain lanpostuen balorazio hau egiteak, herriari, beste diru kantitate bat suposatuko diola eta herritar askoren egoerak ez duela azken hilabeteetan hobera egin. Badirudi orain urte batzuk egin ziren balorazio/negoziazioetan hartu ziren erabaki batzuk, gaur egungo legediarekin talka egiten zutela eta postu batzuetako langileen aspaldiko eskariei erantzuna emango zaiela. Ez da erraza izaten soldatak negoziatzeko orduan adostasuna lortzea, sektore publikoan oraindik zailagoa eta hemen lortu da.

Beraz adostasun hori baloratuz eta langileei ere dituzten pribilegioak kontutan hartzeko eskatuz, alde bozkatuko dugu, hori bai, berriro ere momentu honetan herritarren dirua sekula baino kontu gehiagoz kudeatu beharko genukeen uneak direla gogoratuz eta herriak egingo duen esfortzua kontutan hartuz.

7.- 2020 ekitaldiari dagokion kontrol finantzarioko urteko planaren berri ematea.

8.- Behin betiko onespenen berri ematea.

9.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

10.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

2020-07-15 Udal osoaren ez ohiko bilkura

Data: 2020-07-15

 

Udal osoaren ez ohiko bilkura

 

1.- Udaleko 2020ko aurrekontuaren kredituak baliogabetu eta ez erabilgarri izendatzea Covid-19ak eragin duen sarreren murrizketagatik.

Gai honekin ez genituzke Azkoitiarrak beldurtu nahi. Momentuz gerakinenean nahiko diru dagoela esatea nahi genuke (murrizketa hauek egin ondoren 1.800.000€-tik gora) eta 2020 urte honi aurre egiteko ez dugula inongo arazorik aurreikusten. Hori bai, aurrerantzean datozkigun erronkei aurre egitea nahi badugu, bai Floreagako igogailuei, bai igerileku berriari, gerakinaren poltsa hori berehala uztea ez zaigu komeni eta aurrekontuen berrikusketa egitea egokia dela deritzogu, hori bai, beharrean ditugun herritarrak lehenetsiz. Pandemieren eragina dela eta, kultura eta festa arloan egin ez diren ekitaldi/ikuskizunen ondorio, ez da aurreikusten zen diru kopuru bat gastatuko eta ez erabilgarri izendatzea egoki iruditzen zaigu. Tenis pisten estaltzearen alde lehen ere ez ginen azaldu eta aspalditik eskatzen den gazteen parkea ere, nahiz eta pena gehiago eman, ez dugu lehentasun bezala ikusten.

Beraz, murrizketa hauekin ados gaude, baina ezadostasunen bat edo beste ere baditugu, batik bat goi karguen soldatetan. Berriro ere, herritar askori etorri zaizkion krisi une hauetan, udaletxetik ere keinu berezi bat egiteko momentu egokia zela iruditzen zitzaigun eta konfinamendu garaiko soldata kopuru baten dohaintza egitea eskatu diegu, baina ezezko borobila jaso dugunez, baiezkoa eman ordez abstenitu egingo gara.

 

2.- Zubiaurre-Elkargune Institutuko 2020ko aurrekontuaren kredituak baliogabetu eta ez erabilgarri izendatzea Covid-19ak eragin duen sarreren murrizketagatik.

Gehien bat, konfinamendu garaian kobratu ez ziren bazkidetza tasetan egin zen zuloari irtenbide egoki bat aurkitzea da, puntu honetan tratatzen dena. Elkargunean, pasa den urteetako gerakinarekin aurre egiteko eragozpenik ez dagoela ikusirik eta oraindik ere beste 180.000€-tik goragoko soberakina aurreikusten dela jakinik, baietz bozkatuko dugu.

 

3.- Azkoitiko Udalaren diru-laguntzen Plan Estrategikoa 2020-2022ren aldaketaren hasierako onespena.

Azken finean, edozein diru laguntza ematea nahi badugu, plan estrategikoan sartu behar dela kontutan harturik, gure baietza.

FacebookTwitterGoogle+

2020-06-24 Udal Bilkura

Horratx gure taldeak, azkoitia Baik, esandakoak eta puntu bakoitzaren botoa:

Data: 2020-06-24

 

Udal osoaren ohiko bilkura

 

1.- Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. aldaketari dagokion behin betiko onartutako 3. area “San Martin”, 24. area “San Juan” eta 25. area “Basarte” eremuei dagokien behin betiko onespenaren deuseztasun absolutua. 

