Nortzuk Gara

Blog hau sortzearen arrazoietako bat Udal informazioa herritarren eskura izatea da. Nahiz eta gezurra dirudien, informazioa sekula baino eskuragarriago izan beharko genukeen garaietan berau lortzea eta iritzi kritikoa lantzea sekula baino latzagoa egiten zaigu.

Blog honen bidez Azkoitia Bai taldeak Azkoitiko udalaren egitura, funtzionamenduari buruz informatu eta erabakiak herritar guztion artean hartzeko bideak jorratu nahi ditu.

Sare sozialen garaietan eta iada edozein erakundek tresna hauek baliatzen dituenean beraien ekintzei buruz informatzeko, guk informatzeaz gain proposamenak bildu nahi ditugu, lau begik bik baino gehiago ikusten bait dute eta Azkoitia denok garelako. Nahiz eta gure taldeak ordezkari bakarra izan gaur egun Udalean, benetan sinisten dugu opozizioan ere herriaren alde lan egin daitekeela batez ere gehiengoak ikusten ez dituen arazoei buruz berri emanez eta bestelako irtenbideak proposatuz.

Hasteko, eta blog honen egitura ulergarriagoa izan dadin, 2015-2019 legealdirako Udalak duen egitura azalduko dugu:

UDAL OSOAREN OHIKO BILKURAK

Hilero, hilaren azken asteazkenean ospatzen da arratsaldeko 19:00etan eta irekia da, edozein herritar bertaratu daiteke.
Ohiko bilkura ez da ospatzen Abuztuan ezta ere Abenduan. Beharra suertatu ez gero ez-ohiko bilkura bat ospatzen da hil horietan.
Bilkura honen bidez erabakitzen dira batzorde informatiboetan landutako gaiak, beraz, Udal erabakien islada da.

BATZORDE INFORMATZAILEAK

Gaur egun Azkoitiko Udalean 4 batzorde informatzaile daude. Bertan, gai desberdinei buruzko proposamenak bildu, eztabaidatu eta diktaminatzen dira, hau da, Udal osoaren bilkurarako prestatzen dira. Batzorde hauek hileroko maiztasunaz biltzen dira.

Hauek dira gaur egungo batzordeak:
1_Ogasuna, barne antolakuntza, pertsonala, kontratazioa, sustapen ekonomikoa eta merkataritza.
2_Gizarte ongizatea, berdintasuna, integrazioa, hezkuntza eta Euskara.
3_Lurralde antolakuntza, ingurumena, landa garapena, obrak eta zerbitzuak.
4_Kultura, kirola, festak eta gazteria.
Blog honetan batzorde bakoitzeko informazioa aurkitu ahalko duzu eta zure proposamenak bideratzeko modua ere bai. Udalean momentu bakoitzean eztabaidatzen ari gaiaz informatuko dugu baina blog honen helburua informatzeaz aparte herritarren iritzia bildu eta Udalera bideratzea da.
Batzorde informatibo hauetaz aparte bada azken batzorde bat, batzorde informatibo berezia deitzen dena:
Kontuen batzorde berezia: urteko kontuak aztertu eta diktaminatzen dira bertan eta Ogasun batzordeko kideek osatzen dute berau.

BESTELAKO ERAKUNDEAK

1_Azkoitia Antzen,S.A.
2_Zubiaurre fundazioa
3_San Jose fundazioa
4_Iraurgi Lantzen, S.A.
5_Urola erdiko mankomunitatea
6_Urola erdiko Lapatx, S.A.
7_Antonio Oteiza fundazioa
8_Urola industrialdea
9_Urola ikastola-Xabier Munibe
10_Ingurugiro etxea fundazioa
11_Urkome

Erakunde hauen berri dagokion atalean aurkituko duzu informazioa eta nahiz eta gure taldeak ez izan ordezkaritzarik, proposamenak beti dira ongi etorriak eta berauek bideratuko genituzke dakokion bidea erabiliz.
Informazioa herritarrengandik jaso nahi dugu eta horretarako Udalean sukaldatzen ari denari buruz informatzea behar beharrezkoa dela deritzogu.
Eman zure iritzia proposatuko ditugun gaien inguruan eta galdetu bildurrik gabe, sortu eztabaida, eraiki herria!

FacebookTwitterGoogle+