OSTALARITZARI LAGUNTZAK

Ostalaritza munduan lan egiten duten herritarrekin bildu ondoren, hurrengo batzordean, gure jarrera garbi utzi genuen. Herritar asko izorratu du pandemi honek, baina ostalariei, lan egitea debekatu diote eta debeku horren truke laguntzaren bat ematea bidezkoa ikusten dugu. Laguntzak aztertu ondoren, langile kopuruaren arabera, lokalaren metro karratuaren arabera, mailegua badute ordaintzeko, lokala alokatuta badago, … horrelako kontzeptuak ziren beste herrietan erabiltzen ziren gehienak. Baina beste laguntza bitxi bat ere gustatu zitzaigun eta honela zioen:

  1. artikulua.- Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Honako kopuru hauek ezartzen dira:

– Hasierako kopuru finkoa: 800 € establezimendu eskatzaile bakoitzeko.

– Kopuru osagarria: 400 €, justifikatu beharrekoak, jardueraren ohiko funtzionamenduarekin lotutako hornidura materialen kontsumorako (elikagaien erosketa, materiala, aholkularitza-zerbitzuak, konponketak…). Kontsumo hori Hernaniko udalerrian kokatutako txikizkako saltoki edo zerbitzu-enpresetan egin beharrekoa izango da. Neurri honen helburua udalerriko ekonomia zirkularra eta saltoki txikiak sustatzea da.

Diru-laguntza osagarri hau justifikatu egin beharko da, jardueraren titularraren izenean egindako fakturen bidez.

Batzorde horretan aurkeztu ondoren, laguntza honekin ez genukeela nahi datak atzeratzea ere aipatu genuen eta besteek udal gobernuak aurkeztutakoarekin ados bazeuden, ez ginatekeela gu trabak jartzen hasiko, eta horrelaxe jakinaraziko diogu, egun gutxi barru, ostalariekin izango dugun bileran.

Bide batez, eta udaletxetik bideratzen diren laguntzen gain hitz egiten ari ginenez, aztertu genituen herri denetatik baten, sormen eta kultura industriei bideratutako laguntzak ere aurkitu genituela eta mundu horretako langileekin ere zorretan gaudela gogorazi genien beste alderdikoei.

 

Después de examinar las subvenciones de otros municipios, nosotros nos quedamos con esta:

Artículo 8. Cuantía de la subvención Se establecen las siguientes cuantías:

– Cantidad inicial fija de 800 € por cada establecimiento solicitante.

– Cantidad complementaria de máximo 400 €, a justificar, para el consumo de suministros materiales relacionados con el funcionamiento ordinario de la actividad (compra de alimentos, material, servicios de asesoría, reparaciones…) a realizarse en comercio minorista o empresas de servicios ubicadas en el municipio de Hernani. El objetivo de esta medida es fomentar la economía circular y el pequeño comercio del municipio. Esta ayuda complementaria habrá de justificarse, mediante facturas emitidas, a nombre del titular de la actividad.

Y no nos olvidamos de la creación cultural y de los trabajadores de este sector, que también han sido perjudicados y obligados a parar.

FacebookTwitterGoogle+

2021-02-24 Udal bilkura

Data: 2021-02-24

 

Udal osoaren ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren eta Azkoitiko Udalaren arteko Hitzarmena onestea,  Txalonerreka auzoan uren sarearen konponketa eta Txerloian egin beharreko lanen  ingurukoa. 

Zuntz-zementuzko hoditeria aldatuz gain, ur-zikinak eta Euri-urak banantzeko beste pauso bat emango da obra honekin, ingurumenarekiko kalteak murriztuz, beraz, alde bozkatuko dugu.

3.- Transferentzia bidezko 1 zenbakidun kreditu aldaketaren onespena.

LED argietara aldaketa egitearen alde azaldu gara beti eta hemen, orain bozkatuko duguna, aurretik jarrita dugun diruari izendapena aldatzea besterik ez dela dirudi. Diru-laguntza hauek jasotzea nahi badugu, tentu handiz eman beharko ditugula dirudi, eman beharreko pausoak, diru asko baitago jokoan eta izapide asko egin beharko baita hurrengo pare bat urtetan.