2019ko Azaroko udal bilkuran, ingurumen txostenak falta zirela ohartu ondoren, 4.aldaketaren deuseztatzeari hasiera eman genion eta orain ere behin betiko deuseztatzearen alde bozkatuko dugu. Orduan, etorkizunean izan genitzakeen arazoak ekiditeko deuseztatze honen alde azaldu ginen, baina ez genuen sekula pentsatuko izan ditugun arazoak izango genituenik. Beraz, eskerrak prozesu hau abiatu genuen eta horrela Azkarateko instalazioaren eraikinean herriak parte hartzeko posibilitatea  izan duen, bestela eraikuntza hori gelditzea asko zailduko baitzen.

 

2.- 23 H.E. Umantsoro eremuan, Xubi enpresaren lursailaren xehetasun azterlanaren behin betiko onespena. 

Herriarentzat kalterik ez duela ekarriko dirudi eta industria-gune horren sarrera ere zerbait txukunduko dela, beraz alde bozkatuko dugu.

 

3.- Gazteen alokairuak sustatzeko laguntzak izapidetzeko Azkoitiko Udala eta Azkoitia Lantzen, S.A.ren arteko hitzarmena onestea. 

Alokairu hauek sustatzeko laguntzak udaletxetik zuzenduko balira baiezkoa bozkatuko genuke, baina Azkoitia Lantzen tartean izanik abstenitu egingo gara.

4.- 2020ko udaleko aurrekontua gauzatzeko udal arauaren aldaketaren hasierako onespena. 

Kantitate handiak ez direla kontutan harturik eta barne kudeaketan lagunduko duelakoan, gastu hauek kutxa finkoko aurrerakin gisa tratatzea ondo iruditzen zaigu.

5.- Covid-19 gaitzaren krisiagatik bereziki kaltetutako kolektiboentzat 2020ko tasetan aparteko hobariak ezartzeko hasierako onespena. 

Hobari hauen onuradunentzat behar bada laguntza gutxi eta berandu iritsitakoak izango dira, baina egun gutxi barru laguntza lerro gehiago izango direla jakinik eta azken finean, hemen eta orain aurkeztutako hauek ere, gehien kaltetuei onura ekarriko dietela kontutan harturik, alde bozkatuko dugu.

 

6.- Elkarguneko zerbitzuak indarrean jartzearen ondorioak  tasetan. 

Denontzat buruhauste gutxien sortuko duen sistema izango dela iruditzen zaigu eta dirua bueltatzea nahi duenak ere arazorik ez duela izango jakinarazi digutenez, alde bozkatuko dugu.

7.- Azkoitiko Udalaren dirulaguntzen oinarri orokor eta espezifiko arautzaileen hasierako onespena.

Gardentasunean aurrera pausu bat emateko asmoz, prozedura egokitzapen honekin, bai onuradun eta baita udal teknikariek ere, laguntza eman aurretik eta ondoren aurkeztu beharreko egiaztagiriak sortzen dituzten zalantzak argitzen asko lagunduko dutelakoan, alde bozkatuko dugu.

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

9.- Galde-erreguak.

 

FacebookTwitterGoogle+

2020-05-27 Udal Bilkura

Horratx gure taldeak esan eta bozkatuak:

Data: 2020-05-27

 

Udal osoaren ohiko bilkura

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados.

 

2.- 2020 ekitaldirako Udal Araudi Planaren aldaketaren onespena.

Diru laguntzak bateratzeko eta laguntzen artean dauden ezberdintasunak saihesteko asmoarekin eginak direnez, alde bozkatuko dugu

 

3.- Gazteen alokairuak sustatzeko laguntzak izapidetzeko Azkoitiko Udala eta Azkoitia Lantzen, S.A.ren arteko hitzarmena onestea.

BERTAN BEHERA gelditu da, COVID19a tarteko, zinegotzi kopuru txikiagoa joan garelako eta gehiengora iristen ez ginelako.

 

4.- 2020 urteko Azkoitiko udalerriko tokiko jaiegunak zehaztea.

Betiko jaiegunak direla kontutan harturik eta langileen oniritzia badago, guk ez dugu oztoporik jarriko

 

5.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Emergentzia egoera honetan, herriko merkataritza arlo denak suspertzeko eginiko bonoak direla kontutan harturik eta aurretik batzordeetan eztabaidatzeko aukera izan dugunez, baiezkoa emango diogu, baina ez, pasa den Urritik, legealdi planaren zain gaudela gogorarazi gabe.

