Ez izan inuzente (1.atala)

Herritar denek jakin dezaten nola doazen inuzente egunean 2016-12-28an erabakiko diren aurrekontuak, guk behintzat, gure proposamen eta erabakiak  argitaratuko ditugu.

Beraz, ez izan inuzente, eta parte hartu,  zure etxeko eta ingurukoen ekonomia baldintzatuko duen gaian.

Hau da 2017ko aurrekontuak eztabaidatzen hasi aurretik, beste taldeei bidali genien idatzia.

 

2017 AURREKONTUAK

 

Azkoitia Baik, 2017 aurrekontuetan egingo dituen proposamenak bidaltzen dizkizuegu. Momentuz, gure nondik norakoak agertzea nahi dugu beste taldeei eta batzordeetan hitz egiten dugunaren arabera, egingo dugu balorazio ekonomikoa.

Hauek dira laburbilduz gure talde eta herritarrak helarazi dizkigun kezka eta egin beharrak:

 

 

  1. PLAZA BERRIren eraberritzeari heldu. Honek diru kopurua handia suposatuko duenez, nola finantzatu aztertu (plurianaula?)

 

  1. Pasa den urtean, 2016an, egin dena aztertu eta argiteriaren berritzearekin jarraitu, eta batipat gune arriskutsuetan ( puntu beltzak, zebra bideak,…), baina erdi gunea ere ahaztu gabe.

 

  1. Zebra bideak ondo marraztu, hobeto ikusi daitezen.

 

  1. Juinetik dagoen bidea erabili Urola ikastolara igotzeko, falta diren metro gutxi horien obra gauzatuz (Teknikoki posible bada).

 

  1. Beilatoki toki aldamenean pasatzen den bidegorria aldatu, errotondatik pasatzea arriskutsua baita.

 

  1. Floreaga ikastetxera, Aingeru kaletik, etxe artetik, dagoen aldaparen zorua konpondu, arriskutsua baitago.

 

  1. Liburutegi alboko gune estalia noiz egin. Herritarren partea hartzea bultzatzen dugula diogu, ba aurrekontu parte hartzaileetako ekintza nagusiena ez dugu gauzatu.

 

  1. Herritarrak erabakitzeko diru partida: 300.000 euro. Parte hartze prozesu baten bitarteaz erabaki nola gastatu.

 

  1. Lokalen alokairurako diru laguntza. Etxe hutsei gehiago kobratzegatik atera beharko genukeen diru kopurua.

 

  1. Taldeentzako diru laguntzak gutxienez mantendu, igotzeko aukera aztertu.

 

  1. Auzokonposta gune berrientzat diru partida: 3 gune berri? Ingurumen teknikariari galdetu kokaleku aproposenak.

 

  1. Interpretariak: partida kendu PSE-ko zinegotzi berriak euskaraz badakienez. Itzulpen batzuk ere egin beharrik ez (epai irmoa dago udal batek euskara hutsean egin ditzakeela hainbat dokumentu: batzordeetako aktak…).

 

  1. Aurrekontu parte hartzaile partida berreskuratu.

 

  1. Herri galdeketa partida berreskuratu.

 

  1. -Prentsa zerbitzua (55.000) eta web orriaren diseinuaren partidak(25.000)kendu.

 

  1. Berdintasun partida gutxienez aurrekontuak izango duen igoeraren neurri berean igo.

 

  1. Gazteentzako (13-20 urte bitartekoentzat adibidez) Gaztetxe edo antzeko proiekturen bat.

 

  1. Iraurgi Berritzenetik ekintzailetasuna sustatzeko ematen ziren diru laguntzak berreskuratu udaletik.

 

  1. Oposizioaren liberatuarentzat partida.
FacebookTwitterGoogle+

AZKOITIKO UDALETXEAN LANGILE BAT BEHAR DA

Lana ez da xamurra. Ez da ikasketa eta esperientziarik eskatzen, baina izango balitu hobe. Momentuz ez dakigu zer ordainsari jasoko lituzkeen eta martxan dagoen legealdiarekin bukatuko litzateke. Hori bai, lan denetan bezala, lanerako gogoa garrantzitsua da eta herritarren esanetara egon beharko luke.

Oraindik ez da lan poltsa ireki eta beraz ez bidali curriculumik.

 

LANA: OPOSIZIOKO LIBERATUA.