Bestalde, ostalaritza arloko herritarrekin izan genuen bileraren ondorio argienetako bat, erakunde publikoetatik, lana egiteko debekua ezartzeak, askori, ondorio larriak zekartzala baieztatzea izan zen. Nahiz eta debeku hori udaletxeak ez duen ezartzen, herritarraren hurbilen dagoen instituzioa izanik, udaletxetik laguntzak bideratzea logikoa dela dirudi. Dena den, bazirudien, laguntza hauek emateko epeak luze joko zuela, herriko ostalariekin, aurrez aurre, izan genuen bilera hartan, 2020ko gerakinaren zain egon beharko zela esan baitzen, eta diru hori Martxo-arte ez baita erabilgarri egoten. Baina azkenean, udaletxetik, irteera bat aurkitu diote eta berehalako beharra izango ez duen beste partida batetik, dirua mugitzeko aukera dagoela ohartu ondoren, lehenengo udalbatzara ekartzea lortu dugu, eta uste baino lehenago izango dugu erabilgarri. Eztabaidatzeko denbora gehiegirik ez dugu izan, baina, nahiz eta beste herri batzuk hartu dituzten neurriak gure taldeari asko gustatu, ostalariei, herriko saltoki txikietan gastatzeko diru lerro bat zuzentzea esateko, ez dugu denbora gehiago galdu nahi izan, laguntza honek duen premiatasunari garrantzi gehiago eman diogu, eta herritar batzuen egoera larriari bultzadatxo txiki bat emango diolakoan, alde bozkatuko dugu.

4.- Azkoitiko ostalarien ordezkaritzak aurkeztutako Mozioa.  

5.- PSE-EE Udal taldeak aurkeztutako Mozioa, ostalarien ordezkaritzaren Mozioaren  aurrean.  

6.- EAJ-PNV eta PSE-EE Udal taldeek aurkeztutako Martxoaren 8ko Adierazpena. 

4, 5 eta 6. puntuei, hau da, bi mozio eta adierazpenari batera erantzungo diet.

Enegarrenez esango dut, ez gara mozio eta adierazpenen aldekoak. Bildu beharrekoekin bildu eta gaiak batzordeetan landu ondoren, erabakiak hartzearen aldekoak gara gehiago. Ostalaritza aurrera Gipuzkoa plataformak, aurkeztu duen mozioaren inguruan, esan behar, herriko ostalariekin izan genuela bilera, eta dagoeneko erantzun bat ere eman diogula. Udaletxean eztabaidatu beharreko gai bat izanik, dena, nahiko azkar joan dela esan genezake eta garrantzitsuena, bai guretzat eta baita herriko tabernarientzat ere, diru laguntzak ahalik eta azkarren iristea litzateke. Beraz, mozio honetan, udaletxetik, beste erakundeetara informazioa luzatzea eta foru aldundiari eta jaurlaritzari, ostalariei, laguntzak emateko eskatzea besterik ez dela dirudi. Guk, egia esan, ez diogu eragozpenik ikusten, ez dakit udaletxeko teknikoek ere, zerbait esatekorik baduten, baina esan bezala, guk, hemen honelako idatziei erantzun beharrean, nahiago izaten dugu, behar diren bilerak antolatu eta gauzak garbi utzi ondoren eman, eman beharreko erantzuna edo gutxienez, behar den irtenbidea ematen saiatu.

5.puntuko bigarren mozioa berriz, ostalariek aurkeztutako mozioaren aurrean aurkezturiko, beste mozio bat dela jartzen du izenburuak. Benetan, hau dela iruditzen zaizue lanerako sistemarik onena? Esan bezala, denok elkarri, aurpegira begira, esan beharrekoak, argi eta garbi esan beharrean, badirudi, erabakiak, mozio bidez hartzea jarri dela modan. Arraroa naizela esadazue, baina niri ez zait eraginkorra iruditzen.

Eta hirugarrena tradizio bihurtzen ari da. Alderdi denok adierazpen bat adosten baduzue bat irakurri, bozkatu eta listo eta horrela ez bada bi. Oposizioan dagoenak ausartagoa, konprometituagoa, … eta gobernukoak, ezin ba, bere buruari konpromiso gehiegi eskatu. Gaur bezala, alderdietan dituzuen arduradunak idatzitakoa, zuek sinatu, irakurri eta listo. Horrelaxe funtzionatzen duela uste dugu guk mozio eta adierazpenen munduak, eta ez zaigu batere gustatzen.

Beraz ezin ba alde bozkatu eta hiru puntuetan abstenitu egingo gara.

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea. 

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

9.- Galde-erreguak. 

FacebookTwitterGoogle+

2021-02-06ko Zapatu gaua

Pasa den zapatuko iskanbilen baitan, adierazpen politikoetatik at, motz motzean,  pare bat gauza nahi genituzke esan:

  • Gau horretako ertzainen portaera salatu.
  • Kaltetuak izan diren familiei gure babesik beroena eskaini.

ELKARREKIN irtengo gara egoera honetatik. Denok jarri beharko dugu gure aletxoa, politikari, ertzain, merixu, tabernari, gazte, dagoeneko hain gazte ez garenok, … DENOK.

FacebookTwitterGoogle+

2021-02-04 Udal Bilkura

Data: 2021-02-04

 

Udal osoaren ez ohiko bilkura

 

PUNTU BAKARRA.- AASS-en 4. aldaketa puntualaren aurrean LARKE 360, S.L. enpresak  aurkeztutako alegazioak ezestea.

