KULTURAREN GARRANTZIA

Orain dela urtebete hasi ginen kontu honekin, udalera eramaten ditugun ekarpenak duten arrakastarekin, tentu eta pazientzia handiz jokatuz.

Dena kaletik jaso genuen kexa batekin hasi zen eta honela zioen: “Kirol arloan ematen badira, zergatik ez zaie saririk ematen edo harrerarik egiten kultura arloan hainbeste lan egiten duten Azkoitiarrei?

Gure ustez galdera logikoa zela eta, hurrengo kultura batzordera eramango genuela erantzun genion, eta horrela egin genuen. Batzorde horretan hausnarketa desberdinak egin ziren, kirol taldeek beraiek hautatzen zituztela saria jaso lezaketen azkoitiarrak, kultura mailan hori lortzea ez zela erraza izango,…baina buelta bat emango ziotela.

Lehen esan bezala, pazientzia asko izan ondoren eta erantzunik gabe urtebete pasa zela ikusirik,2018-03-14ko kultura batzordean berriro ere galdera berdina egin genuen, baina gaia konplexuegia zela zirudien, hau da, kirolean hainbeste urtez egin dena, kulturan ezinezkoa zela. Dena den, udal teknikariak beste udaletan horrelako zerbait egiten ote zen begiratuko zuela erantzun zigun eta bide batez besteok ere animatu gintuen, ea kultur sari mundu konplexu horretan zerbait aurkitzen genuen.

Hurrengo hileko batzorde eguna iritsi aurretik, gure aurkikuntzak bidali genizkien beste batzordekideei, bi hain zuzen:

  • Legazpiko udalak ematen dituen kultura sariak.
  • Oñatiko udalean, non EAJ/PNV alderdiak (oposizioan), udal gobernuari (Bilduri) kultur sariak banatzeko eskaera egiten dion.

Gainera, pare parean, Euskal Telebista, irrati eta egunkarietan, azkoitiarrok berri zoriontsu bat jaso genuen, Anariri Adarra saria emango ziotela hain zuzen.

Gure proposamena asmatzea ez da lan zaila: Zergatik ez diogu, berri hau aprobetxatuz , Anariri sari, harrera edo horrelako zerbait egiten?

Erantzunik ez, pazientzia gehiago beharko da.

Azken kultura batzordean, 2018ko Maiatzaren 3koan, gure taldeak ez zuen gai hau atera eta ez zen beste inoren komentariorik entzun.

Baina batzorde ondoren Herrikolore, herri ekimena aurkeztera etorri zitzaizkigun. Egia esateko lan bikaina egiten ari den taldea, kirol eta kultura arloan, oraingoz 55 talderen ekarpena jasotzeko gai izan den talde eraginkorra, bai, ondo irakurri duzue, kirol eta kultura arloan.

Asko landutako, ilusioz beteriko aurkezpena bukatu zutenean, eskakizun bat egin ziguten han geundenoi: ez zutela herri ekimen hau politizatu nahi eta mesedez hurrengo egunean herriko plazan egingo zuten aurkezpenean ez zutela politikorik argazkian ikusi nahi.

Eta guri, ez dakit zergatik, behar bada hainbeste pazientzi izatearen ondorio edo gaitzen bat izango dugu, berriro ere galdera/proposamen bat egitera eraman genituen hau denak: kirola eta kultura politikatik kanpo nahi baditugu, zergatik ez ditugu, Herrikolore ospatzen dugun egun horretan, ekimen horren barnean dauden taldeek aukeratuta, kirol eta kultura sariak banatzen?

Bi erantzun jaso genituen:

  • Herrikolore taldekide batena: kirol sariak ematen dituzuen bezala, kultur sariak ere udaletik banatu. Hemen idatzitakoaren berri izango ez zuela jakinik nahiko erantzun zuzena
  • Alkate jaunarena: “Hori ez da egingo eta punto.”
FacebookTwitterGoogle+

2018-04-25 Udal Bilkura

Hemen dituzue gure taldeak, Azkoitia Baik, udal bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2018-04-25

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespenak, hala badagokio.

ADOS

 

2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 1 zenbakidun espedientearen onespena.

Ea oraingo honetan ondo azaltzen dudan gure jarrera. Legealdi hasera hasieratik esan genuen kredituak aldatzeko erabiltzen zenuten sistema ez zitzaigula gustatzen.

Gure ustez zinegotzioi egin behar diguzuen galdera beste bat da, hauxe hain zuzen:

Udalean hainbeste diru dago kreditu gehigarri, aldaketa edo dena delakoak egiteko, zuen ustez zertan erabili beharko genuke diru hau? Eta galdera hau herriko gai potolo edo eztabaidatsuak direnean herriari galdetu, adibide bat errazago ulertzeko, Non nahiko zenuke parke estalia?Halako toki honetan edo beste honetan?