   

Azkoitiko udaletxean oposizioa egitea askotan lan nekeza eta antzua gertatzen da. Hau esanda gero, itxaropen txiki bat izan dugula, eta argi txiki batzuk piztu zaizkigula ere esan behar dugu. Urriaren 11ko ogasun batzordean, Bildu taldeak berri bat zabaldu zigun: Udaleko oposizioko talde nagusienak liberatu bat izateko eskubidea zuela eta hemen non piztu ziren gure argiak. Hau dena, EAJ-ko Ana Azkoitiaren %100 liberazioa eztabaidatzen ari ginela gertatu zen.

Gure taldeak, hau da Azkoitia Bai-k, Urriaren 26ko udal bilkuran, Ana Azkoitiaren liberazio puntua jorratu zenean honako hau esan zuen:

 

 

8.- Hautatuen ordainsari eta asistentzien araubidearen aldaketaren onespena.

Aurretik esan behar, balio handiko pertsona iruditzen zaigula.

Baina orain arte hautatu dituzuen artean, beti berdina esan diguzue: ordainsarietan,  EUDELek esaten duenaren barnean zaudetela, eta oraingoan berriz, ez diozue jaramonik egingo. Ez da lehen aldia EUDELek esaten duena ez duzuela errespetatzen, beraz, dagoeneko garbi dugu, komeni denean bakarrik erabiltzen duzuela hitz hori.

Dena den, Hasieratik esan genuen bezala, denon artean adostu beharko genituzke, bai liberazio  eta baita ordainsariak ere. Oraindik legealdia bukatzerako, nahiz eta hurrengorako izan, lau urte hauetan, denok ikasten dugunarekin, adostasuna lortuko dugun itxaropena dugu. Behingoz talde politikoen koloreak alde batera utzi, Azkoitiko udaletxeak, ondo  funtzionatu dezan, zenbat liberatu behar dituen eta bakoitzak zenbat kobratu beharko lukeen erabaki eta hurrengo urtetarako eztabaida antzu hauek ahaztuta izan behar genituzke. Guk adostasun hau lortzen ez dugun bitartean aurka bozkatuko dugu.

 

Eztabaidarik ezin duena egon, legeak hala agintzen baitu, oposizioak gutxienez liberatu bat izan behar duela da. Herritarrei ahal den informazio zabalena eskaintzeko, beste talderen bateko zinegotzi bat eskura izatea, garrantzitsua iruditzen zaigu. Dudarik ez dugu egiten bigarren bozka gehien lortu zituen taldekoa izan, beste zinegotziek bezala kobratu eta oposizioko beste taldeen beharretara ere egokitu beharko lukeela eta lehen bai lehen pausu hori ematea eskatzen diogu oposizioko talde nagusienari, herriarentzat lanerako baikaude eta herritarrentzat edozein laguntza gutxi baita.

 

Bildu taldeak aukera hau eztabaidatzen ari zirela erantzun zigun eta Azaroaren 9an, udaleko liberazioen ordainsariak salatzeko komunikabideetara jo zuen.

Azkoitia Bai-k oraindik ezin du ulertu aukera hau nola ez duten berehala aprobetxatzen eta Azaroaren 16ko ogasun batzorde aurretik honako idatzi hau zuzendu die beste talde politikoei:

 

Prentsan irakurritakoaren arabera, Maxixatzen, badirudi Bildu taldeak ez duela inor liberatzeko asmorik.

 

Gure ustez, oposizioko liberatu bat izateko eskubide hau jartzeko arrazoi ugari daude eta zer esanik ez gehiengo oso bat dagoen udaletxean.

 

Gure taldea ere, hau da Azkoitia Bai-k, liberatu kopurua eta ordainsariak, denon artean adostutakoak izan behar luketela, aspaldidanik ari da aldarrikatzen. Ez da legealdi honetako kontua. Bilduk orain arte, udaleko liberatu politikoek,  beren lanetan kobratzen zutena kobratzea zela egokiena zioten, baina orain adostasunera iristeko prest daudela dirudi. Gu, gure zenbakiak mahai gainean jartzeko prest gaude aspaldidanik eta jarrera aldaketa honek asko poztu gaitu.

 

Baina bueltatu gaitezen izenburuak dioen gaira. Orain dela gutxi erabaki denaren arabera oposizioko talde nagusienari lanaldi osorako liberatu bat izateko aukera zabaldu zaio, eta berri hau Bildu taldeak ekarri zuen ogasun batzordera. Berri oso interesgarria iruditu zitzaigun eta berehala animatu genituen beraien taldeko norbait liberatzeko, beste taldeontzat ere oso interesgarria litzatekeelako, udal gobernutik at, udaletxean oposizioko taldeentzat norbait izatea udaletxean lanean, ez baita berdina bakoitzak bere lana izan eta gero udaletxeko jardunetara iritsi ezinda ibiltzea edo lana udaletxekoa izatea.