Gure taldeak, herritarrei entzun ostean, eta Jaurlaritzak dituen eskumenak zapaldu gabe, erabaki bat hartu eta gure iritzia herriko Arau Subsidiarioetan txertatzea lortu zuen. Azkoitiko herriak garbi utzi zigun honelako instalaziorik ez zuela inondik inora nahi eta, sailburuak ere, dagoeneko eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko nahiko planta zegoela garbi utzia zuen bere aginduan. Egin beharreko ikerketak egin ondoren, autoan ordu laurden pasatxora, honelako zaborren kudeaketara bideratutako bi instalazio aurkitu genituen. Beraz, guri behintzat, garbi gelditu zitzaigun gaur egun instalazio hauen inongo beharrik ez geneukala eta, gure herrira begira, egokiena, berauen debekua ezartzea izango litzatekeela.

Orain berriz, Larke-360 enpresa, alegazioekin datorkigu eta, nola ez, eskubide osoa du eta ezingo diogu ukatu, udaletxeko erabakiaren aurka, bere argudioak aurkeztea, baina guri min gehiena ematen diguna, enpresa horretako arduradunek bere hitza ez bete izana da. Emandako hitza beteko balute ez ginateke gaur hemen egongo, lehenengo egunetik esan baitziguten, gure herriak, beraiek buruan zuten proiektu horri, ezetza emango balio, atzera egingo luketela. Herriaren ezezkoa garbia izan zela iruditzen zaigu eta beraien hitza betetzera bultzatu nahi genituzke. Gai honekin arazoak ditugun Lagunak enpresarekin bezala, ez genuke epaitegietara iritsi nahi. Benetan penagarria litzateke, udaletxearekin harreman zuzena duen, herrikoa den enpresa batekin, horrela bukatzea. Beraz, eta berriro diot, herriari emandako hitza mantenduz, hemen eta orain, lehen bai lehen, izapide hauekin atzera egiteko eskaria egiten diogu Larke enpresari.

Eta bukatzeko, aurkeztu dituen alegazioei ezezko erantzuna emateko, Jaurlaritzatik, udaletxe honi, alegazio horien aurka, erabaki irmo bat eskatu dionez, proposamenaren alde bozkatuko dugu.

FacebookTwitterGoogle+

2021-01-27 Udal Bilkura

Data: 2021-01-27

 

Udal osoaren ohiko bilkura

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- 2021erako Udal Araudi Planaren onespena. 

Ordenantzen zerrenda egokia dela iruditzen zaigu, batik bat azken urteetan bultzatu dugun baserri bide eta baso pistena sartu duzuela ikusi ondoren. 2021eko aurrekontuetan baserri bideak konpontzeko partida asko jaitsi dugula jakinda, herri-gunetik kanpo dauden auzo denetara, interneta iristea lehenetsi baitugu, berriro ere konpondu berri ditugun bide hauek apurtu ez daitezen, lehen bai lehen bultzatu beharreko ordenantza dela deritzogu eta nola ez, alde bozkatuko dugu.

3.- 2020-2022 Azkoitiko Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren onespena,  2021eko aurrekontura egokitzapena jasotzen duena. 

Aurretik denok baietza eman genion diru-laguntzen plan estrategikoa, onartu berri ditugun aurrekontura egokitzea besterik ez dela kontutan harturik, gure baiezko bozka.

4.- Behin betiko onespenen berri ematea. 

5.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

6.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+

Gure Esku Dago-ri erantzuna

Badirudi, argitu denaren arabera, Gure Esku Dago (GED) taldeak alderdiei egin zigun eskariari, denok erantzun berdina eman geniola eta hori ez da inolaz ere horrela izan. Gure taldea testu bateratu bat argitaratzearen alde azaldu da, baina gure jarrera ez da hor hasi eta bukatzen.

Gobernuko delegatuak udaletxetik emandako diru-laguntza salatu zuen eta epai batek arrazoia eman zion, beraz, GED-k diru hori bueltatu beharra izan du. Udaletxetik dirua bueltatzeko eskaria egin zenean, diru-laguntza hori ematearen alde bozkatu genuen alderdiei, zerbait bueltatu beharko balitz, gure erantzukizuna zela adierazi ziguten GED-koek, beraiek, esanda bezala erabili baitzuten diru hori (Azkoitia Bai-ren ustez jarrera normal normala eta guztiz onargarria).

Gure taldearen, hau da, Azkoitia Bai-ren idatzizko erantzuna honako hau izan zen, pertsonen izen/abizenak ezkutuan utziz:

 

Gabon:

Hasieratik erakutsi zuen gure zinegotziak, berari tokatzen zitzaion partea aurreratzeko prestutasuna eta bai laguntza emateko orduan eta bai orain, gure hitza betetzeko asmoarekin jarraitzen dugu. 

Beraz, azken eguna bihar dela jakinik, bihar bertan luzatuko dizkio gure zinegotziak, bere ustez eta esan bezala, bere hitza beteaz, tokatzen zaizkion 2.000€-en 1/16-a, hau da125€, zuen taldeko partaide den_____________-ri.