Legealdi hasieran denon artean adostu genuen Floreagako igogailua egitea, aurreko legealditik zetorren gai bat zen eta denok ados azaldu ginen, baita zeuek ere. Gero  berriz inkesta bat egin zenuten auzoan eta igogailuaren ordez urbano zerbitzua sendotzea erabaki zenuten. Orain berriz auzo horretan espaloiak konpontzeari eman diozue, auzo horretako jendea beste gauza batzuk eskatzen ari denean.

Beraz arazoa erro erroan dago, zeuek, nahieran, antolatzen duzuela herria, beste talde eta herritarrei jaramonik egin gabe.

Guk horrela jokatzen duzuen bitartean ezin diogu kreditu aldaketei baietzik eman, eta ez bertan datorrena beti gaizki iruditzen zaigulako, ziur ekintza asko egin beharrekoak direla, okerra lehen esan bezala, erro erroan dagoelako baizik.

Ez dugu espero gure azalpenekin ados egotea, udal politikak zuzentzeko bi era desberdin besterik ez dira. Ziurrenik duzuen gehiengo osoak ere zerikusi handia izango du. Baina martxoaren 22ko osoko bilkuran alkate jaunak ez zuela ulertzen hiru aldiz jarraian esan ondoren, pixka bat kezkatu egin ginen.

Nola liteke azken ia 3 urtez jarraian behin eta berriz esaten eta arrazoitzen ari garen jarrera ez ulertzea. Gurekin ados ez egotea guztiz bidezkoa, baina ez ulertzea…

Ea oraingo honetan kredituen kontu hau hobeto argitzeko gai izan naizen eta beti bezala, aurreko lerroetan esandakoarekin bat, ezin baietzik bozkatu, beraz gure aurkako bozka.

 

3.- 2017 ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren berri ematea.

 

4.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

5.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

6.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

2018-03-22 UDAL BILKURA

Hemen dituzue gure taldeak, Azkoitia Baik, udal bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2018-03-22

Udal bilkura

 

Bildu taldekoak ez dira etorri, Udal bilkura data aldatu eta dokumentazioa berandu iritsi delako.

 

Bozeramaile batzordean ere esan nuen, ez zitzaidala ondo iruditzen, aho batez ez bada edo arazo larri bat ez badago, eguna aldatzea. Izarori (Udaletxeko idazkaria) ere egun hauetan prozedura eskatu diot, ea denon artean, aldaketak egiterik dugun, berriro ere hau gertatu ez dadin.

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

 

Parke estaliaren kokapenaren kontuaz hitz egiten denean, esaten da batzordean denoi ondo iruditu zitzaigula (75. orrialdea) eta batzordean erabaki zen, batzordekideek ez zutela ezadostasunik agertu, jartzea.

Bestela ados.

 

2.- Azkoitiko udal etxebizitza tasatua eta Azkoitiko udalerrian etxebizitza bultzatzeko sustapen neurriak arautzen dituen Ordenantzaren 4. aldaketaren hasierako onespena.

 

Ordenantzaren 4. aldaketa izateak harritu egin gaitu, baina banketxearen finantziazioarekin datozenei, gutxieneko sarrerak ez gainditzeagatik, banketxearen filtroa pasatu ostean, etxebizitza hori ez saltzea, ez dugu guk oztopatuko, beraz ados.

 

3.- 2018 ekitaldiko 1 zenbakidun konpromiso kredituaren hasierako onespena.

 

Mahai gainean, eztabaidan, kredituak daudenean, zuek aukeratzen dituzuenei eman behar izaten diogu bozka, eta behin eta berriz esan dugun bezala, hori ez da gure egin behar nagusia. Nik uste dut, politikariok, udaleko diruak, zertan erabili behar genituzkeen eztabaidatu eta bozka behar genituzkeela, beti ere proiektu nagusienen eta eztabaidatuenetan, herritarrei galdetu ondoren eta ez zuek aukeratutakoari baietza edo ezetza eman soilik. Beraz, hori egiten ez den bitartean guk ezin diogu baietzik eman eta oraingoan abstenitu egingo gara.

(Eztabaida sortu da).

 

4.- Azkoitiko Kale Nagusia, 80ko eraikina birgaitzeko eta babes publikoko etxebizitzak sustatzeko Azkoitiko Udalaren eta “Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.” (VISESA) Sozietate Publikoaren arteko hitzarmenaren onespena.

 

Puntu honetan gure baiezkoa emango dizuegu, nahiz eta aurreko puntuarekin konparatuz kontraesan bat dirudien. Proiektu honen alde azaldu gara beti, eta ez gu bakarrik, ia herri osoa. Denok horrelako zerbait eskatzen genuen, eta ahal den azkarren burutzea nahi genuke. Beraz, puntu honetan, herritarrek zer nahi duten ez dugu zalantzarik, baina kredituetan ezin dugu hori ziurtatu.

 

5.- Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Segurtasun Sailaren eta Azkoitiko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren onespena.