 

6.- Kale garbiketa zerbitzuaren kontratuaren 1. luzapena onestea.

Honelako kasuetan eta esperientzia txarrik izan ezean ohi den bezala, alde bozkatuko dugu.

Bilduk, ezer arrazoitu gabe, batzordean abstentzioa eman zuela kontutan harturik, udal bilkuran ez badu arrazoitzen bozka  horren zergatia galdetuko diogu, ea besteok ez dakigun zerbait dakiten eta horrela bada herritarrak jakitea ere komenigarri litzatekeelako.

 

7.- Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuko erabiltzaileen ekarpen ekonomikoa

zehazteko kalkulu sistema aldatzea, eta ondoriozko ordenantza fiskalaren

aldaketaren onespena.

Onuradun pertsona gehiago artatuko direnez eta egoera larrietan dauden herritar gehiagoren jarraipena egiten lagunduko digunez, ados.

 

8.- Azkoitiko merkataritza lokal hutsak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko programaren oinarri arautzaileen aldaketaren

onespena.

Badirudi azken urtean, alde zaharrean itxita dauden lokalak ez direla irekitzen eta aldiz, bai beste toki batzuetan. Beraz, oinarriak orain arte bezala utzi ezkero, ez genuke onuradunik izango eta benetan pausu hau emateko balentria azaldu duenak laguntza bat merezi duela uste dugunez, gure aldeko bozka.

 

 

9.- Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua eta San Jose Egoitzaren 2019ko aurrekontuaren likidazioaren kontu-hartzailearen txostenaren eta alkatearen dekretuen berri ematea.

 

  1. 2019. ekitaldiko finantza kontroleko urteko txostenaren berri ematea.

 

11.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

12.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

13.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

UDAL BILKURA 2020-03-25

Horratx hilero bezala gure taldeak udal bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2020-03-25

 

Udal osoaren ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio. 

ADOS

2.- 2020 ekitaldirako Udal Araudi Planaren onespena. 

Gaur egun legeak agintzen digu plan hau eratzera eta derrigorrezkoa bihurtu dela kontutan harturik lehen pauso hau ematea egokia dela iruditzen zaigu. Udaletxeko sail bakoitzari galdetuta, bakoitzak bere arloan zaharkituta edo aldatu beharreko zenbait ordenantza aukeratu ditu eta gure taldeak ere kontutan hartu den  bere ekarpena egin zuen ogasun batzordean. Beraz, eman beharreko pausuak ondo eman diren konfiantzarekin, gure aldeko bozka.

3.- 2020 ekitaldiko udal langileen ordainsarien igoera. 

 

Soilik udal langileen igoera dela garbi utzi eta gero, ez dugu inongo oztoporik jarriko eta igoeraren alde bozkatuko dugu.

4.- Behin betiko onespenen berri ematea. 

5.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

6.- Galde-erreguak

 

URGENTZIAZKO HIRU  PUNTU:

BAI.

2020 KO UDALEKO AURREKONTUA GAUZATZEKO UDAL ARAUAK, 7.GO ATALEAN XEDATURIKOA ALDATZEARI BURUZKO IRIZPENA

PRESAZKO IZAERAZ IZAPIDETZEA

 

Gaur egungo larritasun egoera kontutan hartuta, diru kopuru hau berehala erabilgarri izatea egoki iruditzen zaigu eta erabilgarritasuna politikatik at izatea ezinbestekoa. Beraz hemen dakarkiguzuen aukera ez genuke jakingo nola hobetu, udaletxe honetan talde batek baitaki, beste denen gainetik, herriko pertsona/famili askoren benetako egoera nolakoa den, gizarte zerbitzuetako teknikariek osatzen duten taldeak hain zuzen eta arlo horren gain uztea hainbat herritarren ebaluaketa ondo hartutako erabakia iruditzen zaigu eta dudarik gabe alde bozkatuko dugu.

Kreditu aldaketa. Kreditu gehigarria 1/2020

Dagoeneko badakizue ondo baino hobeto kreditu aldaketen aurrean gure taldeak duen jarrera eta ez dugu gaur errepikatuko. Hemen aurkeztu eta aurretik telefonoz garbi azaldu diguzuen kreditu aldaketa honen aurrean zorionak ematea besterik ez zaigu geratzen, beharrean egon daitezkeen herritarrei laguntza emateko kreditu aldaketa izango baita eta arazo horiei aurrea hartzeko erabakia. Pertsonalki ez dakizue zer ilusio egiten didan kreditu aldaketa baten aurrean aldeko bozka ematea, ea aurrerantzean ere horrela jarraitzen dugun.