Dena den, agerraldi publiko bat  komenigarria litzatekeela deritzogu, batipat herriari gertakariaren berri emateko eta jakin horretarako ere prest gaudela.

Besterik gabe, laguntza hau emateko orduan goraipatu genuen herri ekimena bultzatzeko prest gaituzue oraindik eta animorik handiena injustizi momentu hauei aurre egiteko. 

 

Testua ulergarriago izateko:

2.000€-ko laguntza eman zitzaien eta 16 alkate/zinegotzik bozkatu genuen alde, beraz bakoitzari 125€ jartzea tokatzen zitzaigun.

Esan behar, baita ere, GED-k ez diola gure zinegotziak luzatu zion dirua jaso, azkenean nahiago izan dutelako eskaria herriari luzatzea.

Beti bezala, kontu hauek argitzearen alde lanean jarraituko dugu eta udaletxeko beste zerbait jakitea nahiko bazenute, jarri gurekin kontaktuan (azkoitiabai@gmail.com),  horretarakoxe gaude.

FacebookTwitterGoogle+

2020-12-30 Udal bilkura

Data: 2020-12-30

 

Udal osoaren  ez ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- 2021 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua,  Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako  onespena.  

 

1.-Azkoitiko Udalak 2021eko ekitaldirako izango duen aurrekontua, 15.245.000,00 eurokoa

Azken udal bilkuran mailegua eskatzearen alde azaldu ginen, herritik eskaera gehien duten proiektuei behar duten bultzada emateko ezinbestekoa dela iruditzen zaigulako.

Aurrekontu hauetan ere garbi erakutsi diguzue, bai igerilekua eta bai igogailuak egiteko duzuen prestutasuna, gure ikuspuntutik, biak ala biak, herritarren onuran garrantzia handia duten proiektuak eta biak ala biak herri ekimen batetik sortuak. Beraz, esan behar, aurrekontu hauen haserako aurkezpenetik itxura ona hartu geniela eta talde barnean kontrako jarrerarik ez zela nabarmendu.

Lehen puntu kritiko hori gainditu ondoren eta aurretik esan bezala, proiektu garrantzitsuenekin dugun adostasuna kontutan hartuz,  gure proposamenak egin eta defendatzeko ordua iritsi zitzaigun. Urria bukatzear zela udaletxeko balantzea sakon aztertzen hasi ginen, 2020rako aurrekontuetan jarri genituen partida denak banan bana errepasatuz. Erabili ez diren eta 2021era begira erabiliko ez diren partidak detektatu eta gure proposamenei aurre egiteko dirua nondik aterako genuen zehaztuz. Gerora ikusi dugu, udal gobernuarekin mantendu ditugun negoziaketetan, dirua ez dela inolaz ere erabakigarria izan, baina badaezpada aurretik prest egotea garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun.

Hori horrela, labur labur, gure proposamenak eta udal gobernuak azaldu digun borondatea aurkeztera  pasatuko naiz.

Izurrite garai honetan, behin baino gehiagotan azaldu gara kultura eragileekin kezkatuta eta laguntza bat bideratzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Garai zail hauetan udal gobernuak kultur ekitaldi kopurua igotzeko asmoa erakutsi digu eta dudarik gabe eskertzekoa da, baina bai herriko talde xumeenak eta baita lehen pausoak ematen ari direnak baztertzeko arriskua egon litekeela iruditzen zaigu eta denon artean sortzaile hauek dituzten eragozpenei aurre egiteko, lanketa bat bideratzea proposatu genuen. Herriko eragile denei inkesta edo galdera batzuen bidez, dituzten eragozpenak detektatu eta ahal den heinean udaletxetik beharko luketen laguntza bideratzeko, gaur eta etorkizunera begira kultur mailan hartu beharko ditugun erabaki politikoak eraginkorragoak izateko asmoz. Aurrekontuko memorian ere idatzita utzi duzue eta eskertzekoa da.

Kirol mailan gaztetxo gehien mugitzen duen taldea Anaitasuna dela esatean, ez dut uste oker nabilenik. Futbol munduan ere denok izaten dugu zeresana eta nola ez, horrek eztabaida asko sortzen ditu eta adibide bezala instalazioen egokitzapenek. Ume asko izateak, kezka asko sortzea dakar, batik bat antolakuntza aldetik eta gure beste proposamenetako bat Txerloiko zelaia, zelai artifizial bihurtzearen azterketa egitea litzateke. Udaletik gaur egungo ume kopurua antolatzea ez dela erraza aitortu digute, baina jaiotza tasa behera doan heinean, arazoak leuntzen joango direla eta horrela izango ez balitz, egin beharko litzatekeen azterketen barnean, noski zelai artifizialarena ere sartuko luketela erantzun digute.