 

Jakin dugunez, ertzaintzarekin bateratutako baliabideak erabiliz, udaltzainei lana errazten diote, adibidez kalean edozein pertsona identifikatzeko orduan, beraz gure aldeko bozka.

 

6.- Urola Erdiko Mankomunitateko Estatutuen aldaketaren onespena.

 

Badirudi Mankomunitateko alderdi denok ados zaudetela eta lehenbailehen aldatzea nahi dela eta Gipuzkoako Foru aldundiko txostenak ere ez badu eragozpenik azaltzen, gu ere alde.

 

7.- Herritarren Arretarako zerbitzu integrala ezartzeko prestakuntza eta laguntza programan parte hartzeko Protokoloaren onespena.

 

Udaleko teknikarien parte hartzeari garrantzi gehiago ematen diogu, politikarien parte hartzeari baino, teknikariak, politikariak baino, udalean, denbora luzeago egingo dutela iruditzen zaigulako, guri hala komeni behintzat. Bromaz aparte, denon onerako izan dadila, eta batipat  herritarraren onurarako, beraz ados.

 

8.- Azkoitiko Udalaren diru-laguntzen Plan Estrategikoa 2018-2019-ren aldaketaren hasierako onespena.

 

Diru laguntzak emateko, plan estrategikoaren barnean egon behar badute, aurrera.

 

9.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

10.- Galde-erreguak.

 

Premiatasunezko proposamena:

GAIA: AZKOITIKO UDALERRIKO ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ESLEITZEA XEDE DUEN KONTRATAZIOA ARAUTZEN DUTEN ADMINISTRAZIO BALDINTZA ZEHATZEN AGIRIKO 16. KLAUSULAKO KAUDIMEN TEKNIKOA ETA PROFESIONALA EGIAZTATZEKO 3.2 ATALAREN LEHEN BIDEAN EZARRITAKO BALDINTZAREN ZUZENKETA ONESTEA

 

Premiatasuna:

Guk ez dugu nahi laguntza hauek atzeratzerik, eta zuek gauzak legez egiten ari garela ziurtatzen baduzue aurrera.

 

Nahiz eta berandu ibili, urteko ordu kopuruen okerra, batzorde batean behintzat, azaldu zenuten eta horrela, bide batez, enpresa gehiagori ematen diogu, lehiaketan aurkezteko aukera, eta esan behar, zuzenketa horren alde bozkatzekoak ginela.

Baina azken orduan, hau da, gaur arratsaldeko 13:50tan mezu baten bidez beste oker batzuk daudela jakinarazi diguzue. Irakurtzeko aukera izan dut, baina beste taldekideekin hitz egiteko ezin denborarik hartu. Beraz ezetz bozkatuko dugu eta zalantza batzuk ere baditut. Taula zuzendu duzuela diozue, baina lehengoa lan hitzarmeneko taulekin bat zetorren? Eta horrela ez bada, ez duzue orain arteko enpresa salatzerik pentsatu? Zeuek ebazpenean diozuen bezala, Gipuzkoako Garbiketako lan hitzarmenean, “gerocultor/a” kategoriarik ez da jasotzen. Esleitze denetan berdina esaten dizuet, batipat eraikuntzakoetan, mundu hori ezagutzen dudalako, ea Gipuzkoako hitzarmena betetzen den. Beti baietz erantzuten didazue, baina hemen agertzen diren okerren arabera ezetz dirudi. Beraz aurreko enpresak okerrak egin baditu udaletxe honek salatzea nahiko genuke.

FacebookTwitterGoogle+

2018-02-28 UDAL BILKURA

Hemen dituzue gure taldeak azken bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2018-02-28

Udal bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

 

ADOS

 

2.- Azkoitiko Hiri Antolaketako Araudietako 4. aldaketaren hasierako onespena; 3. Area “San Martin”, 24. Area “San Juan”, 25. Area “Basarte” eta 33. Sektorea “Izarrejandalo”-ri dagokionean.

 

Badirudi gai honek luzerako emango digula, hau da, behin betiko onespena eman aurretik, bilera eta eztabaida asko izango dugula. Guk momentuz gure onespena emango diogu udal gobernuari, baina pare bat ñabardura adierazi eta gero.

San Juan eta Basarten ez dugu eragozpen handirik ikusten, baina San Martin eta izarrejandalon kontu handiz jokatu beharko da, Izarrejandalo eremu handia eta obra garrantzitsua egin behar litzatekeelako eta San Martinen berriz herritar askorengan izango lukeen eraginagatik.

Izarrejandalon ez genuke orain urte gutxi izan ziren handikerietara bueltatu nahi eta San Martinen berriz lege kanpoko eraikin asko dagoela esan diguzuenez, lehenbailehen zuzentzea eskatzen dizuegu.

Elkarguneko sarrerako plaza handitzea ondo ikusten dugu, nahiz eta aldameneko eraikin bati solairu bat gehiago egiteko aukera eman beharra izan horretarako.