 

Beraz, liberazio hori hartzea eskatzen diogu Bildu taldeari, eta ez badute hartu nahi, besteoi ematea aukera, esan bezala, udaletxean oposizioko taldeontzat lanean norbait izateak lana erraztuko ligukeelako eta oposizio egokiagoa egiteko gai izango ginatekeelako.

 

Bildu taldeak, hilabete baino gehiago pasa den honetan, oraindik ere ez dutela ezer erabaki erantzun zigun eta beste taldeek ere erantzun garbirik ez. Gauza bat da legeak dioena eta beste bat, talde bakoitzak, gai honen bueltan duen iritzia. Guk gurea garbi utzi dugu eta herritar denei zabaldu nahi geniolako etorri gara gu ere komunikabideetara eta askotan kaleko jardunetan gertatzen den bezala gaizki ulerturik egon ez dadin.

2017ko aurrekontuak eztabaidatzen Azaroaren 28an hasiko gara eta ez dakigu oposizioko liberatuarentzat diru kopururik utzi behar dugun edo ez. Dena den ahal dugun heinean informazioa zabalduko dizuegu eta gure herriak, 2017an, nondik nora joko duen datorren hilean erabakiko denez, zuen iritzi eta ekarpenak asko eskertuko genituzke.

FacebookTwitterGoogle+

Zer da TASA eta zer ZERGA?

TASA:

Udalak ordainketa batzuk egin behar izaten ditu, Zabor bilketa eta bere tratamendua Mankomunitateari, etxera iristen zaigun ura Gipuzkoako Urak S.A.-ri,… eta gastu hori denon artean ordaintzen dugu. Hori bai, udalak tasetatik ezin du etekinik atera, gastatzen dena baino gehiago ezin da kobratu.

ZERGA:

Hemen udalak ez du gastu zuzenik, hau da, udalak ez du aurretik ezer ordaintzen, ez zuk auto bat izateagatik, ez eta zure etxebizitzarengatik,… Diru bilketa hau gero herriaren onurarako erabili beharko litzateke, espaloiak konpondu, beharrean daudenei lagundu,…

Urrian hasiko gara Tasa/Zergak finkatzen, eta gure taldeak (Azkoitia Bai) egingo duen proposamena aurkeztera natorkizue, azken urteetan adostutako bi irizpide nagusietan oinarritua .Bi irizpide nagusi hauek duela 10 urte adostutakoak dira, PNV gobernuan zegoen garaian, gero Bildu egon denean ere mantendu izan zena.

Tasetan, ordaindu beharreko gastu bat dago, Mankomunitateari edo Gipuzkoako Urak S.A.–ri, nahi eta nahi ez, ordaindu egin behar zaio, beraz herritarrari, kopuru hau kobratu beharko genioke.

Baina batzuetan, politikaren onuran, herritarra engainatzera jotzen dela uste dugu. Adibide bat jarriko dizuet:

2017an zaborrarekin gastu bat aurreikusiko da eta gastu hori ordaintzeko zaborraren tasa igo beharko genuke. Baina tasa hau igotzea ez da politikoki ondo ikusten, eta behar bada, pasa den urtean bezala, zerbait igoko dute baina herritarra ez aztoratzeko adina. Pasa den urtean igo zenarekin 340.000 Euroko zuloa aurreikusten zen, %100etik urrun bai geunden.

Baina azken finean diru hori ordaindu beharra dago, eta hor dago gure ikuspuntutik iruzurra. Herritarrak zaborraren fakturari begiratzen dio zerbitzu horregatik ordaintzen duena jakiteko, baina hori ez da egia, aparte beste nonbaitetik ere atera beharko baita falta dena ordaintzeko dirua.

Azkoitia Bai-ren iritzia beraz garbi utzi nahi dugu: Tasa bakoitzean ordaindu beharrekoa ordaintzea , ahal den gehiena %100era arrimatuz, gainditu gabe, herritarrak uneoro dirua non gastatzen duen jakin dezan eta engainatzeko trikimailurik erabili gabe.

Orain Zergetara pasatuko gara. Diru hau ez da gastu konkretu batean gastatzeko, lehen esan bezala, herriaren onurarako gastatu beharrekoa baizik. Herriaren onura hitz potoloa da eta denok ez dugu onura gauza edo ekintza berberetan ikusten, baina hori aurrekontuetan erabakitzen da eta hurrengo kapitulua litzateke, nahiz eta zergetan biltzen denak zerikusi handia izan.