ELKARGUNEKO TASEM APLIKAZIOA BERTAN BEHERA UZTEA

Guk erabakiak taldean hartzen ditugu, baina gai hau premiatasunezkoa denez eta herritarren onurara bideratutakoa, baietza emango dut.

Dena den, Masquatro enpresarekin momentuz kontratua haustea baloratu duzue?

Lburbildura, kontratu denak aztertzen ari direla erantzun digute, udaletxeko teknikoen laguntzaz.

FacebookTwitterGoogle+

2020-02-26 Udal osoaren ohiko bilkura

Segidan gure taldeak esan eta bozkatutakoak:

Data: 2020-02-26 

Udal osoaren ohiko bilkura 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio. 

ADOS 

2.- 2020 ekitaldiko Udaleko lanpostuen zerrenda eta plantillaren behin betiko onespena.

Udaletxeko bete behar bat besterik ez denez eta legediarekin bat eginez alde bozkatuko dugu. 

3.- Eusko Jaurlaritza eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmenaren onespena, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetzaren ingurukoa.

 

Gaur egun ere egiten dela jakin badakigu, beraz arazorik ezean eta herritarren onurarako izango delakoan, gure aldeko bozka.

 

4.- Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako Udalen arteko Lankidetza Hitzarmenaren onespena, Urola Erdiko ikasleei eskainiko zaien Logopedia zerbitzua kontratatzeko, kudeatzeko eta finantzatzeko.

Hitzarmen honen prozedura urteroko berdina denez, zerbitzuaren helburua eta erabilera kopurua  kontutan harturik,  gure aldeko bozka duzue. 

 

5.- Azpeitia eta Azkoitiko Udalen arteko Lankidetza Hitzarmenaren onespena, Munoaundi Aztarnategia kudeatzeko eta finantzatzeko.

Azpeitiko udaletxearekin batera sinatzen dugun urteroko hitzarmena denez, gure aldetik arazorik ez eta beraz alde bozkatuko dugu. 

6.- EAJ eta PSE udal taldeek aurkeztutako Adierazpen Instituzionala, martxoak 8 egunekoa. 

Badakizue gure taldea aspalditxotik adierazpen hauen aurka dagoela, antzuak direlako eta herritarrei ez dielako ezer berririk eransten. Honelako gaietan haratago joateko ordua aspaldi heldu zela iruditzen zaigu eta urteroko irakurgai hauek alde batera uzteko garaia dela.

Dena den, hemen irakurri diguzuen neurri posibleetako bat “ Tokiko bizitzako Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Europako gutunari atxikitzea” da, baina guk nahiago genuke, legealdi berri honetan ere, batzordeetan, elkarlanean, aldarrikatzen ari garen eta momentuz behintzat inor kontra agertu ez den, Gipuzkoako udalerrietan indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko Protokoloa sinatuko bagenu lehen bai lehen, hau da, Europara begiratu beharrean, gure teknikariek, hemen bertan, gure probintzian landutako neurriak onartzea eskatuko dugu guk berriro ere.

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

9.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

2020-01-29 Udal bilkura

Hemen doakizue udal bilkuran gure taldeak esandakoa eta bozkatutakoa.

Data: 2020-01-29

 

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Udaleko aurrekontua gauzatzeko udal arauaren hasierako onespena.

Akats txiki bat konpontzea besterik ez denez eta aurretik batzordean denok alde azaldu ginela kontutan harturik, baietza bozkatuko dugu. Ondo deritzogu 6.000€tik gorako kontratutan 3 aurrekontu eskatzea, baina txikiagotan zentzu gabeko lan karga handitzea besterik ez luke sortuko.

 

3.- EUDEL-ek emandako gomendioarekin bat, gurasotasun-baimenak parekatzearen onespena.

Berdintasunaren alde, amatasun eta aitatasun denboraldiak berdintzea ondo iruditzen zaigu, ea horrela, ondoren gizarteko beste arlo guztietara zabalduz, gizonen nolabaiteko inplikazioa lortzeko kapaz garen.