Gaur egungo gazteen emantzipazioa  bultzatu nahirik, etxea alokatzetik at, alde zaharrean erosteko ere laguntzak bideratzea planteatu dugu. Dena den, alokairua eta erosketa nahasteak hitzarmen/ordenantza mailan zailtasunak ekarri ditzakeela ohart ararazi diguzue, baita, laguntza, behar gehien duten beste herritar batzuei zabaldu diozuela ere. Jubilatuentzat ere iritsi behar luketela komentatu genuenean, ordenantza berrian 65 urtetik goragokoak ere posible izango zutela esan zeniguten orduko iritsi ginen adostasunera.

Ingurumen arloan ere, gure eskaria egin aurretik, pasa den urtean bezala baranda/eskudel azpietan jarri ziren saretxoak jartzeko prest agertu zarete, nahiz eta guk eskatutako diru kopuruaren erdia baino gutxiago jarri. Ingurumena, pixkanaka, ari gara udaletxean sartzen eta 2021era begira, gai honetaz, baten baino gehiagotan hitz egin beharko dugulakoan, momentuan kantitate hau ontzat joko dugu.

Parte hartzea eta herri galdeketan ere urtero zerbait proposatzen dugu. Plaza Berri eremua Azkoitiar denontzat da bestelako txokoa, baina garbi dago zaharkitzen ari zaigula. 2020an eremu hau txukuntzeko proiektuak egitea aurreikusten zen eta gero, herritarrei gehien zein gustatzen zitzaien jakiteko, galdeketa egitea pentsatuta zegoen. 2021ean galdeketa egiteko partida mantentzeko asmoa azaldu diguzue, nahiz eta, etorkizun hurbilean, proiektu hau bideratzeko zailtasun asko izango ditugula aitortu.

Jubilatuen bizi baldintza duinak bermatzeko aurre-azterketa bat egitea ere eskatu dizuegu eta datorren urtean gizarte zerbitzuetara etorriko den teknikari berriak, bertako lana zerbait arinduko duen esperantzarekin, herriko beharrak identifikatu eta behar diren laguntzak bideratzeko lanketa sakona egitea aurreikusten duzuela azaldu diguzuenez, puntu honetan ere ados.

Eta azkenik, urtero euskarari gure ekarpena egiten ahalegintzen garenez, aurten etorkinei, gure herrian euskarak duen garrantzia azaltzeko asmoz, EPA-n egiten dituzten ikasketak soilik gaztelaniara bideratu beharrean, euskarara bideratutako lehen pausuak ematera bultzatu nahi genituzke eta horretarako ere zuen borondatea agertu diguzue.

Beraz gure proposamen denei diru kantitate bat bideratu ordez, aurtengoan, nahiago izan dugu zuen prestutasuna aurkitzen saiatu eta hasera hasieratik aurkeztu zeniguten  aurrekontuek izan zuten harrera ona, zuen borondatea lortu dugulakoan eta guk eginiko ekarpenak jaso duten erantzunak nolabait asebete gaituenez, baietz bozkatuko dugu.

2.-Zubiaurre Elkargune Institutuaren aurrekontua, 2021eko ekitaldirako,  96.000,00eurokoa

Elkargunean oraindik bezero kopurua beheranzko bidean doala dirudi eta udaletxeko aurrekontua arriskuan jarri dezake. Ekonomia saileko teknikariak, eskuarki zuhurtziaz jokatzen duela badakigu eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen digu. Bertako kudeaketa, hau da,  Masquatroren kontratua luzatzea aztertzearen alde azaldu gara beti eta aurre azterketa bat ere egin zen, baina egoera honetan udaletxeko teknikoen lana beste behar batzuetara zuzendu beharko dela iruditzen zaigu eta azterketa sakonago bat beste baterako utzi beharko dugula. Aurrekontura bueltatuz eta egoera honetan inoiz baino gehiago, elkarrekin lanerako prestutasuna azalduz, alde bozkatuko dugu.

 

3.-San Jose Egoitzaren 2021eko ekitaldirako aurrekontua, 68.300,00  eurokoa

Bertako egoiliarrak ea 2021-ean zelebratzeko motibo gehiago dituzten eta apartamendu tutelatuetan jarri beharreko dirua jarriko dela aurreikusten dela jakinik , alde bozkatuko dugu.

 

4.-Azkoitia Lantzen SA ren aurrekontua 2021eko ekitaldirako, 1.862.284,00 eurokoa

Gu sozietate honen parte ez garenez ezetz bozkatuko dugu. Ez dut gehiegi errepikatu nahi eta bilkura honetako bosgarren puntuan emango ditut azalpen gehiago.

5.-Azkoitiko Udalaren aurrekontu kontsolidatua 2021eko ekitaldirako, 17.171.284,00eurokoa

Ezadostasun baino adostasun gehiago ditugula ikusirik, baietz bozkatuko dugu.