Baina okerrik handiena beti bezala parte hartze faltan ikusten dugu, baina oraindik denbora badagoela ikusirik, mesedez saiatu zaitezte, gure onespenaren gain, herritarrena ere izan dezazuen.

 

3.- 2018ko zerbitzu publikoak eman eta jarduerak egiteagatiko tasa arautzen duen Udal Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena.

 

Gizarte-Ongizateko teknikariak aurkeztu zizkigunean borondate eta neurri egokian eginiko laguntzak ziruditen. Beraz gure taldeak ez dio eragozpenik aurkitu eta ados gaude.

 

 

4.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 1 zenbakidun espedientearen onespena.

 

Badakizue beste taldeokin elkarlanean hartutako erabakiak ez diren bitartean ezin diogula gure baiezkoa eman, beraz abstenitu egingo gara.

5.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko espedientearen onespena eta jardunbideari hasiera ematea.

 

Prezioari baino Azkoitiarren ongizateari garrantzi gehiago emango zaielakoan ados.

 

6.- Azkoitiko udalerriko II. Berdintasun Planaren onespena.

 

Zeuek bidalitako dokumentuan, literalki honako hau zioen: “bereziki garrantzitsua izango da herriko elkarte, eragile eta norbanako guztien parte hartzea”. Beraz animatu, berriro ere, zeuen idatziak kontutan hartu eta ahalegin berezi bat egitera. Badakizue gure laguntza izango duzuela gai honetan eta animu horiei gure bultzadatxoa emateko, gure baiezkoa.

 

7.- PSE-EE udal taldeak sexu erasoen aurkako APP bat sortzeko aurkeztutako mozioa.

 

Beti bezala, alderdi politikoko organo gorenetatik  datozen mozioek bakarrik mugitzen zaituzte, hau berau ere badirudi EUDELetik datorrela. Gai honetan, udal honetan, denon artean zerbait egitera , pare bat urtetan, plenoz pleno, elkarrekin zerbait egiteko konbitea egin dizuegu, baina ez duzue sekula inork erantzunik eman. Batzordeetan ere ez duzue ezer komentatu, eta horiek dira denon artean hitz egin eta lana egiteko tokiak.

EUDELetik badator, ez dugu dudarik egiten, organo horretan horrela erabaki baduzue, hala izango dela, beraz gure bozkak ez du inongo garrantzirik eta abstenitu egingo gara, bai mozio honetan eta baita hurrengo bietan ere.

 

8.- PSE-EE eta EAJ-PNV udal taldeek pentsio sistema publikoari buruz aurkeztutako mozioa.

 

9.- EAJ-PNV udal taldeak Martxoak 8 Emakumeen egunaren inguruko aurkeztutako Adierazpena.

 

10.- 2017 ekitaldian formulatutako eragozpenen aurkako desadostasunen ebazpenen inguruko Udal kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea.

 

11.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

12.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

13.- Galde-erreguak.

Parke estaliaren kontuan, gure taldeak legealdi haseratik berdina dio. Toki bat erabaki zuela herriak, eta toki hori aldatu beharko balitz, edo beste bat aukeratu, berriro ere herritarrei galdetu beharko zaiola.

FacebookTwitterGoogle+

AURREKONTUAK 2018 LABURTUTA

Labur laburrean 2018ko Azkoitia Bai-ren aurrekontuak:

UDAL AURREKONTUARI GEHIKUNTZAK:

  • Oposizioko taldearen liberatua(Bilduri galdetu).Gu dirua jartzeko prest.
  • San Andres, auzoetako festa antolatzaileei, kirol talde eta herriko taldeek sustaturiko ekintza musikal eta kulturalei %5 eko igoera, denera 19.925€.(Andramaxek, Anaitasuna eta Oteiza pilota eskolak ez, nahiko laguntza jasoko dutelako).
  • Berdintasunean ere, Herriko talde feministarekin adostutako ekintza/jarduerei ere beste 5.000€.
  • Maxixatzeni %10eko igoera proposatzen dugu, 2.835€.
  • Enpresa sorkuntza/ ekintzailetza 60.000€.
  • Sorkuntzarako bekak, herriko sortzaileentzat, 12.000€kin lagunduz.
  • Elkarguneko tasa baxuak 7.000€
  • Azkoitiko igerilekua 414.240€.
  • Parke estalia/ herri galdeketa: Gerakinetik.