Zergetan beti berdina esan ohi dugu politikariok: Gehiena duenak gehiago ordaindu dezala. Teoria bezala ondo dago. Azkoitia Bai-k urtero iritzi berdina erakusten du, bai tasa eta bai zergetan ere. Tasetan %100eko estaldura eta zergetan ondoko beste 20 herrietako batezbestekoan (median) kokatzen ahalegindu beharko dugula, eta jakin badakigu urte askotan horrela izan dela.

Pasa den urtean, batipat Ondasun Higiezinen gaineko Zerga industrialean (IBI Industrialean) geunden batezbestekoa baino beherago eta guk, beste urteetan egin den bezala, batezbestekoan kokatzeko igo behar zena igotzea eskatu genuen, baina ez zen horrela gertatu eta bakarrik erdia igotzea erabaki zen, eta beraz, herriaren onuran gastatzeko diru gutxiago izan dugu.

Beste eztabaida bat ere izan genuen, Etxebizitza hutsen zerga. Diru honekin gazteek etxebizitzak alokatzeko laguntzak eman ziren 2015ean, eta arrakasta handia izan zuenez, Azkoitia Bai taldea mantentzearen alde azaldu zen.

Udal gobernuak (gehiengo osoa duenak), denbora gutxi barru, Jaurlaritzatik kobratzekoak zirela agertu ziguten eta ez zutela bidezkoa ikusten,zerga bera, bi aldiz kobratzea. Beste taldeok harrituta gelditu ginen inork ez baitzuen ezer entzun, baina nola jaurlaritzako gobernuan ere talde berdina zegoen…

Ba jakin ezazue ez dela ezer kobratu eta gu aurten ere zerga hori ezartzearen aldeko azalduko garela eta ea denon artean adosten dugun.

Laburbiltzeko eta argi gelditu dadin:

Tasak: %100eko estaldurara iritsi tasa bakoitzean (zaborra, ura, …)

Zergak: Ondoko beste 20 herriren batezbestekoan kokatu (etxea, autoa, …)

FacebookTwitterGoogle+

HERRIARI AHOA TAPATU II

2016-05-30eko udal bilkurako alkate jaunaren hitza moztearen arazoarekin gatozkizue berriro. Ez dugu gaia indarberritu nahi eta konbentzituta gaude une zehatz bateko hanka sartzea izan zela eta ez zela besteoi kalte egiteko asmotan izan. Dena den, eta aurrera begira oztopo gehiago ez jartzeko asmoz, udalean indarrean dagoen araua argitzeko eskatu genion idazkariari, berriro ere, ahal bada, horrelakorik gertatu ez dadin eta denok izan dezagun prozeduraren berri. Guk jaso genuen erantzuna honako hau izan zen:

Udal bilkurako puntu bakoitzari erantzun edo azalpenak emateko lehen txandan 5min.ko tartea dago eta bigarren txanda bat egongo balitz 2min.koa.

FacebookTwitterGoogle+

OGASUNA, BARNE ANTOLAKUNTZA, PERTSONALA, KONTRATAZIOA, SUSTAPEN EKONOMIKOA ETA MERKATARITZA

Batzorde honetan ondorengo gaiak lantzen dira eta berauen inguruko  informazioa izango duzu, momentuan eztabaidatzen ari diren gaiak, hartutako erabakiak, etab.

Ogasuna: urteroko aurrekontuaren eztabaida, onarpena, exekuzioaren jarraipena, aldaketak eta urteko kontuen itxiera. Horretarako zerga eta tasen onarpena, inbertsioen bideragarritasuna eta ohiko sarrera nahiz gastuen kontrola aztertzen da.

Barne antolakuntza: Udalaren antolakuntza eztabaidatzen da.

Pertsolana: Udal langilegoarekin loturiko gaiak jorratzen dira.

Kontratazioa: Udalak  enpresekin edo profesionalekin kontratatu beharreko hornidurak eta zerbitzuen inguruko prozeduren jarraipena egiten da kontratzio publikoko legeak ezartzen duenaren arabera.

Sustapen ekonomikoa: herriko sustapen ekonomikoa garatzera bideraturiko ekintzak proposatu, eztabaidatu eta erabakitzen dira.

Merkataritza: herriko merkataritzarekin loturiko erabakiak hartzen dira.

FacebookTwitterGoogle+