 

4.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

5.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

6.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

Aurrekontuak 2020 (2019-12-27ko Udal bilkura)

Data: 2019-12-27

 

Udal bilkura

 

1.- 2020 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontua eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

 

EH-Bilduren osoko zuzenketa:

Pasa den urteko zuen argudio berdinak erabili beharko bagenitu abstenitu egin beharko genuke. Zuek esan zenutenaren arabera talde bion proposamenak oso antzekoak ziren, baina elkarrekin aurkezteko prestutasuna azaldu ez izanak, zuen baietza abstentzio bihurtu zuen. Aurtengo egoera ere nahiko antzekoa da.

Udal komunikazioaren aurrekontua gutxitzeko eskubidea ere aspaldi galdu zenutela iruditzen zaigu, aukera izan zenutenean, hau da, gobernuan egon zinetenean ez zenutelako kendu. Parkeen mantenuan, derrigorrezko segurtasun neurri batzuk bermatu beharko dira eta benetan ez dakit diru hau kendu ezkero behar diren arauak beteko genituzkeen. Dena den bi taldeok eskaturikoak antz handia dute eta gure taldeak, beste alderdiak gaizki nola utziko lanean ez du indarrik gastatzen, herritarraren onurari begiratzen dio soilik, beraz alde bozkatuko dugu.

 

1.-Azkoitiko Udalak 2020ko ekitaldirako izango duen aurrekontua, 15.110.000,00 eurokoa

Guk, egiten ditugun ekarpenak aintzat hartzen direnean, ez dugu inongo arazorik eskertzeko eta nahiz eta batzordeetan ere aurretik eskertu, berriro ere esan nahi dugu oso positiboki baloratzen dugula zuen jestu hau. Urtean zehar, batzordeetara eraman ditugun gaiak zuen aurrekontuan jarri dituzue, Mugiment, pertsona inaktibo eta sedentarioak mugimenduan jartzea sustatzen duen egitasmoa adibide bezala. Baina hori gutxi ez dela, gure aurrekontuetan aurkeztutako beste batzuk ere onartu dizkiguzue. Egia esan ez genuen esperantza handirik eta harrituta utzi gaituzue.

Urtero bezala, herrian euskara gehien sustatzen duen aldizkariari, hau da, Maxixatzeni laguntza bat ematea eskatu genizuen eta dagoeneko beraiek antolatzeko asmoa duten egitasmo baterako diru kantitate bat onartua zenutela erantzun zeniguten. Egitasmoak, gainera, emakumea duela protagonista jakinik, berdintasun arloan ere izango du eragina.

Gure ibaira plastiko isuria ekiditeko asmoz ere, nahiz eta zuen aurrekontuan aurretik kantitate bat jarrita izan, gurekin bat egin duzue eta lanketa horretan buru belarri lanean ari den taldeak eskaturikoa bere osotasunean onartu duzue.

Herriko talde feministarekin harremanak sendotzeko asmoz ere urtero diru kantitate bat ipintzen dugu eta nahiz eta oraindik non eta nola gastatuko den esan ez diguzuen, teknikari berriaren laguntzaz, berdintasunera bideratuko duzuela badakigu behintzat.

Herritarren parte hartzea sustatzeko ere, lehen pasoak emateko asmoz, aspalditxotik kopuru bat jarri izan dugu gure aurrekontuetan eta oraingo honetan, guk aurreikusitakoa baino kantitate handiagoa ipini duzue. Ea pentsatuta duzuen herri galdeketak arrakasta izaten duen eta herritarrak, denon artean, parte hartzera bultzatzen ditugun.

Herriko kultur eta kirol taldeei ere kopuru berezi bat ematearen aldekoak gara eta aurten ere %5eko gutxieneko igoera bat eskatu dizuegu. Talde denei egin beharrean igoera talde bati egitea aurreikusi duzue zuek eta egia esan ez zaigu gaizki iruditu Sahatsa taldeari horrelako bultzadatxoa ematea.

Xabier Muniberen 50.urteaurrena ospatzeko, oposizioko beste taldeok eskatutako kantitatea ere onartu diguzue. Egitasmo honekin badituzue zuen dudak, baina kopuru hau jartzeaz ez dut uste damutuko zaretenik, aurretik pentsatu dena egiteko kapaz badira/bagara ahaztu ezinekoa izango baita, herritar askoren parte hartzea ezinbestekoa izango delako eta beraz herritarren oroitzapenetan finkatuta geldituko delako.