3.- 2021 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantilaren hasierako onespena eta  Lanpostuen Zerrendaren onespena.  

Arazorik gehien badirudi merixukin dauzkagula. Arkautera ikasketak egitera joaten direnean, gure udaletxeak ordaintzen baitie bertan daudenei soldata eta baita haien ordez, momentu horretan gurekin lanean daudenei ere. Beraz, postu bat betetzeko bi soldata ordaintzen ditugu  eta hori gutxi balitz, Arkautetik pasa diren merixuk, gero, askotan, beste herriren batera joaten zaizkigu eta berriro dena hasierara bueltatzen zaigu. Udaletxetik ezer gutxi zuzendu dezakegunez, ea antolakuntza hau aldatzeko gai direnak ohartzen diren eta zentzugabekeria honi irtenbide bat ematen dioten eta hemen bitartean gure aldeko bozka.

4.- Azkoitiko Arau Subsidiarioen Testu Bategineko 14. Sektoreko (Ugarte Igara)  bigarren exekuzio unitateko birpartzelazio proiektuaren aldaketa behin betikoz  onartzen duen 2016ko otsailaren 3ko Alkatearen ebazpenaren ofiziozko  berrikuspenaren inguruko ebazpena  

Gai hau dagoeneko asko luzatu zaigu eta luze joko duela dirudi. Azkoitiko udalari, ordaintzeko gauza diren eta diru bat zor dioten denak bezala, ordaintzea izango litzateke normalena. Udaleko teknikariak tentu handiz jokatzen ari direla ere badakigu eta horrela jarraitu beharko dute, ez baita erraza izango gai honen bueltan dabiltzan abokatu denei aurre egitea. Erabaki honekin badirudi beste ate bat irekiko diogula luzapen horri, baina esan bezala gure aldetik pausu denak egoki ematen saiatu beharko gara eta horrela, behar bada, gu bizi garen bitartean zor hori ordaindu denaren berria izango dugu noizbait. Beraz, alde bozkatuko dugu eta animoak luzatu nahi dizkizuet,  gai honekin burukomin bat edo beste izan eta izango duzuenoi.

5.- Eusko Jaurlaritza, Azkoitiko udala eta Azkoitia Lantzen, S.A.-ren arteko  hitzarmenaren onespena, Azkoitiko 10. sektoreko, Txalonerreka, babes publikodun  etxebizitzak sustatzeko.  

Azkoitia Lantzeneko arazoa aspalditxotik datorkigu eta gure taldearen ustez, sortu zen garai hartatik datoz. Garai haietan hartu ziren erabaki politikoetatik datoz oraingo larritasunak, Azaroko udal batzarrean tratatu genuen lixibiatuen gaia esaterako. Gure taldeak, azken urteetan ez du sozietate honetan parte hartu eta orain udal gobernuan daudenei ere ez diogu  nahi erantzukizunik gaineratu. Dena den, orduan, beste taldeekin asko kontatu gabe hartu ziren erabakien ardura, nolabait, talde berekoak izanik, badutela iruditzen zaigu. Azken urteetan, zailtasunak zailtasun, sozietate hau ixtearen nahia ere garbi azaldu digute. Gure nahia ez da hemengo arazoak aprobetxatuz reditu/etekin politikoa ateratzea ere, gauzak ahal diren egokien zuzendu eta ahal bezain pronto ixtearena baizik. Esan bezala ez gara sozietate honen parte, baina hemen sinatzera goazen akordio honek, herritarrentzat onurak ekarriko dituela dirudi eta horrez gain, jokoan diru kopuru handiak zituen, garai haietan sinatu ziren beste akordio batzuei irtenbide egokia emango zaiola. Beraz, eta beti bezala, ondo eginak goraipatzeko inongo lotsarik gabe, baina sozietate honen partaide ez garenez, nagusiki, sortu zutenek dutelako egoera zuzentzeko ardura, bertatik datozen gaiei ezetz bozkatzen jarraituko dugu.

6.- Behin betiko onespenen berri ematea.  

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

8.- Galde-erreguak. 

FacebookTwitterGoogle+

2020-12-17 ez ohiko udal bilkura

Data: 2020-12-17 

Udal osoaren  ez ohiko bilkura

PUNTU BAKARRA.- 2020 ekitaldiko kreditu eragiketaren onespena.

Urteak daramatzagu alderdi denontzat estrategikoak diren bi proiektuak bultzatzen, alde batetik igerileku berria eta bestetik, gure taldeak garrantzia berezia eman dion, Floreaga auzoko irisgarritasuna bermatuko luketen igogailuena.

Badirudi izurrite garai hauek ez direla egokienak horrelako proiektuak gauzatzeko, baina bestalde, ezta bertan behera utzi eta ahazteko unea ere. Orain espero onartuko den mailegu eskaera eta 2021ean eskatzeko asmoa dagoenarekin, proiektu hauei bultzada handi bat emateko gai izan gaitezke, beraz alde onak eta txarrak baloratu beharko ditugu.