 

DIRU BILKETA:

  • Zabor bilketan %100eko gastua tapatzeko, beste 300.000€ jaso beharko genituzke, baina momentuz 150.000€ ko igoera.
  • Elkargunean ere jarduera batzutan (Aerobik,zumba) 000€.
  • Etxe hutsen zerga 80.000€.
  • Auto zaharraren zerga 8.000€.
  • Udaleko Prentsa zerbitzua 69.000€.
  • Jausorotik Altzibarrerako zubia 200.000€.
FacebookTwitterGoogle+

AZKOITIA BAI -2018 AURREKONTUAK-

Hemen dituzue gure taldeak, gure herrirako, jorratu dituen aurrekontuak, zenbaki denak arrazoituta:

Pasa den urtean bezala, badira ados gauden partidak: Plaza berriko proiektua, zebra bideen konponketa, herriko argindarraren berrikuntza,… Gure taldeak eskaturiko bat ere sartu duzue, hori bai, bi urtez jarraian eskatua, eta arrisku gune bat zela ikusten genuelako, Aingeru kaletik (Isidro taberna aldamenetik) Floreagarantz doan bidezidorraren konponketa.

 

Urteetan, 13 eta 18 bat urte bitartekoen aisialdia, zuzenduko luken proiekturen bat ere eskatzen ari gara. Elkargunean, gazteriako atalean, igoera nabarmena egitera zoazte, osasun mahai komunitarioa ere abian duzue. Ez dakigu oraindik zer ondorio ekarriko dizkigun partida hauetan jarritako diruak, baina ea adin hauen onurarako den eta gure gazteen aisialdia zerbait zuzentzeko kapaz garen.

 

Hau dena argitu ondoren, eta egin duzuen lanaren errespetu osoz, guk, Azkoitiarron kontuak nola erabiliko genituzkeen, argitu nahi genuke.

Aurrekontuetan, diru kontuek garrantzi handia dutenez, nahiz eta azken finean helburu batzuk lortzeko tresna izan, urtero adosten diren tasa eta zergetatik hasi behar hitz egiten nahitaez, hortik baitator gero gastatzeko izango dugun kopuru handi bat, eta hori gure esku dago, Azkoitiar denon esku.

Gure taldeak urtero irizpen berdinak erabiltzen ditu eta uste dugu, beste edozein talderekin erraz adostu daitezkeenak direla.

Tasetan gastatzen dugunaren %100a jasotzera hurbildu, hau da, zaborra jasotzen 10€ gastatzen baditugu, herritarrengandik 10€ edo badaezpada 9€ jaso ( tasetatik debekatua baitago etekina ateratzea), eta ez 7€, azken finean, nahitaez  10€ ordaindu beharko baititugu, eta horrela, herritarrak, herriko gastuen errealitatea hobeto ezagutuko lukeelako.

-Eta zergetan berriz, beti erabili ohi izan dugun formula bera, Ondoko beste 20 herriren batezbestekoan kokatu etxe edo autoaren zerga ordaintzerakoan.

 

Zergetan nahiko adostasun dugu alderdi denok, baina ez tasetan.

Gure irizpideak jarraituz gero, zabor bilketan %100eko gastua tapatzeko, beste 300.000€ jaso beharko genituzke, baina momentuz 150.000€ jaso ezkero gu gustura.

Elkargunean ere jarduera batzuetan gure iritziz, 7.000€ gehiagoko  etekina atera behar genuke.

Etxe hutsen zergaren aldekoak garela ere askotan azaldu dugu eta gero zerga hau, gazteen alokairurako diru laguntzetan erabiliko genuke. Ba hemen ere beste 80.000€ bilduko genituzke.

Aurten, tasa/zergak eztabaidatzeko orduan, beste zerga-hobari bat salatu nahi izan dugu. Azkoitian 25 urte baino gehiago dituen autoei ematen zaien diru laguntza. “Kotxe historikoak” izango balira bezala ematen zaie, baina gure herrian ez dauka historikoa izan beharrik, auto zaharra izan ezkero bale. Hau da, gehien kutsatzen duten autoei hobariak ematen ari garela, eta horretan ere 8.000€ inguru ari garela gastatzen.

Badakigu tasa/zergak ezin direla orain aldatu, baina guk orduan ere berdina esaten genuen, beraz guregatik izango balitz, diru honek bilduta egon behar luke.

 

Tasa/zergak alde batera utzita, bada urtero kenduko genukeen beste partida bat ere, Prentsa zerbitzua: 69.000€ bestela ere nahiko propaganda eta agerraldi egiten direlako eta informazioa beste komunikabide batzuetatik aurretik emana egoten delako.

 

2017ko urte honetan, kreditu gehigarrietan ere 2 miloi euro gastatu dituzue zeuen nahieran, beraz aurrekontuetatik at, diru mordoxka izan duzue, zeuek nahi bezala gastatzeko. Gehiengo osoa duzuenez, zeuek aukeratzen dituzue non egin gastuak, eta ez dugu dudarik egiten, asko eta asko beharrezkoak izango direnik, baina gure taldearentzat bada bat, gastu handia duena eta onura gutxi ikusten dioguna, Jausorotik Altzibarrerako zubian egingo den 200.000€ko gastua, eta guk beste gauza batzuetan erabiliko genukeena eta dagoeneko alkatearen esku legokeena 2018ko aurrekontu hauetan txertatu edo ez.