Eta azkenik gure taldeak azken urtean lehentasuna eman dion proiektua, Floreagako igogailua, igerileku berriarekin batera estrategikotzat jotzen duzuela onartu diguzue eta ea Martxotik aurrera gastatzeko moduan izango dugun gerakinarekin 2. Fasearen obra esleitzeko pausoak lehen bai lehen ematen ditugun.

Baina badira guk eskaturiko eta ez onarturiko beste partida batzuk ere, errenta baxuko jubilatuei, ekintzaile eta sortzaile berrientzat laguntzak. Dena den, nahiz eta laguntza hauentzat aurrekonturik ez jarri, gutxienez zuen arrazoiak eman dizkiguzue. Beharrean dauden pertsonentzat, laster etorriko diren tekniko berriekin buelta bat eman beharko diezuela onartu duzue  eta ekintzaile berriei laguntzak emateko beste herriekin hitz egin (Azpeitia eta Zestoarekin hain zuzen) eta Iraurgi Berritzenen bitartez laguntza hauek bideratzeko ados egongo zinateketela erakutsi diguzue.

Bestalde, udaletxeko prentsa zerbitzua, herritar askorentzat, zuen alderdiari propaganda egiteko, denon diruaz ordainduriko egitasmo bat besterik ez da eta ez dakigu zer argudiatu hori pentsa ez dezaten. Denon artean adostutako aldaketa sakon bat egiten ez dugun bitartean partida hau desagertzearen alde azalduko gara.

Urtean zehar egiten dituzuen kreditu aldaketekin ere ez gaude ados eta beste alderdiek parte hartze handiagoa izatea gustatuko litzaiguke. Aurrekontu irekiak ere herri askotan ikusten dira dagoeneko eta gurean, herritarrei, zentzu horretan, keinu bat egitea ere askotan eskatu dizuegu.

Laburbilduz, gure taldeak eskaturiko asko onartu izana eskertu berriro ere eta egia esateko baietzetik hurbilago gaude ezetzetik baino. Dena den, zuen pasa den urteko hitzei kasu egin behar bagenio ezetza bozkatu beharko genuke. Nahiz eta ikusi guk aurkeztu genituen aurrekontuetako zenbaki denak, urtean zehar, guk esan bezalakoak izan, zuek zuhurtziaz jokatzeko ez zela mailegurik eskatu behar esan zenuten eta orain berriz zeuek zarete hasieratik eskatzearen alde azaldu zaretenak.Guk pasa den urtean zuhurtziaz jokatu genuen eta urte osoko zenbakiak horrela diote, hori bai, guretzat lehentasuna Floreagako lehen 2 faseak ziren eta zuentzat, diru hori erabili duzuenaren arabera, beste proiektu batzuk.Beraz, ezetza ez denez eta baiezko osoa ere ez, abstenitu egin beharko gara.

 

2.-Zubiaurre Elkargune Institutuaren aurrekontua, 2020ko ekitaldirako, 744.600,00eurokoa

Tasetan urtero izaten ditugu gure desadostasunak eta bertako antolaketa pixkanaka, arloz-arlo, udaletxera  bideratzea ere nahiko genuke. Badakigu azken hau ez dela pare bat hilabetetan egiteko azterketa bat, baina azken batzordean zuen asmo ona ikusi dugulakoan, gure baiezkoa.

 

3.-San Jose Egoitzaren 2020ko ekitaldirako aurrekontua, 68.300,00  eurokoa

Egoitzan dugun arazoa ez da aurrekontua, azken urteotan ia dena Aldunditik bideratzen baita. Egoitzaren arazo nagusia bere kokapena da eta gure taldearen eskakizunetako bat aspalditxotik. Arazo honek ere ez du berehalako  irtenbiderik, baina ea bere  bueltan lanean dabilen talderekin bat eginez aurrerapausoak emateko gai garen hurrengo urtean. Aurrekontuari buruz beste esatekorik ez, beraz gure aldeko bozka.

 

4.-Azkoitia Lantzen SA ren aurrekontua 2020ko ekitaldirako, 1.870.051,00 eurokoa

Udaletxe askotan handitasun garaian sortutako enpresa hauek ez lukete existitu ere egin behar. Hori aldarrikatzeko gure taldeak legealdi honetan ere ez du kargurik hartu eta beti bezala ezetza bozkatuko dugu.