Orain ditugun maileguak etorkizun hurbilean bukatuko zaizkigu. Udalak hartuko dituen konpromisoekin, orain ordaintzen duguna baino gutxiago ordaintzea tokatuko zaigu. Mailegua eskatzeko ere, momentu honetan, erraztasunak izango ditugu, nahiz eta plan finantzario bat egin beharko dugun, azken finean, betetzeko derrigortasuna kendu digutelako. Mailegua ordaintzeko epea ere ez zaigu gehiegi luzatuko eta proiektu hauekin alderdi denok ados agertu garenez, erabaki politiko honekin, ez ditugu hurrengo urteetan gobernuan egongo liratekeen beste taldeak gehiegi hipotekatuko. 2019ko gerakina ere erabilgarri izango genuke behar bereziren bat suertatuko balitzaigu.

Beraz, aurretik esan bezala, gaur egungo izurrite egoera eta mailegu bat eskatzeak ematen duten beldur puntu horiek baztertuz, alderdi positibo gehiago ikusten ditugu eta baietza bozkatuko dugu.

FacebookTwitterGoogle+

2020-11-25 Udal bilkura

Jarraian udal bilkura honetan Azkoitia Bai taldeak esan eta bozkatutakoa:

Data: 2020-11-25

 

Udal osoaren  ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- Gaiaren premiatasuna berretsiz gero, Euskal Poliziaren – Udaltzaingoaren –  oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozesu bateratuen  kudeaketarako, kudeaketa materialaren gomendioa Polizia eta Larrialdietako Euskal  Akademiari emateko hitzarmena onartzea. 

Hutsik ditugun plazak lehen bai lehen bete daitezen, gure oniritzia.

3.- Azkoitia Lantzen eta Azkoitiko udalaren Lankidetza hitzarmenaren ondorioz,  Oñartxo zabortegi zaharrean lixibiatuen tratamendu zerbitzuak finantzatzeko 1.  kreditu konpromisoa onartzea. 

Gure taldea ez da Azkoitia Lantzeneko partaide, sozietate hau sortu zutenak baitute gure ustez ixteko obligazioa eta herritarrok dirutza hau ordaindu beharraren erantzukizuna. Beraz hemen gertatu zen ingurumen hondamendiaren barkamena inork eskatu ez duenez, udaletxe honen izenean, garai hartan zabortegi honen kontra lan egin zutenei, neu eskatzen ausartuko naiz, nahiz eta ni orduan, bertan borrokan egon ziren gazteak baino zerbait gaztetxoagoa izan. Beraz, barkatu udaletxe honek zuen aldarrikapenei kasurik egin ez izana eta eskerrak eman zuen ikasgaiek, orain gutxi izan dugun zabortegien beste kapitulu berri batean, belarriak tente izaten asko lagundu digulako.

Azkoitia Lantzenera bueltatuz berriz, badirudi berri onak ditugula azken egunotan eta guk, Azkoitiko herriarentzat ongi eginak goraipatzeko inongo lotsarik ez dugunez, gure zorionik beroena Txalon errekan burutu dituzuen negoziaketen emaitzagatik, ea aurrerantzean eremu horretan eta beste denetan ditugun obligazio denak burutzeko kapaz zareten eta azkenik diru gehiegi galdu gabe Azkoitia Lantzen ixten duzuen, bitartean guk zoriontzen jarraitzeko ez dugu inongo eragozpenik.

Eta bukatzeko Azkoitia Lantzeneko gaiei beti ematen diogun ezezko bozka.

4.- Argiteri publikoan LED motako bonbillak ezartzea finantzatzeko 2. kreditu  konpromisoa onartzea.

Herriko argiteriaren kontsumoa jaisteren alde azaldu gara beti eta konpromiso honek laguntza garrantzitsu hauen bideratzea badakar, gure aldeko bozka duzue.

5.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 7 zenbakidun  espedientearen hasierako onespena.  

Azken lurralde batzordean zeuek esan zenuten nik hainbeste aldiz errepikatutakoa. Itziar Joaristi andereak Floreagako eremu batean asfaltatu beharra zegoela adierazi zizuenean, eman zenuten erantzunean hain zuzen. Honela Erantzun zenioten: Zerbait konpontzen hasten garen bakoitzean, beste auzo batzuetako eskariak egiten dizkigute beti. Aztertuko da eta hartu beharreko erabakia hartuko dugu. Bost/sei bat urte daramatzat nik hau esaten eta azkenean onartu duzue behintzat, zeuek zaretela gai hauetan erabakitzen duzuen bakarrak, beraz, beste alderdiekin erabakiak hartzen saiatzen ez zareten bitartean, ezetz bozkatzen jarraitu beharko dugu.