 

Adibidez ikusi dugu Andramaxetako 15.000€ gehiago jarri dituzuela, baina gu San Andresei eta auzoetako festei ere bultzadatxo bat emateko prest egongo ginateke.

Anaitasunak urtean zehar laguntza asko jaso du eta Oteiza pilota taldeak aurrekontu hauetan gehikuntza berezi bat dauka. Beraz kirol talde hauek nahiko laguntza izango dutenez, gu beste taldeei ere % 5 gehituko genieke eta baita herriko taldeek sustaturiko ekintza musikal eta kulturalei ere, denera 19.925€.

 

Berdintasunean ere, pixkanaka aurrerapausoak eman ditzagun, Herriko talde feministarekin adostutako ekintza/jarduerei ere beste 5.000€, nahiz eta behar bada, erronkarik handiena ekintzak adostean legoken.

 

Gure herrian euskaraz irakurtzera gehien bultzatzen gaituen taldeari, hau da, Maxixatzeni %10eko igoera proposatzen dugu, 2.835€.

 

Urtero saiatzen gara, herrian, enpresa sorkuntza, hau da ekintzailetza sustatzen eta aurten ere orain pare bat urte Iraurgi Lantzenetik kendu zen haserako laguntza eskaintzeko asmoarekin jarraitzen dugu eta aurten ere 60.000€ jarriko genituzke.

 

Azken finean, pasa den urteko ildotik jo dugu aurten ere, baina baditugu aurtengoan ere bi ñabardura:

  • Ondoko beste herrietan arrakasta izan duen sorkuntzarako bekak bultzatuko genituzke, herriko sortzaileentzat, 12.000€kin lagunduz.
  • Azkoitiko igerilekuan aspalditxotik dauden arazoei ahal den epe laburrenean irteera egoki bat ematen hasteko 414.240€, gero eta herritar gehiagok egiten baitu igeri eta asko eta asko, toki faltagatik kanpoan gelditzen direlako dagoeneko. Behar bada kopuru hau ez da igerilekua hobetzeko nahiko diru izango, baina lehen bai lehen hasi beharko dugu ahal dena gordetzen/aurrezten, arazoa korapilatzen ari baita.

Urtean zehar irten litekeen arazoei aurre egiteko berriz, 2017ko gerakina erabiltzeko moduan egongo ginateke eta hor ere beste 750.000€ izango direla espero da.

Azkenean parke estalia ere egitekoak zaretela dirudi, nahiz eta oraindik tokiarekin baduzuen zalantzaren bat. Guk, beti hitz egin den tokia, aldatzea proposatzen baduzue, herri galdeketa bat egitea eskatzen dizuegu, herriak erabaki dezan, berak erabaki zuen parke horren kokapena.

Beraz gerakin horretako kopururik handiena, honelako ekintzetan erabiliko genuke, hau da, parte hartzean.

Beraz gure taldeak berriz ere garbi erakusten du, gehiago biltzearen aldekoak garela, gero Azkoitiarren onuran gastatu ahal izateko.

FacebookTwitterGoogle+

Udal bilkura 2017-11-29

Hemen dituzue gure taldeak azken bilkuran esan eta bozkatutakoak.

Data: 2017-11-29

Udal bilkura

1.- Itziar Joaristi Olariaga A.-ren zinegotzi kargu hartzea.

2.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

3.- Azkoitiko udalerriko etxez-etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen Araudiaren aldaketaren hasierako onespena.

Udaleko gizarte zerbitzuetako tekniko berriak, araudiaren aldaketan, lan ona egin duela iruditzen zaigu eta etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeak, udalerrien diru banaketan onura ekarriko digunez, ados.

4.- Azkoitiko Udaleko departamentu desberdinetan praktikak egiteko araudiaren hasierako onespena.

Orain udalean praktikatan dagoen ikaslearekin, badirudi, esperientzia ona izaten ari garela. Araudi honetan ikusi dezakegun bezala, ikasleari ordainsari txiki bat ere emango zaio eta lan mundura murgiltzeko bultzadatxo bat emango balio, askoz hobe. Zalantza handiak izaten ditugu beti gai honen inguruan, ordainsariak gutxi diren, langabezian herritar asko dagoela, ikaslea erabili eta gero bota egiten dela,…Baina udaletxe honen helburuak onak direlakoan gure baiezkoa.

5.- Azkoitiko Udal Larrialdietarako Planaren hasierako onespena.

Horrelako plan bat herrian izateak egokia iruditzen zaigu, eta plan berak babez zibilaren baiezkoa behar duenez, ez gara gu izango adituei kontra egingo diona, beraz ados.

6.- Azkoitiko Bake Epaile ordezkoaren izendapen-proposamena.

Beste urteetako bera izanik, ez diogu arazorik ikusten, berriro ere izendatzeko, beraz ados.

7.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Azkoitiko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariko argitalpena atzera botatzea.