 

5.-Azkoitiko Udalaren aurrekontu kontsolidatua 2020ko ekitaldirako, 17.051.551,00eurokoa

Aurrekontu honetan pisurik handiena udalaren aurrekontuak duela ikusirik eta puntu horretan abstenitu egin garenez, hemen ere bozka berdina.

 

 

2.- 2020 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantila eta Lanpostuen Zerrendaren hasierako onespena.

Ez dugu esateko handirik. Gizarte zerbitzuetan gehiegizko lan karga dagoen errezeloa dugu. Badirudi epe laburrean langile berrien laguntza izango dutela, etxez etxeko laguntzari jarraipen zuzenago bat egiteko, prebentzioan eta baita berdintasunean ere. Azken puntu honek, hau da, berdintasunak, aurreko legealdian nahiko kezka eman digu oposizioko taldeei, baina esan bezala epe laburrean, gizarte zerbitzuen arlora langile berriak etorriko zaizkigu eta honek, udaletxeko teknikoen arabera, asko gehituko du berdintasunari udaletxe honek emango dion eskaintza eta nahikoa ez balitz aurrerantzean gehitzeko ere konpromisoa azaldu diguzue, beraz puntu honetan gure taldearen baiezkoa.

 

 

3.- 2020-2022 Azkoitiko Udalaren Plan Estrategikoaren hasierako onespena.

Atzeratutako gai batzuk baditugu, adibidez beharrean dauden pertsona batzuei kendu zizkien laguntzak nolabait birbideratzea. Dena den badakigu ez dela ez diru hori aurrezteagatik, ez eta borondate faltagatik, udaletxe honek kendutakoak ez baitira. Beraz, gaia ahaztu ez dezagun, aipamen hau egin ondoren, gure aldeko bozka.

 

 

4.- 2020 ekitaldirako Aurrekontua exekutatzeko Udal Arauan Kontuhartze mugatua ezartzearen hasierako onespena.

Kontu-hatzailetzarekin konfiantza osoa dugu, badakigu ahal duen guztietan zuhurtziaz jokatuko duela, beraz alde bozkatuko dugu.

 

 

5.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 7 zenbakidun espedientearen onespena.

Gure erantzuna badakizue dagoeneko eta badirudi zuen taldekideak ere kopiatzen hasi zaizkigula. Estatuko gobernu osaketaren negoziazioak direla eta, Aitor Estebanek honela zioen( gazteleraz dago, baina esaldi txiki batean asko esaten duela iruditzen zait) “No pueden llegar las iniciativas cocinadas” . Azken finean guk ere horixe bera eskatzen dugu, beraz ea agindu zeniguten legealdiko plan hori aurkezten diguzuen eta denon artean, azkoitiarrak asebeteko dituen plan txukun bat eratzeko kapaz garen. Bitartean badakizue, gure kontrako bozka.

 

 

6.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmena onestea, mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotako zaintzaren kalitatearen aldiko jarraipena egiteko.

Jarraipen eta kontrolak gehitzeak zerbitzuaren hobetzea ekarriko duelakoan, gure aldeko bozka.

 

7.- 2020-2024 Azkoitiko Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Udal Planaren onespena.

Batzordeetan ere esan dugu, baina errepikatzea gustatuko litzaidake, plana bukatu ostean, plan honen jarraipen eta egiaztapen egokiak egiteko, gure taldearentzat, ezinbesteko garrantzia duela, osatzea nahi den mahaiaren konposaketak eta  batik bat bere aniztasunak. Beraz eskari hau aintzat hartuko duzuelakoan gure aldeko bozka.

 

 

8.- 2020-2023 Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren onespena.

Aurreko planak UEMAN sartzea aurreikusten zuen, baina azkenik ez da gauzatu. Orain hemen aurkezten den plan honetan berriz ez da horretarako borondaterik ere agertzen. Guretzat UEMAN sartzeak laguntza emango liguke aurrerapauso sendoagoak emateko, beste herrietan egindako ekintzetan lortu dituzten emaitzak gurera moldatzeko aukera emango ligukeelako. Dena den ea plan honetan markatutako beste egitasmo denak burutzeko kapaz garen eta gure hizkuntza babesteko beste aurrerapauso batzuk ematen ditugun. Beraz, zuek ere borondate horrekin bat egiten duzuelakoan alde bozkatuko dugu.

FacebookTwitterGoogle+

Hemen dituzue beti bezala gure taldeak esan eta bozkatutakoak.

 

Data: 2019-11-27

 

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. aldaketari dagokion espedientean, 3. area “San Martin”, 24. area “San Juan” eta 25. area “Basarte” eremuei dagokien behin betiko onespenaren ofiziozko berrikuspena.