6.- 2020rako Ordenantza Fiskalen aldaketa onartzea, ostalaritza kolektiboarentzat  Covid 19 gaitzaren krisiaren ondorioz hobariak onartuz. 

Terrazak ez jartzeagatik eta sortuko ez duten zaborra jasotzeagatik kobratzea ez litzateke justua izango, beraz ados. 

7.- 2021erako Taxi tarifak onartzea.

Ez dugu ezer asko esateko. Ados tarifak mantentzearekin eta gogorarazi enegarrenez, hitzarmenak gaueko taxi zerbitzuaz diona aztertu behar dugula.

8.- Azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunari  buruzko Adierazpen Instituzionalak. 

Honelako udal bilkuretan urtetan jardun nuen emakumeen aurkako indarkeria salatzen eta beste alderdion inplikazioa eskatzen, denok batera ekintza xumeren batzuetarako konbidapenak egiten eta ez nuen erantzunik lortu. Badakizue adierazpen- mozioekin , ez dugula sinesmenik, irakurketa hutsean bihurtzen baitira. Ez dut asko luzatu nahi eta adierazpenen aurrean gure iritzia aspaldi argitaratu genuen, 2018ko Ekainaren 29an hain zuzen ,hori bai, badakizue gure herrian lanketa edo ekintza konkreturen bat egiteko beti bezala gurekin kontatu dezakezuela, bitartean abstenitu egingo gara.

 

9.- Euskararen Nazioarteko Egunari buruzko Adierazpen instituzionala. 

Aurreko puntuan erantzun dugu ez garela adierazpen instituzionalen aldekoak, hori bai, gai honi buruz, bai batzordeetan eta bai kontzejupeko hurrengo argitalpenerako, jakinarazi dugu gure iritzia

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

12.- Galde-erreguak. 

FacebookTwitterGoogle+

2020-10-28 Udal bilkura

Horratx gure taldeak esan eta botatutakoa.

Data: 2020-10-28

 

Udal osoaren  ohiko bilkura

 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados

2.- Gaiaren premiatasuna berretsiz gero, Udalbatzar telematiko eta mistoen funtzionamendu arauen onespena.

Ados

3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 6 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Lehendabizi gogorazi 2019ko Urrirako agindu zenigutela legealdi plana eta dagoeneko urtebete atzeratuta zoaztela.

Ondoren, beti esaten duguna, udal gobernuak aukeratzen duela noiz, nola eta non gastatuko den herritarren dirua. Aurrekontuko diru asko gastu arruntetan joaten dela badakigu, baina bada beste diru bat (aurten kreditu aldaketetan 3.000.000€tik gora erabili dira eta oraindik ez da urtea bukatu) gastu arruntetatik at, noiz, nola eta non gastatu, alderdi denok eztabaidatu beharko genukeena, gutxienez eztabaidatu, nahiz eta gero, erabakiak hartzeko orduan, zuek duzuen gehiengoaz baliatu. Ez dugu ezer asko eskatzen, parte hartze minimo bat besterik ez. Beraz, nahi duzuenean legealdi plan hori aurkeztu eta etorkizunera begira, herritarren diruak zertan erabili erabakitzeko zain gaituzue.

Eta hemen aurkezten diguzuen kreditu aldaketa honi buruz, guretzat ez dela ohiko kreditu aldaketa bat esan beharra daukagu eta kreditu aldaketa honek dituen sei unitatetik hiru, COVID-19ak eraginiko gastuak direla esan genezake. Beraz, oraingo honetan, oposizioko beste alderdiekin duzuen, edo hobeto esanda, ez duzuen parte hartzea alde batetara utzi gabe, baina izurrite honek dakartzan premiak kontutan hartuta, abstenitu egingo gara.

4.- 2020- 2022 Azkoitiko Udaleko diru-laguntzen plan estrategikoaren aldaketaren onespena.

Diru laguntza bakoitza plan estrategikoan sartu beharra dagoenez eta aldaketa horiek udal bilkuratik pasa behar direnez gure baietza duzue. Ea sarri sarri aldatzen dugun plana, laguntzak bideratzen ditugun seinale.

 

5.- Azkoitiko udalerrian indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa 2020 dokumentuaren onespena.

Protokolo hau alderdi denon artean eztabaidatzeko nahiko aukera eta denbora izan dugu. Aurreko legealditik ari ginen gu latan eta badirudi legealdi berriak on egin dizuela, ia hasieratik eman baitiezue garrantzia gai honi. Azkoitiko talde feministarekin harremanak sendotzeko prestutasuna ere agertu diguzue eta protokolo honen gain beraien iritzia emateko aukera ere izan dute. Beraz, aipatutako bi gaiak, bai protokoloa eta baita talde feministarekin harremana sendotzeak, gure taldearentzat duen garrantzia kontutan hartuz, pausu hauek ematea eskertu eta nola ez, alde bozkatuko dugu.

6.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

7.- Galde-erreguak.

FacebookTwitterGoogle+