Aldizkari horretan bestela ere argitaratuko delako eta gainera 1250€ aurreztuko ditugulako gure baietza.

8.- EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako Azaroak 25eko Adierazpen Instituzionala.

Badakizue gure taldea adierazpen instituzional hauen aldekoak ez garela, baita pare bat urtez ere, arazo honetan denon arteko lankidetza eskatzen jardun dugula. Adierazpen honetako puntu bat azpimarratu nahi nuke, honela dio:

Gure konpromisoa udaletan plan eta neurri estrukturalak hedatzen edo hobetzen jarraitzeko edo, hala badagokio, abian jartzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har.

Udaletxe hau, puntu hau bera bakarrik lortzeko kapaz izango balitz, gure taldearen txalo zaparradarik handiena jasoko zenukete, baina tamalez oraindik urruti gaudela uste dugu.

Dena den, gure elkarlanerako eskaintza, eta beti bezala honelako adierazpen instituzionalen aurrean ematen dugun bozka, abstentzioa.

 

9.- EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa Kataluniako gertakizunen inguruan.

Berriro ere gure inbidia erakutsi, herritarrek erakutsi duten parte-hartzean eta aurreko puntuan esan bezala honelakoetan, Azkoitiko kontuak soilik ez direnean, ematen dugun bozka, abstentzioa.

Euskararen nazioarteko egunerako adierazpena

Gure taldearen abstentzioa, aurreko puntuetan esandakoarekin bat, eta ea datorren hilerako prestatuta dauden ekintzetan dena ondo ateratzen den, adierazpen honetan esaten den bezala, funtsezko garrantzia baitu auzolanak, hau da parte hartzeak.

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

12.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

Udal bilkura 2017-10-26

Hor dituzue, labur-labur gure taldeak udal bilkuran esandakoak:

Data: 2017-1026

Udal bilkura

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

ADOS

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Azkoitiko Udalaren arteko Lankidetza-Hitzarmenaren onespena, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko.

Derrigorrezkoa izanik eta herritarrei kalitateko zerbitzuak eskaintzeko asmoz, ADOS.

3.- Intsausti Jauregiaren zati baten erabilera Iraurgi Lantzen, S.A.-ri lagatzeko onespena.

Guk, orain arte bezala jarraitzeari, ez diogu eragozpenik ikusten, beraz ADOS

4.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 4 zenbakidun espedientearen onespena.

Behin eta berriz, beste osoko udal bilkuretan eman dugun arrazoi berberagatik, gure ezezkoa.

5.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

6.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

Udal bilkura 2017-09-27

Hor dituzue gure taldeak udal bilkuran esandakoak.

Eztabaidak sortu dira eta gehiago ere hitz egin dugu.

Data: 2017-09-27

Udal bilkura

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ez nintzen udal bilkura horretan egon.

2.- Azkoitiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuaren arteko lankidetza hitzarmenaren onespena, premiamendu prozeduran ondasunak besterentzea agintzeko.

Badirudi herriarekin zorren bat duenaren kontua dela eta zor hori kitatzeko gai dena. Beraz zor horren ordainketa gauzatu dezan, gure aldeko bozka.

3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 3 zenbakidun espedientearen onespena.

Kreditu gehigarriak erabakitzeko orduan, beste taldeokin kontatzen ez den bitartean kontra.

4.- 2018 ekitaldirako Ordenantza Fiskalen aldaketaren onespena.

Pasa den urteko ezadostasun berdinak ditugu:

-Etxebizitza hutsen zergak, martxan egon zen bitartean, harrera oso ona izan zuela iruditzen zaigu, beraz ezin dugu ulertu zergatik kendu zen.

-Zaborraren tasak ere berdin jarraituko du. Aurten ere zulo garrantzitsua egingo da tasa honekin, estaldura maila bide beretik joango baita. Herritarrari ez dakigu zer iruditzen zaion ordaintzen duen tasa, baina berriro ere garbi utzi nahi dugu, ordaintzen dugunarekin, ez dela biltzen mankomunitateari ordaintzeko behar adina. Hau horrela, herritarrari ez badiogu kobratzen, tasa horretan udalak ordaindu behar duena, ez du sekula jakingo bere zaborra jasotzeak duen gastua, ez baita bere fakturan ordaintzen duena. Guk garbi utzi nahi dugu tasa honen bidez %70a ordaintzen dela gutxi gora behera eta falta den %30a ere denon artean ordaintzen dugula eta beraz etxera etortzen zaigun faktura, ez dela guztiz egia eta garbia. Gu, orokorki, tasa bakoitzean %100era hurbiltzearen aldekoak gara, momentu oro, herritarrak, jakin dezan, zerbitzu bakoitza zenbat kostatzen zaion.