Behin betiko onartuta genituen ataletan ingurumeneko txostenak falta zirela ohartu ondoren, egokiago ikusten dugu guk ere, lehen onartutakoa deuseztatu eta falta diren informeak gehitzea, etorkizunean izan genitzakeen arazoak ekiditeko, beraz ados.

 

3.- Azkoitiko Irisgarritasun Planaren fitxen aldaketa.

Nahiz eta fitxetan zuzendu beharreko gauzatxo batzuk aurkitu, gure adostasuna emango dizuegu, Aldundiak laguntzak emateko epea zabaltzen duenean, irisgarritasun plana onartua izatea beharrezkoa ikusten  dugulako, horrela irteten diren une berean, laguntza horiek jasotzeko arazorik izan ez dezagun

 

4.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 5 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Ea legealdiko plana beste alderdiekin adosteko borondatea azaltzen diguzuen eta orduan behar bada hasiko gara kreditu aldaketa hauek baloratzen, bitartean beti bezala gure ezezkoa. Dagoeneko hasi gara datorren urteko aurrekontuak aztertzen eta asko poztuko ginateke beste alderdien ekarpenak aintzat hartuko bazenituzte, edo gutxienez beste herri batzuetan egiten diren aurrekontu irekiak bultzatuko bazenituzte. Bi puntu horietako zerbait aldatzeko borondatea ikusi nahi genuke eta horrekin beste urteetako jarrera aldatzeko borondatea, bestela guk ezezkoan jarraituko dugu.

5.- Boliviako gizartea pairatzen ari den egoeraren aurrean EH Bildu udal taldeak eta EAJ udal taldeak aurkeztutako mozioak.

Gure taldea mozio eta adierazpen hauekin aspalditxo aspertu zen eta herritarrei ere ez dugu uste ezer aportatzen diogunik irakurketa soil honekin. Pasa den larunbatean bezala, adierazpenak alde batera utzi eta herrira begira ekintzak egiteko edo herritik bertatik sorturikoak babesteko aurkituko gaituzue.

Gure taldea batik bat herriko arazoei irtenbidea ematen saiatzen da, hori bai, aurretik batzordeetan lantzen ditugu gai denak eta aurretik ezer landu eta eztabaidatu gabe, honelako udal bilkura batean, mozio eta adierazpenen irakurtze hutsaren alde ez gaituzue aurkituko eta beti bezala kontra bozkatuko dugu, bai mozio hauetan eta baita hurrengoetan ere.

 

6.- 2019ko Euskararen Nazioarteko Egunerako EAJ eta PSE udal taldeek aurkeztutako Adierazpen Instituzionala.

 Abenduaren 3an herriko plazan sortzen den giroa goraipatu eta ekintzetan aurkituko gaituzuela gogotatu, baina mozio eta adierazpen hauen kontra gaude.

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.


9.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

http://www.azkoitiabai.com/?p=329

2019-10-30 Udal bilkura

Hemen dituzue, hilero bezala, idatziz, udal bilkuran gure taldeak esandakoak.

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Patzuergoaren artean Udal Erroldaren datuak egiaztatzeko hitzarmenaren onespena.

Honelako komunikazioak batik bat herritarraren erosotasunerako erabiltzen direla pentsatuz alde bozkatuko dugu.

 

3.- Azkoitiko Udal Larrialdietarako Planaren eguneraketaren onespena.

Oraindik akatsen bat egon litekeela jakinda ere, onarpen hau gehiago atzeratu ez dadin eta hurrengo eguneratze batean zuzenduko direlakoan, gure aldeko bozka.

 

4.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Behin eta berriz errepikatu dugu kreditu aldaketetan erabiltzen duzuen politika ez dugula gustukoa eta aldatzen ez den bitartean ez dugula alde bozkatuko. Legealdi plana burutzen duzuenean eta beste taldeekin adostasunetara iristeko ahalegina egiten duzuela ikusi orduko, hasiko gara kreditu aldaketa bakoitzari bere erantzun zehatza ematen.

 

5.- 2020rako Taxi tarifen onespena.

Erabakitako KPIaren igotzea dela ikusirik eta taxista beraiekin eta beste herriekin adostutako erabakia denez alde bozkatuko dugu.

 

6.- 2018-2019 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren ebaluazio memoriaren berri ematea.

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

9.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+