Aurten ere beste pare bat ekarpen egin ditugu:

– Bata, Bastartxon, zineko denboraldia hasi berri dugun honekin, konturatu gara, 10 ikuskizuneko bonoa, urtearen bukaeran, bukatu beharra zegoela. Hau horrela, orain bono hori erosi nahi zuenak, epe motzean gastatu beharko luke eta behar bada, atzera egiteko arrazoi bat litzateke. Zerbait egin behar zela aipatu ondoren, udalak, Irailetik Abendu bukaerara 5 ikuskizuneko bonoa proposatu du eta gu ados gaude.

– Eta bestea, pasa den urtean ere, azken unean zerbait aipatu genuena, baina sakontzeko denborarik eman ez ziguna. Azkoitian ibilgailu historikoei hobariak ematen zaizkio eta ibilgailu historiko bat zer zen ikertzen hasi ginen. Ibilgailu historiko bat izateko, baldintza zehatz batzuk bete behar dira, baina gure herrian ez zaio horri begiratzen, hemen 25 urte baino gehiago baditu balekotzat jotzen da. Beraz, asko kontsumitu, asko kutsatu eta arriskutsuak diren ibilgailuei hobariak ematen ari gara, eta udal gobernuak horrela jarraitzea nahi du.

Beraz gure ezezko bozka.

5.- 2018 ekitaldirako ur hornikuntza, saneamendu eta azpiegituren tasen onespena.

Kontsortzioko tasekin bat egiteko bidean, badirudi, kontsumoa gehiago ordaindu beharko dela eta finkoa gutxiago. Gu beti izan gara kontsumo arduragabea zigortzearen aldeko, beraz ados.

6.- 2018 ekitaldirako Zubiaurre-Elkargunea Institutuko tarifen onespena.

Jakin ezazue, Elkargunean urtero egiten den zuloa, denon artean ordaintzen dugula, naiz eta zerbitzu hau erabili edo ez.

Ondo iruditzen zaigu herriak horrelako zerbitzuak izatea, eta udaletik, ekonomikoki, zerbitzu hauek ordaintzeko esfortzu bat egitea. Baina bidezkoa iruditzen ez zaiguna, eta pasa den urtean ere garbi azaldu genuena, zera da, bertako erabiltzaileei, jarduera batzuetan, tarifa oso baxuak ezarri eta ordaintzen ez dutena, beste herritar denok ordaintzea.

7.- 2018 ekitaldirako Taxien tarifen onespena.

Urtero egiten den bileraren berririk ez digute eman, baina batzordean esan zen bezala, bilera horretan ez bada kontrakorik egon, gure aldeko bozka.

8.- Azkoitiko Bake-Epaile ordezkoa hautatzeko jardunbideari hasiera ematea.

Hautatutako ordezkoak uko egin eta oraindik, beste bat aukeratzeko epearen barnean gaudenez, baiezkoa.

9.- EH Bildu udal taldeak aurkezturiko mozioa, UK45G autobus zerbitzuaren inguruan.

Batzordean hitz egin genuen bezala, badirudi istiluak sortzen dituen talde berak, Azpeitiko jaietan ere, arazo berdinak sortu zituela. Azkoitiarrok, nahiz eta urrunago, badugu gure herrian autobus hauek geratzeko aukera. Talde honen aurka, autobusetako gidariek, kexa asko jarri dituztela dirudi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak dioenez, langile hauen segurtasuna bermatzeko, guarda juratuak, autobusetan jartzeak, kontrako eragina erakarriko luke, hau da, istilu gehiago. Beraz eta ikusirik herritarroi, kalte haundirik erakartzen ez digula, momentuz behintzat, nahiago dugu zerbitzuak dauden bezala utzi eta autobus gidarien segurtasuna bermatu .

10.- EH Bildu eta EAJ-PNV udal taldeek Kataluniari buruz aurkeztutako mozioa.

Gu beti gaude herritik sortzen den eta herriak erabakitzen duenaren alde. Inbidia sanoa sentitzen dugu, herritarrak horrela organizatu eta parte hartzen dutenean. Baina gehienetan bezala eta ikusirik, gure herrian dagoen arazo zehatz bat ez dela, eta udalean zuzeneko informaziorik ez dugula, nahiago dugu herritik sorturiko mugimendu hau, gure instituzioetatik at utzi eta orain arte bezala, herria izan dadila, bere indarra azaldu dezana, eta beraz, gu, talde bezala, abstenitu egingo gara.

11.- Jakes Uranga Repulles jaunak aurkeztutako  zinegotzi karguari uko egitearen berri ematea.

12.- Behin betiko onespenen berri ematea.

13.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

14.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

Azkoitian sexu erasoa

Gure taldeak irmoki salatu nahi du, Andramaixetako azken egunean gertatutako sexu erasoa.
Andramaixek amaitzeko erarik tamalgarri, lotsagarri eta nazkagarriena.
Eta momentu honetan garrantzitsuena, erasoa jasan duen gazteari eta bere familiari elkartasun beroena.

FacebookTwitterGoogle+